2. KAPITULUA

ADRIAN

«Adrianek arrazoi du, telebistako programazioa oso txarra da», pentsatu zuen Ebak.

Gogor egiten zuen lan familia aurrera ateratzeko, eta argitaletxeko lana onartu zuen diru apur bat lortzeko eta, horrela, semeekin bidaiatu eta elkarrekin mundu pixka bat ezagutzeko. Izugarri gustatuko litzaioke Grezia bisitatzea. Hainbat aldiz irudikatu zuen bidaia hura irudimenean. Orain, begirada hormako puntu zehaztugabe batean iltzatuta, burmuinean irudi haiek bilatzen ari zen: hirurak zihoazen paseoan tenplu zahar baten hondarren artean, edo arrantzale atsegin batekin ari ziren nabigatzen haren txalupan. Aurpegiek, eguzkiak belztuta, irribarre konplizea zuten, aspaldi urrunean bezala.

Horiz pintatuta zegoen horma, eta basamortua gogorarazi zion; ametsetako opor haiek ikusteko aukeratu zuen puntu zehaztugabea, berriz, beroak eragindako ispilatze bat iruditu zitzaion.

Jogurta amaitu zuen.

Ez zekien nola gertatu zen. Semeak elkarrengandik urrundu ziren eta ez zuten inongo harremanik beren artean; eta, hizketan hasten baziren, eztabaidatzeko baino ez zen izaten.

Adin-buelta bereko seme-alabak zituzten lagun guztiek gauza bera esaten zioten: adinaren kontuak dira, pasatuko zaie.

Baina berak faltan zituen Imanolek eta Adrianek jokoak partekatzen zituzten garaia eta hirurak batera paseatzera edo zinemara joaten ziren asteburu haiek.

Bazekien egun haiek ez zirela itzuliko, baina ez zuen amore eman nahi hiruren arteko etengabeko inkomunikazio-egoeraren aurrean. Hura aldatu beharra zegoen. Agian lanpetuegi egon zelako heldu ziren gauzak puntu hartaraino, baina argi zeukan egoera errotik aldatu behar zuela.

«Nahikoa da», esan zion bere buruari, eta zutitu eta seme gaztearen logelara abiatu zen.

—Adrian? —deitu zion, logelako atea irekitzen zuen bitartean.

—Kaixo, ama —erantzun zuen hark.

Pijama jantzita zegoen, aulki batean eserita, liburu potolo samar bat irakurtzen. Gela liburuz eta komikiz beteta zegoen, denak apaletan ordenatuta. Arropa, baina, desordenatuta zegoen, eta hainbat galtzerdi ikus zitezkeen logelako bazter bakoitzean. Zenbait aldizkari ere bazeuden, eta kontsola bat ere bai. Margolari handien laminak eta pelikulen zein monumentu historikoen argazkiak zeuden hormetan zintzilikatuta.

Ama ohe gainean eseri zen.

—Egunen batean horra joango gara —esan zion, Akropoliaren argazkia seinalatuz.

—Bale —erantzun zion mutilak.

—Zer ari zara irakurtzen?

Hiru mosketariak, Alexandre Dumasena.

—Hori ez da eskolan agindu dizuetena, ezta? —galdetu zion amak, harrituta.

—Ez, hori irakurri dut jada, eta oso aspergarria da…

—Aspergarria?

—Bai, umeentzako liburuak dira.

«Honek ere ez du umea izan nahi», pentsatu zuen amak.

Bazekien seme gaztea nabarmendu egiten zela adin hartako beste mutilen artean. Hamaika urte zituen eta denbora libre gehiena etxean ematen zuen, liburuz inguratuta edo ordenagailuaren aurrean. Gainera, oso janzkera berezia zuen. Berarekin batera dendetara joaten zenean, semeak behin eta berriz esaten zuen arropa eroso eta klasikoa nahi zuela, pertsona nagusiek erabiltzen dutenaren modukoa. «Berdin dit, hau erosoagoa da eta merkeagoa ere bai; amaitu dezagun azkar», esaten zuen semeak. Haren aita gogorarazten zion.

Ile kizkur gaztainkarak aurpegi biribila inguratzen zion, eta, aurpegiaren erdian, mutilaren sudur laburrak arreta pizten zuen. Kolore gorriko betaurrekoek ume ikastun eta sasijakintsuaren itxura ematen zioten. Baina notak ez zituen altuak, suspenditzetik urrun ibiltzen zen arren beti.

