KARLOS SANTAMARIA
ZENARI ESKAINTZA

Zorionekoak Bakegileak! (Mat. V, 9)

Karlos Santamariaren izena ez zitzaidan arrotz, sorterritik urrun ikasten nenbilen 1945-1955 urte haietan, “Donostiako Solasaldi Nazioartekoez” eta haien zuzendariaz anitz aipu baitzen bazterretan. Gizona bera ordea ez nuen egundaino ez aurkitu ez mintzatu. Ontsa gogoan dut bada noiz eta non nuen ikusi eta entzun lehen aldikotz, “Gerlaz eta Bakeaz” Paueko hirian eman zuten Frantziako Aste Sozialean izan baitzen.

Orduko Santamariaren hitzaldi hura berrirakurri nahiz bilatu ditut Pauen, 1953an eman ziren Frantziako XL. Aste Sozialen aktak. Badira hor teologo, soziologo, legelari, irakasle jakintsuen hitzaldi interesgarriak, baina gure adiskide zenaren hitzik ez.

Eskatu ditut beraz Baionako udal liburutegian orduko egunkariak eta hona non, 1953ko uztailaren 27an, Basque-éclair egunkariak emaiten dizkidan, astelehenarekin, aitzineko ostiral arratsean Paueko Casinoan egin den biltzar nagusiaren berri xeheak: hor aurkitzen ditut, jakina, Feltin kardinalea eta Terrier, Theas, Urtasun apezpikuak, hor ere Robert Schuman, Bruno de Solages, Joseph Folliet, Hubert Beuve-Méry, Edmond Michelet, eta beste zenbat politikari, kazetari, pentsalari ezagun!

Bilkura horretan entzun ziren solasen artetik bereizten ditut lehenik Europa berriaren aitak berak, hots, Robert Schumanek bota zituen hitz hauek, adierazten baitute, argi eta garbi, nola gerlaren esperientziak erakuts diezaiokeen gizonari bakearen bidea: Ezin du nehork zaindu bere burua gerlabidez; atzoko etsaiekin bakea behar da eraiki. Gure herriak baketu nahi badira, borondate onezko hitzarmenak ez dira aski; mendeku tentaldietan ez erortzeko beste biderik hartu behar da. Bakea eraiki behar da, gero beti han bizitzeko etxe bat eraikitzen den bezala.1

Eta ordurako bi mundu gerla bizi izan zituen belaunaldiaren izenean aitortu zuen ministro bakegile handiak jarraian: Guk, gure aldetik, onartu dugu uko egin behar geniola gure soberaniaren apur bati eta, besteek beren aldetik, berdin egin dute. Ez da gehiago amets hutsa, Europako Erkidegoa badabil, Ikatzaren eta Altzairuaren Erkidegoa alhan da. Briand-ek proposatu zuena eta onartu ez zena, orain bete da.

Orain gogoratzen zaizkigun Robert Schumanen solas horien aldean jar ditzakegu beste hauek, bilkura berean Karlos Santamariari entzun genizkionak eta kazetariak bildu zituenak. Ez diete zorrik aitzinekoei. Hona hitzez hitz zein diren: Ez da gehiago Piriniorik! Zorigaitzez, mugak beti hor daude: zikoizkeriaren, elkar ezin-adituaren, ezin-ikusiaren mugak bereziki. Kristauek ez dute beraz gerraren aurka nazioarteko frontea eraikitzen ahal?

Ez dugu kristautasunaren eraginkortasun tenporalean aski sinesten. Maitasunaz anitz hitz egiten bai, baina gerra prestatzen artoski. Katolikoak dira menturaz beren katolikotasunaren barnean hertsiegiak, beren Elizaren unibertsaltasunean osoki arrotz egonak. Bada hor egiazko kristau gerrazaletasun bat, gerra santuaren izpiritu gaizto bat, dioena: “Gerra, borondate txarreko gizonei!”

