I. KAPITULUA

ITSAS ZAKUR ZAHARRA ADMIRAL BENBOW OSTATUAN

Nolaz eta Trelawney Squireak*, Livesey doktoreak eta gainerako jaun horiek Altxor Uharteko xehetasun guztiak, hasieratik azkenera arte, idazteko eskatu didaten, ezer ezkutuan gorde gabe uhartearen posizioa salbu, hain zuzen ere altxorraren parte bat oraindik han dagoelako, nire luma hartu, graziazko 17__ urtean, eta atzerantz noa aitak Admiral Benbow ostatuan buru egiten zuen garaietara, eta itsasgizon zahar beltzaran hark, bere sable orbain eta guzti, gure teilatupean ostatu hartu zuen estreinako egunera.

Gaur goizeko kontua balitz bezala daukat gogoan nola iritsi zen ezinean ostatu atarira, bere marinel-kutxa laguntzaile batek eskorga batean zekarrela; gizon garaia, sendoa, mardula, larru-iluna; motots biketsua kasaka urdin zikinaren sorbaldetara erortzen zitzaiola; eskuak lakarrak eta orbainez josiak, azkazal beltz, puskatuekin; eta masailean alderik alde sablekada hura, zuritasun ubel, zikinekoa. Gogoan daukat nola egon zen itsasarterantz begira eta bere kolkorako txistuka, eta nola ekin zion gero aurrerantzean ere hainbestetan kantatuko zuen itsas kanta zaharrari, ahots xorrotx, dardarati, dibidietaren hagetan hezia eta findua zirudien hartaz:

Hamabost gizon hildakoaren kutxan

Tra-la-rai, botila bete ron!

Gero atea jo zuen berekin zeraman palanka moduko makila puska batekin, eta aita azaldutakoan, baso bat ron eskatu zuen zakarki. Ekarri ziotenean, astiro edan zuen, dastatzaile bat balitz bezala, zaporea gozatuz, baina itsasbazterreko haitzei eta gure entseinari begirik kendu gabe.

–Hauxe txoko aproposa –esan zuen azkenean–; eta taberna ere toki politean zegok. Jende asko, lagun?

Aitak ezetz esan zion, oso jende gutxi, nahi baino gutxiago.

–Ederki –esan zuen berak–. Hauxe, hortaz, niretzako moduko amarralekua. Aizak, hi! –hots egin zion eskorga zekarren gizonari–, etorri hona eta lagundu kutxa gora igotzen. Hemen geldituko nauk puxka batean –jarraitu zuen–. Gizon xumea nauzue; rona, urdaia eta arrautzak, hori besterik ez diat behar, eta horko gain horixe itsasontziak abiatzen ikusteko. Nola deitu behar didazuen? Kapitain deitzea aski duzue. Hara!, bazekiat zeren zain zaudeten… to itzazue –eta hiru edo lau urrezko txanpon bota zituen atari aurrean–. Adieraziko didazue, horiek berdintzen ditudanean –esan zuen, fragata kapitain bat bezain sutsu.

Eta, egia esan, hain txarrak izanagatik bere arropak, eta hain baldarra bere hizkera, itxura ez zuen inola ere marinel arrunt batena; aitzitik, gehiago zirudien obeditua izatera edo bestela indarraz baliatzera ohitutako ofizial edo patroia. Eskorgarekin etorri zen gizonak esan zigun posta-kotxeak Royal George ostatuan utzi zuela aurreko goizean; kostaldean zer ostatu zeuden galdezka ibili omen zen, eta gureaz ondo hitz egin ziotelako-edo, eta gainera leku bakartia zela esan, bizitokitzat aukeratu zuen. Eta hori izan zen gure apopiloaz jakin ahal izan genuen guztia.

Gutxi hitz egiten zuen gizona zen. Egun osoa harantz eta honantz pasatzen zuen itsasarte hartan edo haitz gainetara igota, letoizko katalexu batekin; gau osoa, berriz, salan txoko batean eseri, sutondoan, eta ron eta ur nahasketa gogor bat edaten. Gehienetan ez zuen erantzuten hitz egiten ziotenean; soilik gorantz begiratu, azkar eta sutan, eta sudurretik arnasa bota gandu-adar baten antzera; eta, bai guk eta bai gurera inguratzen zirenek, laster ikasi genuen bere gisara uzten. Egunero, paseatzetik zetorrela, nabigatzaileren bat pasaeran ikusi ote genuen galdetzen zigun. Hasieran pentsatu genuen bere kidako lagunen mira sentitzen zuelako egiten zuela galdera hori; baina gerora konturatu ginen ezetz, alde egiten zuela halakoengandik. Itsasgizon batek Admiral Benbown ostatu hartzen zuenean –noizean behin kostaldeko bidetik Bristolera zihoazenen batzuek egin ohi zuten bezala–, ateko gortina artetik zelatan egoten zen salara sartu baino lehen; eta horrelakoren bat aurrean baldin bazuen, itzala bera bezain isilik geratzen zen. Niretzat, behinik behin, bere jokabidean batere sekreturik ez zegoen, zeren, neurri batean, neuk ere partea bainuen estutasun hartan. Izan ere, egun batez, aparte hartuta, hilabete bakoitzaren lehen egunean lau penikeko zilarrezko txanpon bat emango zidala agindu zidan, baldin eta egoten banintzen “talaian marinel hankamotz bat noiz ikusiko”, eta azaltzen zenarekin batera jakitera ematekotan. Maiz, hilabetearen lehen eguna iritsi, eta nire ordaina eskatzen nionean, sudurretik arnasa botatzea besterik ez zuen egiten, eta begiak jaitsarazten zizkidan bere begiradaz; baina astebete baino lehen hobeto pentsatu eta nire lau penikeko txanpona ematen zidan, berriro ere erne egoteko aginduz “marinel hankamotza” azaltzen bazen ere.

