1

Irantzuk etxeko atea kolpe batez itxi zuen, baina ez zuen giltzaz itxi, lehen, etxetik irteten zen bakoitzean egiten zuen bezala. Lapurretaren aukerak ez zuen indarra galdu, baina berarentzat gure artekoak –erdibana genituen gauzek ere bai– garrantzia galdua zuen ordurako, horregatik ez zuen atea giltzaz itxi. Autora hurbiltzen ikusi nuen, lasai, aldakak asko mugituz, sorbaldatik zintzilik eramatea gustatzen zitzaion poltsa eskuan zekarrela. Ez nion ezagutu jantzita zeraman soinekoa eta harengatik galdetzekotan egon nintzen, baina azkenean ez nuen egin.

–Joan gaitezke?

Gidariaren ondoko eserlekuan eserita zegoen jadanik eta galdera entzutean niregana jaso zuen begirada, harriduraz bezala, zer galdetzen nion ulertuko ez balu bezala. Giltza jiratu eta motorra martxan jartzean, berriro jaitsi zuen begirada bere poltsa barnera; zerbaiten bila zebilen.

Ordu erdiko bidea zen; isiltasuna ezerosoa izan zitekeelakoan irratia piztu nuen eta berehala Mike Oldfield-en musika hedatu zen nire, gure, “lau bider lau, hamasei” hartan, lehen, garai gozoagoetan, deitzen genuen bezala.

Muturtuta geunden goiz hartan, Laura, nire arreba bakarra, bere hirugarren umea bataiatzera zihoan: Irkus. Udaberriak bazituen bost aste beteta eta eguzkia ikusten zen zeru aratzean.

Haserreak hiru aste lehenago, nire hogeita hemeretzigarren urtebetetzearen egunean, izan zuen hasiera; ziurrenik lehendik zetorren, baina orduan egin zuen eztanda.

* * *

Urtebetetzea ostiralean betetzen zen, baina larunbatera arte itxaron genuen ospatzeko. Larunbat eguerdian, ohetik berandu jaiki eta gero, itsaso ondoan berak aukeratutako jatetxe batera joan ginen. Jatetxea ez zen beste munduko ezer, jangelatik uhinen aparra ikusten zen harkaitzen aurka jotzen eta udan seguru horrek turista asko erakarriko zituela, baina gu bazkaltzen egon ginen larunbat hartan bezero gutxi zeukaten.

Entsalada eta arrain errea, postrerik gabe jan nituen nik, eta Irantzuk, beti erregimenean zegoenez, ez zuen askoz gehiago jango. Sukaldaria naiz eta jakiak lanerako tresnak dira niretzat, ez besterik, besteen plazererako balio duten lan tresnak.

Bazkaldu ostean Irantzuk infusio bat eskatu zuen eta nik ardo zuri kopa bat; nahiago dut ardo ona pattarra edo kafea baino.

–Beno, heldu da ordua –esan zuen koilaratxoa edari horixkatik ateratzen zuen bitartean; irribarretsu zegoen, ia barrezka, eta nik, instintiboki, ingurua miatu nuen begiradarekin, sekula ez zaizkit ezusteak gustatu.

–Ordua? –esan nuen ezer berezirik antzeman ez nuenean.

–Bai, noski. Ez zenuen usteko oparirik gabe utziko zintudanik zure urtebetetze egunean, ezta?

Ezin zuen irribarrea ahotik kendu. Ni, ordea, nondik irtengo zen asmatu nahian nenbilen.

Voilà –eta eserlekuaren bizkarrean eskegita zuen poltsa beltzetik giltza batzuk atera eta mahai gainean utzi zituen, nire aurrean.

Ez ziren auto baten giltzak; giltza bi zeuden: bata arrunta, merkea, zabala, pare bat euroren truke kopia bat egiten dizutenetakoa, baina bestea luzexka zen, etxeetako ate blindatu baten giltza ematen zuen, zabalera desberdineko karratu txiki asko zeuzkana puntan.

Ardo zuriari trago bat eman niola oroitzen dut, ezinegona disimulatzeko eta, baita ere, zer aurpegi jarri ez nekielako.

–Ezetz igarri zer zabaltzen duen giltza honek –eta eskuetan giltza luzea hartu zuen, begiak niregandik ezertarako aldendu gabe. Eskuak ireki nituen teatralki, beldurrak blai.

* * *

Autotik jaitsi eta irribarreak trukatu genituen denekin, baita eliza aurrean zegoen apaizarekin ere. Herri txikia izanik mundu guztia zegoen bertan, eta jatetxeaz galdetu zidaten gehienek, baita Mirenek ere, hasieran behintzat.

–Zer moduz jatetxea? –galdetu zidan niregana hurbildu ondoren, eta ezin izan nituen begiak bere betazpi sakonetatik aldendu. Hirurogei urte inguru izango zituen eta, mehea izate horrek dotore itxura ematen zion arren, aurpegiak asko sufritu duen emakumea erakusten zuen.

–Eta zuek noizko horrelako bat? –nire arreba zen, gure taldetxoari hurbildu eta maindire artean bildutako bere hirugarren kumea guregana hurbildu zuena. Pare bat metro harantzago, nire lehengusina batzuekin hizketan ari zen Irantzuk niregana begiratu zuen irribarretsu, eta nik besagainei eragin nien.

–Gero zurekin hitz egin beharra daukat –esan zidan ahapeka Miren Urrestik, burua niregana makurtu eta besoa zertxobait estutuz; ondoren, irribarrea ahoan, eliza barnera igaro zen. Baietz erantzun nion, Irantzuk esaten zuenari adiago. Isilik gelditu zen, eta nire arrebak, egoeraz jabetuta nonbait, ez zuen gaia gehiagotan atera.

Ez dut batere gogoko jaioterrira itzultzea. Meza osteetako tertuliek galdera asko erantzutera behartzen naute, eta galdera hauetako askoren erantzunak nik neuk ere ez ditut ezagutzen. Bestalde, gustuko dut eliza aurreko legarra, bi solairuko etxe apalak eta bakailao gazia ardoarekin eztarritik behera igaro beharra tabernaz taberna; jadanik nirea ez den mundu sinple batez hitz egiten didatelako.

Meza osteko eguerdi sargori hartan, eskolako lagun biren galdeketa jasaten ari nintzen. Batek nire jatetxea nola zihoan jakin nahi zuen eta nire erantzunek ez zioten balio, nik ere telebistara pasatzeko asmoa ote nuen jakin nahi izan zuen gero, eta auskalo zer azkenik. Besteak, ea noiz egin behar genuen garai bateko eskola-kideek afari bat. Batek emaztearengandik ihes egin nahi zuen, besteak lagunengandik. Eguzkitan geunden eta ni aspalditik izerditan, horregatik eskertu nuen hainbeste Mirenen keinua.

–Barkaidazue, gero jarraituko dugu –eskuak praketako patriketan batek eta gerrian besteak, biak gelditu ziren Manuel Urresti, herriko sukaldari ospetsuenaren alargunari begira.

* * *

Jatetxeko jangelatik ikusten ari ginen etxe baten atea irekitzen zuten. Etxea zuria zen, txikia eta txukuna, habe zuri batzuk zituen beheko solairuan eta habe hauen artean terraza bat plastikozko mahai eta aulki zuriekin, dena larrez inguratuta eta hondartzatik hogei bat metrora. Etxearen sarrera ordainduta zeukan eta, “gurea da” esan zidanean, nik ez nuen irribarre egiten jakin; horrek negarrez jarri zuen bera.

–Baina zergatik ez zenidan erosi baino lehen ezer esan?

–Esan nizun etxez aldatu beharko genukeela eta zu ados egon zinen –esan zuen negar zotinka oraindik.

–Ados etxez aldatzeko, herriz aldatzeko, baina ez etxe bat erosteko. Badakizu nahiago dudala etxeak alokatu erosi baino –txalet txiki batean bizi ginen, alokaturik, jatetxetik hogei bat minutura; Irantzuk lan egiten zuen klinikara heltzeko hamar bat minutu baino ez zituen behar. Hiru urte generamatzan bertan, lehen Durangoko etxebizitza batean bizi nintzen, alokaturik han ere. Txaleta herritik hamar minutura zegoen, muino artean eta Bilbora doan errepidetik nahiko hurbil. Gu ginen bertan bizitzen jarritako lehenengoak, haren ugazabek asteburuetarako baino ez zuten erabiltzen diru-iturri bihurtzea erabaki zuten arte.

–Hiru urte daramatzagu elkarrekin bizitzen eta biona den gauza bakarra daukagu: txakur iletsu eta erdi gorra –hori egia zen, bioi oparitu ziguten elkarrekin bizitzen jarri baino lehen, eta gure Kodak erdi gorra zela esatea zakurrari mesedea egitea baino ez zen: lau hilabete beranduago, uda sargorienean, zapaldu eta hil zuen kamioaren bozina ere ez zuen entzun.

–Ez dakit zergatik pilatu behar ditugun gauzak elkar maite dugula sinisteko.

–Bai, hori oso polita da, baina nik zerbait behar dut, egunen batean ohetik jaiki eta dena bukatu ez dela jakiteko... Ume bat ez bada etxe bat gutxienez, baina gurea den zerbait; hain zaila al da ulertzen?

Negarrari utzita zegoen une batez, nik zer esango zain, eta denbora irabazi nahian putz egin nuen, nekatuta banengo bezala.

–Nik ulertzen ez dudana da, zure ziurtasun ezagatik nik hurrengo hogeita hamar urteak toki berean bizi behar izatea. Esan dizut behin baino gehiagotan: utzi egingo zaitudala uste baldin baduzu ezkondu egingo gara, nahi duzun beste paper sinatuko dizut... Zer gertatuko da hemendik bi urtera hondartzan bizitzea aspergarri egiten baldin bazaigu? Edo ez dakit, mendi aldera bizitzera joan nahi izanez gero?

Ez zuen ezer esan. Burua mugitu zuen ezkerretik eskumara eta eskumatik ezkerrera, indartsu; mahai gaineko giltzak, etxe zuriko atea irekitzen zutenak, eskuan hartu eta bertatik alde egin zuen azkar, atzera ezertarako begiratu gabe. Beste kopa bat eskatu eta ardoaren zaporea astiro dastatu nuen: eztarria lehor nuenean baino hobeto sentitu nintzen.

Kontua ordaindu eta kanpora irten nintzenerako ez zegoen inor nire zain. Jatetxeko langile batek nik ezer galdetu gabe azaldu zidanez, sakelako telefonoa erabiliz taxi bati deitu eta bertan joan zen Irantzu.

Ni ere etxera joan nintzen.

* * *

Errepidea zeharkatu eta Antonen tabernan sartu ginen alarguna eta biok. Atea ireki eta irekita eutsi nion Miren Urresti Ingalaterrako erregina balitz bezala; berak eskerrak eman zizkidan ahul. Bere ostean sartzera joan nintzenean, errepidearen beste aldera begiratu nuen eta harridura keinua igarri nion Irantzuren aurpegiari; nire arreba haren ondoan zegoen, ume bat besoetan, oraingoan ez zen Irkus, zaharxeagoa baizik, baina guregana begiratzen zuten denek, baita umeak ere.

Manuel Urrestik nik hamazortzi urte nituenean hartu ninduen bere jatetxean laguntzaile eta berak erakutsi zidan ofizioa. Nolabait esateko, nintzen dena zor nion, gauza onak gutxienez.

–Zorionak beste ezer baino lehen.

–Barkatu? –ez nekien zertaz ari zen.

Burua eliza aurrean zegoen jende multzora zuzendu zuen.

–A, bai; egia da. Dena den, nik ez nuke umea zorionduko, negar batean aritu baita meza guztian; nik uste dut lehorrekoa dela, edo bestela izenak aukeratzeko bere gurasoek baino kriterio hobea duela.

Barre txikia eta trago laburra bere martiniari.

–Ez naiz luzamendutan galduko: mesede bat eskatu nahi dizut.

Ingurura begiratu nuen, ez dakit zergatik. Barra osteko Antonen alaba baino ez zegoen han eta ez zigun jaramon handirik egiten. Mezakoak sartu arte denbora-pasa ari zen, telebista mutu bat katerik kate aldatuz.

–Zerorrek esango didazu, nire esku baldin badago...

Esku bat aurreratuz, edalontziari eusten ez ziona, ez nuela jarraitu behar jakinarazi zidan.

–Mateo zurekin lanean berriro hartzea eskatu nahi dizut.

Ez nekien zer esan. Alargunak eta Manuelek izandako seme bakarra zen Mateo eta, nik Manuelen jatetxea utzi eta neure kabuz jarri nintzenean, hamabi urte lehenago, nirekin etorri zen, nire laguntzaile moduan. Erabakia gu biok hartu genuen, baina Manueli ere ondo iruditu zitzaion. Mateo oso gaztea zen orduan, hamazortzi bat urte, eta hobe zuela ugazabaren semea ez zen toki batean ontzea pentsatzen zuen.

Hasieran dena joan zen ondo. Gazteak ginen eta lan egiteko gogo handia genuen; jatetxeak berehala irabazi zuen ospea eta gustura geunden elkarrekin. Larunbat gau batean Urresti senar-emazteak azaldu ziren afaltzera, inolako abisurik eman gabe, eta denok jarri ginen oso urduri, baita Mateo bera ere.

Mateoren ama irribarretsu egon zen gau osoan; argi zegoen bera dena oso gozo zegoela esatera joana zela eta, guk saltsak ondo lotu gabe eta haragia gordinik aterata ere, berak gozo zegoela esango zuela; baina Manuel Urrestik ez zituen laudorioak oparitzen, are gutxiago bere ikasleari eta bere semeari. Plater zailenak eskatzen ahalegindu zen eta, platera mahairatu bezain azkar, esku-zapiaren ondoan zituen betaurrekoak janzten zituen dena ongi aztertzeko. Oroitzen dut velouté bat probatzerakoan begiak plateretik altxatu eta aurrean zegoen Mateori galdetu ziola zein arrain motarekin egina zegoen. Mateok ez zuen galdera itxaroten eta totelka erantzun zion. Afaldu ostean sukaldera sartu ziren biak eta, ama bigarren planoan gelditzen zen bitartean, Manuel Urrestik eskua eman zigun bertan geunden guztioi.

Baina horiek lehenengo garaiak izan ziren.

–Baina... irten al da?

–Orain bi aste irten zen. Hamar urte igaro ditu barnean: osatuta dago.

Baietz egin nuen buruarekin, denbora irabazi nahian.

Jatetxera etorri zitzaizkion bila bere hemeretzigarren urtebetetzea ospatzeko, peugeot beltz batean: hiru mutil gazte ziren, nik bakarra ezagutzen nuen, Joseba, Mateoren aspaldiko laguna; Bilboko kasinora joateko asmoa omen zeukaten. Biharamuna izan zen lanera agertu ez zen lehenengo eguna; beste asko etorri ziren gero. Etortzen zenean ere, etorri ez balitz bezala. Irinaren antza izan arren irina ez zen zerbaitekin harrapatu nuen behin, eta esan nion horretarako nahiago nuela etorriko ez balitz. Begira gelditu zitzaidan, gero ispilu txiki baten gainean marratan zegoen irin antzekoa aluminiozko paperean bildu eta ezer esan gabe alde egin zuen. Ez zen gehiago agertu eta ez nuen haren berririk izan, hildakoarena suertatu zen arte.

–Eta berak? Itzuli nahi du?

–Bai, ideia berea izan da. Itzuli egin nahi du.

Jatetxetik alde egin eta handik hamar bat hilabetera, lagun bat garbitu zuen zerbeza latak irekitzeko erabiltzen zuten bihurkin batez. Lokian sartu zion, indarrez, hamar bat zentimetro barneratu baitzion buruan. Lagunaren etxean zeuden eta, kaleko atea irekita utzi ondoren, behera jaitsi eta kafe bat eskatu zuen azpiko tabernan. Ordubete beranduago eta kafe bera aurrean zuela atxilotu zuen poliziak.

Epaiketan frogatu zuten Mateo ez zegoela burutik sano, kalitate eskaseko drogak medio kalte handiak zituela burmuinean eta ez zela bere ekintzen jabe. Eskizofrenia paranoidea. Eroetxe batean sartu zuten.

–Jatetxetik agertzen bada, hiru hilabeteko kontratua egingo diot.

Herri hartan sekula klaserik handiena eduki duen emakumeak irribarre bat eskaini zidan eta, ezer gehitu gabe, taberna utzi zuen.

* * *

Urrestitarrak gure herri txikiko jet-seta izan ziren hamarkada askotan. Manuel Urrestik ospe handia lortu zuen sukaldari moduan; horrek eta Nafarroako lautada aldetik ekarritako emazte isil eta ederrak haietaz etengabe hitz egitea zekarren. Oso komentatua izan zen arazoz betetako haurdunaldi baten ondoren emazteak ezin izango zuela beste seme-alabarik mundura ekarri, baita Mateoren garai ilunak ere, baina herriko jendearen aurrean glamour guztia kendu ziena Manuel Urrestiren auto istripua izan zen eta haren ondorioz gurpildun aulki batean igaro zituen urteak. Diru aldetik ere ez ziren garai onak izango emaztearentzat, baina bera beti bezain duin agertu zen kalea zapaltzen zuen bakoitzean, bere irribarre neurtuarekin egunonak itzultzen. Ez zuen sekula inor kontratatu bere senarra zaintzeko, eta astean bitan joan zitzaion semeari eroetxera bisitan, isil-isilik. Horrek denak glamourra kendu zion, baina jendearen errespetua ekarri zion ordainean. Istripuaren ondorio bezala biriketako zerbaitek Manuel hilobira eraman zuenean herri guztia zegoen eliza atarian, eta inor ez zen barnera pasatu harik eta alargunak egin zuen arte. Atso asko joan ziren negar egingo ote zuen jakiteko, baina egin bazuen ez zuen inork jakin, betaurreko ilunak ez baitzituen ezertarako kendu.

* * *

Mateo irten zenetik ez zen herrian bizi, horrek azaltzen zuen bertan inork ezer ez jakitea. Bilbon bizi zen, alokatuta; Durangoraino trena eta gero jatetxeraino autobusa hartu behar izaten zituen lantoki berrira heltzeko.

Bere lehenengo lan egunean txandal urdin baten prakak eta niki beltza zekartzan soinean. Poztu egin nintzen eta gauza ona iruditu zitzaidan bera ni baino urduriago egotea. Eskuak estutu genizkion elkarri jatetxeko atean.

–Pozten nauk berriro hemen izateaz.

Berak irribarre egin zuen eta biok barnera igaro ginen. Arropaz aldatzeko eskatu nion eta ondoren besteei aurkeztu nien. Gero, lanera.

Nik oroitzen nuena baino garaiagoa zen. Burua ile arrastorik gabe zeukan eta, oso mehe ageri arren, kirolari itxura zuen, giharrak ondo zaindutako gaztea ematen zuen.

–Hau kendu beharra daukat?

Belarrian zeraman uztai txiki bat zuen atzamarren artean. Monika, bertan lan egiten zuen neska, begira zegoen, tipula txikitzeari utzita une batez; sei hilabete lehenago, gero alde egin zuen Santurtziko tipo bati belarri batean zeuzkan sei uztaiak kenduarazi nizkion, beraz, ez nuen aukerarik.

–Eskertuko niake, inspektoreak zatozak noizbehinka eta, badakik...

Ez zuen inolako oztoporik jarri. Lanean jarri zen eta garai hoberenetan oroitzen nuena bezain langile ona zen. Agian eroetxeko sukaldean lan egiten utzi zioten.

* * *

Nik denbora asko igaro zen arte jakin ez nuen arren, kontatzen hasi naizena baino hiru urte lehenago, udaberrian baita ere, Larraitz Azua, hamasei urteko neska gazteak, haurdun zegoela aitortu behar izan zion bere aitari, eta ekintza larri honek gure bizitzekin lotu zuen betiko.

Bere aita haserretuko zela jakiteko beste ezagutzen zuen, ez ordea zein puntutaraino haserretuko zen jakiteko. Izen bat eskatu zionean, Gorkarena ez ziola eman behar jakiteko beste ere bazekien. Izen hura bere aitaren aurrean ahoskatzen baldin bazuen, berea eta Gorkarena bukatuta egongo zen. Eta Larraitzek ez zuen hori nahi.

Aita sekula ikusi zuena baino haserretuago zegoen eta azkar pentsatu beharra izan zuen neska gazteak. Azkenik, Fernandoren aukera jokatzea erabaki zuen, eta Fernandoren izenari zegokion aukera bakarra: “behartuta, aita”.

Larraitzek uste zuen gehien jota hiruzpalau zaplada eta pare bat ostikorekin konponduko zuela arazoa aitatxok, baina oraingoan ez zuen asmatu, eta bere akatsa denok ordaindu behar izan genuen, neurri batean edo bestean.

2

Ahaleginak egiten nituen etxe barneko egoerak kanpoan islarik izan ez zezan, baina nik ere igartzen nuen ez nengoela beste garai batzuetan bezain hiztun. Edozer gauzak haserretzen ninduen eta jatetxeko langileek, aukeran, nahiago izaten zuten ezer ez galdetzea; Mateok ere nahiago zuen niri ezer ez esan.

Jatetxean lan egiten zuten beste guztiekin, ordea, oso ondo konpontzen zen Mateo. Ez zien kontatu nor zen, Bilbon bizi zela baino ez, inork ez zekien noren semea zen, inork ez zekien nirekin lan eginda zegoela lehenago, eta, jatetxea gure jaioterritik berrogei kilometrora zegoenez, inork ez zuen zertan deskubritu.

Gazte garaian gustuko zuen etengabe hitz egitea, honetaz eta hartaz, edozertaz; baina jatetxean bigarrengoz hasi zenetik nahiago zuen hitzik ez ahoskatu, irribarrea ahoan zebilen batetik bestera, inolako kexarik gabe egiten zituen lan nekezenak, eta gainera dena egiten zuen ondo. Beti izan zuen esku ona.

–Kontratu luzeagoa egin behar zenioke, bestela beste nonbaitera alde egingo du –esan zidan behin Monikak, eta, buruarekin berehala baietz egin nuen arren, entzun bezain azkar konturatu nintzen pentsatu beharra nuela.

Astebete baino ez zeraman lanean eta neukan langilerik hoberena zen dudarik gabe, bera zegoenetik makina bat burukomin eta erabaki hartze kendu zizkidan, burua beste nonbaiten izan nezakeen eta jatetxeak bere martxan jarraitzen zuen.

* * *

Ez genuen hitz egiten. Bata bestea saihesten ahalegintzen ginen. Ohearen nire kantoian egoten nintzen harik eta bera dutxatu, jantzi eta kanpora irteten zen arte, klinikarako bidean.

Zazpi urte zeramatzan klinikan; nik ezagutu nuenean bertan egiten zuen lan, umeen zaintzan. Afaltzera gonbidatu nuen lehenengo aldian –sukaldariok beti eramaten ditugu jatera gure ligeak–, pediatriaz hitz egin zidan etengabe. Hasieran ez zuen hitz egiten, baina, edalontzia pare bat aldiz hustu ondoren, bere lanaz hasi zitzaidan hizketan: zirujauek zeukaten prestigioa pediatrei zegokiela esan zidan sutsu, bekainak asko okertuz, zirujauen prestigioa nire errua balitz bezala.

–Bihotzeko ebaketa batek gizon baten bizitza bospasei urte luzatu dezake, ordura artekoak baino baldintza eskasagoetan, hori bai; baina pediatra eskas baten esku erortzen den umearen bizitza guztia hondatuta dago, eta hori ez du inork aintzat hartzen, haurtzaindegiko maisu-
-maistrek baino prestigio gutxiago daukagu gizarte ergel honetan!

Geroztik beti tratatu nuen osagile bat bezala, zirujaua edo horrelako zerbaiten mailakoa noski, aurkakoak bere onetik ateratzen zuen.

Bera bazkaltzen etxera etortzen zen, nik egun osoa etxetik kanpo ematen nuen bitartean. Eguerdi aldean joan eta gauerdian itzultzen nintzen normalean; arratsaldeetan jatetxetik irteten nintzen, baina normalean ez nintzen etxeraino joaten. Garai hoberenetan Irantzu jatetxera etortzen zen, edo bazkaltzera edo bestela seietan, bere lana bukatzean, eta elkarrekin joaten ginen terraza batera zerbait hartzera; beste batzuetan nonbaiten egiten genuen hitzordua, Durangon edo Elorrion adibidez, eta elkarrekin joaten ginen, belardietatik paseatzera eskutik helduta, edota, udan, hondartzara afaldu baino lehen. Udaberri hura ez zen gure garairik hoberena, ordea.

Bataio egunetik astebetera zerbait egin beharra zegoela erabaki nuen. Arratsaldean etxeraino joan nintzen Irantzu lanetik irten baino lehen, eta landarez beteta genuen egongelan egokitu nintzen. Ordu erdi falta zen eta, neure buruari whiski bat zerbitzatu ondoren, gure oihana begiratzera dedikatu nintzen. Irantzuk landareak maite zituen, egia esan bizirik zegoen edozer gauza maite zuen, eta udaberriro ahaleginak egin behar izaten nituen etxea zakur, oilar, aztore edo beste edozein piztiakumez bete ez zezan. Behin lau metroko suge nabar batekin azaldu zen etxean eta, piztia nazkagarri hura etxetik atera zezala eskatu nionean, horrela ez hitz egiteko erantzun zidan zakar; eta, etxetik atera eta autoan sartzen zuen bitartean, kumea zela oraindik esan ez zuen ba? Mugitzen ziren izakietan zakur bat baino utzi ez nionez, aspidistra, kentia, cotoneaster eta ribes familietako landareez bete zidan etxea. Ezer onerako balio ez zuten landareez. Behin cotoneaster baten fruituak jaten saiatu nintzen, eta eskerrak berak garaiz abisatu zidala: pozoia zuten.

Giltza ateko sarrailan barruntatu nuenerako hustuak nituen whiski bi, eta telebistan bigarren mailako futbol partida ikusten ari nintzen, interes handirik gabe. Soinua kendu telebistari eta tente jarri nintzen butakan. Egongelako atea irekita zegoen eta, aurretik igarotzean, harritu egin zen ni han ikusteaz. Bere aurpegian ikusi nuen hori.

–Kaixo, Irantzu. Afariak prestatu baino lehen itzuli naiz, hitz egin beharra daukagula uste dut.

Hitz egiten nuen bitartean ate parean egon zen, baina bukatu bezain azkar bere hanka luzeak logelarantz ibilarazi zituen. Atzetik joan nintzen. Ortozik zegoen, toaila bat eskuan zuela.

–Zertaz hitz egin nahi duzu? –igartzen zitzaion ez zuela hitz egiteko gogo handirik. Ez zen geldi geratu, logelatik irten zen, komunera bidean. Zabalik utzi zuen komuneko atetik erantzun nion.

–Arazoak konpondu behar ditugu; ezin al gaitezke akordio batera heldu? Ahaztu ezazu etxe hori erostearena eta etxez aldatuko gara.

Barre egin zuen, baina ez zegoen pozik.

–Zerorrek aukeratuko duzu; hondartza erdian egotea nahi baduzu ere, nik baietz esango dut.

–Aitor, etxearen sarrera ordaindu dut eta ordaintzen jarraitzeko asmoa daukat –ordurako barneko arropak baino ez zituen soinean; esaldia bukatu bezain laster manpara ireki eta dutxan barneratu zen. Nik atean jarraitu nuen.

–Badakit zenbat irabazten duzun: ezin duzu etxe hori zuk bakarrik ordaindu. Edo zer nahi duzu?! Bost urte jan eta edan gabe eman?!

Ura baino ez zen entzuten manpara ostean, eta bertatik alde eginda egongelara itzuli nintzen umore txarrez. Beste whiski bat atera nion neure buruari eta berriro ahotsa igo telebistari. Eserita egoten saiatu nintzen, baina bost minutu ere ez nituen egin, gero gelatik ibiltzen hasi nintzen. Azkenik, Irantzu oraindik komunean zela, etxetik irten eta jatetxera itzuli nintzen.

* * *

Ordu biak eta hogei ziren. Lan gehiena egina zegoen eta ni gabe ere ondo konpontzen zen Mateo. Monika Itziarrekin mahaiak zerbitzatzen ari zen. Laguntzaile bezala nuen Monika; sukaldaria zen bera, ez zerbitzaria, bazeraman urte eta erdi nirekin eta oso pozik nengoen berarekin. Sukaldean aritzen zen bezeroak azaldu artean eta orduan sukaldari praka nasaiak kendu eta zerbitzari gona estua janzten zuen. Ez zuen jendearekiko kontaktua galdu nahi. Platerak garbitzen zituen neska ere handik zebilen.

–Zure koinatua dela dioen bat dago jangelan –esan zidan horrelako batean Monikak sukaldera agertuta.

–Nire koinatua?

Berak ez zidan erantzun eta ate zirrikitutik begiratu nuen: Ander zen, arrebaren senarra eta nire hiru iloben aita. Atea zertxobait ireki eta sartzeko keinua egin nion eskuarekin.

–Kaixo, Aitor, norbaitekin hitz egin beharra nuen eta, hurbil nengoenez... Ez zaizu gaizki irudituko, ezta? Ez nintzen ordu txarrean etorriko?