Mende honetako eskandalu nagusia hauxe besterik ez da: Kristautasuna kristauentzat utopia bat dela, utopia handios bat. Kristaua hertsatzen duen grinarik saminena zer da? Ea indarraren erabiltzea zilegi ote den jakitea. Beharrik hor baitugu maitasunaren indarra!2

Ez dakit lerro horiek aurkitzen direnetz maisuaren obra osoa biltzen ari diren liburukietan, baina uste dut merezi dutela hor sartzea. Haren belaunaldiak egin bi mundu gerlen ondorioak atera zituen Robert Schumanek. Gisa berean, Santamariaren solasek irakusten dute Euskal Herriak jasan berri zuen gerla zibilaren irakaspenak atera zituela pentsalari donostiarrak. Baina nork orduan, erran nahi dut 1953an, eta gerraosteko urte nahasi haietan, entzun eta onar zezakeen haren dei kartsua?

Karlos Santamaria bera nehork bezain ongi ezagutu duen Joxe Azurmendik argitaratu du Oraingo gazte eroak titulupean,3 50-60ko hamarkadan Euskal Herriak bizi izan duen problematikaren analisi sakona. Liburu hori lagungarri gerta dakiguke Paueko hirian gure adiskide zenak eman hitzaldiaren ulertzeko.

Joxe Azurmendik alabaina, bere liburu horretan biltzen dizkigu Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Eugenio Agirretxe ala Orixeren idazkietan, Francoren garaiko katolikotasun espainolak Euskal Herrietan sortu zituen amorruaren eta etsipenaren lekukotasunak. Eta ondorioz honela ikus dezake orduko elizaren egoera: kultura eta bizitza publiko guztia berak osatzen zuen euskal-gehi-frankista-eliza hori, bere barruko kontraesan horrekin gatazkan, bere buruarekin borrokan, aurkituko da geroz eta gordinkiago.

Laster etorriko da belaunaldi berria, ez bakarrik sinesgarritasunik ez zuen eliza baina eliza oro arnegatuko duen belaunaldia: “Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu!” Zeruko Argia-n idatziko duen Rikardo Arregiren, eta Jon Mirande, Gabriel Aresti, Federiko Krutwig, Mikel Lasa edo Txillardegiren belaunaldia.

“Gazte ero horiek” ikasi zuten, eta sinetsi demokrazia, eliza ala ebanjelioak erran, Historian indarra dela arrazoia, nahiz kontrastez Karlos Santamariak ahaleginak egiten zituen, etsipen ilun horri buru eginez, bere ikasleei erakusteko politikoki zuzen jokatzea, moralagoa ez ezik, historian efikazagoa ere badela, luzarora.

Zorigaitzez, erranen du oraino Azurmendik, Euskal historiarik ez genuen apenas ezagutzen. Ez eta gerra zibilekoa ere: iraganik gabekoak ginen. Eta ondorioz, Europan gazte guztien iragana bera zela sumatzen zuten gazte lagun horiek: Voltaire eta Marx, Unamuno eta Kierkegaard…

Bide horretatik, beren haurtzaroko eliza hertsiari eta kultura zaharrari ihesi, belaunaldi berriak aurkitu zituen Iparralderantz Albert Camus, Jean-Paul Sartre, Simone de Beau voir eta Pariseko iraultza prestatzen ari ziren profetak. Baina profeta berri horiek, jakina, ez zuten neholako etikarik nehori “inposatu” ez idatzi ere nahi. Alta bada, etikarik gabeko politikarik onar eta eraman ote dezake herri batek, politika xede berri bati lotzeko garaietan gertatzen delarik, 60ko hamarkadan, hain zuzen, gertatu zen bezala gure Herria?

Eta hona non Joxe Azurmendi datorkigun liburu batekin, guhaur ere gaztetan barna inarrosi gintuena eta duela zenbait aste oraino, den bezala erraiteko, ilobaso gazteago batek, Itxaro Bordak berak goraipatzen zidana: L’enracinement 4 edo “Erroak eginez” gaia duen liburua. Horren egilea, Simone Weil (1909-1943) andre judu eta kristau pentsalari sakon eta bipila zen. Santamariak maiz aipatzen omen zuen.

Gero jarraian, beste bi pentsalari garrantzitsu, Simone Weilen ildo beretik datozenak gomendatzen dizkigu Azurmendi adiskideak: bat Hannah Arendt (1906-1975) judu aleman ikerlea, Totalitarismoaren Iturriak aztertu dituena,5 bestea Emmanuel Lévinas (1905-1975) pentsalari judu lituaniarra, Etika eta Infinitua idatzi duena6.