—Beraz, arratsalde osoa etxean eman duzu, irakurtzen.

—Hala da.

—Eta ez zara konektatu Messengerren edo Tuentin?

—Gaur ez.

Ez zen mutil goibela, ez arraroa, eta, eskolako psikologoak esan ziona gorabehera, behin harremana sortuta, erraza zen berarekin hitz egitea.

—Noizean behin, ez duzu gogorik izaten kalera jolastera irteteko?

—Ez.

—Adrian, harremana izan behar duzu zure adineko beste neska-mutil batzuekin. Arazoren bat izan duzu haiekin? Zirikatzen ibili zaizkizu eskolan?

—Ez, ama, benetan, ondo nago.

—Seme, denbora asko ematen duzu etxean sartuta, eta hori ez da osasunerako ona. Joan den asteburuan ez zenuen kalea zapaldu ere egin, ogiaren eta egunkariaren bila joateko eskatu nizun unetxotik aparte.

—Ez zaitez arduratu: eskolan kirola egiten dut, eta luzaketak ere egiten ditut hemen, nire logelan. Fisikoki ondo nago, ama.

—Bai —esan zuen berak, pentsakor—. Eta zer moduz zure anaiarekin?

—Beti dago haserre nirekin, baina nik ez diot ezer ere egin. Pasatuko zaio —erantzun zuen mutilak, ziurtasun osoz.

«Hara…, irakasleek bezala egiten dit berba», pentsatu zuen amak.

Rembrandten talde-erretratu baten erreprodukzioa zeukan oheburuan, bai eta Batmanen argazki bat ere handik gertu, bi irudiak modu bitxian uztartuta.

Emakumeak hitz egokiak bilatu zituen:

—Adrian, ondo iruditzen zait irakurtzea gustatzea, eta ez dizut eskatuko zaletasun hori albo batera uzteko, baina ezin zara egun osoan bizi liburuen eta ordenagailuaren munduan.

—Ni ez naiz bizi liburuen munduan. Eskolara joaten naiz eta etxeko lanak egiten ditut.

—Ez da hori kontua, seme: anaiarekin eta nirekin ere hitz egin behar duzu.

—Zuei ez zaizue gustatzen niri gustatzen zaidana.

—Ondo da, baina familia bat gara.

—Niri irakurtzea gustatzen zait.

—Jainkoarren, utziozu soilik zeure buruarengan pentsatzeari, eta lagundu iezadazu.

—Zuk esaten didazuna egiten dut nik.

Beren artean, berriz ere agertzen hasia zen hesi hura, nola gainditu ez zekiena. Eman zioten aholkua gogoratu, eta hormara begira geratu zen. Saguzar-gizona bere buruaren gainetik zebilen hegan.

Orduan, esan zion:

—Adrian, sarriagotan elkartuko zara neska-mutilekin, eta noizean behin aire librea arnastuko duzu. Horrek ondo egingo dizu, eta gure familia-bizitzari ere lagunduko dio.

—Zer esan nahi duzu?

—Bihar bertan kirol-talderen batean apuntatuko zaitut. Zeuk aukeratu zeinetan.

Mutilari liburua lurrera erori zitzaion ia.

—Nik ez dut inongo taldetan jokatu nahi!

—Ona da.

—Ez da ona niretzat! Ez zait gustatzen!!!

—Elkarbizitzen ikasi behar duzu, eta horrek lagundu egingo dizu.

Emakumeak ez zuen semearen erreakzio hori espero; inoiz ez zuen hain haserre ikusi.

—Ez dut halakorik egingo!

—Erabakita dago: ezin duzu hainbeste denbora igaro bakarrik; erotu egingo zara. Egon lasai; bihar dena beste era batera ikusiko duzu —esan zuen, pultsuari eutsiz eta ahal zuen bezain serio begiratuz semeari.

Isiltasun larriko zenbait segundoren ostean, itxura batean, semeak amore eman zuen. Liburua mahai gainean utzi eta ohean sartzen hasteko keinua egin zuen. Ama altxatu egin zen, eta mutila izaren artean nola sartzen zen ikusi zuen. Gero, argia itzali eta musu eman zion burugainean. Baina logelako atea ixtear zegoenean, argi eta garbi entzun zuen semearen ahotsa:

—Ez dut inongo taldetan jokatuko.

images

images