Mateori begiratu nion; honek, sutan zituen zartaginari eta lapikoari begiratu, eta baietz egin zidan buruarekin.

–Lasai, Ander, beti daukat astia nire koinatu estimatuenarentzat –eta arropa aldatu ondoren atzeko atetik irten ginen.

Taberna erdi huts batean sartu eta lehenengo zerbeza hustu genuen. Gero beste pare bat etorri ziren; biok edaten genuen hitz egiten genuena baino gehiago. Azkenik, laugarrena edo bosgarrena aurrean genuela lasaitu ginen.

–Nik baditut horrela edateko arrazoiak, baina ez nekien zuk ere bazenituela.

Anderrek barre egin zuen erantzun aurretik.

–Beti daude horrela edateko arrazoiak, kontua da arrazoi horiei jaramon egiten diegun edo ez.

Nire koinatua gizon txiki eta mehea zen. Berrogei urte inguru eta ez askoz kilo gehiago soinean, beti irribarretsu, bilbotar gehienak bezala harroputz puntuarekin, bere neurrikoak ez ziren prakak igotzeko ahaleginean eskuak patriketan zituela gorantz tiraka etengabe. Gerriko on bat erosteko aholkuei irribarre batekin erantzuten zien.

Urte askotan eraikuntzan egin zuen lan, baina, bigarren umea izan zuenean, kreditu bat eskatu, aseguru-etxea jarri herrian eta bere buruaren ugazaba bihurtu zen. Geroztik gauzak ondo zihoazkiola ematen zuen.

Isilik gelditu ginen edalontziak aurrean genituela, besoak barran bermaturik, aurrera begira biok.

–Ez dugu elkar asko ezagutzen, baina beti izan zaitut estimuan –esan zuen begirada bere edalontziko aparrera jaitsiz; nik baietz egin nuen, neure edalontzikoari begira.

Benetan ari zela uste dut. Oso gutxi egoten ginen elkarrekin, baina pare bat aldiz elkarrekin mozkortzeko aukera izan genuen eta horrek asko elkartzen du.

–Bizitza luzea da eta denetarako dago denbora: maitatzeko denbora, erabakiak hartzeko denbora, damutzeko denbora...

Begira nengoela konturatu zen eta barre egin zuen; gero, irribarretsu oraindik, ezetz egin zuen buruarekin eta trago batez hustu zuen zerbeza. Besoan kolpe bat eman eta nik ere garbi-garbi utzi nuen edalontzia.

–Oraindik Mendarora txokolatetan joan beharra daukagu –esan zuen, eta zerbitzariak mozkor bati begiratzen zaion bezala begiratu zion. Gu, beste taberna baten bila abiatu ginen.

Mendarokoa gure arteko txantxa zen. Nire arrebak etxera ekarri zuen lehenengo aldian, familiarekin afaltzera izan zen. Oso urduri egon zen afari osoan, zurrun, baietz eta ezetz baino ez zuen esaten. Afaldu ostean nire arreba ez zegoen oso ondo; udaberri hasiera zen eta gripe arrastoak zeuzkan oraindik, eta gure amak esan zuen ea zergatik ez ginen mutil biak elkarrekin joaten zerbait hartzen. Horrela egin genuen eta, hasieran nirekin ere zurrun egon arren, konfiantza hartzen joan ginen eta, mozkor-mozkor geundela kontatu zidan umetan bere aitarekin Mendarora joan zela behin, eta bertan eliza ondoan zegoen denda batean txokolate zuria eman ziotela; une hartan, sekula probatu zuen gauzarik gozoena iruditu zitzaion, eta geroztik beti itzuli nahi izan zuen bertara, txokolate zuri gehiagoren bila, baina, errepidean Mendaro aurretik mila aldiz igaro arren, ez zen sekula herri barnean sartu. Ez zekien ongi zergatik baina, joatekotan zegoela, beti egiten zuen atzera.

–Zurekin joango naiz –esan zidan eta, ni ere edanda nengoenez, baietz egin nion buruarekin–, norbaitekin banoa ezingo dut atzera egin.

Biharamunean joateko gelditu ginen, baina biharamuna lotan eman genuen biok, eta ez ginen Mendarora txokolatetan joan, ez orduan eta ez inoiz.

* * *

Asteguna zen, jende gutxi afaltzen. Monika etxera joana zen. Astegunetako afarietan bietatik bat baino ez zen gelditzen: Monika edo Mateo. Bukatzen ari ziren, Itziar jantokiko azken platerak ekartzen ari zen. Hitz egin beharra nuen, Mateorekin hitz egin beharra nuen.

Ostalaritza eskoletatik irtendako gazteak izaten nituen lanean, baina hauek esperientzia lortu nahi zuten, besterik gabe, eta sei edo zortzi hilabete eman ondoren alde egiten zuten, onak zein txarrak, beste jatetxe batera edo, zortea baldin bazuten, euren jatetxe propiora. Gainera, gazte hauek denek, Arzak edo Argiñano izan nahi zuten: agintzen zitzaiena egitea baino nahiago zuten arriskatzea, azken finean ez zuten euren prestigioa jokoan jartzen, eurek ez baitzuten galtzeko prestigiorik.

Mateok, berriz, ez zuen inora joan nahi. Berari sukaldaritzan aritzea gustatzen zitzaion, eta hori, lanean, igarri egiten zen. Ez dakit, agian arazoekin hasi baino lehenagoko garaiak ekarriko zizkion gogora, kontua da gustura ikusten nuela. Ez zen sekula kexatzen, edozer gauza egin zezakeen: patatak zuritu zein saltsa zailenak atondu, dena pazientzia berarekin; azken finean maisu ona izan zuen, eta Manuel Urrestiz ari naiz, noski.

Bere egoera neronek baino ez nuen ezagutzen, baina ziurtzat nuen ez zuela beste inora alde egiteko gogo handiegirik, beti izango zuen deskubritua izateko arriskua eta horrek deseroso sentiaraziko zuen. Beti izango zen bere benetako izen-abizenak emateko beldur, eta faltsuak ematekotan beldur handiagoa izango zuen, antzemango ote zioten.

Neure gauzei bueltak ematen ari nintzela Mateo ikusi nuen nire aurrean kaleko jantzita. Txandal antzeko prakak zeramatzan, beste kolore bateko zatiak josita daramatzatela diruditen horietakoak, eta mahuka luzeko niki iluna, beltza uste dut.

–Beno, banoak, azkar ibili beharra zaukaat autobusa hartu nahi baldin badut.

–Ez, ez; itxaron. Itziar joan al da? –eta jangelara zeraman aterantz begiratu nuen.

–Bai, orain dela hamar bat minutu –barre txikia egin zuen jarraitu aurretik–, gabon esan dik eta hik ere gabon erantzun diok.

Barre egin nuen eta berak ere barre egin zuen berriro.

–Beste gauzaren bat izango nian buruan; beti izan nauk despistatu samarra, ez haiz oroitzen?

–Urte asko igaro dituk baina, nik oroitzen dudanez, beti hengoen detaileei adi eta ez zitzaian ezer oharkabean pasatzen.

Edalontziak gordetzeko erabiltzen genituen armairuen aurka nuen bermatuta bizkarra, baina une hartan zuzen jarri nintzen, Mateoren aurrez aurre; ni baino hamar bat zentimetro garaiagoa zen: metro eta laurogeita bost zentimetro inguru.

–Eser hadi, hirekin hitz egin beharra zaukaat –esku luzatuarekin Monikak patatak zuritzeko eta entsaladak prestatzeko erabiltzen zuen zurezko aulki garaia seinalatu nion–; neronek eramango haut gaur etxera.

Begira gelditu zitzaidan une batez; besterik esan behar ez nuela ziurtatzean aulkiari begiratu eta eseri egin zen azkenik, oinak eserlekuak azpian zituen euskarrien gainean jarrita. Nik bere aurrean zutik jarraitu nuen, noizbehinka urrats batzuk emanez, burumakur.

–Beste ezer baino lehen, hire lanarekin oso pozik nagoela esan nahi diat –hau zorura begira esan nion; ezer erantzuten ez zuela ikustean, begirada altxatu nuen eta berak begiradari eutsi zion, mutu jarraituz; beldurrez zegoela pentsatu nuen une batez eta horrek beldurtu egin ninduen–. Kontua duk ez dakidala zer egin nahi duan etorkizunean, hemen jarraitzeko asmotan habilen edo alde egitea pentsatu duan.

–Hik gelditzea nahi baduk, ni ere oso gustura nagok hemen.

Eskuak zabalik zeuzkan eta ni isilik gelditu nintzen.

–Alde egitea nahi baduk ere ulertuko diat –hau esan zuen eta zutik jarri zen. Nigandik metro batzuk urrutiratuz altzarien aurka bermatu zen, labe baten euskarriari esku biekin indartsu oratuz. Ahots apalaz hitz egiten zuen.

Burua mugitu nuen behera eta gora bizpahiru aldiz ezer esan baino lehen.

–Hire lana ona duk; hire lana ona duk... –beldurra nuen, argi neukan lasaiago egongo nintzela eskoletako beste mutil bat ekarrita. Azkenik, gelditzen zitzaidan zentzun apurra batu, beldur guztiak ate ostean ezkutatu, eta eskaintza bat egin nion–: Urtebeteko kontratua egingo diagu, eta bukatzean berriro aztertuko diagu egoera; nik uste diat, ados bahago behintzat, ordurako behin betiko kontratua sinatuko dugula.

Pozik zegoen, nahiz eta hitz askorik ez egin: baietz egiten zuen etengabe buruarekin.

Alde zaharrean uzteko eskatu zidan; birritan esan nion etxeraino eramango nuela, baina berak bietan erantzun zidan ondo zetorkiola alde zaharrean uztea. Agian non bizi zen inork jakiterik ez zuela nahiko erabaki eta eskatzen zidana egin nuen.

–Zerbait hartuko diagu? Nik ez diat inor etxean zain.

Pub antzeko batera sartu eta barran eseri ginen.

–Pare bat zerbeza? –galdetu nion, zerbitzariak, piercing-en erreginak, arreta handirik gabe begiratzen zigun bitartean. Berak ezetz egin zuen buruarekin.

–Ezin diat. Medikazioaz jarraitzen diat oraindik: omeprazol eta ratidina baino ez ditiat hartu asteon, baina auskalo zer gertatuko litzaidakeen alkoholarekin nahastuz gero. Gainera, alkohola galarazita zeukaat oraingoz, eta hilean behin analisiak egiten zizkidatek.

Litro erdiko zerbeza niretzat eta tomate zukua nire laguntzailearentzat.

–Aske hengoela uste nian.

–Oraindik ez erabat, baina beno, ez diat lotara itzuli behar eta hori asko duk niretzat.

Beste pub bat; beste zerbeza bat eta tomate zukua. Bera saiatu zen ordaintzen, baina ez nion utzi. Pubean Barricada-ren aspaldiko musika ozena eta oso jende gutxi; gu biok isilik, geure edariei begira.

–Gero ere jakin beharko duk eta hobe da neronek esatea –burua altxatu nuen bere aldera interes handiz, zer kontatuko zidan asmatu ezinik–. Bazegok jatetxean gelditzea nahi izateko beste arrazoi bat: Itziar.

Joder, nola ez ote nuen ikusi? Noski, tipoak hamar urte daramatza lau horma artean bahiturik eta zer izango du ba buruan? Monika, itsusia, lodia eta jenio biziegikoa izateaz aparte, ezkonduta zegoen eta ume txiki bat zuen. Itziar, berriz, beti hain gozo, hain irribarretsu... batzuetan, ingurukoak ez molestatzeagatik, flotatzen igarotzen zela zure ondotik ematen zuen.

–Oraindik ez duk gauza handia, baina astelehenean elkarrekin joan gintuan zinera.

Astelehenetan itxi egiten genuen jatetxea.

Hirugarren puba; hirugarren zerbeza eta auskalo zer edaten zuen berak.

–Bazekiat ez duala honetaz hitz egin nahiko, baina hire aita... Hil zenean Mirenek ez ziatela hiletetara joaten utzi esan zian, baina inor gutxik sinistu zioan.

Edanda egon ezean ez niokeen sekula gaia aterako.

–Egin nuena jakin bezain laster esan omen zian ni hilda nengoela beretzat. Zer egiten dik hildako batek beste baten hiletetan? –eta, oso lasai, trago luze batez hustu zuen bere tomate zukua.

* * *

Azuak zeukan nire koinatu Anderrek behar zuen lokala. Azuak lokal asko zituen han-hemen, eta Anderrek harekin, Azuarekin, eskolan ibilitako lagun bat ezagutzen zuen. Ireki behar zuen aseguru-etxean sekulako abantailak agindu zizkion lagunari bilera bat lortzen bazion, eta azkenean, hirurak joan ziren bazkaltzera elkarrekin.

Anderrek, urduri, aseguru-etxearena kontatu zion eta Azuak adi jarraitu zuen azalpena, adiegi Anderri iruditu zitzaionez, ez zion begirik kentzen, aztertzen balego bezala. Gero, bakarrik gelditzean, lagunak azaldu zion hasieran Azua ez zegoela oso prest bazkari hori izateko, baina gaztaro gogorra eta aspaldi legearekin arazoak izandakoa izan zela aipatu zionean, Anderri buruzko gauza gehiago jakin nahi izan omen zituen eta azalpenak entzun ondoren elkarrekin bazkaltzeko prest agertu. Bazkariaren ostean Azuak eguna eta ordua eman zion biltzeko, Anderrek negozioaren paper guztiak eraman behar zituen eta Azua dena aztertzeko prest agertu zen.

Goiz hartan, Azuaren bulegoan sartzeko zain zegoela, argi zuen Anderrek asko hitz egingo zuela, etengabe hitz egingo zuela; baietza lortu arte arituko zen hizketan, bestea armarik gabe gelditu arte, errenditu arte. Lehenengo hiru urteetan, enpresa martxan jarri eta onurak ematen hasi arte, alokairu merkea ordainduko zion, gero hurrengo bostetan igo egingo zen errenta, eta azkenengo hamabietan zegokiona baino gehiago ordainduko zion. Plana onartzen ez bazion, irabazien zati bat emateko ere prest zegoen.

Baina gauzak ez ziren Anderrek espero bezala gertatu. Azuak ez zion hitz egiten utzi. Berak ireki zuen bulegoko atea eta mahaiaren aurreko eserlekuraino lagundu. Anderrek negozioari buruz hiru hitz esan orduko keinu baten bidez isiltzeko agindu zion. Mahaia astiro inguratu eta, nire koinatuaren aurrean eseri ondoren, bera izan zen hizketan hasi zena.

–Neuk esango dizut nola lortuko duzun hogei urteko alokairua dohainik. Joan den hileko hogeita batean Londreserako hegazkin bat hartu genuen, nire alaba Larraitzek eta biok...

3

Udaberriko eguzki epelez blai oroitzen dut Irantzuk etxetik alde egin zuen maiatz hura. Hego haizea indartsu zebilen kaletik gaueko hamabiak pasatxoan etxeratu eta etxea hutsik aurkitu nuenean. Egia esan ez ninduen ezustean harrapatu, baina joan aurretik eszena bat egingo zidala uste nuen: irainak, orroka hasi, plater batzuk hautsi, atea brastako batez itxi. Horren ordez, etxea garbitu zuen.

Landare zikinak eta Kodak, erdibana genuen zakurra baino ez zituen utzi. Normala iritzi nion bere gauza guztiak eramateari, baina erdibana genuen oheko koltxoia? Neronek erosi nuen logelako telebista? Zergatik eraman disko guztiak, baita neronek bakarrik entzuten nituenak ere?

–Puta! –baxu samar esan nuen, oso konbentziturik ez banengo edo berak entzutea nahi ez banu bezala.

Jatetxean afaltzen nuen; hala ere hozkailua ireki eta barnean begiratu nuen. Han ere ez zituen azenario zimel batzuk baino utzi. Irantzuk nekez edaten zuen alkoholik: bazkariren batean ardo apurren bat, bestela nahiago zuen ura edo coca-cola; ez zuen botila bakarra ere utzi egongelan izaten genituenen artean. Kanpora irten nintzen, autoan larrialdietarako nuen ron botilaren bila.

–Puta! –ahal izan nuen oihurik ozenena bota nuen oraingoan. Pinudia alde batean eta autorik gabeko errepidea bestean baino ez genituen, eta ez dut uste inork entzungo zuenik.

Hirugarren aldiz edalontzia bete ondoren Irantzugan pentsatzen hasi nintzen. etxaurrean eserita nengoen, barnetik aulki bat aterata; aulkiak ez zituen eraman. Ordura arte ere Irantzugan pentsatzen nuen, baina ordutik aurrera beste era batean hasi nintzen berarengan pentsatzen. Ilea lepo inguruan aske zuela imajinatzen nuen bere hondartzako etxean, eta bat-batean otu zitzaidan oso ondo egongo ginela biok bertan, uhinek harkaitzen aurka jotzean egiten duten zarata entzuten, etxearen kanpo aldean eserita, bata bestearen ondoan, ardo kopak eskuan. Altxatu eta etxean barneratu nintzen telefonoa erabiltzeko erabaki argiaz, baina telefonora heldu eta eskuetan hartu nuenean, beldurra sartu zitzaidan. Haserre egongo da, pentsatu nuen, eskegi egingo du. Giltzak hartu eta kanpora irten nintzen, hondartzako etxera joateko intentzioarekin. Auto aurrean nengoenerako, ordea, gauzak ez nituen hain argi. Auto barnean sartu nintzen, baina ez nuen martxan jarri. Horren ordez musika jarri nuen eta handik gutxira loak hartu ninduen, gidariaren eserlekuan eserita. Esnatu nintzenerako ez zebilen haizerik eta eguraldia askoz freskoagoa zen. Ordua kontsultatu nuen: goizeko seiak eta hogeita bi minutu. Autotik irten, txiza egin kanpoan, Irantzuk neguan sartutako wisteriaren gainean, eta etxean sartu nintzen. Handik bi minutura ohe barnean nengoen.

* * *

Intsektuak. Larrutan ari diren bitartean, handiago eta indartsuagoa den mantis emeak besarkada trinko batean heltzen du arra. Gero, burua jaten dio, eta baita, azkar baino lehen, bular aldea jaten hasi ere.

Burua galdu ondoren ere, arrak larrutan jarraitzen du, eta badirudi emearen portaera basatiak arraren esperma isurketa errazten duela.

* * *

Lehen ez nion ezer igartzen, Mateok mundu guztiari egiten zion irribarre, itxura ona eman nahi zuelako, nik uste nuenez. Baina berak kontatu zidanetik, argi ikusten nuen Itziarri eskainitako irribarreek ez zutela zerikusirik besteei eskaintzen zizkigunekin.

Itziar ere, inork ikusten ez zuela uste zuenean, edozein aitzakiarekin Mateori hurbildu eta isilka aritzen ziren, hortz ilarak agerian.

Itziarrek ez zuen hogei urtetik gora izango, gurasoekin bizi zen oraindik, Durangon nik nekienez edo hurrean bestela, eta joan-etorrietarako clio txiki bat erabiltzen zuen. Mateo gero eta sarriago hasi zen berarekin joaten, Durangoko tren geltokira eramaten zuela argitu zidan Monikak ezer galdetu ez nion batean. Monikak begi onez ikusten zuen hauen arteko harremana: normalean ez zuen iritzi onegia jatetxeko jendeaz, eta bera enkargatzen zen denak konturatzeaz, horretan ez zuen gaizki-ulerturik nahi izaten, baina Itziar eta Mateo langileak eta isilak ziren, ez zuten Monikaren autoritatea dudatan jartzen eta eskatzen zitzaiena baino ez zuten egiten.

–Oraingoan asmatu duzula uste dut –buruarekin baietz egin eta nire ondotik alde egin zuen erantzunik itxaron gabe.

Irantzurena ordea ez zuen inork asmatu. Beti bezala tratatzen ninduten denek: Monikak ez zuen estimu handitan Irantzu eta sekula ez zuen beragatik galdetzen, eta besteak okupatuegi zeuden euren artekoarekin besteez arduratzeko.

* * *

Afariak egiteko Monika gelditu zen gau batean, hau da, Mateok jai zuen gau batean, bisita bat hartu nuen jatetxean: Miren, Mateoren ama. Jatetxean beste inork ez zuen ezagutzen eta Itziarrek, bakarrik ote zetorren galdetu ostean, leiho ondoko mahai txiki batean eseri zuen.

Beste bezero arrunt bat balitz bezala afaldu zuen, eta bukatzean, kafe hutsa eskatzearekin batera, kontua ere eskatu zuen. Kontua ordaindu eta gero, ni barnean ote nintzen galdetu zion Itziarri. Ate zirrikitutik begiratu eta, kaleko arropak jantzi ondoren, niri ere kafe hutsa ateratzeko mahai hartan, eskatu nion Itziarri.

–Zergatik ordaindu duzu kontua hain azkar?

–Gustuko dut neure kontuak neronek ordaintzea –irribarre egin zuen.

Trago bat eman zion kafeari eta nik beste horrenbeste egin nuen.

–Oso gozo zegoen dena, bereziki ona perretxiko douxelle-a.

Barre egin nuen oraingoan eta berak: “hogeita hamar urte sukaldari batekin bizitzen eta zerbait ikasi beharko nuen, ezta?”, gehitu zuen.

Ingurura begiratu nuen; pare bat bikote zeuden afaltzen, eta zeharka begiratzen ziguten Itziar eta Monika ere handik zebiltzan. Miren ere konturatu zen begiradez.

–Lasai –esaten hasi nintzaion–, ez dakite Mateo nor den, ezta zu nor zaren ere. Aspertu egiten dira eta txutxu-mutxuek denbora azkarrago igarotzen laguntzen dute. Ugazaba norekin hitz egiten ari den antzeman nahian ibiliko dira.

Ontzat eman zuen azalpena baina aurpegia ilundu egin zitzaion, serioago jarri zen.

–Gaur etorri banaiz, eskerrak emateko izan da. Telefonoz deitzekotan egon naiz, baina hotzegia iruditzen zitzaidan. Mateok kontratu berriarena kontatu dit.

–Kontratu berria berak irabazi du, bere lanarekin; ez dut egin inori mesede egitearren: langile aparta da.

–Hala ere, nor den jakinda askok ez lioke kontraturik egingo, ezta munduko sukaldaririk onena izanda ere.

–Ni sukaldaria naiz, ez epailea. Dena den, hemen inork ez du kexarik berari buruz; langileei galdetzen badiezu denak daude oso pozik berarekin –Itziarrena kontatzekotan egon nintzen, zeinen pozik zeuden berarekin erakusteko, baina Mateok berak kontatu ez bazion nor nintzen ni hori egiteko.

Jatetxeko ateraino lagundu nuen eta berak irten baino lehen gogorarazi zidan, edozertarako bere laguntza behar izanez gero, eskatzea besterik ez nuela.

Sukaldean berriro sartu nintzenerako, jadanik ez zegoen bezerorik jatetxean eta Monikak ni zirikatzea gustuko zuen garaiak oroitzeko asmoa zuen.

–Adineko emakumeek erakartzen zaituzte orain?

Itziarri barre txikia irten zitzaion, ondoren ahoa eskuarekin tapatu eta barkamena eskatu zuen ahul.

Ez nuen erantzun.

* * *

Denbora igaro ahala eguraldia gozoago egiten zen. Gauetan etxera joan baino lehen pub erdi hutsetan igarotzen nituen ordu batzuk; normalean itxi arte egoten nintzen, toki erdi huts haietan edalontzi erdi huts baten aurrean.

Ez dut esango ez nuela gogoratzen; egunero gogoratzen nintzen Irantzu eta bere hondartzako etxeaz, baina ezin nuen ezer egin. Nire iritziz, joatean ate guztiak itxi zizkidan; bere etxe berriko ateak, besteak beste.

Garai hartan ni ere etxez aldatuko nintzela pentsatu nuen. Nire etxea iluna iruditzen zitzaidan, nahiz eta kanpotik, beheko erdia eta leihoak behintzat, zuriz pintatuta egon. Lo egiteko baino ez nuen erabiltzen. Itsasertzera agian... Bai, une hartan itsasoak deitzen zidan indartsu.

Egunak luzatu eta gauak laburtzearekin batera, gure bezeroen ohiturak ere aldatzen joan ziren: afari gehiago eta bazkari gutxiago, asteburuetan batez ere. Libratzen zuten orduetan, Itziar eta Mateo toaila bana besagainean hartu eta hortik zehar joaten hasi ziren neskaren autoan; afariak prestatu baino lehen itzultzen ziren, irribarretsu eta joandakoan baino beltzaranago.

–Ahaztuta nuen zer zen bizitzea –esan zidan behin Mateok irribarrez, afarietarako txalota apur bat xehatzen zuen bitartean.

* * *

Maiatzaren hogeita bederatziko arratsaldean, egun haietan jasaten ari ginen sargoria hondatzera zetozen laino beltzak agertu ziren mendebaldetik. Hasieran mantxa ilun batzuk baino ez ziren izan, han zeru urdinaren kantoi batean, baina hurbildu ahala, sargoriak jarraitzen zuen bitartean, zeruaren zati gero eta handiagoa bereganatu zuten. Arratsaldeko zazpiak aldera entzun ziren lehenengo trumoi hotsak, zerua gure gainera erortzera balihoa bezala. Bost minutu beranduago Monikak zaborra atera zuen jatetxearen osteko ontzietara, eta uraz blai itzuli zen. Goiko ez dakit norekin oroitu zen, gero haren aitarekin, eta arropak aldatzen zituen bitartean ere marmarka jarraitu zuen, guk ez genion ezer garbirik ulertzen baina.

Ander nire koinatuak zortzietan itxi zuen aseguru-etxea, egunero egiten zuen bezala; ondoren txamarraren lepo ingurua igo, kalea korrika zeharkatu, eta alboko atetik sartu zen irekita zuen autoan. Handik minutu batera autoa martxan jarri zen, herriko erdialderantz.

Gaueko hamarretan, umeak lotan zituela, nire arreba arduratzen hasi zen, Ander ez baitzen inoiz hainbeste berandutzen deitu gabe. Sakelako telefonora deitu zion, baina itzalita zuen; leihotik begiratu zuela kontatuko zidan gero, eta haize erauntsiak, tximistek eta euri zaparradek bera ere ikaratu egin zutela. Begira zegoela, trumoi batek umeak iratzarri zituen. Oihana izan zen negarrez hasten lehena eta ondoren Markel. Irkus ez zen nonbait trumoien beldur, edo bestela gorra zen, ez baitzen ezertarako esnatu, goizeko seiak arte, bere gosaria eskatzeko. Ume biak besoetan hartzen zituen txandaka, lasaitzeko asmoz; azkenik, Vangelis-en disko bat jarri zuen ozen, horrela euria eta txistuka ari zen haizea entzun ez zitzaten. Baretu eta lo hartzen zutela ematen zuenean, ordea, trumoi batek jartzen zituen berriro zalapartan anai-arreba biak, eta horrela ibili zen nire arreba, gauerdira arte gutxienez. Azkenik, negar egiteko ere nekatuegi, lo gelditu ziren ume biak. Arreba ere ohean sartu zen, baina ezin izan zuen lorik egin.

Seietan jaiki zen Irkusi esnea emateko, eta ez zen gehiago lotara joan. Anderren sakelako telefonoak itzalita jarraitzen zuen, eta, kanpoan trumoiak eta tximistak desagertu arren, euriak berean jarraitzen zuen.

Umeak zaintzen zituen neskari deitu zion, ez etortzeko, bera ez zegoela oso ondo eta ez zela lanera joango. Lanera deitu zuen gero, gaizki sentitzen zela eta ez zela azalduko. Nire arrebak norbaitekin hitz egiteko beharra sentitzen zuen eta denei, edozeini deitzekotan egon zen, azkenean beste inori deitu ez zion arren. Umeen gelara aulki bat eraman eta bertan eseri zen, alboan, Irkusen oinetan, telefonoa zuela.

* * *

Egunero hondartzatik ibiltzeko ohitura zuen Sopelako emakume batek aurkitu zuen gorpua. Aterkia eskuetan zihoala, urertzak eta amildegiak sortzen duten korridoretik, harkaitzen artean zerbait ikusi zuen; itsas ugaztuna edo txori handiren bat zelakoan hurbildu zen: gorpua gorantz begira zegoen topatu zuenean. Ziraren patrikan zeraman telefonotik deitu zion poliziari.

Poliziak berehala identifikatu zuen, gainean zeraman karterari esker: Ander Lopez, Bilbon jaiotako berrogeita bi urteko gizona; ezkondua, hiru seme-alabaren aita.

Hamarrak laurden gutxiagotan deitu zioten arrebari; lehenengo txirrinean ireki zituen begiak, erdi lo zegoen aulkian; “nor da?” galdetu zuenean, dardarka zuen ahotsa.

Hamaikak jotzeko zeuden aitak deitu zidanean. Hamaikak eta hogeian jaioterrian nintzen, arrebaren etxean. Aitak ireki zidan atea.

–Amarekin dago, umeen logelan. Ez genekien zer egin umeekin eta bizilagunari utzi dizkiogu –burumakur zegoen, ez zidan begietara begiratzen eta bere esku handi eta puztuak mugitzen zituen etengabe. Egongelara igaro ginen.