Eta orain, gure ondoko belaunaldiak duela berrogeita zenbait urte ireki zuen frontea hestera doalarik eta agian egiazko bake zuzen eta iraunkor bat eraiki beharretan gabiltzalarik Euskal Herrietan, badut uste Karlos Santamariaren eta berak miresten zituen pentsalarien hausnarketak eta aholkuak kontuan hartzekoak ditugula baitezpada.

Baina banuen ere Parisen lagun on bat, zorigaitzez gazterik joan zitzaiguna, Michel de Certeau, jesuita argia (1925-1986): Bortizkeriaren mintzaira izeneko kapitulu bat idatzi zuen, La culture au pluriel deritzon liburu aberats batean.

Gure bakebideetan baliagarri dituzkegu oraino harenganik hartzen ditudan gogoeta hauek: Bortizkeriatik ezin bereizia da sortzea. Badakigu engoitik gure inguruko ordena eta legezko estatutu guztiak odolean sortuak direla, gero beraiek hori ahantzarazi nahi badigute ere. Bizkitartean bortizkeria oro espresabidearen mailan gelditzen da, protestaren hiztegian. Egia da aldakuntza baten beharra adieraz dezakeela: ikusgarriak maite dituen gizartea lehenbizian inarrosiko du, baina ez irauliko eta, garaiz, leku egin behar dio eztabaida politikoari.

Badu funtsean politika egiazkoak, bera ez den eta bereganik at hazten den obra baten alde lankideak erakartzeko indarra, eta edozein ikusgarrik nehoiz izanen ez duen eraginkortasuna.7

Nola ez ikus azken hitz horiek eramaten gaituztela, zuzen-zuzena, Santamaria hainbeste kezkatzen zuen fedezko eta zuzenbidezko politikaren “eraginkortasun tenporalera”.

Eta badakigu zein zen, Karlos Santamaria “Pax Christi” kristau mugimenduaren idazkari zintzoarentzat, politika egiazkoaren oinarria: hura baitzen eta hura baita, “Bakea Lurrean”, Pacem in Terris Joanes XXIII.a aita sainduaren gutunak lehen mailan jartzen duen giza duintasunaren errespetu absolutua, hots, 1948ko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak aldarrikatu zuen duintasun hura bera.

Aldarrikapen horren berrogeita hamargarren urteurrena ospatu zen egunean, hain zuzen, “Deklarazioaren aita” izan zenari, René Cassin gure herritar handiari, eman ziolarik Bakearen Saria, Aase Lioanes andereak, Nobel batzordearen buruak erran zuen: René Cassin irakasle jaunaren bizia eta obra zuzendu duen printzipioa izan da Gizonaren duintasunari, bere nazionalitate, bere arraza, bere erlijio, bere sexu, bere graduaren gainetik zor zaion errespetua.

Alta, zenbait urte lehenago, René Cassin jaunaren ikusten izanik, bere Pariseko etxean, euskal aterpetuen alde arartekotasun eske, segur gogoan dut zer harrera gozoa egin zidan, euskal herritar gisa, baina ez dezaket ere ahantz nola berak aitortu zidan giza eskubideen alde aspalditik zeraman gatazkan, estatuen boterea izan zuela beti partida.

Horra zergatik, beste aldi batez, giza eskubideen bermatzekotz Europaren batasunaren garrantziaz mintzo zelarik, gure herritar ospetsuak erran zuen: Estatuen botere handiegia behar da murriztu eta herrialdeen boterea indartu. Baina ikusten dut estatu-nazioen boterea indarrean dagoela: Errusiak XVIII. mendeko ideiak muinetaraino buruan sartuak ditu, hots, Estatu soberania absolutuarenak. Eta erran behar dut de Gaulle jeneralak ideia berberak dituela. Independentziaz mintzo delarik, mugarik gabeko independentziaz mintzo dela.8

Alta, nehork ezagutzekotz Charles de Gaulle, René Cassinek zuen aspaldian ezagutzen.

Urteen buruan, Mao eta Franco, De Gaulle eta Cassin, denak joanak zaizkigu, nahiz ondotik etorri diren estatuburuek ez duten oraino bakea finkatu ahal izan, ez mundu zabalean, ez eta Europa berean.

