Hainbat urte lehenago, Ebak koloretako letra batzuk jarri zituen atean, seme nagusiaren izena osatuz, mutiko alai eta hitzontzi hura inguruan korrika zebilkion bitartean. Letrak zenbait urtez egon ziren han, harik eta, egun batean, desagertu eta, haien ordez, pegatina bat aurkitu zuen arte: «STOP -jabetza pribatua».
Atea jo eta semearen ahotsa entzun zuen: sartzeko baimena eman zion.
Pijama jantzita eta ohean eserita zegoen, eta bizkarra hormaren kontra zeukan jarrita. Esku artean liburu bat zeukan, eta harridura-aurpegia ez zen oso sinesgarria.
—Eba, esan dizut irakurtzera nentorrela, eta gero lotara sartuko nintzela. Gabon ere esan dizut.
Amak, erreflexu hutsez, makurtu eta kutxatila bat jaso zuen lurretik. Konturatu zen semea oheko zatirik handiena okupatu nahian zebilela, beraren ondoan esertzeko lekurik ez uztearren.
Eba, semearen hitzei kasurik egin gabe, idazmahaiaren ondoan zegoen aulkian eseri zen. Mahai gainean, zenbait orri liburuetatik ihes egiten saiatzen ari ziren. Ondoan, iPod bat, pendrive pare bat eta zenbait entzungailu zeuden. Samurtasun izugarria sentitu zuen semearekiko, baina indartsua izan behar zuen eta sentimendu hori disimulatu; bestela, galduta zegoen.
—Zin egin nizun ez nuela zure mahaiko ezertxo ere ukituko, baina gauzak apur bat ordenatuta izatekotan. Zerbait behar duzunean, ez duzu aurkituko.
—Nik badakit non dagoen gauza bakoitza —erantzun zion mutilak, beste behin ere kopetako ileak begien gainean erortzen utziz eta esandako hitz haiek guztiz sinetsi gabe.
—Ikusten dudanez, sekulako teknologia-erakustaldia duzu hemen…
—Entzungailuak hondatu egin zaizkit eta Anyok eta Maik berenak utzi dizkidate, probatzeko.
—Nork?
—Nire lagunek.
—Angelitok eta Maitek, aita okulista duen neska horrek?
—Bai, Anyok eta Maik.
Mahaia eta eskolako gauzak izan ezik, gela ordenatuta zegoen. Arropa tolestuta zeukan eta zapatila pare bat sumatzen zen ohe azpian. Imanolek ere argi zeukan nola jantzi nahi zuen: gelako horma osoa hartzen zuten posterretako mutilen antzera; skateekin zilipurdika zebiltzan mutil haiek bezala jantzi nahi zuen.
Mahai gainean, argazki mordoak inbaditzen zuen panel baten gainazal osoa. Bertan, beste mutil eta neska batzuez inguratuta agertzen zen Imanol. Haietako askotan, skateekin posatzen zuten, eta garaipen-keinuak egiten zituzten edo adarrak jartzen zituzten atzamarrekin.
Bazekien oso zaila zela; baina, hala ere, Eba bila hasi zen argazkien artean, ea bere burua edo Adrian aurkitzen ote zuen.
—Eba, kapitulu hau amaitu behar dut biharko klaserako —eten zuen mutilak amaren ezinezko bilaketa.
—O, bai, barkatu; distraituta nengoen argazkiei begira.
—Nire lagunak dira.
—Oso ondo konpontzen zarete, ezta?
—Bai.
Argazkietako batean, semearena bezalako alkandora koadroduna zuen mutil bat ikusten zen, gutxienez bi metroko jauzia eginez skatearekin. Semeak, argazkietan agertzen zenean, beti zeukan irribarrea ezpainetan. Ebak oso ondo ezagutzen zuen bere buruaz lar seguru ez zegoen mutil lotsati haren begirada hura, baina aspaldi zen ez zuela halakorik ikusten semearen aurpegian.
—Eba, hau biharko irakurri behar dut —jarraitu zuen semeak.
—A, bai —esan zuen amak, bere pentsamenduetatik irtetean—. Pixkatxo bat hitz egin nahi dut, besterik ez.
Ez zekien nondik hasi. Zergatik egiten zitzaion hain zaila berari ere? Izotza hausteko erabiltzen den esaldi tipikoari heldu zion:
—Ondo doa dena?
—Hasieran entretenigarria zen, baina azken kapitulu hauek aspergarri samarrak dira —erantzun zion semeak, zeharka begiratuta.
—Ez naiz liburuaz ari. Esan nahi dut ea gauzak ondo doazen eskolan eta zure lagunekin.
—Bai, jakina.
—Ez daukazu inongo arazorik?
—Ez.
—Zer moduz irakasleekin?
—Ondo.
Konplizitatearen bidetik saiatu zen.
—Badago lar gogoko ez duzun baten bat, edo eskolak ematen txarragoa dela iruditzen zaizun irakasleren bat?
—Ez.
—Beti egoten da besteak baino eskasagoa den irakasleren bat.
—Denak dira onak.
—A, bai?