–Ba al dakite zer gertatu den? –whiski bat zerbitzatu nion neure buruari eta ondoren sofan eseri nintzen; aitak atzetik jarraitzen zidan, eta eseri nintzenean berak zutik segitu zuen nire aurrean.

–Bere burua amildegitik behera bota duela dirudi –esan zuen aitak, eta bera ere sofa gainera amildu zen, behera begira oraindik ere, eskuak batuta.

* * *

Hurrengo orduak benetan ilunak izan ziren. Nire arreba lasaigarrien mende zegoen arren, tarteka oso urduri jartzen zen. Batzuetan umeak ikusi nahi zituela zioen eta etxe guztia miatzen hasten zen haien bila; gero, bere senarra norbaitek hil ziola esaten zuen, eta batetik bestera zebilen gelditu gabe, gure ama atzetik zuela lasaitzeko esanez.

–Egizu lo, laztana –ziotson amak, hamabi urteko umea balitz bezala.

Anderren gurasoekin hitz egin zuen aitak eta hobe zutela etxetik ez etortzea esan zien, egoera ez baitzen oso ona. Berak deituko ziela zerbait jakitean. Eguerdi aldera polizia bat etorri zen etxera, galdera batzuk egin behar zituela eta. Ez zen egon arreba bere logelan sartzeko modurik: butaka batean eseri zen, ama ondoan zuela eskutik heltzen; beste guztiok, polizia barne, zutik geunden gelan, eta, arraroa badirudi ere, lasaiena arrebak ematen zuen.

Polizia gizon gaztea zen, kalez jantzia, txamarra arin batekin. Mehea, ez garai eta ez txikia, libreta beltza eta bic boligrafoa esku artean. Lehenengo, etxetik kanpo gauak pasatzea Anderrentzat gauza normala ote zen jakin nahi izan zuen.

–Ez, oso gizon etxekoia zen.

Gero, deprimiturik ote zebilen azken aldian. Hori ere ezetz.

Marka bi egin zituen libretan; ondoren, libreta eta boligrafoa txamarraren barneko sakela batean ezkutatu, keinua okertu, eta autopsiarena azaldu zigun. Hileta egun bat atzeratu behar genuen, ohiko arrazoiengatik hiltzen ez ziren guztiei autopsia egin behar omen zietelako. Arrebari begiratu genion denok zeharka: isil-isilik zegoen, poliziaren galderei ere ez zien erantzun, geuk egin genuen haren ordez.

Isiltasuna hausteko ziurrenik, poliziak hitz egin zuen.

–Familiak hala nahi badu, bere konfiantzazko osagile batek eginiko bigarren autopsia ere eska dezake –berriro begiradak gurutzatu genituen geure artean.

–Anderrek ez zuen bere burua hil –begirada galdua zuen arrebak hori esatean, eta amak arrazoia eman zion berehala: “Noski, istripua edo...”

–Beste aukera bat da, autopsia egiten den bitartean familiak izendatutako norbait aurrean egotea.

–Aitor! –oihuak ezustean harrapatu gintuen denok. Atzamarrarekin seinalatu ninduen eta zutitzeko ahalegina egin zuen, baina amak gogor heldu zion, eserita jarraitzera behartuz.

–Beno, normalean osagilea izaten da, autopsia nola egiten den jakingo duena –lagundu nahi izan zuen poliziak, baina ez zegoen zereginik. Ezin nion ezetzik esan arrebari, ez egoera hartan.

4

Fluoreszentez jositako sabai garaia zuen gela handi batean egin zen autopsia. Hormetan axuleiu berdeak lehenengo bi metro eta erdian eta, handik gora, pintura urdina kare zurian. Bata zuri bat jantziarazi zidaten gelan sartu baino lehen. Gelan ohantze hutsak zeuden non-nahi, eta bizpahiru, izarak jarrita zituztela. Sartzearekin batera konturatu nintzen non zegoen nire koinatuaren gorpua. Izara batekin tapatuta zegoen, baina flexo erraldoi moduko batzuk jarrita zeuden haren ohantze gainean.

Osagile bi zeuden, bata nagusi eta bestea laguntzaile arituko ziren; horiez gain, inork nor zen azaldu ez zidan berrogeita hamar urte inguruko gizonezkoa, eta, bata ez zeraman bakarra, erizain gazte bat aniletako koadernoa eskuetan. Hasi aurretik eskua eman genion elkarri.

–Beno, hastera goaz –esan zuen osagile titularrak, forentsea jartzen zuen tokian sinatuko zuenak.

Osagile laguntzaileak izara kendu eta, argazki kamera bat hartuz, gorpuari argazkiak egiten hasi zen, hainbat ikuspegitatik. Usainari nion beldurrik handiena, filmetan bezala sudur azpian jartzeko krema bat emango zigutela uste nuen, baina ez ziguten ezer eman. Dena den, eta gela osoa gorpuz beteta egon arren, ospitale guztietan dagoen usain sarkor hori baino ez zen antzematen bertan.

Argazkiak bukatu zirenean, erizain gaztea koadernotik irakurtzen hasi zen:

–Gizon zuria, europarra, ile beltza –belarri gainetan ile batzuk zuriak ziren, baina nahiago izan nuen ezer ez aipatzea–, metro eta hirurogeita sei zentimetro, hirurogei kilo. Gorpuak traumatismo ugari ditu, buruan batez ere; begi grisak dauzka... zeuzkan –azken hitza burua koadernotik altxatu eta txita batek bezain ahul esan zuen, ondoren niri begiratu zidan; begirada saihestu nuen.

Osagile titularra denoi banan-banan begira gelditu zen segundo luze batzuez.

–Ongi da –esan zuen azkenik.

Anderren gorpuaren gainean erdi etzan zen osagile laguntzailea eta saihetsak aztertu zizkion: alde batean bat besterik ez zuen hautsi gabe, bestean bat baino ez hautsita. Ondoren, titiburuak baino bost zentimetro goragotik, alderik alde egin zioten ebaketa, puntu biak lotzeko marra zuzen bat erabiliz. Jarraian, ebaketaren marrak beherantz egin zuen, hankarteraino. Bihotza eta birikiak agerian gelditu ziren. Perikardioa, hau da, bihotza biltzen duen geruza ebaki eta odol-lagin bat atera zioten. Ondoren, osagile titularrak, tresna zorrotzekin eta mugimendu zehatzez, nire koinatuaren bihotza gorputik atera eta beirazko azpil moduko batean jarri zuen, inolako begirune berezirik gabe. Birika biak, hestegorria, trakea... denek jarraitu zuten bihotzaren bidea, isiltasun itogarri baten erdian. Osagile laguntzaileak hartzen zituen organoak, gurpildun mahai baten gainean. Antiojo zilarreztatu batzuk jarrita ordurako, organo bakoitza pisatu zuen, gero atzamarrak asko erabiliz aztertu, eta azkenik xerratan edo erditik ebaki zituen. Berrogeita hamar urte inguruko gizonak arreta handiz jarraitzen zuen dena, lepoa askotan luzatuz. Erizainak, berriz, profesionaltasun handiarekin egiten zuen dena eta osagile titularrari baino ez zion begietara begiratzen.

Hamazazpi urte nituenean eta soldadutzatik libratzeko ahaleginean, gurutze gorriko postu batean aurkeztu nintzen, soldadutza-ordea bertan egiteko zer behar zen galdetzeko asmoz. Oraindik gaztea izan arren burusoiltzen hasitako gizon garai batek hartu ninduen. Zer izan nahi nuen galdetu zidan, “handitzen haizenean”; hasieran ez nion erantzun, baina, berak ekin egin zuenez, azkenik “sukaldaria” erantzun nion; ordurako gure aita Manuel Urrestirekin hitz eginda zegoen. Berak, burusoil gazteak, barre egin zuen nire erantzuna entzutean.

–Ondo konponduko gaituk: hemen ere giltzurrun eta gibelekin egiten diagu lan.

Batzuek uste dute sukaldariek, piztien eta abereen gorpuekin lan egitean, askotan gibelak eta birikak izaten ditugunez esku artean, horrelako gauzek inpresio txikiagoa egiten digutela; ez da horrela. Guk gibelak eta saiheskiak, arrain hilak eta abereen gorpuak ez ditugu izaki biziak bezala ikusten, ez gara pentsatzen hasten hauek orain gutxi mugitu egiten zirela eta arnasa hartzen zutela; gure lan tresnak dira, zein saltsa etorriko zaien ondoen pentsatzen dugu, edo zer barazki jarriko diegun inguruan, jostun batek udako ezkontza batean eramateko zein ehun etorriko zaion hobeto pentsa dezakeen antzera.

Inpresioa handiagoa da xerratan ebakitzen ari diren bihotza estimatzen zenuen norbaitena denean.

Zilborra aztertu zion ondoren arreta handiz osagile titularrak; bertako zauri eta garau txikienak ere apuntatu zituen erizainak aniletako koadernoan. Laginak hartu zituzten urdailetik, eta ondoren, astiro, urdail barnean aurkitutakoa aztertu zuen; hil baino ordubete lehenago zerbait jan zuela zehaztu zuen: pintxo batzuk agian. Gero, gibela atera zioten eta osagileak eskuetan izan zuen segundo batzuetan, bere laguntzaileari pasatu baino lehen; aztertzen zuen bitartean, bonsai ilun eta itsusi baten antza hartu nion nik; ez nuen ezertarako Anderrekin lotzen. Han ateratzen ari ziren gorpu atalak ez ziren Ander, hori izan zen botaka ez hasteko izan nuen arrazoia.

Besikula, giltzurrunen gainean dauden glandulak, giltzurrunak –oso txikiak iruditu zitzaizkidan, babarrun erraldoi parea balira bezala eraman zituen esku ahurrean osagile laguntzaileak–, urdaila, pankrea eta azkenik, hauek bai, hauek oso luzeak iruditu zitzaizkidan, hesteak, dena atera zioten.

Komunera joateko aitzakia jarriz, gela utzi nuen, nahiz eta begietan igarri inork ez zidala sinistu. Gelatik irten eta korridore itsusian zeuden eserleku luzeetako batean eseri nintzen. Zigarro bat atera eta erretzen hasi nintzen urduri. Urteak ziren ez nuela erretzen, baina ducados pakete bat erosi nuen ospitaleko bidean; tabakoak sekula baino min handiagoa egin zidan, baina hala ere ez nuen eztulik egin.

Gelara itzuli nintzenean, denak zeuden Anderren buruaren inguruan, eta, atea zeharkatu bezain azkar, niregana jiratu zituzten une batez euren buruak. Osagile titularrak niregana begira jarraitu zuen besteak berean jarri zirenean berriro; berrogeita hamar urte ingurukoak, ahopetik, erizain irribarretsuarekin hitz egiten zuen bitartean, osagile laguntzailea ohantzetik apartatu eta, guri bizkarra erakutsiz, lehengo gurpildun mahaira itzuli zen.

Osagileak, konturatu gabe aizto zilarreztatu batekin ohantze kantoian jotzen zuen bitartean, nire koinatuaren barrabilak aztertu eta haren laginak hartu zituztela jakinarazi zidan, horren ondoren ipurdiaren laginak ere bai. Nik ez kontatzea eskertu egingo niokeen arren, berak puxika ere kendu ziotela kontatu zidan eta gernu-laginak hartu laborategira bidaltzeko.

–Eta hori uste dut dela dena –esanez, nigandik urrutiratzen hasi eta Anderrek burua zeukan tokirantz zuzendu zen.

Denok hilotza inguratzen ari ginela, ebaketa sakon bat egin zion belarritik belarrira, eta ondoren oroitzen dut “tenporal” hezurra aipatu zuela. Oroitzen badut, izena bitxia iruditu zitzaidalako izan zen.

Ilea kendu zioten gero eta, burezurra mozteko, tailer bateko langileak torloju bat mozteko bezalako eskuzko zerra txiki bat erabili zuten. Hau gazteagoa zen osagile laguntzaileak burutu zuen eta, berorik egiten ez zuen arren, izerditan bukatu zuen. Burmuina atera ziotenean bukatu zen Anderren autopsia.

Erreta. Hiltzen naizenean, erre nazatela.

* * *

Eliza barnean erreparatu nuen Irantzurengan. Seigarren edo zazpigarren ilaran zegoen, korridoretik eskumara gelditzen ziren eserlekuetan. Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen oso aspalditik egongo zela barnean, eliza eta kanpo aldea jendez lepo baitzeuden. Bere alboan ez nuen ezagunik ikusi: alde batean Zakarias, herriko okin jubilatua zuen, eta beste aldean ezagutzen ez nuen neska garai bat, ilehoria. Irantzuk mukizapia zuen eskuetan, negar zotinka ari zen eta benetan sentitzen zuela iruditu zitzaidan.

Meza bukatu eta hilkutxa auto luzearen barnean sartu ondoren, bere bila abiatu nintzen. Eliza aurreko zabaldian zegoen ilehoriaren ondoan, hizketan. Lankideren bat izango zuela pentsatu nuen, nik bere lagun guztiak ezagutzen bainituen, edo hori uste nuen behintzat. Ilea moztu berria zuen Irantzuk, laburragoa guztiz laburra izan gabe; lepo inguruan bukatzen zitzaion, marra kurboa eginez blusaren lepo gainean.

Eurengana hurbiltzen ari nintzela Irantzuk ezagutu egin ninduen; ikusi bezain azkar, zerbait esan ilehoriari eta nire bidean bizpahiru urrats egin zituen gero, horailak geldi jarraitzen zuen bitartean.

–Asko sentitu dut, benetan. Laura eta umeengatik batez ere.

Baietz egin nuen buruarekin.

–Ez duzu nirekin itzuli nahiko, ezta?

–Ez –ezetz egin zuen buruarekin, irribarre baten zantzua ezpainetan, eta ondoren baietz egin nuen nik buruarekin.

–Eta zure lagunak? Zure lagunak etorri nahiko al du nirekin? –kokotsaren mugimendu batez, aurpegi aspertuaz begira genuen emakumea seinalatu nuen, Irantzurekin etorritako ilehoria; Irantzuk ere burua jiratu zuen.

–Ez, ez dut uste. Nik dakidanez, emakumeak gustatzen zaizkio.

Baietz egin nuen buruarekin bizpahirutan, eta gero bertatik joan nintzen. Azkena bera mintzeko esan banuen ere, erantzun zidanean aurpegian zuen irribarre amatiarrak mindu bakarra neu izan nintzela jakinarazi zidan.

* * *

Hiletatik pare bat egunera jatetxean azaldu zitzaidan polizia bat. Autopsiaren emaitzen berri emateko etorri zen, eta nahiago izan zuen niri ematea hildakoaren emazteari baino. Ez zuten ezer arrarorik aurkitu: hezur hautsiak normalak ziren horrelako erorketa baten ondoren; oraindik analisi batzuen emaitzak jakiteko goiz zen arren, ez zen ezer aipagarririk ageri gorpuan. Dena den, kasua oraindik ez zegoela itxita eta, beste ezer aurkituz gero, ikertzen jarraituko zutela. Autopsiaren emaitza zehatzak postaz bidaliko zizkioten alargunari. Eskerrak eman nizkion, berotasun handirik gabe, eta ateraino lagundu nuen.

Amak astebete egin zuen arreba eta umeekin bizitzen, eta joan, arrebak behartu zuelako joan zen. Astearte goizean joan zitzaien etxetik, hilabeterako janaria prestatu eta izoztu ostean, eta arratsaldeko hiruretan kafe bat hartzen ari nintzen arrebarekin Durangoko alde zaharrean, musika ona jartzen duten taberna batean.

–Zor dizut azalpen bat. Autopsian zu egoteko tematu banintzen, bere burua ez zuela hil uste dudalako izan zen, eta nik ez dut osagilerik ezagutzen; ezezagun bat bidali izan bagenu, niretzat behintzat, inor ez bidaltzea bezalatsu izango zen. Badakit ez zela erraza izango han egotea...

Praka ilunak eta loredun blusa zeramatzan jantzita; kaletik betaurrekoak zeramatzan, baina nirekin hitz egiteko kendu egin zituen eta mahai gainean utzi. Ilea motots batean bilduta, nik espero nuena baino betazpi arinagoak.

–Ez dakit nork hil zuen eta ezta zergatik ere, baina zuk zerbait arraroa igarri izan bazenu honezkero jakingo nuke.

Mahai gainean nuen kikararantz makurtu nuen begirada. Ez nuen honetaz hitz egin nahi. Ez nuen ulertzen zergatik hil nahiko zuen bere burua hirugarren seme-alaba izan berri duen gizonak, baina oraindik aukera gutxiago zuen niretzat hilketaren hipotesiak: nork hil nahiko zuen hirugarren seme-alaba izan berri duen gizona? Ez nuen ulertzen zer gertatu zen eta oraingoz nahiago nuen horrela uztea, are gehiago nire arreba aurrean izanda.

* * *

Egun haietan, ziurrenik nirekin zertaz hitz egin ez zekielako, Monikak Mateo ikusi zuela hiletetan esan zidan. Irribarretsu esaten hasi zitzaidan eta, nik irribarre egiten ez nuela ikustean, serioago jarri zen bera ere.

–Elizaren aurre aldean barruntatu nuen, meza hasi baino ordu laurden lehenago.

Monikak kontatu zidanez, bizarra egin berri, kalean beti eramaten zuen uztaia belarritik kenduta eta berri itxura zuen niki gorri batekin azaldu zen. Mundu guztiari lotsaz bezala begira zegoela ikusi eta hurbildu egin zitzaion.

–Dotoreago, ezta? –esan omen zion Mateok Monikari, ondoan zegoela konturatzean.

–Beno, txandalaren prakak eta zapatilak etxean utzita hobe, agian.

Begira gelditu zitzaion, gero txandala eta zapatilak begiratzeko jaitsi zituen begiak, eta ondoren, hitzik esan gabe, bertatik alde egin zuen.

Hileta hasita zegoela, elizan sartzen ikusi zuen; txandala eta zapatilak zeramatzan oraindik, baina niki gorriaren gainetik jaka urdina jantzita zuen orain eta belarrian uztaia.

* * *

Arrebaren egongelan geunden hirurak eserita: arreba eta ni sofa berean, bata bestearen ondoan, eta sofa aurrean jarritako zurezko aulki batean, ingurura beldurrez bezala begiratzen zuen atsoa; erdian pastak eta kikarak, kristalezko mahaian.

–Ez dut ongi ulertu: zer harreman zenuen nire senarrarekin? –eskua estutu zidan arrebak, hitz egiten hasi zenean.

Emakume adinduak gorputza aurreratu zuen aulkian, ondo ulertzeko ahaleginean ziurrenik. Nire arrebak hitz egiten bukatu eta oraindik segundo batzuetan itxaron zuen; gero, berriro gorputza atzera bota eta, eskuak asko mugituz eta gure begiradak saihestuz, erantzun egin zuen.

–Ez nuen zure senarra ezagutzen; berak deitu zidan, nirekin hitz egin beharra zuela esanez. Bera gelditu zen berriro deitzekotan, baina ez zuen deitu, eta orain badakit zergatik.

Arrebari begiratu nion, eta berak, emakumeak bukatu zuela ulertu bezain azkar, niregana jiratu zuen burua astiro.

–Ba al dakizu zertaz hitz egin nahi zizun Anderrek? –galdetu nion atsoari.

Baietz egin zuen buruarekin, erantzun aurretik.

–Berak esan zidan: “Fernandori buruz hitz egin behar dizut”. Horregatik nuen hainbeste ilusio bere hitzetan; beste edozertaz izan balitz deitu ere ez nuen egingo, baina Fernandori buruz hitz egin nahi zidan.

–Barkatu galdetzea baina, nor da Fernando? –galdetu nion.

–Nire semea… –negarra irten zitzaion begietatik eta zotinka hasi zen; patrikatik mukizapi zuri bat atera zuen, hurrupaka eta zotinka–. Barkatuko didazue, baina Fernando, nire seme bakarra, orain hamazortzi hilabete desagertu zen eta geroztik ez dut haren berririk izan. Zure senarrari –mukizapiari eusten zion eskuarekin seinalatu zuen arrebaren bularra– eskatu nion azaldu ziezadala zer esan behar zidan Fernandori buruz, baina berak ezetz eta ezetz, nahiago zuela aurrez aurre esatea, nik horrenbeste merezi nuela esan zuen, eta horrela, berak deituko zidala agindu ostean, eskegi egin zidan.

Arrebak begiratu egin zidan, eta beldurra irakurri nuen haren begietan.

–Eta ez al duzu susmorik? Ez zuen sekula joateko intentziorik azaldu, edo agian neskaren bat... –galdetu nion, isiltasuna hausteagatik besterik ez bazen ere.

Atsoak indartsu mugitu zuen burua ezkerretik eskumara birritan, erantzun aurretik.

–Fernando atzeratua da. Senarra eta biok berandu ezagutu ginen eta haurdun gelditzeko ere hiru urte luze behar izan genituen. Osagileek abisatu ziguten arrisku hori eta beste asko zeudela umea hain berandu izatean, baina guk ume bat nahi genuen. Hasieran ez genion ezer igarri: ume handia, ederra zirudien, agian ez oso azkarra, baina gu ere ez ginen oso azkarrak. Eskolara hasi zenean etorri ziren arazoak...

–Eta ez al duzu poliziarengana jo?

Baietz egin zuen buruarekin atsoak, ezpainak itxita edukitzeko indarra egiten ariko balitz bezala. Arrebak lehen baino indartsuago estutzen zidan eskua.

–Hasierako hilabeteetan inspektore bat etortzen zitzaidan etxera astero, ezer ez zutela aurkitu esatera. Gero, hilero etortzen zitzaidan berririk ez zegoela esatera, eta bada urte erdi inor agertu ez dela. Istripua aipatu zuten, gure Fernando, ergela denez, mendi bateko zuloren batean eroriko zela... –negarrez hasi zen eta, oraingoan, arreba sofatik jaiki eta kontsolatzera joan zitzaion, bera ere negarrez. Ni ere zutik jarri nintzen, sofaren eta aulkiaren erdibidean, zer egin ondo jakin gabe.

–Eta zergatik jakin beharko zuen nire senarrak zerbait zure semeaz? Ezagutzen al zuen Fernando? –galdetu zion arrebak, bere umeak negarrez ari zireneko tonu bera erabiliz.

Emakumeak burua altxatu zuen arrebari begietara begiratzeko: begi grisak zituen, urtsuak, eta matrailak ere bustita zeuzkan. Arrebari begira gelditu zitzaion, erantzun gabe. Eta horrela jarraitu zuten biek, elkarri begira eta isilik luzaroan.

* * *

–Anderrek aseguru bat egin nahiko zion eta semearena entzungo zuen nonbaiten, badakizu nola gustatzen zitzaion hitz egitea –esan nion arrebari bakarrik gelditu ginenean. Biok rona edaten ari ginen.

–Ander ez zen horrelakoa –haserre zirudien.

–Ez nuen ezer txarrik esan nahi –eskuak aurreratu nituen eta arreba nire hitzen zain gelditu zen–, baina bestela zergatik ezagutuko zuen Gasteizko mutil atzeratu bat? Ba al duzu beste azalpenik?

Ez, ez zuen beste azalpenik, baina seguru zegoen senarrak ez zuela bere burua hil, eta mutil horrenak azaldu zezakeen, bere iritziz, zergatik garbitu zuten. Bere paper guztiak arakatuko zituen, ordenagailua miatu; Fernandori buruzko zerbait agertu beharko zen.

5

Gure Kodakek berehala igarri zuen zerbait gertatzen ari zela. Etxera ailegatzen nintzenean etxe aurrean aurkitzen nuen gauero, errepidea ondo ikusteko moduko tokiren batean, etzanda eta burua aurreko hanken artean.

Autoa geratu bezain laster, zutitu eta tokian bertan gelditzen zen erne, belarriak eta buztana tente. Autotik jaisten nintzen eta, bere ondotik igarotzean, eskuarekin laztan bat egiten nion buru gainean; berak une batez burua jiratu eta, eskua miazkatzen ahalegindu arren, berehala itzultzen zen lehengo posiziora, erne autotik beste norbait jaitsiko ote zen. Handik minutu batzuetara, etxe barnetik haren urratsak aditzen nituen, etxean baimenduta zituen tokietatik ibiltzen, norbaiten bila balebil bezala.

Ume txiki baten moduan tratatzen zuen Irantzuk: uneoro laztantzen zuen, eskua iletik igarotzen zion eta “nola dago gaur nire azukre koxkorra?” bezalako ergelkeriak esaten zizkion, zakurrak, erantzuteko ahaleginean, alai zaunka egiten zion bitartean; nik, berriz, ez nion ia jaramonik egiten, eta berak igarri, noski. Gainera, arratsaldero Irantzurekin kilometro batzuk egiten zituen oinez, inguruko baserrietatik igarotzen zen errepide zaharretik. Irantzuk alde egin zuenetik, Kodakek ez zuen jan, edan eta etzanda egon besterik egiten.

Nik faltan botatzen nuen, baina gure Kodakek, sentimental hutsa izanik, nik baino falta handiagoa nabaritzen zuen.

* * *

Anderren heriotzatik gutxira, bigarren gertakizun ezohikoa jasan genuen denbora motzean. Astegun zuria zen. Gaua. Jatetxea ixten ari ginen. Ni kanpoko atean nengoen, Mateo noiz irtengo zain; beste guztiak aspaldi joanak ziren.

–Azkar irteten ez bahaiz hemen utziko haut!

Bat-batean zerbait hotza sentitu nuen kokospean, gero hatsa eta ahots lakarra nire belarrian.

–Non dagoen oraintxe bertan esaten ez badiguzu, zureak egin du.

Ordurako argi nuen lepoko hotza labana baten ahoari zor niola eta ezin nintzela mugitu, besteak beste, burua gora begira izatera behartzen ninduen tipoa ni baino buru bat garaiagoa zelako.

–Sartu hadi barnera eta atera ezak beste arkumea hona, ea zerbait dakien –ez zidan niri esan.

Gure atzetik igaro zen bigarren erasotzailea ez nuen ikusi, baina bai entzun; jatetxeko atetik sartu zen. Gu atean gelditu ginen zain, isilik, geldi, zurrun. Minutu inguru generamala horrela, nirekin zegoena oihuka hasi zen; oihu egitean labana mugitu egiten zuen eta min handia egiten zidan lepoan, baina ni isilik.

–Samuel! Zer gertatzen ari duk? Irten hadi behingoz, ihes egin badik utziok eta irten hadi, bestea hemen diagu-eta!

Baina Samuelek ez zuen erantzuten eta, labanaren tipoa urduritzen hasita zegoenez, ni paparretik askatu gabe, labanari eusten ez zion eskuarekin irekita zegoen jatetxeko atea bultzatu zuen; barnean dena zegoen ilun, altzarien zura iluna zen eta airea freskoa.

Pare bat urrats egin genituen jatetxe barnera, dudaz bezala; ni arrastaka nindoan.

–Samuel?!

Ez zuen erantzunik jaso eta beste pare bat urrats egin zituen barnerago; gero berriro gelditu zen, eta ni berarekin.

–Samu...

Ez zuen galdera bukatzerik izan, berehala zoruan aurkitu baitzuen bere burua. Labana eskuari itsatsita gelditu zitzaion, baina aurpegian zorabiatuta ematen zuen. Atzetik etorritako norbaitek ostiko batez kendu zion labana eskutik, eta labanak bizitza propioa balu bezala azkar urrundu zen korridorean zehar labain eginez. Beste pare bat ostiko eman zizkion etorri berriak aurpegian, oso azkar, eta konorterik gabe gelditu zen minutu bat lehenago arte mehatxuka ari zitzaidana. Etorri berriak zoru gainekoari galtzarbetik heldu eta, arrastaka ateraino eraman ondoren, kanpora bota zuen zakar, eskaileretatik behera.

–Zoazte atso zaharren bat atrakatzera, hemen ez dago ezer zuontzat!

Eta labanaren tipoak, hasieran arrastaka eta gero zutik, jatetxea bistatik ezertarako galdu gabe, bertatik alde egin zuen, ahal izan zuen era azkarrenean. Urrutiago Samuel behar zuena ikus zitekeen, bere lagunari lasterka aurreratzen.

–Ondo hago? –niregana makurtu eta eskua luzatu zidanean ezagutu nuen: Mateo zen. Mateo zen bi gaizkile ankerrak ostikoka inolako arazorik gabe jatetxetik bota zituena. Ez nuen hartu eskaintzen zidan eskua, horren ordez atzean nuen hormaren babesa bilatu eta, bistatik Mateo ezertarako galdu gabe, zutik jarri nintzen.

* * *

–Lehen... jatetxean, esan nahi diat... –Bilboko alde zaharrean geunden, edaten, tomate zukua berak eta zerbeza nik.

Eskua aurreratu zuen.

–Lasai, urduri hengoen; normala duk –trago bat eman zion bere edalontziari, odol koloreko likidoa irentsiz, eta nik ere gauza bera egin nuen neure zerbezarekin.

–Non ikasi huen...? Beno, zera esan nahi diat: hi ez haizela kartzelan egona...

–Eroetxe mota asko zeudek. Nireak barroteak zeuzkaan leihoetan eta giltza atean; han ez zegoan bere burua Napoleon zela uste zuenik. Ero horiek beste toki batzuetan zeudek gordeta.