Bizkitartean beti bakebide izan behar duen politikaz eho dudan saio xume hau Karlos Santamaria donostiar bakegile handiari eskaintzean, egoki iduritu zait bi bakegile ezagunen, Joanes XXIII.a aita sainduaren eta René Cassin Euskal herritarraren aipamena egitea.

Baionan egina, 2003ko martxoaren 1ean.

 

 

1 “On ne se protège pas par la guerre. Il faut construire la paix avec les ennemis d’hier. Si nos peuples veulent la réconciliation, les pactes de bonne volonté ne suffisent pas à arrêter les tentations de revanche. Il faut changer de méthode. La Paix doit être construite comme un édifice qu’on édifie pour être habité toujours.

Nous avons reconnu la nécessité de renoncer à une parcelle de souveraineté; les autres aussi. Ce n’est plus une vue de l’esprit: une communauté européenne fonctionne, celle du charbon et de l’acier. Ce que Briand avait proposé et dont on n’a pas voulu s’est réalisé”. (Robert Schuman, in Basque-Eclair, Pau, 27/07/1953)

2 “Il n’y a plus de Pyrénées! Hélas les frontières sont là encore, surtout des frontières d’égoïsmes, d’incompréhensions et de haines. Les chrétiens ne pourront-ils donc pas constituer un front international contre la guerre?

Nous n’avons pas assez confiance dans l’efficacité temporelle du christianisme. L’amour, on en parle beaucoup; la guerre, on la prépare minutieusement. Peut-être les catholiques sont-ils trop enfermés dans leur catholicisme, tout à fait étrangers à l’Universalité de l’Eglise! Il y a un véritable bellicisme chrétien, un faux esprit de guerre sainte: Guerre aux hommes de mauvaise volonté!

Le grand scandale de ce siècle c’est que le christianisme est devenu pour les chrétiens une utopie, une grandiose utopie.

La pire angoisse pour un chrétien est celle de savoir si l’emploi de la force est juste. Nous devons compter sur la puissance de l’Amour.” (Carlos Santamaria in Basque-Eclair, Pau, 27/07/1953)

3 Joxe Azurmendi, Oraingo gazte eroak, Enbolike Luma Liburuak, Irun, 1998 (27, 47, 62, 101, 108, 120, 128, 156 orr.).

4 Simone Weil, L’enracinement, Prélude à une déclaration des devoirs envers l’être humain, Paris, Gallimard, 1949.

5 Hannah Arendt, The Origins of Totalitarianism, New York, 1951.

6 Emmanuel Lévinas, Totalité et Infini. Essai sur extériorité, Nijhoff, La Haye, 1961.

7 Michel de Certeau, La culture au pluriel, Seuil Paris, 1993, La lutte, prise en charge de la violence “La naissance est indissociable d’une violence: Chaque ordre, chaque statut légal a une origine marquée dans le sang, même si une fois établi, il s’efforce de faire oublier cette origine… Malgré tout, cette violence reste dans l’expressivité… Ce qui est vrai, c’est que la violence indique un changement nécessaire… Seule une lutte peut prendre en charge ce que la violence se contente de signifier, et en faire un travail articulé sur des forces… Il y a une force, celle du vrai politique qui est par-delà ces prestiges, parce qu’il est une œuvre, le dévouement à une chose qui grandit hors de lui. Elle a une puissance de ralliement qui manque toujours aux entreprises de la vanité”. (81-82. orr.)

8 Marc Agi, René Cassin (1887-1976) Prix Nobel de la Paix, Père de la Déclaration universelle des droits de l’homme, Paris, Perrin, 1998,

“Le principe qui a dirigé la vie et l’œuvre du professeur Cassin fut son respect de la dignité humaine, indépendamment de sa nationalité, de sa race, de sa religion, de son sexe ou de sa position sociale” (310. orr.)

“Pour que l’Europe puisse se former vraiment, il faut briser la trop grande puissance des Etats et renforcer la puissance des provinces… Malheureusement, le nationalisme est soutenu avec force. La Russie est absolument imprégnée des principes du XVIIIe siècle: la souveraineté absolue des Etats; et je dois le dire, le général de Gaulle a absolument les mêmes idées. Quand il parle d’indépendance, il parle d’indépendance sans frein…” (op. cit. 303. orr.)