—Beno, normalak.
Mutilak, ahalegin minimoaren legea aplikatuz, behar-beharrezkoa zena baino ez zuen estudiatzen; baina, hala ere, notetan betiko mailari eusten zion: ez ziren ez nota onegiak, ez txarregiak; anaiarenak bezalakoak, beraz. Ebak uste zuen, ahalegin handixeagoa eginez gero, nota bikainak aterako zituela eta nabarmendu egingo zela; baina semeak, itxura batean, burua beti beste leku batean izaten zuen, beti leku berean: skatean.
Ezin zion lekurik utzi isiltasunari, hori okerrena izango baitzen.
—Ziur ezizenak jarri dizkiezuela irakasle guztiei.
—Ez.
—Ba zure lagunek badituzte.
—Bai, baina irakasleek ez.
—Badakizu nola esaten genion guk Filosofiako irakasleari, institutuan? Kupelio. Sekulako tripa zeukan, eta beti joaten zen artez-artez, bizkarrean ohol bat lotu izan baliote bezala.
—A.
Ebaren parean zegoen harresiak gaindiezina zirudien. Bereari eutsi zion:
—Zeharo barregarria zen.
—Imajinatzen dut.
—Eta zuri beste moduren batean deitzen dizute lagunek?
—Ez, Imanol esaten didate.
—Noski.
Ez zegoen modurik; semeak ez zuen esaldi bat baino gehiago kateatzen bata bestearen atzetik, eta horrek denbora kentzen zion amari erreakzionatzeko eta esan nahi ziona prestatzeko. Harira joatea erabaki zuen.
—Imanol, laztana…
Mutilak ezin izan zuen saihestu aurpegiarekin keinu egitea, hitz maitekor hura entzutean. Eba konturatu egin zen, baina ez zen isilik geratu.
—Asko pozten nau zuk lagun onak izateak eta haiekin hain bat eginda egoteak. Adiskidetasuna bizitzako gauzarik garrantzitsuenetako bat da.
—Eba, ez bota txaparik orain —saiatu zen hitzaldia mozten, gustatzen ez zitzaion zerbait susmatzen hasita.
Amak ez zuen zirkinik ere egin, eta aurrera jarraitu zuen:
—Familia ere bada.
—Bazatoz berriz ere kontu berarekin.
—Hala da: ikasi egin behar duzu zeure denbora eta zeure gauzak familiarekin eta jende gehiagorekin partekatzen. Parkean patinatzen aritzea baino zerbait gehiago da mundua.
—Niri horixe gustatzen zait.
—Egun osoa ematen duzu kalean. Asteburuan, jateko eta lo egiteko baino ez zenuen etxea zapaldu.
—Igandean etxeko lanak egin nituen.
—Badakizu zertaz ari naizen. Etengabe zaude zure lagunekin, beti berberekin, leku berean eta gauza bera egiten behin eta berriz.
—Ondo pasatzen dugu.
—Mota guztietako jendearekin erlazionatzen ikasi behar duzu eta kalean egote hutsa ez den beste zerbait egiten.
Mutila konturatzen hasia zen bere susmoak benetakoak zirela. Alferrik izango zela bazekien arren, erresistentzia pixka bat agertzea erabaki zuen.
—Eba, utz nazazu.
—Erabaki bat hartu dut. Bihar eskolako kirol-arduradunarekin hitz egingo dut. Kirol-talde batean apuntatuko zaitut. Zeuk aukeratuko duzu kirola, baina talde-kirolen bat izango da. Hala, jende gehiagorekin elkarbizitzen eta taldean lan egiten ikasiko duzu.
—Ez!
Oihua lehor-lehorra izan zen.
—Zure adineko beste neska-mutil batzuk ezagutuko dituzu…
Mutila ohean bihurritu zen, keinu desafiatzailez. Bien bitartean, ama altxatu egin zen, eta aulkiaren ondoan jarraitu zuen, giderrak eskuetan dauzkanaren begirada ziurrarekin.
—Eba, nik badauzkat lagunak!
—Apalago hitz egin: berandu da. Eta ez zaitez haserretu, erabakita dago eta. Talde batean egoteak on egingo dizu.
—Ez dut talde batean egon nahi.
—Kirola egin behar duzu; ona da.
—Nik nahikoa kirol egiten dut! —erantzun zuen semeak, argazkiak seinalatuz.
—Hori ez da kirola.
Azken esaldi hark egur-zapore latza utzi zion ahosabaian. Bazekien ez zuela halakorik esan behar izan. Baina ez zen zalantzatan hasteko unea. Semearengana hurbiltzeko keinua egin zuen, baina Imanolek muzin egin zion, eta, beraz, aterantz bideratu zen.
—Bihar arte, seme. Hartu atseden, eta pentsatu egun gutxi barru ez zarela muturtuta egongo eta ondo pasatuko duzula beste lagun batzuekin jolasten —esan zion amak medikuaren errezeta irakurtzen ari balitzaio bezala, agurtzeko.
Atea itxi zuenean, liburuak alfonbraren kontra hartutako danbatekoaren hotsa entzun zuen.