Baietz egin nuen buruarekin, kontatzen ari zitzaidana munduko gauzarik normalena balitz bezala, arkume errea hobetzen duen saltsaren bat nola egiten den kontatzen ariko balitzait bezala.

Manu Chaok pobre, beltz, emakume eta langileei kantatzen zien ozen, eta zerbitzariak, piercing-en erreginak, gorputza mugitzen zuen leun haren erritmoan, barraren bestaldean.

–Ez, niri labanek ez zidatek beldurrik sortzen, eta hori txarra duk: galtzeko ezer ez dudalako duk.

–Beno, ama daukak, eta lagunak... eta Itziar.

Barre egin zuen, barre garratza.

–A, bai, Itziar. Oraindik ez zioat nor naizen esan; gaia saihesten ahalegintzen nauk, baina gero eta gehiago kostatzen zaidak, gero eta sarriago galdegiten dik nire familiaz, nire iraganaz. Asteazkenean “non egon zara azken hamar urteetan?” galdetu zidaan; aurpegira begiratu eta berehala ikusi nian ez zekiela ezer, esaldi bat zuan, besterik gabe. Zer gertatuko duk bere laranja erdia limoia dela jakiten duenean?

Barrea irten zitzaidan nahi gabe, baina bere begirada ikustean berehala joan zitzaidan; “barkatu” esan nuen ahul, eskuarekin ahoa tapatuz, eta eztul antzeko bat ere egin nuen, dena batera.

–Oso gustura gaudek elkarrekin, oso ondo pasatzen diagu, baina bera engainatuta zegok; ez zekik norekin dabilen eta hori ez zaidak zuzena iruditzen... Beldur nauk.

Kosta egiten zitzaidan labana eskuan agertutako gaizkile haiek ostikoka jatetxetik bota zituen kirolari itxurako gaztea ezeren beldur zela sinistea, baina bere aurpegiak errukia sortzen zuen une hartan.

Hirugarrenean animatzen hasi nintzen eta laugarrenera joan nahi nuen, baina Mateok, tomatea belarrietatik zeriola-eta, ez zidan lagundu nahi. Azkenean onartu zuen, baina hura izan zen azkena; azkena berarentzat. Bakarrik gelditu bezain azkar beste pub baten bila hasi nintzen ni, eta aurkitu ere bai, nahiz eta, tabernarien aholkuei jarraituz, Indautxuraino joan behar izan.

Mozkor-mozkor ibili nintzen gau osoan, lauretan nora joan gelditu ez zitzaidan arte. Kaleko makina batetik litro erdiko bi coca-cola botila atera eta botila baten erdia bertan irentsi nuen. Eguraldi epela zegoen, zeru lainotua.

Eguna argitu gabe zegoen oraindik etxera ailegatu nintzenean. Etxe aurrean gau osoan piztuta dauden farola horietako bat zegoen, etxea eraiki zutenek bertan jarrita. Giltzak esku batean eta coca-cola botila bestean, atea oso hurbil izan nuen arte ez nuen ikusi, baina ikusi bezain azkar jakin nuen zer zen atean iltzatuta zegoena, odol tantak zerizkiola: bihotz bat zen.

* * *

Ordu batzuk baziren atekoa eraman zutenetik eta berriro polizia batekin ari nintzen hizketan, oraingoan nire etxeko sukaldean.

–Barkatu narraskeria hau, baina aspaldian ez naiz askorik egoten etxean; hobe izango dugu egongelara igarotzea –aurrera egin zuen korridoretik nik sukaldeko atea ixten nuen bitartean. Egongelako ate aurrean gelditu zen eta, burua jiratuz, neu nengoen tokirantz begiratu zuen. Egongelan plater zikinek ez zuten metarik sortzen behintzat, eta patata frijituen poltsa hutsak ez zeuden tipula azalekin batera zorutik ereinda.

–A, bai –bere aurretik igaro eta sofaren gaineko egunkari meta apartatu nuen, ondoren kristalezko mahaiaren gaineko zerbeza latak besoetan hartu, dena sukaldera eraman, eta zakarrontzira bota nituen zakar.

–Beno, ba al duzue berririk? –esaldia sukaldean hasi eta egongelan bukatu nuen. Bere aurrean eseri nintzenean begiak ibilarazten ari zen gelatik, ni ez naiz sekula honetara ailegatuko espresioa aurpegian.

–Bai, bai, noski –erantzun zuen astiro.

–Beno, eta norena da bihotza?

–Harakinen batena ziurrenik.

–Zer?

–Handiegia zen gizaki batentzat; behi baten bihotza iltzatu zizuten atean, txantxa bat ziurrenik –zutik jarri zen eta praka bakeroen atzeko patrikatik libreta txiki bat atera zuen, gorria–. Zure koinatuaz hitz egingo dugu, axola ez bazaizu –gelatik pare bat urrats egin zituen, libreta eskuetan. Berrogei urte eskas eta jaka berde bat zeuzkan gainean.

–Nire koinatua? Ander? Poliziak bere burua hil zuela esan zigun; gauza berriren bat atera al duzue?

Libreta eskuetatik askatu gabe esku biak aurreratu zituen, gelditzeko bezalako keinu batean.

–Nik dakidanez autopsiak ez zuela ezer arrarorik deskubritu esan zizuten, eta esan zizuten baita ere poliziak ez zuela inolako aukerarik baztertzen.

–Baina orain uste duzue Anderrek ez zuela bere burua hil, ez da hori?

Bere denbora hartu zuen erantzuteko, eta egin zuenean burumakur egin zuen.

–Norbait altuera batetik erortzen bada, erortzeko bi era daude. Salto egiten duenak, nahiz eta altuera handi batetik egin, erorketa kontrolatu dezake, normalean zutik erori eta oso gutxitan hiltzen da; hankak hautsita bukatu lezake, baina normalean ez da hiltzen.

–Eta saltatzera behartzen dutena... –zutik jarri nintzen.

–Bere borondatez salto egiten ez duenak –esaten hasi zen ernegu aurpegiarekin– ez du ezer kontrolatzen, kolpea bizkarrean edota lepoan hartu dezake, erortzen den bitartean jira egin dezake airean...

–Joder... arrebak arrazoia zuen –sofa gainera abaildu nintzen–. Ander hil egin dute.

Zerbeza lata mahai gainetik hartu eta landareak aztertzeari ekin zion. Ezin nuen sinistu: ni lehenengoz nire koinatua hil egin zutela pentsatzen nengoenean, polizia hura nire landareen hostoak aztertzen ari zen, zerbeza lata eskuetan.

–Jatekoak dira? –ribes baten fruitu beltzak zituen esku ahurrean.

–Zer? A, ez dakit, ondokoek behintzat pozoia dute –erreko balute bezala askatu zituen, lorontziko lur gainean utziz. Urrats batzuk egin zituen, sofaren aurrean gelditu, eta ondoren libreta ireki zuen berriro.

–Jakin dugunez, hil baino bost egun lehenago Lopez jauna zure jatetxean egon zen. Zer nahi zuen?

Segundo batzuk utzi nituen joaten, zertaz ari zitzaidan ulertu baino lehen.

–Ez zuen ezer nahi; hurbilean omen zebilen eta bisita bat egitea erabaki zuen, besterik gabe.

–Ohikoak ziren Lopez jaunaren bisitak?

–Ez, ez zen sarritan etortzen, hala ere harreman ona genuen. Bisita baino astebete lehenago, bere hirugarren umearen bataioan egona nintzen.

Poliziak baietz egin zuen buruarekin, ondoren zerbeza lata mahai gainean utzi eta libretaren orria igaro zuen. Pare bat orri gehiago igaro zituen, eta ondoren libreta itxi eta patrikan sartu zuen berriro.

–Zuk ez duzu Lopez jaunaren etsairik ezagutuko, ezta?

–Etsaia? –ezetz egin nuen buruarekin, Ander bezalako on puska nork hil nahiko ote zuen pentsatzen ahalegintzen nintzen bitartean.

–Ez diot hiltzeko beste gorrotatzen zuenik; norbaiti egingo zion kalte, gauza txikiren batean bada ere –eskuak ireki zituen, edozer gauzak balio izango ziola esan nahi zuen keinuan; gero mahai gaineko lata hartu eta trago bat eman zion–. Bero dago –esan zuen, zerbeza zegoen tokian utzi baino lehen.

–Aseguru-etxe bat zuen, agian hor...

Baietz egin zuen buruarekin.

–Beno, utz dezagun hori. Mateo Urresti daukazu zuretzat lan egiten, badakizu nor den?

–Bai, bai, txikitatik ezagutzen dut –une hartan jatetxean gauez gertatutakoa oroitu nuen, hau da, labanak eta Mateoren ostikadak; baina ez nuen ezer aipatu.

–Ongi da, zure onerako ari nintzen. Urresti jaunak ez zuen ba zure koinatua ezagutuko?

Ezetz egin nuen buruarekin.

–Jatetxera nire bila etorri zen eguerdi hartan ikusiko zuen lehenengoz eta ez zuten hitzik gurutzatu; ez, ez zuen ezagutzen.

* * *

Udaberria bukatu baino freskoago hasi zen uda eta denok eskertu genuen. Monikak aditu nahi zion orori azaldu zion: bere geneak euri eta hotzarenak ziren, eta berez zuen umore eskasa urritu egiten zion beroak.

–Bero erre hori itzuliz gero, larrutik ordainduko du norbaitek –eta, nahiz eta txantxetan ari zela jakin, denok sentitu genuen besoetako biloa tentetzen.

Mateo eta Itziarrek hondartzara joaten jarraitu zuten.

–Orain denbora gehiago pasatu beharko duzue arropak kendu gabe –esan nion behin Mateori, eta honek, Itziar inguruan ez zegoela baieztatu ondoren, irribarre lotsati batez erantzun zidan.

Landareek berdeago ematen zuten, metalezko postontziek ez zuten erretzen ukituz gero, eta piztiek ere erosoago ziruditen. Kodakek ere hobeto ematen zuen. Hilabete falta zen hamasei gurpileko kamioi-hozkailu bat bere gainetik igaro aurretik, eta jadanik ez zuen ingurua aztertzen Irantzuren bila; horren ordez ni hartzen ninduen interes handiagoz, autotik jaitsi bezain azkar hasten zen nire hanken artean intzirika, eta ni ere, errukituta, haren burua laztantzen hasia nintzen. Nolabait ulertu nuen Irantzuk ez ninduela ni bakarrik utzi, ni eta Kodak baino, eta biok geunden minduta, gutxienez biok igartzen genuen haren falta.

Garai batean zakurrek autoei egiten zieten zaunka, eta bat ikustean haren atzetik irteten ziren korrika, zaunka egiteari utzi gabe, mehatxukor. Baina autoak oinezkoak baino ohikoago bihurtu zirenean, ez zegoela autoa ikaratzeko aukerarik ikasi zuten eta etxe aurretik oinez igarotzen zen gizonari zaunkaka hasi ziren, euren portaera aldatuz, garai berrietara moldatuz.

Egongelan egoten nintzenean Kodak atean agertzen zen; lehen galarazita zuen etxean sartzea, baina orain, atean ikusten nuenean keinu bat egiten nion, eta berak, trosta arin bat egiten zuen sofaraino eta aspidistraren itzalean etzaten zen, nire oinetatik hurbil.

6

Haragi-xerra batzuk irinetik pasatzen ari nintzela piztu zitzaidan argia: noski, labanarekin jatetxera etorri zirenak ez ziren lapur arruntak, ezin ziren lapur arruntak izan, eta beraiek josi zuten bihotza atera, nork bestela.

–Olioa erretzen ari zaizu! –begirada galduarekin begiratu behar izan nion Monikari, berehala gehitu baitzuen– Utzidazu, neronek egingo dut –eta, aldaka kolpe batez, neure tokitik mugitu ninduen.

–Zergatik ez zara kafe bat hartzen joaten? Konponduko gara.

Iradokizuna Mateorena izan zen eta, bertan enbarazu baino egiten ari ez nintzenez, kasu egin nion.

Nire ibilgailuaren mendi-joera aprobetxatuz bidean gora egin nuen eta, hiruzpalau bidegurutze mehar hartu ondoren, estrata zidor bihurtzen zen batean utzi nuen autoa. Jaitsi eta bide ondoko pinu erraldoi baten itzalean eseri nintzen, harri biluzi baten gainean. Eguraldi beroa zegoen, kilkerrak zarataka eta ni hausnartzen hasi nintzen.

Lehenengo Ander hiltzen da, bere buruaz beste eginda edo bestela norbaitek eraila; ez dago beste aukerarik, eta ez bata ez bestea ez dira logikoegiak. Gero, lapur batzuk jatetxean lapurtzen ahalegintzen dira, ostikoka bidaltzen ditugu, eta handik ordu batzuetara bihotz bat josten dute nire etxeko atarian. Dena lotuta egon behar zuela pentsatu nuen, baina Ander zergatik hil zen jakin arte ezingo nuen beste guztia argitu.

Bataioan egin zuenaz edo esan zuenaz gogoratzen ahalegindu nintzen, baina ezin nuen ezer berezirik oroitu. Taldeko argazkiak, aita irribarretsua, harro bere seme berriaz eta agian arduratuta ere bai, baina hori ere normala da. Bat-batean bisita oroitu nuen. Hil baino egun batzuk lehenago jatetxean egon zen. Ez zen sekula handik agertzen eta hil baino lehen, egun batzuk lehenago, jatetxean egon zen, nirekin hitz egitera etorrita. Baina zer esan zuen? Nik oroitzen nuenez, garrantzizko ezer ez.

* * *

–Mateo, lehengo gauean gertatu zenaz... lapur arruntak zirela uste duk?

–Zer?!

Monika eta Itziar ere han zeuden, eta burua jiratu zuten Mateo entzutean; eskua besoan jarri eta kantoi batera eraman nuen.

–Utziezu, emakumeren baten titiak benetakoak edo operatuak ote diren asmatu nahian ibiliko dira –Monikak ere Mateorekin egin nuen keinu bera egin eta beste kantoira eraman zuen Itziar.

–Badakik zertaz ari naizen, gauekoaz! –Mateok baietz egin zuen buruarekin astiro–. Jakin nahi dudana hau duk: gure karterak nahi zituzten lapur arruntak ote ziren.

–Zer bestela? –eskuak ireki zituen teatralki eta, berehala, ozenegi hitz egiten ariko balitz bezala, neskak zeuden kantoira begiratu zuen; berean zebiltzan.

–Zer bestela? Bihotz bat josi zidatela atean ahaztu duk? Zer esan nahi dik horrek? –baxu hitz egiten nuen, baina haserre nengoen eta burua asko hurbildu nion hitz egiteko.

–Bihotza txantxa bat izango zela pentsatzen nian; umeren bat. Badakik, inguru honetan behiak eta txahalak hazten ditiztek etxean jateko.

Monika hurbildu, gure artean jarri eta txalo ozenak jo zituen, eskuak buru gainean zituela.

–Silikona, jaunok: bete-beteak eta biribilak badira, seguru silikonazkoak direla! Eta orain itzul gaitezen lanera.

Nork bere tokia berreskuratu genuenean Itziar barrezka ari zen, burua ezkerretik eskumara mugitzen zuen bitartean.

* * *

Gurasoak ez ziren normalean niri bisitak egiten etortzen, alderantziz izaten zen; baina arduratuta zeuden nonbait eta telefonoz deitu zidan aitak, nire etxera joango zirela, barazki batzuk eramateko aitzakiarekin. Hobe zutela jatetxetik pasatzea esan nion, etxean ez bainintzen asko egoten eta horrela gainera jatera gonbidatuko nituzke. Behingoagatik eskatzen niena egin zuten.

Jatetxe barnetik ikusi nuen aita aparkatzeko ahaleginetan; mantala kendu eta kanpora irten nintzen. Amak pare bat minutu eman zituen auto barnetik ni agurtzen eskumako eskuarekin, aitak hogei metro karratuko tokian doi-doi aparkatzea lortzen zuen bitartean.

Ama jaitsi eta berehala hasi zen nola nengoen galdezka; aitak trafikoa sekula baino txarrago zegoela esan zuen bizpahirutan, eta horregatik heldu zirela ordu erdi berandu.

Leiho ondoko mahaian jarri nituen, turistak balira bezala. Bertatik larrea eta ardiak ikus zitezkeen, euren etxeko leihotik ikusten zena gutxi gorabehera. Itziarri agindu nion mahaia zerbitzatzeko, eta Monikari bertatik ezertarako ere ez agertzeko erregutu nion.

Itziar hurbildu zitzaienean ni sukaldeko atetik begira nengoen; ez zuten karta ezertarako begiratu eta, zer jan nahi zuten galdetzean, mahai gainean zeuden autoaren giltzak luzatu zizkion amak Itziarri, maletegiko poltsak barneratzeko esanez; gero burua makurtzera behartu zuen eta, belarrira, guretzat zirela esan zion. Itziarrek burua jiratu zuen nire bila, baina ordurako ezkutatuta nengoen, sukalde barnean.

Itziar Eroskiko poltsak sukaldean sartzen ikusi nuen hurrena; barazkiak ageri ziren poltsen goiko aldeetatik.

Lapikoen ondora igo zituen poltsak eta haserre begirada bat jaurti zidan poltsa gehiagoren bila joan aurretik.

Bazkari guztian zehar, aitak ez zuen ahorik ireki, dena oso gozo zegoela esateko izan ez bazen, eta amak galderaz josi zuen Itziar gaixoa: “Ez zioten oliorik botako haragiari, ezta?” “Saltsa dakar? A, ba, ez, ez; eraman berriro eta ekarri gauza garbiren bat, ez zaio komeni saltsak jatea, gero gauean neronek agoantatu behar dut...”

Neuk eraman nizkien kafeak mahaira: kafesnea sakarinarekin amak eta poleo-infusioa aitak, digestioa egiten laguntzeko, amak Itziarri argitu zionez.

–Bazen garaia guri ere atentzio apur eskaintzeko, zure gurasoak gara.

Aitak higuin aurpegiarekin begiratzen zion infusioari, koilaratxoarekin azukrea urtzen zuen bitartean.

–Hau nire lantokia da, ama, ezin naiz nahi dudanean irten, badakizu ondo gustura jango nukeela zuekin batera, mahaian eserita, baina ezin dut.

Amak ez zidan sinetsi eta aitari berdin zitzaion, ez zuen begirada edalontzitik altxatu.

–Ondo dago?

Aitak begirada jaso zuen eta ama ere begira gelditu zitzaidan. Segundo batzuk eman zituzten horrela, isilean eta niri begira. Biek ulertu zuten berehala arrebaz ari nintzela.

–Gero eta hobeto, oraindik kosta egiten zaio gauza batzuk egitea baina...

–Ez da erraza izango alargun hain gazte gelditzea, eta nola gainera –moztu zion aitak amari burumakur. Ondoren trago bat eman zion edalontzikoari.

–Eta umeak?

–Ume gaixoak! Txikiegiak dira zorionez, gertatzen ari denaz jabetzeko –une batez isildu egin zen ama eta aitak, burumakur oraindik, baietz eginez mugitzen zuen burua; ez zuen mahai gainetik burua altxatzen–. Oihana txikiak bere aitarengatik galdetzen zuen eta, amak bidaia batera joan dela eta luzaroan ez dela etorriko esan zionean, negar batean hasi zen gaixoa.

Aitak mukizapi zuri bat atera eta sudurrei eragin zien disimulatzeko. Errukia sortzen zuen esku handi eta traketseko aitona hark malkoak ezkutatzeko ahaleginean.

–Monika! Ekarridazu kafe huts bat, mesedez.

Kafearekin mahaira etorri zenean agur keinu bat egin zion amari, eta honek irribarretsu erantzun zion.

–Kaixo, Monika, ez zaitut orain arte ikusi. Nola zabiltza? Eta umea? –Monikak bi urteko neskatoa zuen.

Monikak bertatik alde egiterakoan, ama niregana zuzendu zen.

–Beti gustatu zait neska hori zuretzat –esan zuen ahapeka.

–Ama! Ezkonduta dago, gainera ezin nau ikusi.

–Ba, ba, ba... Ezkontzea ez da lehen bezala, orain gauza horiek bukatu egiten dira eta seguru nago asko estimatzen zaituela. Horrelako emakume bat beharko zenuke zuk: langilea, jenioduna... eta ez batetik bestera eramaten dituzun mari-purtzil mehar horiek.

Aita begira zuen, isilik, eta amak ezkontzea ez zela lehen bezala esan zuenetik interes handiagoarekin begiratzen zuela ematen zuen.

–Badakizu Irantzu beste norbaitekin bizi dela, ezta? –esan zuen amak minutu erdiko isilunea hautsiz, eta ni sabaia gainera erori izan balitzait bezain gaizki sentitu nintzen, nahiz eta ahaleginak egin eurek ezer igarri ez zezaten. Baietz egin nuen buruarekin.

–Itsaso ertzean bizi dira –esan nuen, nahiz eta ezer ez jakin.

–Eta zergatik gara etxekoak azkenekoak jakiten?! Zergatik esan behar diote ama bati kanpokoek, semearen nobiak adarrak jarri eta beste batekin joan zaiola?

–Ez dit ezer jarri, ama! Badira hiru aste utzi genuela.

–Ba, ba, ba... Zuek ezkonduta bezala zineten.

–Oraintxe esan duzu ezkontzak ez direla lehengoak bezalakoak! –ia orroka ari nintzen, beste mahaietako bezeroak begira nituen.

–Esan, esan, esan... eta zer daki ni bezalako atso zahar batek?

Gurasoak behingoz joatea lortu nuenean sukaldera sartu, arropak aldatu eta bertatik alde egin nuen nik ere.

–Oso itxura ona du zure amak, ehun urte harrapatuko ditu horrek –entzun nuen kanporako bidean, Monikaren ondotik igarotzean. Begiratu ere ez nuen egin, ez dakit zer egingo niokeen une hartan haren irribarrea ikusi izan banu.

* * *

Beste norbaitekin esan zuen amak, ez zuen beste gizon batekin edo antzekorik esan; ez, beste norbaitekin esan zuen. Jode! Hiletetako horailarekin enroilatuta zegoen, argi esan zidan berak: “nik dakidanez emakumeak gustatzen zaizkio”. Gizon bati gerta dakiokeen lotsarik handiena: bere neska-laguna lesbiana bihurtzea, bere erruz gizonak utzi eta emakumeekin oheratzen hastea. Jakiten bazen, kalera ere ezingo nintzen irten.

Gaua zen eta etxean nengoen, erdi ilunpean ron botila bat husteko ahaleginean. Kodak kanpoan zegoen, ez nuen sartzen utzi, oraingoan zakur batek ezingo ninduen ulertu.

Sofan etzanda nengoela, zerbait behar nuen ezertan ez pentsatzeko eta musika jartzea pentsatu nuen. Baina altxatu baino lehen oroitu nuen urdanga-lesbianak disko guztiak berarekin eramanak zituela bere ihesean. Telebista piztu eta bost bat minutu zapping egiten jardun ostean, tele-zaborra zegoen kate batean gelditu zen ahaztuta, oraindik rona gelditzen zitzaidala oroitu nuenean.

Botilakoa bukatzean, beste bat ez bilatzearren, lotara joatea erabaki nuen; hori egin baino lehen, ordea, kanpoko atea ireki eta ate aurrean etzanda zegoen Kodak zutik jartzen ari zenean nire indar guztiekin ostikada bat jo nion sabelean. Zakurrak intziri zoli eta laburra egin zuen eta tokitik mugitu gabe gelditu zen, ezer ulertu ez duenaren aurpegiarekin niri begira. Atea itxi eta ohera joan nintzen.

* * *

Anderrek eta arrebak autobus batera igotzeko ilaran ezagutu zuten elkar; handik bi urtera ezkonduta zeuden. Anderrek hasieratik esan zion ez zuela hirian bizi nahi, nazkatuta zegoela kale, auto eta ke artean bizitzeaz, eta horrela, eztabaida askorik gabe, gure jaioterri txikian hiru solairu baino garaiagoak izan ziren lehenengo eraikuntzetan etxebizitza erosi zuten.

Arreba bisitatzera joan nintzen goiz hartan jadanik ez ziren herriko etxe-bloke bakarrak, baina bai ondoen kokatuak, elizaren eta ibaiaren artean. Herrian azkar samar sartu nintzen eta, etxebizitzaren atzean beti erdi hutsik egoten zen aparkaleku erraldoia zegoen arren, arreba eta ilobak bizi ziren kaletik igaro nintzen astiro-astiro eta autoaren gurpil bi espaloira igota portalaren aurrean utzi nuen.

–Azaldu ez bazina neronek deituko nizun –arrebak bere munstroetako bi ondoko atean bizi zen maistra jubilatuari utzi, eta lotan zegoen Irkusekin baino ez ginen gelditu, lasai hitz egiteko.

Kafeari trago bat eman eta jarraitzeko eskatu nion eskuen keinu batez.

Arrebak, eserlekuan gorputza nigana aurreratu ondoren, ahotsa asko apalduz Anderren paperak arakatzen ibili zela esan zidan. Bere lana utzi eta aseguru-etxearekin jarraitzeko asmoa zeukan; diru gehiago ematen omen zuen.

–Anderrek, aseguru-etxea irekitzea pentsatu zuenean, kreditu bat eskatu behar zuela esan zidan. Irabaziekin ordaintzea lortuko genuela zioen, hasieran kostako zitzaigula agian, baina bizitza hobea lortzeko txartela erosten ari ginela. Asteak eman genituen zenbakiak egiten, eta batzuetan estutasunekin ibili arren posible zela ikusi genuen; hala ere dudak neuzkan. Baietz esan nuen azkenik eta nik uste nuen hilero kreditua ordaintzen genuela, baina kontuak aztertzean kreditua ez da inondik ageri. Aseguru-etxearen lokala gurea da hogei urterako, baina ez dugu ezer ordaintzen, banketxeetako kontuak ere aztertu ditut; ez dugu hilero ezer ordaintzen.

Aseguru-etxea herriko jubilatu batena izan zen, Lucasek urteetan biltegi bezala erabilia; ezertarako behar ez zituen gauzak gordetzen zituen bertan: umeak bazterrean utzitako jostailuak, bizikleta zaharrak, aldizkariak, lapikoak... Baina Lucasen alabak, ezkondu eta gero ziber bat irekitzea pentsatu zuen. Herrian ez zegoen bat ere, ez zuen konpetentziarik izango. Ez zuen konpetentziarik izan, ezta bezerorik ere. Itxi zuenean, zorrak ordaintzeko, Gasteizko enpresa baten eskuetan gelditu zen lokala. Enpresak ez zuen ezertarako erabiltzen eta Anderri hasieratik iruditu zitzaion toki egokia bere negozioa jartzeko.

–Ziur zaude? Ez dakit; ez zuen eskura ordainduko edo horrelako zerbait?

Nire arrebak etxeko diru iturriak inork baino hobeto ezagutzen zituen, bazekien zenbat sartzen zen aseguru-etxetik eta zenbat bere soldatatik. Ez zuten ezer ordaintzen.

Anderren paperei begirada bat ematea gustatuko litzaidakeela esan nion, agian berari zerbait pasatu zitzaiola kanpoko begi batzuek errazago ikusiko zutena, eta berak ez zuen inolako oztoporik jarri. Arrebak ez zekien ezer lapurreta-ahaleginaz, ezta ateko bihotzaz ere; horrela jarraitzea nahi nuen nik.

–Bulegoan ere paper asko ditu, eta ordenagailua –esan zuen paperekin beteta bigarren kaxa ekarri zuenean.

Anderrek paper guztiak gordetzeko ohitura zuen, eta horrek ez zuen asko errazten nire lana; gainera, ez nekien zeren bila nenbilen, baina ziur nengoen Anderren paperen artean azken asteetako ekintzak argituko zituen zerbait aurkituko nuela.

* * *

–Ulertzen ez ditudan bi faktura dauzkat hemen, eta baita norbait hiltzen denean egiten diren oroigarri horietako bat ere.

Gaueko bederatzi eta erdiak ziren. Etxearen, nire etxearen, kanpo aldetik deitzen ari nintzen, haririk gabeko telefonoa eskuetan. Banekien arrebak umeak ohera bidali eta gero ez zuela bakarrik luzaro egon nahi, horregatik Ander hil zenetik goiz oheratzen zen.

–Oroigarria?

–Bai, horrelako zerbait da. Iñigo... –aurrez nituen paperen artean ari nintzen bilatzen, abizenaz oroitzeko.

–A, bai: Iñigo –ahotsa apaldu zuen–. Haurtzaroko laguna zuen, orain sei bat hilabete bainera ur beroaz bete, biluztu ostean barnean etzan, gero zainak ebaki, eta bertan gelditu zen. Bainerako ur guztia odola bezain gorri aurkitu zuten.

–Bere burua hil zuen?

–Bai. Nik ez nuen ia ezagutzen. Anderrek esan zidan geure ezkontzan egona zela, baina nik ez dut oroitzen. Sekula ez zitzaizkion gauzak ondoegi joan: lanik gabe zegoen, bakar-bakarrik bizi zen. Gorpua, hil eta handik bi egunera aurkitu zuen bere amak.

–Eta seguru bere burua hil zuela? Zer zioen Anderrek?

–Bai, bai; aspaldi abisatua omen zuen mundu guztia. Dena den, Anderrek asko sentitu zuen. Lur jota ibili zen luzaroan, eta nik psikologo baten kontsultara joateko esan nion, baina berak ez zuen ezer jakin nahi horretaz.

–Ondo da. Pare bat faktura ere aurkitu ditut. Bata “Markosen denda”-koa da. Joan den udakoa...

–Bai, bai, hori ezagutzen dut. Berarekin joan nintzen erosten, ezin merkeago atera genuen aire girotu aparatua. Bero ikaragarria egiten zuen eta oferta hori ikusi zuen Anderrek –ia barrezka ari zen, eta berehala konturatu nintzen nahiago zuela aire girotuaz hitz egitea lagun hilez baino.

–Eta zergatik ez dut nik sekula aparatu hori ikusi?

–O, berehala hautsi zen. Horregatik egongo zen hain merke, noski.

–Bigarren faktura auto baten behe aldeko konponketak dira. Furgoneta baten konponketak... –ez zen ezer entzuten hariaren bestaldean– express batenak...

–Ez dakit. Guk ez dugu sekula furgonetarik izan, ezerosoak zirela zioen beti. Bezeroren batena agian.

Anderrek aseguruak egiten zituen, ez zituen autoak konpontzen, ez zuen zertan izan berea ez zen auto baten konponketa-faktura, baina ez nuen ezer esan.

–Ongi da. Lotara joaten utziko zaitut, seguru neka-neka eginda egongo zarela tropa horrekin.

Barre urduria egin zuen.

–Aitor... –hitza ahoskatzeko eran erregu zantzuak ikusi nituen eta zain gelditu nintzen. Segundo batzuk behar izan zituen jarraitu aurretik–. Aitor, oraindik ez didazu kontatu nolakoa izan zen autopsia.

Joder! Joder! Joder! Gertatu zenean ez zidan inpresio handirik egin, ziurrenik txarrenerako prest joan nintzelako, baina egia zen noizbehinka autopsiaz oroitzen nintzela eta nahiago nuen hartaz ez hitz egin, are gutxiago arrebarekin.

–Ez ditut xehetasunak ezagutu nahi, baina bai zerbait, ez dakit; zuk ondo irizten diozuna kontatu, besterik ez –gehitu zuen erantzunik ez zegoela konturatzean.

–Begira, ez dut uste, oraingoz behintzat, ez ni eta ez zu horretaz hitz egiteko prestatuak gaudenik, agian geroan, hemendik urte batzuetara.

Nabaria zen gehiago espero zuela, baina ondo zegoela erantzun zidan ahul; gero elkar agurtu eta telefonoak eskegi genituen.

Eserita gelditu nintzen etxaurrean genuen zurezko mahaian, alboan telefonoa nuela. Hogei gradu inguru zeuden eta kilkerrek berean jarraitzen zuten etengabe. Ez dakit neronek nahita ala bera bakarrik etorri ote zen, baina ezin izan nuen burutik kendu irudia: Anderren bihotza xerratan ebakita kristalezko azpil moduko batean. Ur hotzarekin dutxatzera joan nintzen, irudia burutik kenduko zitzaidalakoan, baina erabat lehortuta egon baino lehen han zegoen berriro.

Autoa hartu eta hirira zuzendu nintzen zerbeza hotz batzuk edatera.

7

Jatetxean lana ugaltzen ari zen eta nik ez nuen askorik laguntzen. Ez nintzen konturatzen, baina Anderren kontuekin eta Irantzuren arazoarekin erabat utzia nuen negozioa, egunero jaten ematen zidana, eta nahiko ondo gainera.

–Aitor, zera pentsatu dugu –esaten hasi zitzaidan Monika, Mateo eta Itziar zeharka begira genituen bitartean–: neska bat kontratatu beharko zenukeela udan mahaiak Itziarrekin zerbitzatzeko, horrela nik sukaldeko lana baino ez nuen egingo.

Eta, Monikak aipatu ez zidan arren, horrela lasaiago dedikatu ahal izango nintzen nire beste zereginetara. Gainera, zerbitzari bat sukaldari bat baino merkeagoa zen.

Ez zen hor bukatzen Monikak esan behar zidana: bazuen zerbitzari posturako pertsona egokia: bere lehengusina. Ikaslea zen, zuzenbidea ikasten ari omen zen eta uda guztietan egiten zuen lan zerbitzari moduan; bazuen beraz esperientzia. Ekartzeko esan nion, nahiz eta ez nekien Monika birekin konpontzeko gai izango ote nintzen, ote ginen.

* * *

Autoa hiri erdian aparkatu eta oinez abiatu nintzen Anderren auzunera. Gauza larregi entzunda nituen auzuneari buruz. Txabolaz eta etxe eroriz jositako auzunea espero nuen, baina ez nuen horrelakorik aurkitu: etxe garaiak, kale garbiak eta jendea beste edozein tokitan bezala jantzita baino ez. Ez zegoen ijitorik bistan, ez auto-lapurretarik agerian. Berri itxurako elizak armiarma sare erraldoia zuen marraztuta kanpai dorrean.

Paper mutur batean apuntatuta neraman helbidera ailegatzeko, pare bat galdera eta kaleen izenei adi egotea baino ez nuen egin behar izan. Zortzi solairuko eraikuntza bat zen, hirurogeiko hamarkadan etorkinentzat hiriko auzune baztertuenetan egiten ziren modukoa; dena den, ez zuen itxura txarrik. Balkoiak lorez beterik ageri ziren. Etxea errepidearen behe aldean zegoen eta hari begira gelditu nintzen, bertan ez sartzeko arrazoien bila ziurrenik.

Bihotza atean josita, lapurreta ahalegina... gauza arraroak ziren aspaldian gertatzen ari zitzaizkidanak eta seguru nengoen gehiago ere etorriko zirela ezer egin ezean. Gertakizun arraro hauen zergatia ezagutu nahi nuen, zer egin eta zer ez egin jakin ahal izateko hurrengo gauza arraroa sumatzean. Agian bazen hau dena gelditzeko era bat, agian gauzek okerrera egitea saihestu nezakeen, baina, horretarako, gertatzen ari zena ezagutu behar nuen.

Gogorik gabe baina portalera hurbildu nintzen. 4-Cren txirrina jotzera abiatu nintzenean, adineko gizon batek ireki zidan atea. Gaztela aldean erabiltzen dituzten oihalezko kapelu zuri-beltz horietako bat zeraman buruan eta egunonak opa ondoren kalera irten zen, bere makila lagun.

Marmol ilunezko atari luzea zen, oso freskoa. Igogailu zaratatsua hartu eta laugarrenean atera nintzen. Bertan lau ate, A eta C blindatuak, beste biak ostiko batez irekitzeko modukoak. C-ren txirrina jo nuen eta ordurako erabakia neukan: irekitzen ez bazidaten dena ahaztuko nuen.

Joaldi labur bi eta ez zidan inork irekitzen; ez zen soinurik aditzen. Hirugarren bat egin nuen, luzeagoa, eta joatekotan nengoenean urrats-hotsa aditu nuen atera hurbiltzen.

–Bai? –berrogei eta hirurogei urte bitartean edozein adin izan zezakeen emakume bat neukan aurrez aurre, bata urdin zahar batean bilduta.

–Telefonoz hitz egin dugu –emakumeak ez zuen inolako espresiorik aurpegian, zain jarraitzen zuen–. Iñigo zure nebaz hitz egin nahi nuen zurekin.

–A, bai –esan zuen segundo batzuk hutsean joaten utzi ondoren–, egia da; ahaztuta neukan.

Alde batera baztertu zen eta etxean sartu nintzen. Etxea beste edozein langile-etxe bezalakoa zen: alfonbra asko zoruan, nekazari kutsuko koadro batzuk hormetan, lorontziak altzari ilunen gainean...

Egongelan bakarrik utzi ninduen bost minutuz. Berriz agertu zenean soineko arina zekarren, argia eta hitsa, askotan garbitua bezala; esku batean bi zerbeza lata eta bestean zigarro pakete bat. Dena mahai gainean utzi eta nire ezkerrera zegoen besaulkian eseri zen; erori eseri baino gehiago.

–Gauza bat argi utzi nahi dizut –esaten hasi zen eserlekuan aurreratuz–: nire neba gizon ona izan zen, onegia nire iritzirako, horrek galdu zuen.

Eskua luzatu zuen mahairantz eta zerbeza lata bat nire aurrean jarri ostean bestea bere aldera eraman zuen; gero zigarro paketetik bat atera zuen. Surik ekarri ez zuenez eta nik ere ez nuenez, ahalegin handiz berriro jaiki eta ilea eskuarekin apur bat atondu ondoren atetik desagertu zen. Itzuli zenean galdu itxura zekarren, baina zigarroa eusten zuen eskuari kea zerion.

–Nor zarela esan duzu? –galdetu zidan esertzen zen bitartean, harridura keinua aurpegian.

–Aitor, Anderren koinatua... –ez zekien nor zen, bere aurpegian irakurri nuen–. Ander Lopez; hemen hazi zen.

–O, bai, Ander –zer esan nahi zuen ulertu ez nuen keinua egin zuen eskuarekin zirkulu bat osatuz, eta atxiki arin bi eman zizkion bere zigarroari–. Txikitan elkarrekin jolasten genuen denok, auzuneko neska-mutil guztiok. Eta nola dabil gure Ander?

–Ez oso ondo: hilda dago.

–Hilda? –eserlekuan asko aurreratu zen eta ezusteak benetakoa ematen zuen. Baietz egin nuen buruarekin, eta berak atzerantz erortzen utzi zuen gorputza.

–Hondartza batean aurkitu zuten bere gorpua, orain dela pare bat aste.

–Kaka!... Toki madarikatu hau da! –beste atxiki arin bi eman zizkion zigarroari, eta gero, urduri, zanpatu egin zuen zigarroa hautsontziaren aurka–. Hemendik alde egin behar dugu edo Alexek ere berdin bukatuko du –eta begirada hamar-hamabi urte inguruko mutil baten argazkira zuzendu zuen: mutila gerritik gora baino ez zen ikusten eta elastiko berde bat janzten zuen, baloi zuri-beltza esku artean.

Zerbezari trago bat egin nion, begiak berarengandik aldendu gabe. Emakumeak ere, noizbehinka begiratzen zidala, beste zigarro bat piztu eta bere zerbezari trago luze bat jo zion. Ondoren hitz egin zuen berriro.

–Eta zertara etorri zara zu, zehatz esanda?

–Beno, poliziak Anderrek bere burua hil zuela dio, baina familiakoek gauza arraro batzuk ikusten ditugu eta haren lagun batek zazpi hilabete lehenago bere burua hil zuela jakitean...

–Iñigok bere burua hil zuen, seguru nago.

Baietz egin zuen buruarekin indartsu, eta begira gelditu zitzaidan. Ezer esaten ez nuenez, jarraitu egin zuen.

–Mutil ona zen, baina zorte txarra izan zuen beti. Kartzelatik igaro ostean asko kostatu zitzaion lana aurkitzea. Tailer zikin hartako lana aurkitu zuenerako urte bi zeramatzan besteon eskuzabaltasunetik bizitzen, eta horrek erre egiten du, gizon otzanena ere sutan jarriko luke horrek.

–Kartzelan egona zen?

–Bai, koka gramo batzuk eta jako apurren bat harrapatu zioten, eta horri gaztetan eginiko txorakeria batzuk gehitu zizkioten, baina ez zuen urtebete ere barnean egin. Hala ere, horrek markatuta uzten zaitu, jendeak ez dizu lanik eman nahi, beldur dira –atxiki sakona, beste bi atxiki urduri eta beste zigarro batek hautsontzian bukatu zuen–. Eta lau urteren buruan, tailer zikin horretan asto baten moduan lan egin ondoren, itxi egiten dute; tailerrak ez omen zuen langileei ordaintzeko dirurik. Eta berriro kalean!

–Lasaitu zaitez, mesedez –eskuak aurreratu nituen, eta berak, mahai gaineko lata hartuta, trago luze batean hustu zuen.

–Beste bat nahi duzu?

Ezetz egin nuen buruarekin.

–Nik ere ez, ez du indarrik, merkeena erosteagatik gertatzen zait hau.

–Horregatik hil zuen bere burua? Lana galdu zuelako?

Besagainei eragin zien.

–Eta zer dakit nik? Berrogeita lau urterekin ez zuen lanik, ez emazterik, ez dirurik, ez ezer... Zergatik hil nahi zuen? Auskalo.

–Ba al dakizu aspaldian Anderrek eta Iñigok harremanik ote zuten?

–Lagun minak izan ziren txikitan. Orduan, hemen beste inon baino gehiago, umeak kalean hazten ginen; denok ginen koadrila berekoak, baina hauek elkarrekin hazi ziren. Gero ere lagun izaten jarraitu zuten, baina Iñigo bakarrik bizi zen pare bat kale beheragoko etxe zahar erdi erori batean eta ez genuen harreman handirik, ez zidan ezer kontatzen; nahikoa genuen nork bere arazoekin. Urteak dira ez dudala Ander ikusten, hori bai.

–Azken galdera bat: ba al zuen autorik Iñigok?

Barre egin zuen erantzun aurretik.

–Bai, bazuen. Alexek deabru gorria esaten zion. Asteburu batzuetan, udan batez ere, Alex eta bere lagunen bat eramaten zituen hondartzara edo mendira edo eurek eskatzen zioten tokira –irribarrea ahotik ezin kendurik hitz egiten zuen.

–Oroitzen duzu zein markatako autoa zen?

Amets batetik esnatu eta non dagoen ez dakien norbaiten begirada zuen.

–Bai, noski oroitzen dudala, bigarren edo hirugarren eskuko furgoneta gorria zen, express bat.

* * *

Ander eta biok elkarrekin mozkortu ginen batean, bere auzuneaz hitz egin zidan. Zerriak eta oiloak etxeetako balkoietan hazten zituzten etorkinak, eurak koskortzean non-nahi zegoen droga, kartzelan sartu-irten ibiltzen ziren gazteak, orduan euren idoloak zirenak eta gero drogak edo bala galduren batek gazterik hilobiratu zituenak... Baina istorio bat gelditu zitzaidan gogoan iltzatuta: Sararen istorioa.

Ander eta Sara adin bertsukoak ziren eta txikitatik ezagutzen zuten elkar. Hamasei urte inguru zituztenean elkarrekin ibiltzen hasi ziren, orduan esaten zen bezala. Handik gutxira Ander auzunetik joan zen: lan bat zuen Berangon eta ezin zen egunero lanera auzunetik joan. Utzi egin zuten.

Sara heroinaren atzaparretan erori zen hamazazpi edo hamazortzi urterekin. Gero eta harrapatuago zegoen eta droga ordaintzeko dirua behar zuen. Prostituzioa zuen diru-iturri bakarra eta horretara dedikatu zen. Hemeretzi urterekin haurdun zegoela konturatu zen, ez zekien nor zen aita eta nahiago zuen ez jakin; hala ere, umea izango zuela erabaki zuen. Umeagatik heroina uztea izan zen hartu zuen hurrengo erabakia, eta horrela, jaio zenerako, ez zuen hartzen ezta metadonarik ere. Umea, berriz, abstinentzia-sindromearekin jaio omen zen. Tratamenduan jarri zuten eta sei hilabete zituenean utzi ahal izan zuen errehabilitazioa.

Anderrek azaldu zidanez, ume hura berea bezalako auzuneetan jaiotako ume guztien isla zen: ezer egin gabe zama astun batekin jaiotzen ziren; batzuek sei hilabete behar zituzten zama hori gainditzeko, urteak behar izaten zituzten beste batzuek, eta baziren sekula gainditzen ez zutenak.

* * *

Monikaren lehengusina izan zen uda hartan jatetxean sartu zen aire freskoa. Aratz zuen izena. Horaila zen, txiki samarra baina oso polita, eta irribarre egiten zuen etengabe. Ilea motots luze batean zeraman bilduta eta sartu zenetik denok txundituta izan gintuen, Itziar izan ezik. Etorri zen egunean Mateok nola begiratzen zion konturatzean hasi zen bafadaka eta ez zen luzaroan gelditu.

Irantzu eta biona, bestalde, mundu guztiak ezagutzen zuen kontua zen; une hartan nik baino gehiago zekiten denek, baina inork ez zuen gaia nire aurrean aipatzen eta nik eskertzen nuen. Lehen baino gutxiago egoten nintzen sukaldean, ia ez nuen ezer neronek prestatzen, dena zegoen Monika eta Mateoren kargu. Nire sukaldeko ibilerak mamu batenak ziren, denak saiatzen ziren ni saihesten eta nik ere nahiago nuen ezer ez esatea.

Mateoren bizkarrean jarrita honek saltsa bat nola egiten zuen ikusten ari nintzen batean, ezustean jiratu eta une hartan hiru postre plater zeramatzala handik igarotzen ari zen Aratzekin egin nuen talka.

Eroritako platerak batzen hasi zen eta niri zuzenduz:

–Barkatu, errua nirea izan da, beste gauza batzuetan pentsatzen nengoen –esan zidan, gero irribarre egin eta erratzaren bila abiatu zen.

Mundu guztiarentzat zegoen argi errua ez zela berea izan, nirea baino; hala ere, neskak ez zuen inolako arazorik izan barkamena eskatzeko.

Durangon kafe bat hartuko nuela erabaki eta, sukaldetik alde egin baino lehen, zera esan nion Monikari.

–Seguru zaude zure familiakoa dela?

Erantzuna itxaron gabe kanpoko atea itxi eta autoan babestu nintzen, baina seguru nago bere begiradak atea ere zulatu zuela.

* * *

Gaua zen istorio honetako beste pertsonaia garrantzitsu bat ezagutu nuenean, udako astegun bateko gaua. Etxera ailegatu nintzen eta Kodak ohi baino beranduago heldu zen nire hanken artera, etxera igotzeko geratzen zitzaizkidan hiru eskailera-mailen aurrean.

–Alfertzen hasi haiz, ezta? –esan nion zakurrari, eskua burutik igarotzeko zertxobait makurtzen nintzen bitartean, eta horrela, erdi makurtuta nengoela ikusi nuen pistola eskuan zuen gizona.

Berrogei urte inguru, praka bakeroak eta jaka gorrixka, pistola nire bekainetara apuntatzen eta bera niregana hurbiltzen, pistola ezertarako jaitsi gabe. Nire parera heltzean, une batez gelditu, begietara begiratu eta, pistola eskuan, nire autorantz zuzendu zen, nitaz ahazturik bezala.

Ez zuen pare bat minututik gora behar izan nire autoa aztertzeko; bukatu zuenean, lasaiago eta pistola bere jakapeko zorroan ezkutaturik, ni nengoen tokirantz etorri zen. Etxeko eskailerak igo nituen pistoladuna bistatik galdu gabe. Ez nekien zer egin: etxeko atea ireki eta barnean sartu; korrika irten larre artetik, harrapatuko ez ninduen itxaropenarekin, edo bertan itxaron ea zer nahi zuen. Argi zegoen ez zuela pistola hura nire aurka erabili nahi, bestela hilda egongo nintzen ordurako.

–Bakarrik etorri zara gaur?

Erabat ezustean harrapatu ninduen nire bizkarrean entzun nuen ahots hark. Norbait zegoen etxearen aurrealdeko mahaian eserita. Ez nuen ondo ikusten, baina gizona lasai-lasai eserita zegoela ematen zuen. Pistoladuna hurbildu, eskailera-mailak igo eta baietz egin zion buruarekin eserita zegoenari; honek autoan itxaroteko agindu zion eta besteak alde egin zuen, niri begirada mehatxukorra zuzendu ostean.

–Eser zaitez, mesedez; hemen lasaiago hitz egingo dugula uste dut; hor barnean ez da giro, hainbeste lata huts eta egunkari zahar bazterretan.

Begirada atera zuzendu eta sarraila hautsita zegoela ikusi nuen. Ni eseri baino lehen, lorontzi baten atzean ezkutaturik zegoen argiaren giltza sakatu zuen eta mahai gaineko argia piztu zen. Kodak ere hurbildu zen eta ez nion gozoegi begiratuko.

–Ez errurik bota; hasieran zaunkaka hasi zaigu hortzak estutuz, baina nik deitu neure izterrean kolpetxo batzuk emanez, eta berehala etorri da buztana alde batetik bestera mugituz; gero, gainera, hozkailuan zenuen haragia eman diogu eta lagun mina egin zaigu.

Zakurrarengana begiratu nuen eta honek burua jaitsi zuen, lotsaturik bezala. Egia esan, mundu guztia zen laguna berarentzat, ez zeukan argi nonbait bera zaintza zakurra zenik.

–Gainera lehendik ezagutzen zenuten, ezta? Behi-bihotz hura ekarri zenutenetik.

–O, ez, hori Carlosek egin zuen –hortzak erakutsi zizkidan; aho barneko obrak etxe berri bat erosteko beste balio zuen.

Hirurogei urte inguruko gizona zen; jaka argia, ile zuri ugaria, alkandora urdina...

–Carlos eta Samuelek?

Begira gelditu zitzaidan, zer nekien igarri nahian bezala. Baietz egin zuen gero buruarekin, astiro-astiro.

–Galdetu egin beharko dut, baina bai, ziurrenik Carlos eta Samuelek egingo zuten –astiro esan zuen, nire begirada ezertarako saihestu gabe.

–Eta nola daude? Osatu al dira? –bata bestearen aurrean ginen, edukazio onak edateko zerbait eskaintzera bultzatzen ninduen, baina eurek ordurako barnetik nahi zutena hartua izango zutela sumatzen nuenez...

–Utz ditzagun ergelkeriak! Nirea den zerbait daukazu eta itzultzea nahi dut.

Eskuak batu nituen mahai gainean eta atzean genuen pinudira desbideratu nuen begirada.

–Ongi da, ongi da –erantsi zuen–, itzultzea nahi dut, egia da, baina ez dut esan dohainik itzultzerik nahi dudanik. Ordaintzeko prest nago.

Ez nekien zertaz ari zen, baina ez zidan ezertan lagunduko berak hori jakiteak. Isilik jarraitu nuen.

–Sei mila euro ordaintzeko prest nago. Papera ekarri eta eskura emango dizut dirua. Gero, dena ahaztu eta bakoitza bere aldetik joango da.

Ezin nintzen isilik egon; zerbait esan beharra nuen, denbora irabazi beharra zegoen.

–Hogei mila euro.

–Hogei mila?! Orri zikin bategatik?! Erotuta zaude.

Zutik jarri nintzen.

–Uste dut elkarrizketa bukatu dugula.

–Ergel madarikatua! –esaldia lurrari begira bota zuen, baxu, baina aditzeko bezain ozen; gero zutik jarri zen–. Konforme, hogei mila. Atera ezazu papera eta bukatu dezagun behingoz.

–Ez daukat hemen.

–Etxe barnean ez, hori baieztatu dugu –eta beso luzatuarekin sukaldeko leihoa seinalatu zuen.

–Hamabost eguneko epea nahi dut. Hamabost egun barru hementxe bertan, ordu honetan, dirua ekarri eta nik papera ekarriko dut.

–Hamabost egun denbora asko da. Papera daukazula dudan jartzen ari naiz.

Isilik jarraitu nuen, eskuak bularrean gurutzatuta, eta berak ni neurtu nahian begiratzen zidan. Ez nuela nahi papera non zegoen jakiterik, horretarako nahi nituela hamabost egunak esatea pentsatu nuen, baina azkenik, isiltasunak indar gehiago zuela-eta, horrela gelditu nintzen, isilik.

–Ongi da: hamabost egun barru. Berdin zait papera daukazun edo bila hasten zaren, baina ekartzea komeni zaizu, bestela hitz onak bukatuko zaizkigu –atzamarrarekin seinalatu ninduen, eta hotzikara sentitu nuen bizkarrezurrean.

8

Etxea hondatuta zegoen: altzariak lurrean, aspidistra hilzorian egongelako alfonbra gainean, alfonbrak lurrez erdi estalirik, liburuak etxe guztiko zirrikituetan sartuta, irekita, orriak faltan, CDak barreiatuta han-hemenka, eta noski, lehendik han zeuden zerbeza latak, kartoizko platerak, janari hondakinak... etxe guztitik hedatuta.

Gela guztiak aztertu genituen banan-banan Kodak eta biok, galerak neurtuz; bigarren pisuan ere antzekoa zen egoera, errazagoa konpontzen, bertan zikinkeria gutxiago zegoelako, baina negargarria hala ere. Ahal izan nuena konpondu nuen, altzariak zutik jarri batez ere, gero kanpoko atearen aurka aulki bat jarri eta egongelako sofan etzan nintzen, kaosaren erdian, oinetan Kodak zaharra nuela.

Zakurrak esnatu ninduen goizean goiz. Bere lehen gaua zen etxe barnean eta begiak ireki nituenean han ikusi nuen, atearen aurka bermatutako aulkiarekin borrokan, intzirika. Kanpora irteten utzi nuen eta, bere eginbehar fisiologikoak bide ondoko madariondoaren kontra egiten zituen bitartean, sukaldera joan eta hozkailua ireki nuen.

Ezer gutxi utzia zuten hozkailu barnean: bertan hilabeteak zeramatzaten azenario zimel batzuk, kolorez aldatzen ari zen haragi-xerra eta esne apurren bat. Esne-kartoia edalontzi batera hustu nuen, baina garratz zegoen eta kanpora bota nuen. Ordubete eman zuen Kodakek esnez bustiriko belarrak miazkatzen.

Etxearenak konponketa behar zuela-eta, Nekaneri, jatetxean platerak garbitzen zituen emakumeari deitzea erabaki nuen. 200 euro eskaini nizkion beste lagun batekin etorri eta nire etxea garbi-garbi uzten bazuten. Bananduta zegoen eta hiru ume jatun zituen bere etxeko mahaian eserita; ez zuen birritan pentsatu.

* * *

–Damutzeko garaia? –barrara heldu berriak ginen; Mateok galdera aurpegian zuela begiratu zidan.

–Bizitza luzea zela esan zidaan eta denerako denbora zegoela: maitatzeko, lan egiteko eta baita damutzeko denbora ere –piercing-en erregina ikusi nuen hurbiltzen eta berarengana zuzendu nuen begirada.

–Zer nahi dute nire astegunetako alkoholikoak eta barazki-edaleak?

Mateok barre egin zuen, baina ez zuen ezer esan.

–Betikoa, noski. Manu Chaoren diskoa galdu duzu ala?

–Ez didazu esango Serrat ez duzula gustuko, zure adinekoa da-eta –eta “Cantares” kataluniarrarekin batera kantatzeari ekin zion, zerbeza eta tomate zukuaren bila zihoan bitartean.

Edariak aurrean utzi zizkigunean mahai batera joan ginen eta bertan eseri, hutsik zegoen pubean.

–Damutzeko garaia heldu bazitzaion, damutzeko zerbait zian.

Baietz egin nuen buruarekin, zerbeza botila ezpainetan nuela oraindik, eta gero kolpe bat eman nion Mateori, nire azalpenari adi egon zedin.

–Hauxe duk nire ustez gertatu zena: labanaren tipo horien ugazabak dirua eskaini zioan Anderri zerbait egin zezan, legez kanpoko zerbait, noski. Anderrek, Iñigoren laguntzarekin, eskatzen ziona egin zian, baina, ez zelako erabat fidatzen edo auskalo zergatik, bestea arazoan nahasten zuen froga batekin gelditu zuan, bizkarra gordeta izateko, agian...

–Balio izan dionerako.

–Egia da, bai. Beno, kontua da X jauna deituko dugun ugazabak froga horren berri izan eta berreskuratu egin nahi zuela esan ziola Anderri. Anderrek ez zioan eman, balitekek berak esatea niri eman zidala, eta balitekek, baita ere, X jaunaren morroiak berotu izana eta Ander amildegian behera bota izana. Froga hori gabe jarraitzen dutenez, orain nire bila etorri dituk, agian jatetxeraino segitu ziotean hil baino egun batzuk lehenago etorri zenean.

–Ulertzen ez dudan gauza bat zegok: hire etxea hankaz gora jarri ditek; zergatik ez Anderren etxea edo bulegoa?

–Horiek miatu ditiztek, ziurrenik Ander aurrean zegoela; nonbait ezkutatu behar izan dik. Gainera, Anderren etxea hankaz gora jarriz gero, nekez sinistuko likek poliziak suizidioaren hipotesia.

–Ba al dakik zer datorren paper horretan?

Ezetz egin nuen buruarekin.

–Orduan –jarraitu zuen Mateok–, agian papera ikusi duk eta ez haiz konturatu.

* * *

Etxea ez ezagutzeko moduan zegoen eta Kodak ere garbitu zuten; han zegoen, distiratsu, sekula baino pozago, auto guztiei zaunka eginez, haien atzetik korrika irtenaz. Iragarkietako zakur zoriontsu horietakoa ematen zuen, Krispis jaten duten horietakoa. Ehun euro gehitu nizkion agindutakoari, eta eurek jatetxean ezer ez zutela kontatuko agindu zidaten.

Sarrailarena konpontzeko nuen oraindik; kordeltxo mehe batez lotu nuen atea markoan jarritako iltze bati, eta oraingoz horrekin nahikoa.

Denbora gelditzen zitzaidan oraindik paper hori lortzeko; ez nekien lortu ezean zer gertatuko zitzaidan, baina ezta jakin nahi ere. Non ezkutatuko zuen paper bat, orri bat? Nengoen tokian nengoela, burua orri madarikatu horretan nuen etengabe; non zegoen? Nahiago nuen zer zekarren ez pentsatzea; oraindik kosta egiten zitzaidan sinistea, ez nuen onartzen Anderrek diru trukean norbaiti zerbait egin ziola, baina ez nuen beste aukerarik ikusten.

Jatetxeko sukaldean, berriz, gauzak asko baretu ziren Monikaren lehengusinak lotuta zegoela aitortu zuen unetik. Auto bat bezain zabala zen moto batean gora eta behera zebilen ileluze batekin bizi zen.

* * *

Eguerdia, bero errea, airerik gabeko giroa. Bulego txikiaren atea bultzatu nuen eta arrebak, ezagutu bezain azkar, ezin izan zuen izu aurpegia aldendu.

–Zerbait gertatu al da? –sekula ikusia ez nion exekutibo trajea janzten zuen, marra zuri-beltzduna.

–Ez arrebatxo, lasai. Oso dotore zaude.

–Bai? Serio itxura eman nahi nuen, badakizu, profesionala –eta bere jakan existitzen ez zen mantxa bat kentzeari ekin zion, atzamar biren laguntzarekin.

Lehengo egunean giltzak bere etxean ahaztu nituela esan nion, eta orain berak bere etxeko giltzak uztea nahi nuela, bertan ote zeuden begiratu ahal izateko. Ez zen egia, noski. Lauretan ailegatu nintzen herrira, aseguru-etxea ordu horretan irekitzen zuelakoan, baina ez zen horrela izan eta autoan itxaron behar izan nuen ordu erdiz, nire arrebak kalea gurutzatu eta bulegoa ireki arte.

Hala ere, eta arreba bati dagokion bezala, sinistu eta arazorik gabe eman zizkidan giltzak.

Beste aukera guztiak baztertu ondoren, argi nuen orria etxe barnean egon behar zela. Goitik behera miatu nituen autoaren maletegian nituen bi kaxa paperak, eta han ez zegoen ezer konprometigarririk inorentzat. Non ezkutatu orri solte bat? Orri eta paper gehiagoren artean, dudarik gabe. Nire etxean ez zegoen, jatetxean ere bilatu nuen, bisita egin zidan egunean utzi zezakeen toki guztietan, eta ez zegoen ezer; nire autoan, berean... Bere bulegoa goitik behera miatuko zuten Ander bizi izan zen artean. Etxean ordea kontu gehiagorekin ibiliko ziren, Anderren emazteak jakin ez zezan, ezertaz kontura ez zedin. Seguru zerbaitetaz ez zirela konturatu, nonbaiten ez zutela begiratu.

Liburuen artean hasi nintzen begira, liburu handien artean batez ere; entziklopedia bat zuten eta haren orrietan ibili nintzen aurrera eta atzera: ezer ez. Ez zegoen paper askorik etxean; logela handiko tiradera batean aurkitu nituen orri batzuk, arrebaren kontu txikiak, faktura batzuk, bankuaren paperak... hor ere ezer ez. Ohiko tokiak miatu nituen gero: ohe azpiak, kriseiluak, aulki barneak. Etxe barnean freskoago zegoen arren, lanak izerditan jarri ninduen eta hozkailura zuzendu nintzen. Coca-cola light bat hartu eta hura edaten ari nintzela, gutxien espero zuten tokian ezkutatuko zuela otu zitzaidan. Umeen logelara itzuli nintzen berriro. Egona nintzen, baina ez denbora luzez, han ez zegoen ikertzeko gauza handirik.

Felpazko hartzen artean begiratzen hasi nintzen; panpina ergel horietako bati lepotik heldu eta zekien guztia kontatzen has zedila esateko gogoa nuen, baina ez nuen horrelakorik egin. Horren ordez, ume-arropaz beteriko armairua ireki nuen eta armairuaren behe aldean, ipotx-zapaten ondoan eta koloretako pinturen azpian, kartulina arrosa bat zegoen, erditik bildua; “Oihana” jartzen zuen azalean. Eskuz idatzita, ume txiki baten letraz idatzita: O handia gorriz, i txiki-txikia horiz, h buztan luzea laranjaz... Eskuan hartu eta ireki egin nuen; barnean ume txiki baten marrazkiak, nire iloba Oihanarenak ziurrenik. Hiruzpalau pasatu nituen eta bat oso deigarria egin zitzaidan, esku artean hartu eta arreta handiz begiratu nuen. Marrazkiaren erdian gizon bat zegoen etzanda hilkutxa baten barnean, eskurik gabe. Inguruan emakume bat eta hiru ume zeuden, emakumea beltzez jantzita baina umeak koloretsu; apaiza ere bazen, zuriz jantzita berau. Umeen eta hilkutxaren artean tximeletak ari ziren hegaka. Lurrean belarra eta gizakien atzean zuhaitzak. Zuhaitzek enbor marroiak eta orri berdeak zituzten, baina fruituak borobil beltz batzuk ziren, sagar beltzak bezalakoak. Zuhaitzen ostean mendiak zeuden eta mendien artean kolore batzuk falta zitzaizkion ortzadarra.

Marrazkiari begiratu eta Irantzuk behin azaldu zidanaz oroitu nintzen: normala zela umeak gurasoen heriotzaren aukerarekin jolastea. Umeentzako idatzitako liburu gehienetan protagonistek ez zuten gurasorik, horrek nolabaiteko independentzia suposatzen zuen, arau eza: Huck Finn, Tom Sawyer, Pippi Langstrump...

Orrien artean, ume txiki baten marrazkia ez zen zerbait aurkitu nuen: gutunetarako erabiltzen diren orri horietako bat, berdea, eta bertan, boligrafo urdin baten tintaz, gutun bat letra borobil eta txukunaz idatzita.

Fernando maitea:

Badakizu zenbat estimatzen zaitudan eta agian estimatu baino zerbait gehiago ere bai. Gaur eskolako lanak egiten egongo naiz Izaga kaleko liburutegian, baina seiak aldera eta eguraldi ona dagoela aprobetxatuz parkera joango naiz. Fabrika zaharrera ematen duen parke kantoian egongo naiz, zain.

Ordura arte, har ezazu nire agurrik beroena

Larraitz

Gutunak lau zatitan doblatua egon izanaren markak zituen. Bestalde, eskuz idatzita zegoen eta lerroek gorako joera zuten; horrek, nire grafologia jakinduria eskasean, idatzi zuena pozik edo baikor zegoela esan nahi zuen. Sinatzeko, izena erdian eta berau bilduz marra batzuk borobilean.

Nik ere lau zatitan tolestatzekoa egin nuen, patrikan sartzeko, eta atzean ere zerbait idatzia zuela ikusi nuen. Oraingoan boligrafo beltzez idatzita, maiuskulaz eta inolako txukuntasunik gabe. Hauxe ageri zen:

FAZILENAEZTA

Hobeto esanda, horrela jartzen zuen, hutsuneak baitzeuden letra batzuen artean:

F AZILE NAEZTA

Birritan irakurri arren ez nuen ezer ulertzen. Zer ez zen fazilena? Zer ez zen errazena? Lehen begiratuan igartzen zen orriaren alde batekoa gizaki batek eta bestekoa beste batek idatzi zutela. Nortzuk ordea? Anderrek idatzi al zuen fazilena ezta? Eta hala bazen, zer esan nahi zigun horrekin?

Horrelako galderak neure buruari erantzun nahian nenbilela, telefonoak jo zuen eta haren pantaila txikian “bulegoa” irakurri nuen. Arreba nuen deika.

–Bai, zer nahi duzu?

–Aurkitu dituzu giltzak?

–Bai, baina ez pentsa erraza izan denik, oraintxe bertan aurkitu ditut, butaka azpian zeuden.

–Pozten naiz. Aitor, deitu badizut errekadu bat emateko izan da: zure langileetako bi egurtu eta ospitalera eraman dituzte.

* * *

Ospitalean butakaz betetako egongela batera eraman ninduten eta, bertan, berehala ezagutu nuen besaulki ilun batean eserita Miren, Manuel Urrestiren alarguna. Zutik jarri zen bera ere ni ikustean. Aurpegi iluna zuen. Bere ondora hurbiltzeko ahalegina egin nuen, baina, hiruzpalau metro falta zitzaizkidanean, Itziar heldu zen bere parera eta eskuetan zekartzan plastikozko edalontzi zurietako bat eman zion.

–Arratsalde on –esan nuen, lehenengo bati eta gero besteari begiratuz.

Itziarrek behera begira zuen burua jaso eta ia entzun ere egin ez nuen agurra ahoskatu zuen. Sudur aldea eta begi bat tapatuta zituen benda zuri batekin. Alargunak buruaren mugimendu batekin erantzun zidan.

–Kontatuko didazue zer gertatu den?

Itziarrek hasperen egin zuen, erneguz, amorruz bezala, eta Mateoren amak hitz egin zuen.

–Hondartzan zeuden. Autoaren bila joan dira eta gizon bi zain zituzten. Mateori sekulako jipoia eman diote eta Itziar aurpegian jo dute pistolaren euskarriarekin.

–Ez ziren lapurrak –esan zuen Itziarrek baxu, zoruko axuleiuei begira. Manuel Urrestiren alargunak begiratu egin zidan.

–Eta nola dago Mateo? –ausartu nintzen galdetzera. Mateoren amak Itziarri begiratu zion eta honek zigarro paketetik bat atera eta piztu egin zuen. Urduri zegoen eta ez zuen ezer egiten disimulatzeko.

–Ondo –Mateoren amak erantzun zidan, besteak egingo ez zuela konturatzean–, hezur batzuk hautsita izango ditu, baina beti izan da mutil gogorra; gaindituko du.

–Ez ziren lapurrak –Itziarrek ezetz egin zuen buruarekin hirutan–, ez dakit nortzuk ziren edo zer nahi zuten, baina ez ziren lapurrak.

Isilik gelditu ginen biok, eta noizbehinka Mateoren amak jaurtitzen zizkidan begiradak sentitzen nituen aurpegian iltzatzen.

–Lehenengo ostiko bat eman zioten hankartean, eta Mateo lurrera erori zen belauniko; orduan, nire ondoan zegoen pistoladunak jiratzera behartu ninduen, metro batzuk urrutiratu ginen eta bertatik Mateoren oihuak entzuten nituen... Ez dakit nortzuk ziren, baina ez ziren lapurrak –negarrez bukatu zuen eta Mateoren amak klinex-ak eskaini zizkion.

Bere amaginarrebaren aholkuari jarraituz, ospitalearen kanpo aldetik ibiltzera joan zen, lasaitzeko intentzioarekin; geuk abisatuko genion Mateo irtenez gero.

–Nor zen galdetu diodanean Mateo Urrestiren neska-laguna zela esan dit, eta gero nor nintzen ni jakin nahi izan du. Mateok ez dio ez nitaz ez bere iraganaz hitz egin –ez zirudien haserre, harrituta ematen zuen.

–Begira, Miren, ezin naiz horretan sartu. Bere arazoak dira, nik ezin diot esan zer eta nori kontatu, horretaz berarekin hitz egin beharko duzu.

Baietz egin zuen buruarekin.

–Eta gaurkoa? Nortzuk ziren horrela egurtu dutenak? Itziarrek esan dit Mateorekin hitz egin dutela. Zer dira, hil zuenaren lagunak?

Besagainei eragin nien. Ez nekiela erantzun nion; ez zidan sinistu. Eseri eta isilean gelditu ginen biok, Itziar noiz etorriko zain.

Egongelan gutaz aparte jende gehiago zegoen, urduri gehienak, eta baita orduak zeramatzatenak ere, lasaiago eta egunkariak irakurtzen.

Handik berrogei minutura agertu zen Mateo. Aurpegian ubeldura batzuk eta lotu gabe zekarren alkandora zikinaren azpiko bendak, besterik ez. Min ematen zioten saihetsek urrats bakoitza egitean.

–Non da Itziar? –izan ziren zuzendu zizkigun lehenengo hitzak, eta ni neskaren bila irten nintzen.

9

Aspaldiko partez lana erruz egin behar izan nuen, baina, bajan egon arren, Mateo ez zen sukaldetik apartatzen. Normalean nire alboan egoten zen, niri laguntzen edo nirekin hitz egiten, eta Itziarren ahizpa –Itziarren ordez etorritakoa, hura bajan zegoen bitartean– edo Aratz gurutzatzean irribarre egiten zien, elkarrizketa erabat moztuz.

Bazkaloste batean kafea jatetxetik kanpora hartzera gonbidatu nuen, lasai hitz egin ahal izateko.

Axpeko herrixkan hartu genuen, belaunaldi batean baserri izatetik luxuzko jatetxe izatera pasatutako eraikuntzan.

–Gau hartako biak zituan. Mendekua nahi zitean, baina ez hori bakarrik, argi utzi zidatean: hiretzako errekadua ere bazuan.

Baietz egin nuen buruarekin.

–Orria lortu diat.

–Zer?... Non zegoan? Zer zekarrek? –alkandorako patrikatik orria ateratzen ari nintzela galdezka jarraitu zuen–. Ulertu al duk zergatik bilatzen duten?

Azkar irakurri zuen.

–Ez diat ulertzen –orria esku artetik kendu eta, buelta eman ondoren, bere eskuetan utzi nuen berriro; atzekoa irakurtzera behartu nuen–. Ez diat ulertzen –errepikatu zuen–. Ziur hago? Honegatik garbitu zitean hire koinatua?

Gutuna berreskuratu, tolestu eta patrikan sartu nuen berriro.

–Nik badiat gertatzen ari denaren ideia antzekoa, baina gauza batzuk falta zaizkidak oraindik lotzeko.

Eta nire iritzian gertatu zenari buruz nekiena kontatu nion: X jaunak, hau da Azuak, Anderrek behar zuen lokala zeukan eta Azuak berriz mesede bat behar zuen. Norbait desagertzea nahi zuen, baina, berak edo bere gizonek eginez gero, poliziek aztarnak jarraitzea zuten. Horregatik eskaini zion diru trukean lana Anderri. Poliziek ez zuten Ander hildakoarekin lotzeko arrazoirik. Honek, ez dakit zergatik baina, onartu egin zuen. Haurtzaroko lagunari eskatu zion laguntza eta bien artean egin zuten. Orri hori da Azua jauna hilketarekin lotzen duen froga bakarra, eta ahal duena egingo du berreskuratzeko: bai hil, eta baita ordaindu ere.

Anana-zukuari trago bat eman zion eta gauza bera egin nuen nik kafearekin.

–Ez zekiat ulertu diadan; dena den, honekin lehenbailehen bukatu behar diagu. Itziarrek ez dik nirekin hitz egin nahi, osatu arte bakean uzteko eskatu zidak, hausnartu egin behar omen dik, eta amak ere galderez josi naik; ikaratuta zegok, eta ez duk erraza gure ama ikaratzea.

Bat-batean konturatu nintzen Mateok ez zuela errurik, nigatik zegoela honetan sartuta. Eta horrela ez zen arren, esan nion sentitzen nuela honetan sartu izana. Egia esan, nahiago nuen Mateo bezalako tipo bat nire ondoan eduki. Berak erotuta nengoelako keinua egin zuen eskuarekin.

–Ez duk hire errua, gizakiok geure bidea zeukaagu eta ez zegok horri ihes egiterik. Luis hamaseigarrenari –esaten hasi zen atzamarra asko goratuz–, gaztea zenean azti batek esan omen zioan kontu izateko hil bakoitzaren hogeita batgarren egunarekin, eta berak jaramon egin zioan. Beti saihestu zian erabaki bat hartzea egun horretan. Beno ba, Varennesko kartzelan zegoela, 1791ko ekainaren hogeita batean bota zitean behera bere ihesaldia; 1792ko irailaren hogeita batean abolitu zitean monarkia, eta burua, 1793ko urtarrilaren hogeita batean moztu ziotean –besoak ireki zituen esku ahurrak erakusten zizkidan bitartean–. Ez zegok patuari ihes egiterik.

Isilik gelditu nintzen, ezer esan gabe eta berari begira harridura aurpegiaz.

–Zer?!... A, hori; eroetxean denbora sobran genian eta nik historia ikasketak egin nitian.

–Historia ikasketak? Ezustez beteta hago, motel.

Egunak genituen oraindik Azua eta bere morroiak azaldu baino lehen. Bagenekien non azalduko ziren eta noiz; zain egongo ginen. Mateok ez zidan galdetu zer egingo nuen, bakarrik bera egin beharrekoa egiteko prest zegoela; zer nahi nuen berak egitea, esan baino ez neukala. Horretan utzi genuen.

* * *

Berriro lan gogorra egiteak berarekin lo hobeto egitea ekarri zuen arren, gihar guztiak leher eginda bukatzen nuen. Asteburu euritsu eta epela izan ondoren, bageneramatzan hiru egun zeru garbian laino izpirik ikusten ez zela, eta horrek ez zuen laguntzen sukalde barnean suak inguraturik lan egiten.

Etxera heldu baino lehen igarri nuen zerbait ez zihoala ondo. Kamioi erraldoi bat zegoen etxe ondoan. Astiro hurbildu nintzen badaezpada.

Arratsaldeko laurak ziren gutxi gorabehera eta, esan dudan bezala, eguzkiak gogotik berotzen zuen. Hurbildu ahala, berrogei urte inguruko gizasemea ikusi nuen kamioiaren ondoan. Sabel borobilak irteteko ahaleginak egiten zituen mahuka gabeko kamiseta gris baten azpitik. Autoa kamioiaren parean utzi eta jaitsi egin nintzen.

–Zurea dela esan didate –eta, pauso bi kamioiaren bururantz eman ondoren, atzamarrarekin kabinaren aurrean oihalezko zaku batzuen gainean etzanda zegoen Kodak seinalatu zuen.

Zakuak, txikitan behien pentsua ekartzeko erabiltzen zirenen modukoak ziren. Zakurra hilda zegoen, eta bistan zituen lepo inguruan zainak eta gihar odoltsuak, kamioia gainetik pasatu zitzaion seinale; hanka bat ere kamioiaren gurpilak zapaldua zuen. Ez dakit zer gertatu zitzaidan une hartan, baina negar batean hasi nintzen, ume txikia banintz bezala.

–Sentitzen dut. Gurpilen artean sartu zait eta ikusi dudanerako berandu zen –kamioilaria ezeroso zegoen negarrez ari zen berrogei urteko gizaseme baten aurrean, eta argi zegoen ez zekiela zer egin edo zer esan–. Norbaiti deitzea edo nahi duzu?

Ezetz egin nuen buruarekin eta, zotinka oraindik, ondo zegoela eta eskertuko niola joaten bazen, esan nion. Ez zuen gehiago behar izan bertatik desagertzeko.

Bakarrik gelditu nintzenean, wisteriaren azpian zulo bat egiteari ekin nion. Berari, Kodaki, udan etzatea gustatzen zitzaion tokian, banekien bertan lurra biguna zela, wisteria landatzeko zuloa ere neuk egina zelako, inguruko zuhaixka gehienenak bezala. Hogei minutuko lana izan zen eta, izerditan blai bukatu nuen arren, ez nuen egarririk sentitu. Dutxa bat hartu eta, ezer jan edo edan gabe, jatetxeko bidea hartu nuen berriro.

Arratsalde hartan erabaki nuen ez nuela sekula beste zakur bat izango.

* * *

Aspaldian ez nenbilen hiztunegi, eta mundu guztiak egiten zituen ni saihesteko ahaleginak; Monikak ere besteentzat gordetzen zituen bere ezten zorrotzak. Baina arratsalde hartan inoiz baino isilago egon nintzen. Itziar ari zen berriro lanean bere ahizpa etxera bidalita, eta Aratz eta biak beldur ziren galdetzeko, Monikak ziurrenik nahiago zuen zer gertatzen zitzaidan ez jakitea, eta Mateok medikuarengana joan beharra izan zuen Bilbora.

Gauzak zer diren, uda hartan negozioa sekula baino hobeto zihoan. Beteta izaten genuen jantokia eguerdi zein gau. Bilboko egunkari batean erreportajea egin ziguten, eta horrek inguru horretako jende andana ekarri zigun; gutxien komeni zitzaidanean, lanik gehien.

Hamaikak laurden gutxiagorako bukatu antzean nuen dena, eta Monikaren eskuetan utzi nuen jatetxea.

–Ez nabil oso santu, eta etxera noa; itxi ezazu zeuk gaurkoagatik –esan nion arropak aldatzen hasten nintzen bitartean.

–Igartzen zaizu ez zabiltzala ondo –erantzun zuen berak, eta niri bizkarra emanez esku artean zuen postrearekin jarraitu zuen.

Autoan sartu nintzen baina ez nekien nora joan. Ez nuen etxera joan nahi; bertan bakar-bakarrik egongo nintzen, lagunaren hilotza lorategian. Bost minutu geldi auto barnean musika entzuten egin ondoren, martxan jarri nuen.

Jatetxeko bidea utzi eta errepide nagusia hartzean, dudan egon nintzen baina itsasertzera egin nuen azkenik. Etxeari begira egon nintzen luzaroan. Argia piztuta zuten, indarrak batzen egon nintzen jaisteko eta, azkenean, autoa hartu eta itsaso ondoan zegoen etxe zuriko bidea hartu nuen, Irantzuren bila.

* * *

–Bai? –mutu gelditu nintzen; atea gizonezko batek irekitzeak erabat ezustean harrapatu ninduen. Nire adinekoa zen gutxi gorabehera, ez baxu eta ez garai, ile ugari ondo orraztua, urdintzen hasia, niki horia...–. Bai? –errepikatu zuen gizonak kanpora zertxobait irtenaz. Bere atzean, korridorean, gizonezko alkandora laukitu bat jantzita, Irantzu agertu zen. Eskuak alkandoraren mahuka barnean ezkutatuta zeuzkan eta ilea aske; bihotzak bularretik irteteko ahalegina egin zidan.

–Zer egiten duzu hemen? –eta ateraino zeukan bidea egin zuen neskak.

–Ezagutzen duzu?

–Bai, bai; itxaron iezadazu egongelan, laztana, oraintxe bertan joango naiz –gizonari hitz egin zion arren ez zuen begirada niregandik ezertarako aldendu.

–Kodak hil da –esan nion bakarrik gelditu ginenean. Ulertu ez duenaren aurpegia jarri zuen–. Kodak, gure zakurra.

Baietz egin zuen buruarekin, baina aurpegian igartzen zitzaion ez zuela sinisten Kodak hiltzeagatik nengoenik bere etxeko atarian gaueko hamaikak eta hogeian.

–Kamioi-hozkailu batek zapaldu du, badakizu, gurpil askotako erraldoi horietako batek.

–Sentitzen dut; zakur ona zen –esan zuen azkenik, eta pisua hanka batetik bestera aldatu zuen; besoek bular aldean gurutzatuta jarraitzen zuten. Nik baietz egin nuen buruarekin.

–Errua berea izan da, pozik zebilen azken aldian eta lasterka irteten zen auto guztien azpira, zaunka eta zaunka... Beno, jakiteko eskubidea zenuela pentsatu dut, azken finean zakurra biona zen. Gabon –bizkarra erakutsi eta autorantz ibiltzen hasi nintzen. Adi nengoen berak ere “gabon” erantzungo ote zidan, erne, baina ez zuen ezer esan.

Autoan sartu eta etxe aurrean jiratu nuenean Irantzu atean zegoen, eta ez zegoen bakarrik, gizonezkoak gerritik heltzen zion eta biak zeuden niri begira atentzio handiz.

* * *

Goizean ohetik jaitsi nintzenean, wisteria loretan zegoela ikusi eta oso ederra iruditu zitzaidan; aro bat bukatu zela konturatzen nintzen.

Lanera berriro, alaiago, hiztunago... denak konturatu ziren. Eta ni beste zerbaitetaz konturatu nintzen: berak, Irantzuk, nire urtebetetze egunerako erabakita zeukan hondartzako etxearekin geldituko zela; berak ezin zuen bakarrik ordaindu, baina nik ezetz esan nionean ere argi esan zidan etxearekin jarraituko zuela, beraz, tipo hori ezagutzen zuen eta, nire ezetza sumatzen zuenez, lehendik zeukan pentsatuta nire ondotik alde egitea eta tipo harekin bizitzen jartzea, etxea bien artean ordaintzea. Ez zen nire egoskorkeriagatik izan; ez zen nire errua izan; ez nuen ezer galdu.

–Politago zaude gaur, zer egin duzu ilean?

Monikak zergatik ez diot ostiko on bat jotzen potroetan aurpegia jarri, baina azkenean aurrera jarraitu zuen.

–Hilabete da ile-apaindegira azkenekoz joan nintzela –ez zen hitz egiten hasi niri bizkarra erakutsi arte.

Itziar lanera etorri eta handik pare bat egunetara berriro joan ziren elkarrekin hondartzara Mateo eta biak, baina jadanik ez zen lehen bezala. Itziarren begiak ez zeuden lehen bezala, Mateo etengabe bilatzen, ez zeuden urtu beharrean Mateori begiratzen zionean eta ez zen asko ahalegintzen disimulatzen. Mateo sekula baino erneago zegoen bere neska edozertan laguntzeko, begiak jaisten zituen apal Itziar edozer gauzagatik haserretzen hasten zela konturatzen bazen.

Berriro hiztuna nintzenetik gizaki bakarra baino ez nuen hitz egiteko: Mateo. Autobusez etortzen zen jatetxera, eguerdi aldera, eta bertan jaten zuen; gauean, sarritan, neronek eramaten nuen etxera jatetxea itxi eta gero. Asko aspertzen zenez, bizpahirutan joana zen osagilearengana alta eskatzera; zerbait egin beharra omen zuen, bestela buruan zituen arazoei bueltak ematen hasten omen zen, eta horrelakoetan ez omen zitzaion ezer onik otutzen.

Etxera eramaten nuenetan, normalean alde zaharrean gelditzen ginen trago batzuk hartzen, zukuak berak eta zerbezak nik, baina ez nintzen mozkortzen. Arazoek edatera bultzatzen ninduten eta era berean burua ez galtzera: hiru edo lau zerbeza edanda nituenean etxerako bidea hartzen nuen, inoren aholkuari itxaron gabe.

Alde zaharretik genbiltzan batean triste igartzen nuen eta esan nion Itziar ez zela itsasoko arrain bakarra –nor ote nintzen ni aholkuak emateko–, amua bota eta itxarotea baino ez zuela. Eta berak barre urduri eta lotsatien artean beste neska bat ere bazegoela aitortu zidan.

–Beste bat? Psikopata euskaldunen populazioa ugaltzearen ardura hire gain hartu al duk?

Bera edanda ez zegoen arren, nik banituen lau bat zerbeza gorputzean; barre egin zuen.

–Ez, ez, ez zagok ezer, baina gustatu egiten zaidak, bazeukak zerbait, ez zakiat nola esan... beno, hik ezagutzen duk.

Goizetan, jatetxera joan baino lehen, piercing-en erreginaren pubean hartzen omen zuen kafesne bat; Mateo lotsatiak eta zerbitzari mihiluzeak osa zezaketen bikotean pentsatzeak irribarrea ekarri zidan ezpainetara.

* * *

Gauza asko gertatzen ari zitzaizkidan uda hartan, eta horrek arriskuetan askorik ez pentsatzen laguntzen zidan. Hala ere egunero, lokartu baino lehen: bederatzi egun falta dira, zortzi egun falta dira, zazpi egun falta dira... eta horrela esaten nion neure buruari, edo buruak esaten zidan niri, auskalo.

Gutunaren ingurukoek sekulako beldurra eta ezinegona sortzen zidaten. Soinean eramaten saiatzen nintzen, eta ezinezkoa zenean autoan uzten nuen, maletegian, ondo ezkutatuta.

Une hartan nahi nuena gutuna eman eta dena bukatzea zen, nola edo hala bizitza konpontzea inongo pistolaren mehatxurik gabe, baina gutuna emanez gero geu izango ginen gutuna eta istorioa ezagutzen genituen bakarrak eta horrek arriskuan jarriko gintuen, dudarik gabe. Ander hil zutenei ez zien grazia handirik egingo gu istorio hori kontatzen joateak; bestalde, Anderrek gutuna eman izan balu bizirik egongo zen agian. Galdera gehiegi zeuden: Iñigok bere burua hil zuen, edo honi ere hiltzen lagundu zioten?

Gutuna ez emateak ordea arrisku bizian jartzen gintuen, hori argi nuen eta aukera hori ez zitzaidan burutik pasatu ere. Poliziei emanez gero, Fernando gaixoaren gorpua non zegoen ez genekienez, ez zen deliturik egongo eta guk gorriak ikusi beharko genituen gaizkileen aldetik.

Azalduko ziren eguna eta ordua jakinda, zerbait egin genezakeen. Armak erabiltzea aukera bat zen; nik noski ez nuen pistolarik, ezta pistola zuen inor ezagutu ere, baina gai nintzen eskopeta parea lortzeko. Herri txikietan mundu guztia da ehiztari, eskatzea besterik ez nuen. Arma hauek defentsarako ziren, eraso bat jasoz gero erabili beharrekoak geure buruak defenditzeko, edo, hobeto oraindik, aurrekoak kokiltzeko: agian armak ikusita ez ziren eurenak erabiltzera ausartuko. Armak biok erabiliz gero, ordea, ni garbi nengoen, baina poliziak ondo ezagutzen zuen Mateo eta agian ez zuten bere bertsioa sinistuko.

Gutunaren ingurukoak ezinegona sortzen bazidan, Irantzurenak ez gutxiago. Burmuinak, gelditzen zitzaidan zentzu apurrak, gurea bukatuta zegoela esaten zidan etengabe, baina ezin nuen berarekin igarotako uneak gogoratzeari utzi. Saltsa guztiei esnegaina botatzen nien eta hori berari asko gustatzen zitzaiolako zen; nik gozoegi uzten zituela uste nuen, batzuk behintzat, baina bera joan eta gero saltsa guztiei esnegaina botatzen jarraitzen nuen. Landare guztiak moztekotan ere egon nintzen mendekua hartzeko, baina kimatzeko artaziei heldu bezain azkar landareen erruaz galdezka hasi nintzaion neure buruari eta landareen hostoak laztantzen bukatu nuen, zakurraren burua balira bezala.

Lorik egin ezin nuen gau haietako batean, burua Irantzuren gauzetan nuen arren, zerbait etorri zitzaidan gogora: Iñigoren arrebak esan zuenez, auzune bereko ume guztiak beti batera zebiltzan, inurritegi bereko inurriak ziren, batek zekiena denek zekiten.

Ideiari bueltak ematen eman nuen gaua goizeko zazpiak aldera loak hartu ninduen arte. Esnatu nintzenean hamaikak ziren. Dutxa azkar bat hartu eta autoan sartu ondoren Bilborako bidea hartu nuen.

10

–Bai? –mahuka gabeko elastiko horia eta belaunerainoko prakak jantzita zituela agertu zen atean Iñigoren arreba; oinen artean hondartzara eramaten diren poltsa zabal horietako bat ageri zen. Bere bizkarrean musika ozena entzuten zen–. Alex! Jaitsi ezazu behingoz zarata hori edo zure aitarekin bizitzen bidaliko zaitut bihar bertan! –musika berehala jaitsi zen.

–Kaixo, ez dakit nitaz oroitzen zaren –arreta handiz begiratzen zidan–, Anderren laguna...

–A, bai, zer moduz? –kanpora irten zen eta atea itxi ondoren igogailua deitu zuen–. Zer moduz doa zure ikerketa, Ander hil egin zuten edo ez? –sentimendurik gabe hitz egiten zuen, eguraldiaz egiten den tonu berean.

–Barkatuko didazu baina zurekin hitz egin nahiko nuke berriro, bost minutu baino ez dira izango.

–Ni eguzkia hartzera noa, hor aurreko larrera, nirekin etorri nahi baduzu... –eta kokotsarekin aurrez aurre zuen horma seinalatu zuen.

Larrea ezponda txiki bat zen, autopistaren eta etxeen artean kokatua, natur oasia hiriaren erdian. Prunus gorriak, astigarrak, urkiak... denak gazte eta mehe. Zuhaitz gaztez osaturiko basoak ez zuen itzal izpirik ematen eta Iñigoren arrebak bi urkiren artean jarri zuen bere hondartza-poltsa; metro gutxitara, beste emakume bi zeuden.

–Kaixo, Olga. Berandu zatoz gaur.

–Bai, umearen arropa batzuk plantxatu behar nituen.

Emakume biek baietz egin zuten buruarekin eta Olga eta nire artean banatu zituzten euren begiradak; ez zuten ezer gehiago esan, nahikoa zuten begiratzearekin. Olgak toaila more bat zabaldu zuen eta gainean eseri zen.

–Beno, zer nahi duzu oraingoan?

Gure ezkerretara zeuden atso biek interes handiz jarraitu zituzten belar gainean esertzeko eta aldi berean eskuetan neraman papera ez zikintzeko egin nituen ahaleginak. Lortu nuenean hasi nintzen hizketan; ordurako Iñigoren arrebak eguzkitarako betaurrekoak jantzita zituen eta krema apur bat hedatzen ari zen bere beso beltzaranetan.

Papera luzatu nion, gutunaren atzealdea erakutsiz:

F AZILE NAEZTA

Jakin-min handiz hartu zuen eskuetan eta paperetik begirada altxatu zuenean galdera aurpegia zuen.

–Anderrek idatzi zuela uste dut –esan nuen–, eta agian zuretzat niretzat ez duen zentzuren bat izan dezake... Ez dakit, umetan-edo ez zenuten kode sekreturen bat erabiltzen zuen artean komunikatzeko eta mezua beste inork ulertu ez zezan...?

Berriro igo zuen orria begien parera.

–Gu ez ginen oso azkarrak, baina bagenuen kode antzeko bat, nahiz eta guk horrelako hitzik sekula ez erabili: atzekoz aurrera idazten genituen hitzak; hortaz, hemen idatzita dagoena, “F eliza atzean” litzateke.

Beste ezer baino lehen neure buruari errieta egin nion hain ergela izateagatik. Mila aldiz begiratu nuen esaldia; beste hizkuntza batean egon zitekeela pentsatu nuen lehendabizi, eta hogeitik gora probatu nituen liburutegiko hiztegiekin; letra batzuk beste batzuen tokian egon zitezkeela gero, eta horrekin ere orduak eman nituen; baina gauzarik arruntena, ume jolasa, ez zitzaidan burutik pasatu ere.

F-k “Fernando” behar zuen, eta ziurtzat eman nuen “eliza atzean” hitzek non lurperatu zuten esan nahiko zutela. Jadanik ez nuen dudarik: Anderrek hil zuen mutila, Iñigoren laguntzarekin. Den-dena jakin behar nuen.

Express-aren konponketaren fakturak zerikusia izan zezakeen honekin. Tokia ziurrenik haurtzarotik ezagutzen zuten, ez baita izen propiorik aipatzen; gainera, aparte samar egon behar zuen gorpu bati lurra emateko. Hau dena Olgari kontatu nion, eta toki baten izena eman zidan: san Kristobal baseliza.

Umetan bertara joaten ziren jolasean, erdi erorita zegoen baseliza baten inguruan; garai batean bidezidor estu bat baino ez zegoen bertaraino, baina urteak ziren bertatik agertzen ez zela, hamarkadak.

Informazio guztia nuela, Olgari eta bere bi lagunei agur esan eta aldapan behera abiatu nintzen. Ia ezponda jaitsita nuenean atzerantz begiratu nuen: Olgak niregana begiratzen zuen, eserita jarraituz bere lagunak etzanda zeuden bitartean. Eskua jaso nuen agurtzeko, baina berak ez zuen zirkinik egin, ez zen niregana begiratzen ari, begirada galdua zuen.

* * *

Egun pare batean ibili nintzen zer egin pentsatuz. Mapan bilatu nuen baseliza, eta atzamarrarekin hamaika aldiz egin nuen bertarainoko bidaia, baina ez nuen argi ikusten, bertara joan eta gorpua han egonda ere, nori egiten nion mesede. Fernando hilda zegoen, ez zen berpiztuko; bere amak, gorpua aurkitzen ez zen bitartean, esperantza izpi bat izango zuen, txikia bazen ere. Bestalde, nahiago nuen nire ilobak euren aita bere burua baino hil ez zuen gizon on bat bezala oroitzea, eta ez errurik gabeko mutil atzeratua garbitu zuen putakumea bezala. Azuak abokatu onak zituen eta ez nuen uste kasuarekin lotzen zuen ezer aurkituko zutenik bertan; bere izena zikintzea lortuko zen, baina ez zuen kartzelarik zapalduko, kartzelan sartu zezaketen denak hilda zeuden eta.

Arrebari deitu nion, norbaitekin hitz egin beharra neukan. Ordu erdi beranduago nire etxeko egongelan ginen, pertsianak jaitsita, coca-colak edaten.

–Badakit non dagoen gorpua, baina ez noa ezer egiten –arrebak ez zuen ezer esan, adi jarraitu zuen, eta nik ezer ez egiteko nituen arrazoiak azaldu nizkion.

Ez zidan ezer galdetzen, eta nik nola jakin nuen azaldu nion, baita gorpua non zegoen ere, gutuna aipatu gabe, badaezpada; hau da, orriaren alde batez baino ez nion hitz egin.

–Beno, ez didazu ezer esan behar?

Besaulkian mugitu zen ezeroso.

–Anderrek hil zuen emakume horren semea? Jakin beharra daukat –galderak bazuen boomerang baten itxura: neuri jaurtitzen zidan, baina bazekien bere buruaren aurka joango zela erantzuna.

–Ez dakit... –begira jarraitu zuen, erantzun baten eskean–. Bai, nik baietz uste dut, froga guztiek hori adierazten dute; berak edo Iñigok, baina biek zekiten zertan ari ziren.

–Emakume horrek badaki bere semea hil egin dela, hori argi du, baina toki bat nahi du bertara loreak eramateko eta bertan otoitz egiteko –baziren bost bat minutu bere senarra hiltzaile gupidagabea zela esan nionetik, eta on egin ziola ematen zuen.

–Kontatu nahi badiozu nik ez dizut galaraziko.

–Pena ematen dit emakume horrek, ez zaio ezer gelditzen mundu honetan.

–Kontatuko diezu zer egin zuen? –begirada edaritik jaso zuen une batez, harrituta bezala–. Umeei, esan nahi dut.

Ezetz egin zuen buruarekin erantzun aurretik.

–Aita ona izan da –berriro egin zuen ezetz buruarekin–. Ez, ez diet ezer kontatuko –begirada galdua zuen eta nik coca-colari trago bat emateko aprobetxatu nuen–. Agian hogei urte barru...

Bere autora sartzera zihoala eguzkitarako betaurrekoak jarri zituen, argi gehiegitik babesteko edo.

* * *

Ez dakit ondo zergatik baina azkenean joatea erabaki nuen. Autoa hartu eta bidean jarri nintzen. Mapetan ikusia nuen nondik jo behar nuen eta ez zitzaidan zaila egin. Zoru oneko errepidea laster bihurtzen zen pinuak jaisteko pista; hala ere, ez nuen arazorik izan baselizaren ondoan autoa uzteko.

Baseliza txiki-txikia zen eta berria ematen zuen, horrek esan nahi zuen berritu egin zutela azken urteetan. Barnean santu baten irudiak eta loreak, filodendroak, uste dut. Baseliza inguruan atso bat toaila baten gainean eserita, egunaren azken argi izpiak jasotzen; ez zen autorik ageri.

Baseliza inguruan zirkulu antzekoa osatzen belardia zegoen, eta honen bukaeran zuhaitzak. Pinudi barnean belarra eta txilarra ugari. Han ez zegoen hilobi arrastorik, baina bertan lurperatu bazuten, honezkero ez zen belarra besterik ikusiko...

* * *

Gainean neraman beti sakelako telefonoa, itzalita baina. Noizean behin piztu eta mezuak begiratzen nituen. Indar gutxiko aukera zela banekien arren, Irantzuren mezu bat hartzeko itxaropenarekin eramaten nuen soinean.

Taberna batean botila bat ur edaten ari nintzela piztu nuen eta Irantzuren mezuaren ordez poliziarena aurkitu nuen.

–Lekuko berri bat agertu da eta zurekin hitz egin beharra daukagu –mezuak ez zioen hori, ez hitzez hitz behintzat, baina hori zen mezuaren muina.

Hurbilen nuen komisariara zuzendu eta bertatik Indautxuko komisariara bidali ninduten, Zabalburura.

Aparkatzeko tokirik ikusi ez nuenez, bi gurpil espaloira igo eta bertan utzi nuen autoa. Boligrafo bat erabiliz komisarian nengoela jarri paper mutur batean eta kristalean itsatsi nuen. Gero, komisariarantz ibiltzen hasi nintzen.

Barnetik ireki zidaten atea, eta axuleiu urdinen gainetik pare bat urrats egin baino lehen ikusi nuen arreba. Oso dotore zegoen, soineko gorri bat zeraman, sorbaldetan bi tira mehek baino eusten ez ziotena. Eserlekuan aurreratuta eta zurrun zegoen, niri begira. Esku batekin soinekoari beherantz tira egiten zion, belaunetik behera luzatu nahian bezala.

–Dena kontatu diet, den-dena –zutik jarri zen ni hurbildu ahala.

Arrebak ez zekien egia osoa ordea. Arrebari esaldia orri solte batean irakurri nuela esana nion, Anderren paperen artean aurkitutako orri batean. Baina hasieran jaramon handirik egin ez nionez, fakturarekin batera etxean utzi eta deskuidoren batean zarama ontzian bukatu zuela. Beste guztia egia zen, Iñigoren arrebarekin izan nuen elkarrizketa barne. Arrebari gorpua non zegoen azaldu banion ere, ez nion gutunaz hitz egin, horrek Oihanaren marrazkiaz hitz egitera behartuko ninduelakoan, beraz poliziek nondik nekien nekiena jakin nahi izan zuten eta ni, dena kontatzekotan egon nintzen arren, ez nuen egin, egun batzuk falta zitzaizkigun Azuarekin bilera izateko eta nik kontatutakoarekin banekien ez zutela giltzapean jarriko; beldur nintzen.

–Honek guztiak zerbaiterako balioko al du?

–Mutila, Fernando, mendi horretan badago, aurkituko dugu.

Eta halaxe izan zen: Fernandoren hezurrak baselizatik hogei metrora aurkitu zituzten, pinudia hasi baino lehen, belardian.

Telefonoa zaintzen zuen poliziak eman zigun berria, irribarrea ezin ezkutaturik; handik bost minutura, uniforme gabeko beste polizia batek bulego batera pasarazi eta Anderri buruz hitz egiten hasi zitzaigun.

Ordura arte kontatu ez ziguten arren, Anderren heriotza hilketa kasua balitz bezala zeramaten. Erortzeko moduaz aparte, hilotzean bereak ez ziren ile batzuk aurkitu zituzten. Ileak berez eroriz gero garbi egoten ziren, baina borroka baten ondoren eroriz gero haragi zati mikroskopikoak zeuzkaten ertz batean itsatsita, eta horrela zeuden Anderri aurkitutakoak. Ileak kasuarekin zerikusia zuten guztiekin alderatu zituzten eta ADN frogak ezezkoak izan ziren. Ezagutzen al genuen guk ilearen ugazaba izan zitekeenik?

* * *

Lanak ez zuen behera egiten, eguerdi zein gaua beteta izaten jarraitzen genuen. Egun bi gelditzen zitzaizkigun Azua eta Carlosekin bildu eta orriak diruaren truke aldatzeko. Hilotzaren aurkikuntzak ez zuen ezer aldatu, edo nik behintzat ez nuen ezer igarri. Poliziak ez zuen atxiloketarik egin, ez ziguten berriro ezertarako deitu.

Eguerdia, beroa, nekea... Hirurak aldera, goiz etorritako bezeroak alde egiten hasten zirenean, gizon bat heldu zen jatetxera Opel Corsa zahar batean. Bera berrogeita bost urte inguruko burusoila zen, ez erabatekoa, baina bere bekokia asko luzatzen zen atzerantz, beso gihartsuak ageri zituen, eta gizaki ona zela iragartzen zuen bibote irribarretsu bat.

Mahai bat eskatu zuen eta bikote daniar batek erabilitakoa eman zion Itziarrek, garbitu ondoren. Ezer esan gabe eseri zen.

Birritan esan zien oraindik ez zuela karta ondo begiratu eta beranduago itzultzeko zer jan nahi zuen galdetzera joandako zerbitzariei. Aratz haserre ikusi nuenean, sukaldeko atera hurbildu eta karta arreta handiz aztertzen ari zen tipoa begiratzeari ekin nion; ez nuen ezagutzen: ez zen Carlos eta ezta Samuel ere. Lasai hartu nuen arnasa.

–Haserre egoteko arrazoiak ekarri ditu eta orain gurekin ordaintzen ariko da. Baietz esan guztiari eta ea ahalik eta azkarren joatea lortzen dugun –esan nion zigarro bat erretzen ari zen Aratzi; erretzea galarazita zegoen sukalde barnean, baina egoera kontuan hartu eta ez nion ezer esan. Berak zigarroa itzali eta jantokira itzuli zen.

Lehenengo platerean lapikokoa nahi zuela esan zion Aratzi: babarrunak, dilistak... edozer, baina lapikokoa. Aratzek kartan zegoena baino ezin zuela eskatu eta bezeroak lapikokoa behar zuela, berak gogor egiten zuela lan eta ondo jan ezean ezingo zuela oraindik gelditzen zitzaion lana burutu.

Neska sukaldera itzuli zen galdezka, eta nik, entsalada hotza deitzen genuen plater bati gehitzeko erabiltzen genituen dilista izoztu batzuk salda beroan bota, eta pare bat behi-haragi zati gehituz huraxe zerbitzatu genion. Ez zen kexarik izan. Bigarrenerako haragi-xerra eta patata frijituak nahi zituen. Haragi-xerratzat solomilloa jarri genion, hura baitzen xerratan ebakita genuen haragi bakarra. Postrerik ez zuen nahi eta horren ordez kafe hutsa eskatu zuen. Kafearekin batera Aratzek kontua eraman zion. Ordurako, jatetxean euren artean ingelesez hitz egiten zuen bikotea eta bera baino ez zeuden. Itziar joana zen, eta kontua eraman zionean Aratzi ere bertatik alde egiteko esan nion.

Mateo eta ni baino ez ginen jatetxean gelditu. Mateo eta Itziarren artekoa gero eta hotzago zegoen, ikusi besterik ez zegoen nola agurtzen zuten lehen elkar eta nola orain. Hondartza baztertuta zegoen ordurako, eta ohitura hartzen ari ginen biok jatetxean gelditzeko. Joan aurretik Monikak pitxer bete te egiten zigun, eta gero hozkailuan sartzen zuen izotz koxkor batzuekin. Bezero guztiak alde egindakoan sukalde atzeko terrazatxoan esertzen ginen te izoztua edaten. Lehenengo basokada hustuta nuela dilisten bezeroa etorri zitzaidan burura. Joder! Agian buelten zain zegoen. Azkar jaiki eta jantokira abiatu nintzen. Platertxoan kontua eta dirua zeuden. Kontuan dilistak saldan igeri entsalada hotza balitz bezala eta haragi xerra solomilloaren pare kobratu genizkion: berrogeita hamaika euro. Hirurogei utzi zituen platerean eta ez zituen bueltak itxaron. Bertan utzi nuen dena, batuko zuten neskek arratsaldean, itzultzean. Terrazara zuzendu nintzen berriro.

–Izotz gehiago eramango diat? –sukaldetik ari nintzen, eta erantzunik ez hartzean terrazako atea ireki nuen, izotzak eramateko erabiltzen genuen balde txikia eskuan.

–Jarri zaitez lagunaren alboan –eskuan zuen pistolaren kanoia niregana zuzendu zuen lehenengo, eta bere aurrean zegoen Mateorengana gero. Pistola baino txikiagoa zen, errebolberra.

Eskatzen zidana egin nuen. Pistola zekarren gizona dilisten bezeroa zen, baina berehala igarri nuen hura gehiegizkoa zela bederatzi eurogatik; beste zerbait egon behar zuen.

–Beno, orain papera nahi dut. Orri madarikatu hori nahi dut.

Mateok niri begiratu zidan.

–Zer?! Nola orria nahi duzuela? Ez daukat hemen; esan zure ugazabari oraindik egun bi gelditzen zaizkidala eta esandako orduan agertzen bada, eskaini zigunarekin agertzen bada, bere orria izango duela –haserreak berotuta berarengana hurbildu nintzen atzamarra aurreratua.

–Urrats bakarra egiten baduzu tiro bat sartuko dizut bekainen artean –ez zuen ahotsa igo eta horrek, begiradarekin batera, benetan ari zela pentsarazi zidan; nire oinetakoei begirada azkarra bota eta ziztu bizian atzeratu nintzen Mateoren ondoan jarri arte.

Hormaren aurka geunden gu biok, eta pistoladuna guregandik lau bat metrora, pistolaren ahoa guri begira zuela; orduan, gauza harrigarria gertatu zen.

11

–Mateo! Hau lehenbailehen konpondu beharra... –ez zuen esaldia bukatzeko astirik izan. Brastako batez atea ireki zuena, pistolarekin apuntatzen ziguna gure bistatik erabat desagertzea lortuz, Itziar haserretu bat izan zen. Arma bistatik galdu bezain azkar, Mateok, zalu, salto egin zuen Itziar barrura bultzatuz eta atea berriro itxiz.

Oso azkar gertatu zen dena eta, bat-batean, pistoladuna bi txori izatetik bakarra izatera pasatu zen. Niri begiratu zidan, errebolberrarekin apuntatzeari utzi gabe, eta ezer gertatzen ez zenez, dena isilik zegoenez, astiro eta noizbehinka pistola niregana zuzenduz, atera hurbildu zen. Orain itxita zegoen atera.

Eskua luzatu zuenean atea irekitzeko, hau kolpez zabaldu zen bera aurpegian joaz. Azkar, oso azkar, Mateok errebolberra eskutik kendu eta, luze gabe, gainean jarri zitzaion ukabilka jo eta jo. Lurrean gelditutako errebolberra hartu nuen eta besoa Mateoren gainean jarriz gelditzeko esan nion. Terrazaren kantoian jarri genuen, orain bera zen hormaren kontra zegoena eta gu armaren jabe. Nola zuen izena galdetu nion lehendabizi eta berak, atzamarra ezpain odolduetatik igarotzen zuen bitartean, “Ramon, Ramon Castro” erantzun zidan. Itziar ere atean agertu zen lotsati eta, egoerari antzemanda, guregana etorri, trosta arin batez Mateoren ondoan gelditu, eta haren eskua hartu zuen.

–Orain arte Carlos eta Samuel ezagutzen genituen, baina ez Ramonik. Ongi etorri, Ramon –esan nion txantxa doinua erabiliz–. Zuk ere kale, ez da pozik egongo X jauna bere gizonekin.

–X jauna? Azuari buruz ari zarete?

–Azua al du izena bere hitza betetzen ez duen putakume horrek?!

–E, e, lasai –eskuak altxatuak zituen, esku ahurrak geuri begira–. Ni ez naiz Azuaren gizonetako bat, ni Anderren laguna nintzen.

Mateo eta biok elkarri begiratu eta barrez hasi ginen; Itziarrek bioi begiratu zigun; beldurra irakurri nion begietan.

–A, bai? Zer zara, amildegitik behera bota zuten bere lagunetako bat?

–Ander nire laguna zen eta asko sentitu nuen haren heriotza –bi pauso eman zituen aurrera eta ukabilarekin bere bularrean jo zuen indartsu. Errebolberraren keinu batez berriro atzera egiteko agindu nion, eta berak, une batez pentsatu ondoren, atzera egin zuen eta apalago hitz egiten hasi zen–. Azuak Anderri bere aseguru-etxeko lokala eskaini zionean bere alaba bortxatu zuen putakumea garbitzeagatik...

–Nola zekien Azuak gutunarena? –tipo hark informazio asko zeukan, eta ni ateratzeko prest nengoen.

Ramonek barre egin zuen, gero bere eskuak aztertu zituen eta azkenik erantzuten hasi zen.

–Ongi da. Neronek esan nion. Iñigoren hiletan egon ginen elkarrekin; Ander damututa zegoen eta gutunaz hitz egin zidan. Poliziarengana jo nahi zuen, eta nik ezetz eta ezetz. Horrek bizitza hondatuko liguke, baina ez zegoen berarekin arrazoitzerik. Azkenik Azuarengana jo nuen, honek lokalarekin edo presionatuko zuelakoan, baina nik ez nekien hil egingo zuenik.

–Eta orain berak abisatu dizu zuri...

–Horrek ez du garrantzirik. Gutun horrek ez dio inori bizia itzuliko eta nirea hondatu lezake, nire bizitza eta Anderren memoria.

Denok gelditu ginen isilik une batez.

–Ez dut ulertzen –esan nuen azkenik, nahiz eta arazoa izan dena ulertzen nuela–. Hirurok zineten konforme ezagutzen ez zenuten gizaki bat hiltzearekin? –galdetu nion, eta jarraian Mateo begira nuela konturatu nintzen.

–Gu ez ginen hiltzaileak, baina dirua behar genuen, eta hamasei urteko neska bat bortxatzen duen tipoa putakume hutsa da. Gainera, Azuak azaldu zion Anderri tipoa gaztea zela, garaia eta indartsua, eta kontu izatea komeni zitzaigula. Horrek berotu egin gintuen, behar genuen koartada morala eman zigun.

–Eta Fernando garbitu zenuten –esan nion; nekatuta nengoen eta errebolberra behera begira neukan. Mateok dena jarraitzen zuen adi-adi eta Itziarrek begiak zabal-zabalik.

–Iñigo gu bakarrik ez uzteko etorri zen, baina bera ez egitearen aldekoa zen. Dirua behar zuen, besteok baino gehiago ziurrenik, eta Anderrek esan zion bere zatia emango ziola, ez zuela zertan etorri, Azuak usteko zuela nik eta Iñigok burutu genuela, baina hala ere etorri egin zen.

Mateok bere zapatei begiratu zien, gero astiro burua jaso eta, une batez, Itziar ikusi zuen, Ramoni begirik kentzen ez ziona. Ondoren berak ere Ramoni begiratu zion, edo atzeko hormari bestela.

Han ginen hirurok, ezer ez zioen Ramoni begira. Honek ere begiratu egin zigun eta barrea irten zitzaion.

–Eseri naiteke? –galdetu zuen irribarretsu; ordura arte makurtuta egon zen, terrazaren kantoian; inork ez zion ezer esan eta zumitzezko aulki ilunean eserita gelditu zen, eskuak belaunetan–. Zer gehiago jakin nahi duzue?

–Nork hil zuen, zuk?

Une batez serio jarri zen.

–Ander izan zen. Badakit nahiago zenukeela neu izatea, baina Ander izan zen –zigarro pakete bat atera zuen praken atzealdeko patrikatik; bi zigarro gorri baino ez zitzaizkion gelditzen, ondo zanpatuak; bat ahora eraman zuen, apur bat itxuratzen ahalegindu ostean, eta ezpain artean mantendu zuen itzalita, pizteko imintziorik egin gabe–. Esan ziguten tokian aurkitu genuen Fernando, eta ez zitzaigun askorik kosta furgonetan sartzea: pare bat gezur –zigarroa kendu zuen ezpainetatik, atxiki sakon bat eman ondoren bezala, eta berriro jarri zuen lehengo tokian–... neronek kontatu nizkion pare bat gezur. Gero, ezagutzen genuen toki batera eraman genuen; handia zen, esan ziguten bezala, baina lehenengo bultzakada eman genionean igarri genuen ez zuela arazo handirik sortuko. Negarrez hasi zen ume txikia balitz bezala, eta berehala ikusi genuen zerbait gaizki zihoala; tipo gogorra, ankerra izan balitz, errazagoa izango zen dena, baina han zegoen ehun kiloko erraldoia belauniko, ez jotzeko eskatzen, negarrez...

–Eta Iñigo? Zer egiten zuen Iñigok? –galdetu nion.

–Iñigok dena ahaztu, etxera joan eta dirua itzuli behar genuela zioen, Fernando gizajoak baino zarata gehiago egiten zuen.

–Zergatik ez zenuten hori egin? –oraingoan Itziar izan zen galdetu zuena, eta denok gelditu ginen une batez berari begira.

–“Hamasei urteko neska bat bortxatzeagatik hilko haugu! Larraitz bakean uztea baino ez huen, ergel hori!” esan zion Anderrek bat-batean oihuka, aurpegia haren aurpegira asko hurbilduz, eta orduan Fernandok banan-banan begiratu zigun: “Larraitz?” Inork ez zion erantzun, eta orduan berak, alkandorako patrikatik, bihotz ondotik, paper tolestu bat atera zuen: “Larraitz nire laguna da, egiatan”. Ander haren parera joan zen eta, ezer esan gabe, tiroa egin zion bekokian; Fernando zerraldo erori zen, patata zaku bat bezain astun. Gero, Iñigo oroitzen dut oihuka, ez inori ez ezeri bereziki, oihuka besterik gabe. Amaitu zuenean berak esan zuen: “Bukatu dezagun honekin lehenbailehen”. Zuloa egina genuen, Anderrek eta Iñigok hartu zuten gorpua eta nik palarekin estali nuen. Ez nekien eskuan zuena gutuna zenik Anderrek kontatu zidan arte.

–Zer esan dizu Azuak? Gutuna poliziari emango geniola?

–Ze garrantzi du horrek? Mutila hilda dago; ez nago horretaz harro baina, egiten duguna egiten dugula, ez da berriro biziko; bizitza bat hondatuta dago, zertarako hondatu gehiago? Kontua da heriotza honekin lotzen nauen gauza bakarra gutun hori dela, eta kosta ahala kosta berreskuratuko dudala.

–Horrek baino ez zaitu ardura? Eta errurik gabe garbitu zenuten mutila?! E?! –Mateok bere onetik irtenda ematen zuen. Itziarrengandik askatu eta pare bat pauso eman zituen Ramonengana; honek ez zuen zirkinik egin. Eskua jarri nion sorbaldan Mateori, bere izena ahoskatu nuen, eta bera jiratu egin zen arnasestuka, Ramoni bizkarra erakutsiz.

–Kafea prestatzera noa –esan zuen Itziarrek sukaldeko bidea hartuz, eta irribarrea zeramala ahoan iruditu zitzaidan. Urrutian jotako trumoiak dardarka jartzen zuen neska, lasai asko zegoen bi hiltzaileren eta sukaldari erdi ero baten artean.

Hirurok bakarrik gelditzean, Ramonek Mateo zirikatzeari ekin zion. Honek hasieran bizkarra erakusten zion, baina lehenengo hitzak entzun bezain azkar jiratu zen.

–Ez dizuet nire bizitza hondatzen utziko.

Eskuan nuen errebolberrera begiratu nuen eta ondoren zerura: estalita zegoen.

–A, ez? Eta zer egingo duzu ekiditeko? –Mateo gero eta haserreago zegoen Ramonekin.

–Beharrezko ikusten dudan edozer gauza.

–A, bai, ez duzu usteko beldurtzen gaituzunik, ezta?

–Zu ezin bazaitut beldurtu agian neskarekin egingo dut proba –irribarre egin zuen sukaldeko aterantz begiratzen zuen bitartean, eta horrexek galdu zuen Ramon.

Mateo azkar berarengana zuzendu zen, paparretik heldu eta, lurrera bota ondoren, indar handiz eta oso azkar, burua baldosen aurka jo zion, bere ondora ailegatu nintzenerako emanak zizkion hiru kolpe baldosen aurka. Iskanbilarekin terrazako mahaiak labain egin zuen atzerantz eta haren gaineko lorontzia zorura erori zen, mila zatitan hautsiz. Plastikozko aulki zuri batek ere hankaz gora bukatu zuen. Besotik heltzen saiatu nintzen, gelditzeko oihuak egiten nizkion bitartean, baina jadanik ez zuen ezer kontrolatzen; Ramon paparretik askatu gabe, gorputzaren mugimendu batez lurrera bota ninduen eta Ramonen burua baldosen aurka jotzen jarraitu zuen, ez dakit hogeita hamar segundoz edo minutu batez; zertxobait baretu zenean, Ramon paparretik askatu gabe, arnasestuka oraindik, albo batera begiratu zuen: Itziar atean zegoen esku batekin ahoa tapatzen, oihu egiteko gauza ez zela.

Ramonen buruak zoruaren aurka jo zuen lehenengo aldietan kolpe lehorra entzun zen, baina kolpeak ugaldu ahala gero eta bustiagoa ematen zuen hotsak, eta azken kolpeek zerbait gotorra ur putzu baten aurka jotzen ariko balitz bezala egin zuten soinu. Gelditu zenean, eta Itziar ikusi ondoren, niregana igo zuen begirada; Mateo altxatzen nuen bitartean, Ramoni paparretik heltzen jarraitzen zuen; gero bere eskuei eta arropei begiratu zien: odol-zipriztinez beterik; azkenik, Ramonen buruari begiratu zion eta, keinu azkar batean askatuta, begirada galduarekin, sukaldeko atea zeharkatu zuen. Itziar bere bidetik kendu zen eta ni Ramonengana joan nintzen. Hilda zegoen.

Begiak erabat irekita zituen eta bekainak gorantz jarrita, zerbaitek ezustean harrapatu balu bezala; buru azpian odol putzu bat zegoen, baina arropak garbi zituen.

* * *

Poliziari deitu eta berehala, Mateoren bila hasi nintzen. Ehun metrora zegoen baserrira eraman nuen Itziar, eta bertako sukaldean gelditu ziren laurogei urteko atsoa eta bere seme ezkongabea infusioak emanez eta hitz gozoak esanez, kontsolatu nahian. Noizbehinka semeak deitu egiten zidan, ez ote zen hobea ospitalera eramatea: ez zuen hitz egiten, ez zuen esaten ziotena ulertzen, baina nahiago nuen polizia agertzea eta haiek arduratzea.

Mateo jatetxearen ondoko larre batean zegoen, haitz batean eserita, alanbrezko hesiaren bestaldean.

–Mateo, entzun ezak: bertsio bakarra ematen badugu, ez haiz kartzelara joango.

Burua jiratu eta begietara begiratu zidan; triste zegoen.

–Burua galdu diat. Gelditu egin nahi nian eta besoek ez zidatean jaramonik egiten –burua jaitsi zuen, ezetz egin zuen buruarekin eta negarrez hasi zen, negar isila, eta ez zuen ezer egin matrailetatik behera erortzen zitzaizkion malkoak geldiarazteko–. Agian hobe diat giltzapean egotea, hobe niretzat eta hobe mundu guztiarentzat.

Begira gelditu zitzaidan, baina nik ez nekien zer esan eta, hamar bat segundoz horrela egon ondoren, begirada jaitsi zuen.

Isilik egon ondoren, bertsio bera izatea komeni zitzaigula azaldu nion, hau da, borrokaren unean Ramonek pistola eskuan zeramala esaten bagenuen, aukera gehiago izango zituen kartzela saihesteko. Ez zuen ezer esan, baina baietz egin zuen buruarekin.

Poliziaren argi urdinak jatetxera hurbiltzen ikustean burua jaso eta irribarre egin zuen.

* * *

Abdon Porte futbol jokalari uruguaiarra izan zen. Nacional de Montevideo taldean jokatu zuen lau urtez erdilari postuan. Ikusleek miretsi egiten zuten: gogorra jaurtiketetan, trebea baloia oinetan zuenean, azkarra baloirik gabe jokatzen... Lau urte haietan berrehun partida jokatu zituen Nacional taldearekin eta milaka txalo eta laudorio hartu zuen ikusleengandik. Baina lau urte hauen ondoren ordezko izatera pasatu zen, aulkian eserita ikusten zituen partidak, jadanik ez zuen txalorik entzuten, inork ez zuen kalean gelditzen bere abiadura ikaragarriaz hitz egiteko. Beste aukera bat eskatu zion entrenatzaileari eta honek eman egin zion, baina gauzak ez ziren lehen bezala joan. Motel zebilen, ez zuen pase on bat ematen, aurkariek ihes egiten zioten erraztasun osoz eta jendeak txistu artean hartzen zuen baloia ukitzen zuen bakoitzean.

1918ko uda bukaeran, Abdon Portek tiro bat jo zion bere buruari Nacional taldearen zelaiaren erdian. Gauerdian izan zen, argi guztiak itzalita zeuden eta inork ez zuen hotsa entzun. Goizean aurkitu zuten haren gorpua.

Eta Abdon Porte ezagutu ez nuen arren seguru nago txalo horiek ez entzuteak hil zuela, txistuek hil zutela. Egunkarietan Ramonena agertu zenean ez ninduen arduratzen kartzelara joateak edo jatetxearen hondamendiak, ez; arrebak zer pentsatuko zuen zen nire ardura, eta gurasoek zer pentsatuko zuten, herriko lagunek, Monikak eta baita Irantzuk ere; ez dakit zergatik, baina sarritan gogoratzen nintzen Irantzurekin, eta ezinegon handia sortzen zidan hiltzaile ankertzat hartuko ote ninduen. Gizakia piztia gregarioa da, taldeka bizi behar duen piztia, beste gizaki batzuen laguntasuna eta errespetua behar dituena.

* * *

–Esan diguzunez, gizona jatetxera pistola batekin joan, eta eskuan zuen pistola Mateo Urresti berarekin borrokan hasi zenean, ezta?

–Bai, hala da –hormei begira gelditu nintzen, bertan kamera ezkuturen bat ote zegoen antzeman nahirik; gelan ez zegoen ezer, mahai bat, formikazko bi aulki eta flexo batez aparte: ez ispilu faltsurik, ez leihorik, ez ezer. Ordurako beldur nintzen Mateok zer kontatu ote zuen.

–Lau hilabete daramatza gutxi gorabehera zurekin lanean, igarri diozu... –edozer gauza esan nahi zuen keinua egin zuen eskuekin.

–Langile aparta da eta denon laguna. Esan dizuet hamalau aldiz, ez badidazue sinisten galde egiozue Itziarri.

Galderak egiten ari zitzaidan poliziak besteari begiratu zion; nire etxean egona zen polizia bizkarrean nuen, adi eta isilik, hormaren aurka bermatuta, zutik.

–Galdetuko diogu, lasai, eta baita jatetxeko beste langileei ere –erantzun zidan hitz egiten ari zen poliziak.

–Nola dagoen jakin dezaket? Itziar esan nahi dut.

–Lasaigarrien mende dago, osagileen esku –horrek esan nahi zuen oraindik behintzat ez zituela nik esandakoak ezeztatu.

–Ez zaio ondoriorik geldituko, ezta?

Poliziak besagainei eragin zien.

–Harira –esaten hasi zen nire etxean egondako polizia atzetik irtenez, paper bat eskuan–. Zure ustez gertatu den guztia... –papera jaso zuen eskuekin eta bertatik irakurri zuen izena– Azua jaunaren errua da; gainera hilketa bat leporatzen diozu, eta bere alabari... ez dakit, ez dut oso ondo ulertu alabari leporatzen diozuna.

–Azuak Fernando, mutil atzeratua hiltzea agindu zuen bere alaba bortxatu zuelakoan, baina alabak gezurra esan zuela uste dut, edo gutxienez Fernandori gauzak erraztu zizkiola... Gutun horrek frogatzen du neskak, ziurrenik bere adiskideekin batera, barre egiten zuela mutilaren kontura –ahots nekatuarekin hitz egiten nuen, alde batetik nekatuta nengoelako, eta bestetik aintzat hartzen ez nindutelako.

–Diozun hori oso serioa da –eskuak bermatu zituen mahaian eta niregana makurtu zuen burua–, baina, zeuk aipatzen duzun gorpu horretaz aparte, beste bat daukagu guk, zure –atzamarrarekin bularra seinalatu zidan– jatetxean aurkitu dugu eta han agertu den errebolberrak –berriro seinalatu ninduen– zure hatz markak dauzka.

–Azaldu dizuet lehen, borrokarekin arma lurrera erori zen eta neuk hartu nuen. Zergatik ez dituzue Azua eta haren alaba bilatzen? Egiozue froga kaligrafiko bat eta berehala ikusiko duzue berak idatzi zuela gutuna. Gainera, Ander ere Azuak hil zuela uste dut.

Polizia biek elkarri begiratu zioten eta egun hartan ezagutu nuenak hitz egin zuen, buruan atzamarra erabili ondoren, azkura balitz bezala.

–Larraitz Azua AEBn dago, bertan ikasten omen du; epaile baten agindua beharko genuke, eta ez daukagu horretarako frogarik.

–Baina, gutun hori berak idatzi zuela baieztatuta ere, horrek ez du ezer esan nahiko, ez epaile baten aurrean –polizia biak ari zitzaizkidan hizketan, aitzakiak jartzen bezala.

–Beno, nik gertatu zena kontatu dizuet, nor den erantzulea, orain zuen lana da hau frogatzea, horretarako ordaintzen dizuete.

–Zuk kontatu diguzunarekin Perry Masonek ere ez luke ezer egingo. Hiru gaizkilek mutil bat garbitzen dute, eta gero, sei hilabeteren buruan, hirurak hiltzen dira. Eta gaizkileen buruak industria gizon bat eta beronen hamasei urteko alaba omen dira. Ederra pelikula!

12

Nahiz eta askatu ninduten arte ez oso ziur egon, biok hitzartutako bertsioari eutsi zion Mateok eta libre utzi gintuzten. Jatetxeak beste hogeita lau ordutan jarraitu beharko zuen itxita. Goizeko bederatziak eta hogeian telefonoa jo eta jo hasi zenean alde egin nuen etxetik. Ez nuen beste galdeketa bat jasango; gainera ama izan zitekeen. Autoa hartu eta bertatik urrutiratu nintzen.

Jatetxera joan nintzen. Dei batzuk egin nahi nituen, egoera nola zegoen ezagutzeko, jendea zer kontatzen ari zen jakiteko; beldurra kuriositatea bezain handia zen ordea, eta sakelako telefonoa ere itzalita izan nuen.

Jatetxean dena zegoen lasai eta bakean; plater batzuk atera nituen garbigailutik eta ardo zuri bat atera nion neure buruari. Ez nuen ardoa lasai hartu; bat-batean, alboko baserrikoak autoa ikusi eta galdezka etorriko zirela pentsatu nuen. Dena zen zailegia ezer ez zekienari azaltzeko. Autoa hartu eta bidean jarri nintzen berriro.

Pubean sartu bezain azkar ikusi nuen Mateo, eta bere ondoan, baina barraren bestaldean, piercing-en erregina. Buruak ia ukituan zituzten. Bezeroak sakabanatuak zeuden lokaletik: gizon bi billarrean jokatzen, hiru mutil gazte petako-makinan eta besteak barran. Ohi baino bezero gehiago zeuden eta ez nintzen harritu, barnean oso fresko zegoen eta kanpoan berriz bero itoa.

Ez zuen denbora askorik behar izan piercing-en erreginak ni han nengoela ohartzeko. Zertxobait esan zion Mateori eta metro batzuk harantzago zegoen bikote gazte bat zerbitzatzera abiatu zen. Mateok niregana jiratu zuen burua. Bere ondoan eseri nintzen eta elkar agurtu genuen.

–Egunkariek dena kontatu ditek: zer gertatu zen atzo eta nor naizen ni –esaldia bukatu bezain laster edalontzia estutu zuen esku artean; barnean edari horixka bat zegoen; abaildua ematen zuen.

–Beno, ez ditiat irakurri, baina askatu haute; horrek zerbait esan nahiko dik.

–Fidantzapean nagok; amak ordaindu behar izan dik. Nik ez diat ezer jakin kalera aterako nintzela esan didaten arte, bestela ez nioan utziko.

Kafesne bat eskatu nuen eta, zerbitzatu bitartean, neskak ez zion begirik kendu Mateori.

–Eta Itziar? –galdetu nuen azkenik. Barre egin zuen bere edalontziari begira.

–Itziarrek ez dik ezer oroitzen atzo gertatutakoaz, baina hala ere ez naik berriro ikusi nahi.

–Ez dik ezer oroitzen?

–Deika eta deika aritu nauk bere sakelako telefonora; azkenik bere amak hartu dik eta harekin izan diat hitz-aspertua. Jatetxera heldu zela omen duk oroitzen duen azkeneko gauza; bihar hasiko duk psikologo batekin eta, berak esan didan bezala, “denok eskertuko genuke berriro deituko ez bazenu”.

–Beno, gutxienez ez dik hire aurka deklaratuko epaiketan.

–Berdin ziok. Nork sinistuko nau? Behin tipo bat garbitu nian inolako arrazoirik gabe, orain bigarrena; nire ekintzen jabe ez nintzela demostratuta ere, birritan gertatu duk eta ezin diat ziurtatu ez dela hirugarrengoz gertatuko; hobe nagok barnean –edalontzikoari trago bat ematen saiatu zen, baina hutsik zegoen. Barraren bestaldeko lagunari keinu bat egin eta honek, ohi baino serioago, whiskia isuri zion edalontzian.

–Tomatea utzi duk.

–Orain denak berdin ziok. Giltzapean ez egoteagatik egiten nian, baina orain dena okertu duk.

Isilik gelditu ginen biok.

–Bazaukaat hemen gizaki normal bat bezala bizitzerik? Zer egin behar diat inork nire iragana ez oroitzeko?

–Ez zakiat ba, san Pankraziori errezatu?

–San Judasi.

–Zer?

–San Judas duk ezinezkoen patroia, ez san Pankrazio.

–A, ahaztua nian historia ikasi huela.

Berriro biok isilik edarien aurrean.

–Badakik zergatik den ezinezkoen patroia? –ezetz egin nuen buruarekin, baietz berak eta hizketan jarraitu zuen–. Bi Judas izan zituan Jesusen garaian: Judas Iskariote, Jesus saldu zuena, eta Judas Tadeo, santu egin zutena. Erdi Aroan jendeak horrelako gauzetan sinisten zian, eta gaixo bat izatean edo uzta ona biltzeko errezoan aritzen zituan egunero, bakoitza santu bati. Eskari gutxien hartzen zuten santuek aukera gehiago omen zeukatean erregua entzuteko, baina san Judas Tadeori ez ziotean errezorik egiten, beste Judasek, Iskariotek, entzungo zien beldurrez; hortaz, beste santu guztiei errezatu ondoren egiten ziotean errezo san Judasi, aukerarik gelditzen ez zitzaienean, eta horregatik bihurtu zuan ezinezkoen patroi.

Bertatik joan baino lehen, edozer gauza gertatuz gero abisuan izateko eskatu nion Mateori. Atetik irten baino lehen, berriro ikusi nuen piercing-en erregina bere aurrean burua makurtzen.

* * *

Telefonoa piztu eta deiak begiratu nituen: ama; Monika; ama; kazetari bat; ama. Monikari deitu nion eta, gozo-gozo, nola nengoen galdetu zidan.

–Eta besteak? Nola daude besteak? –galdetu zuen gero. Denok ondo antzean ginela esan nion.

–Beno, ondo da. Horretarako baino ez dut deitu; badakizu, zerbait behar izanez gero...

Alaba bat zuen eta lana dirua behar zuelako egiten zuela pentsatzen nuenez, astebete barru berriro irekitzeko intentzioa nuela jakinarazi nion, baina lanera beste nonbaitera joanez gero ere ulertuko nuela. Ez zuen pentsatu beharrik izan: astea oso ondo etorriko zitzaion alabarekin denbora gehiago egoteko, eta nirekin jarraitzeko asmoa zuen. Hunkitu egin nintzen, baina ez nion erakutsi.

Etxera itzuli nintzen nora joan ez nuelako. Patata frijituak eta pare bat arrautza, a ze bazkaria sukaldari batentzat. Gero, pinudi ertzean etzan nintzen, pinu zahar baten itzalean; bero larregi egiten zuen. Ezin nuen lorik egin eta eseri egin nintzen pinuaren sustrai biren artean, baina eserita egoteak, esna egoteak, pentsatzera behartzen ninduen eta berriro etzan nintzen; begiak itxi eta, logurarik ez izan arren, loak hartzeko agindu nion neure buruari.

Motor baten burrundarak iratzarri ninduen. Eserita gelditu nintzen lepoa luzatuta errepideari begira. Azua edo bere gizonen bat izan zitekeen; ez nuen uste agertuko zirenik, azken finean horrek kasuarekin lotuko zituen polizien aurrean, baina nork daki, agian ero samarrak ziren, edo erabakita zeukaten gehiegi zekien tipoa bidetik kentzea. Autoa zuhaitz artetik zihoan eta, ikusteko aukera izan bezain azkar, ezezaguna eginez gero basora ihes egitekoa nintzen.

Basoa bukatu eta larreak hasten ziren unean ikusi nuen autoa eta berehala ezagutu nuen nire koinatuak umeak toki batetik bestera eramateko erabiltzen zuen auto familiarra. Mesfidati, etxerantz hurbildu nintzen. Baina ez nintzen bistara jarri arreba autotik jaisten ikusi nuen arte.

–Nola zaude? –jakin nahi izan zuen ikusi bezain laster. Ondo nengoela esan nion. Etxeraino etorri zen gurasoek deitu ziotelako: jatetxean gertatutakoa jakin zuten eta deika ari ziren arren inork ez zien telefonoa hartzen.

–Pirinioetara joan zarela esan diet –esan zidan ahul.

–Eta sinistu egin dizute?

–Une honetan edozer gauza sinistuko lukete zutaz.

* * *

Eskandaluak negozioa hondatuko zuen, jendeak ez zuen bazkaltzera joan nahiko bezeroak garbitzen zituzten jatetxe batera; gainera, irekitzekotan ere ez nekien langileek zer egin nahiko zuten. Monikak esana zidan etorriko zela; Itziarrek ziurrenik ez zuen ezer jakin nahiko jatetxeaz edo bertako langileez; Mateok, auskalo zer egingo zuen Mateok...

Hala ere ireki egin behar nuen, Monikari agindu nion. Pare bat hilabeteko epea emango nion neure buruari, eta, gauzak gaizki joanez gero, utzi egingo nuen, jatetxea saldu eta beste norbaiten jatetxean lanean jarri. Horrek ez ninduen ikaratzen, nire etorkizun profesional edo ekonomikoak ez zidan inolako beldurrik ematen.

Mateori deitu nion, baina itzalita zuen eta nahiago nuen mezurik ez uztea; azalduko zen lana egin nahi bazuen. Langile berriak lortzen zizkidan Lurdesi deitu eta pare bat zerbitzari eskatu nizkion. Lurdesek, edo ez zekien ezer edo ez zuen ezer aipatu nahi: agindu niona baino ez zuen egin, eta horrenbestean pozik.

Ahotsa ere dardarka nuen Monikari jatetxeko ateak ireki zitzala esan nionean.

* * *

–Ihes egin du, ezta?

Mateo ez zen behar zen egunean epaitegian aurkeztu, poliziek atxilo hartzeko agindua eman zuten eta ni Mateoren amarekin ari nintzen hizketan. Mezu bat utzi zidan, oso abailduta ematen zuen eta deia erantzun nion.

–Zuk beste dakit eta ez dut uste inork gehiago jakingo duenik.

–Itziar?

Ezetz egin nuen buruarekin, nahiz eta telefonoz ari nintzen.

–Jatetxekoa gertatu zenetik ez dute elkar ikusi. Gainera, Itziarrek bere amaren bitartez jakinarazi dit ez duela nire jatetxean berriro lanik egingo.

Segundo batzuez Mateo Urrestiren ama arnasa hartzen entzun nuen telefonoaren bestaldean.

–Ondo egin duela uste dut. Hemen ez luke aukerarik izango. Eta niri ezer ez esatean ere ondo egin duela uste dut: ez nion joaten utziko. Ez zizun ezer komentatuko, ezta?... Afrikako iparraldea, Hego Amerika, Europako ekialdea...

–Ez –barre egin nuen–, baina zerbait jakiten badut ziur egon enteratuko zarela.

–Ez da erraza eskean ibiltzea –gehitu zuen segundo batzuk isilean eman ondoren–, baina non egin baneki, hori ere egingo nuke –barre urduria irten zitzaion.

* * *

Gure jaioterriko hilerria txikia da, txukuna eta lorez betea urte osoan. Aldapa batean dago eta, oraingo hilobiak horman eginiko zuloak baino ez badira ere, Ander gure familiaren panteoian sartu zuten. Arrebak hilarri bat agindu zuen hilobirako eta aitona-amonen ezkerretara jarri zuten. Hilarria jarrita egon zenean, bakarrik joan nahi ez zuenez, neronek lagundu nuen arreba hilerrira.

Hilarria marmol beltzezkoa zen, eta zeru lainotuak pasatzen uzten zuen argiak lagundu egiten zuen hura ederrago ikusten; letrak urre kolorekoak ziren, baina berehala ikusi nuen zerbait arraroa zegoela bertan idatzita; arrebari begiratu nion.

–Ezkonbidaian ikusi genuen, Estonian; han senar-emazteak elkarrekin hilobiratzen dituzte, hilobi bat eta hilarri bat bientzat. Anderri oso polita iruditu zitzaion orduan.

–Baina zu bizirik zaude; zer egiten du zure izenak hor?

–Hori da ohitura Estonian: bietako bat hiltzean bestearen izena ere jartzen dute. Eurek uste dute bietako bat hiltzean, neurri batean behintzat, bestea ere hil egiten dela.

Oraindik uda zen arren, ez dakit zergatik, trajez jantzita joan behar nuela pentsatu nuen; arreba, ordea, kotoizko soineko arin batekin joan zen. Hanka bat Alberto Larrañaga izena zuen norbaiten hilobiaren gainean jarri nuen gorbataren korapiloa laxatzeko.

–Gehien harritzen nauena ez da zure izena hor ikustea –korapiloa erabat askatu eta gorbata zintzurretik kendu ondoren jakaren patrikan sartu nuen; izerditan nengoen–. Poliziarengana joan zinen eta zure senarra hiltzailea zela demostratu zenuen, baina gero bere hilarrian zure izena jartzea nahi duzu; ez dut ulertzen.

Lurrera begira hasi zen hizketan, eta gero begirada altxatu, niri sekula begiratu ez zidan arren.

–Egin zuena gaizki dago, baina ez zuen beragatik egin, ez bakarrik behintzat, nigatik eta umeengatik ere egin zuen. Eta ez litzateke bidezkoa izango bakarrik uztea. Erratu egin zen, baina nor ez da erratzen?

Hilerriaren ostean kafetegi batera joan ginen eta, oraindik ez ginenez autopsiaz hitz egiteko gai, Mendaroko txokolateaz hitz egin genuen. Berari ere kontatua zion, baina ez zion sekula esan berarekin joango zela bertara.

–Ez zen sekula itzuliko. Aitzakiak jartzen jarraituko zuen –esan zidan–. Ez zen sekula itzuliko bazekielako orain jango zuen txokolatea ez zitzaiola hamar urte zituenean jan zuena bezain gozoa irudituko.

Erabaki handiz hitz egin zuen eta ni pentsakor gelditu nintzen, horrekin zer esan nahi ote zuen asmatzeko ahaleginean.

* * *

Hemen kontatu ditudan gertakizunak nire bizitzako uda bat bete zuten, baina handik bederatzi hilabetera berriro eguzkiak indarra hartu, fruituak gorritu eta uda itzuli zen.

Egunkariek heriotza hauei buruz hitz egin zuten, eta Azuari egunkarietan irteteak kalte egin omen zion negozioetan, baina negozioekin jarraitzen du. Enpresa bateko zuzendaritza utzi behar izan zuen, baina akzioen gehiengoa izaten jarraitu zuen.

Arreba komisariara joan eta, batez ere, Ramonen heriotza gertatu eta gero ez zuen zentzurik gordetzeak eta eman egin nien gutuna poliziei; horren ostean segurutzat ematen nuen Azuaren berri izango genuela, besterik ez bazen mehatxuren bat, baina ez da horrelakorik izan; ez dugu haren berririk ezertarako izan eta epaitegian elkarrekin topo egin dugunean ere ez ikusiarena egin du.

Jatetxea sekula baino hobeto ibili zen epaitegiz epaitegi ibili ginen udazken hartan, eta bezeroak, ni jantokitik agertuz gero, buruak elkarrengana hurbildu eta marmarka hasten ziren, niri begirik kendu gabe. Uste dut orduan modan izan ginela eta mundu guztiak hitz egiten zuela nitaz, laguna bihurkin batekin hil zuen sukaldari eroaz, atzeratu bat hiltzeko bere aita konbentzitu zuen hamasei urteko neskaz eta abarrez, baina jendea noizbait aspertu zen eta udaberrirako gure betiko martxan ari ginen, bezero kopuru normalaz.

Carlos da giltzapean dagoen bakarra. Poliziak Anderren hilketa leporatu zion, ileak froga, baina berak ezetz eta ezetz. Ez zuela Ander ezagutzen eta ez zuela hil; are gutxiago inork agindu zionik hiltzea. Azaldu digutenez, gutxienez urtebete igaroko da epaiketa egin arte, eta ez du ematen Carlosek Azua inplikatuko duenik.

Larraitz, Azuaren alaba, gutuna zela-eta deitu zuten epaitegira. Belaunerainoko gona ilunaz eta jertse berdeaz agertu zen, bere aitaren besotik, eta kontu handiz igo zituen epaitegiko eskailera mailak, ikara begiekin. Onartu zuen gutun hori idatzi ziola Fernandori eta erdi txantxetan zela ere bai, baina ez inongo bortxaketarik edo haurdunaldirik. Froga kaligrafikoak argi utzi zuen gutuna berak idatzitakoa zela. Libre irten zen kargurik gabe.

Dena argitzen joan zenetik duda bat izan nuen: zergatik utzi zuen hain gauza larria Azua bezalako marrazo batek antzeko ezer sekula egin ez zuen Anderren eskuetan? Buelta asko eman diot denbora honetan gaiari eta erantzuna bere alaba dela uste dut. Bere alaba babesten ari zen, beldurra ematen zion bere gizonek zerbait eginez gero, Fernandoren haritik tiraka bere alabarengana helduko ote ziren.

Arreba aspertuta zegoen urtebete epaitegietan eman eta gero, eta abokatuari iragarri zion ez zela gehiago joango behar-beharrezkoa ez bazen. Behin, gaueko ordu bietan deitu zuen nire etxera, ea gaizki irudituko zitzaidan Anderren hilketaren epaiketara gehiago agertzen ez bazen. Umeak oso ondo, nola bestela, Irkus gero eta lodiago. Arreba arduratzen da berea ere baden hilobian loreak sekula falta ez daitezen. Aseguru-etxeak ez dio Anderri beste ematen, baina bai lasai bizitzeko lain.

Fernandoren amak ere izan zuen loreak nora eraman eta horrekin konforme zegoen, ez zuen besterik eskatzen. Noizean behin arrebarekin egiten du hitzordua eta kafe bana hartzera joaten dira biak. Atsoak Fernandori buruz hitz egiten dio noizbehinka, baina arrebak ez dio sekula Ander aipatzen.

Irantzu? Esamesa batzuk baino ez zaizkit heldu: hondartzako etxean jarraitzen duela baino ez dakit.

Bakarrik bizitzen jarraitzen dut eta orain pare bat aste etxea erosteko eskaintza bat luzatu diot ugazabari. Ez dakit zer erantzungo didan.