Pertsonaia hark ametsetan nola segitzen ninduen esan beharrik ba ote dut? Ekaitz gauetan, haizeak etxeko lau ertzak astintzen zituenean, eta uhinak itsasartean eta haitzetan gora orroka hasten zirenean, mila itxura hartuta ikusten nuen eta mila deabru tankeratan. Batzuetan zangoa belaunetik moztuta, edo mehaka hezurretik bertatik; bestetan munstro antzeko izakia zen, sekula zango bat besterik izan ez zuena, eta hura gorputzaren erdian. Nire atzetik, hesi eta zanga gainetik, saltari eta korrika eta segika ikustea amesgaizto guztien artean okerrena zen. Eta, batez beste, poliki ordaintzen nuen nire hileroko lau penikeko txanpona, amets nardagarri haiek zirela eta.

Baina, marinel hankamotz harengan pentsatze hutsak hainbeste izutzen baninduen ere, kapitainari berari askoz beldur gutxiago nion nik beste inork baino. Zenbait egunetan, eraman zezakeena baino askoz ron gehiago edaten zuen; eta orduan, eseri eta bere itsas kanta zahar latz, gaizto haiek kantatzen zituen, inoren axolarik gabe; baina beste zenbaitetan edaria eskatzen zuen denontzat, eta bezero kikildu guztiak bere kontuak entzutera behartzen zituen, edo berarekin batera kantatzera. Maiz sentitu nuen etxe guztia dardarka “Tra-la-rai, botila bete ron” harekin; auzoko guztiak batera kantari etsi-etsian, bizia galdu beldurrez, eta denak nork indartsuago kantatuko, ez nabarmen geratzearren. Zeren, joerak ematen zionean, inon ikusitako despotarik handiena baitzen; zartakoak ematen zizkion mahaiari isiltasuna ezartzeko; haserre bizian jartzen zen galdera batengatik, edo beste batzuetan galderarik egiten ez ziotelako, inor ez zela bere kontuak entzuten ari pentsatuta. Eta ez zion inori ostatutik joaten uzten, harik eta, zurrutak logaletuta, balantzaka oheratzen zen arte.

Batez ere bere kontuek ematen zioten beldurra jendeari. Ikaragarriak, benetan, kontu haiek; baziren han urkatuak, oholaren zigorra pairatutakoak*, itsas ekaitzak, Dortoka Uharte eta Karibeko toki eta gertaera basatiak. Bere esanak sinestera, Jaungoikoak inoiz itsasoan ametitu dituen gizonik makurrenen artean pasa bide zuen bizitza; eta istorio haiek kontatzean erabiltzen zuen hizkuntzak ia deskribatutako krimenak hainbat asaldatzen zituen gure nekazari xumeak. Aita beti ari zen esaten ostatuak lur joko zuela, laster jendea ez baitzen gehiago etorriko, zertarako eta, tiranizatua eta umiliatua izan ondoren, dardara batean oheratzeko; baina nik neuk uste dut mesede egiten zigula bera han izateak. Jendea momentuan beldurtu egiten zen, baina gero gogoratzean gustatu egiten zitzaien, suspergarri polita baitzen nekazari bizimodu lasai hartan; eta gainera bazen talde bat, gizonik gazteenen artean, itxura batera miretsi egiten zuena, “egiazko marinel zaharra”, “benetako itsasgizon iaioa” eta antzekoak deituz, eta esanez horrelako gizonei esker zela Ingalaterra hain ikaragarria itsasoan.

Neurri batean, egia esan, ederki ahalegindu zen guk lur jo genezan, astea joan eta astea etorri gurean jarraitzen baitzuen, baita hilabetea joan eta hilabetea etorri ere, eta hala eta guztiz, diruak aspaldi ahituak izan arren, aitak ez zuen sekula barrenik izan gehiago ordainarazteko. Inoiz kontua aitatuz gero, kapitainak halako hotsaz botatzen zuen arnasa sudurretik non orroka ari zela ematen baitzuen, eta bere begiradapean hartzen zuen aita, harik eta gizajoa gelatik uxatu arte. Ikusi izan nuen aita eskuak bihurritzen horrelako purrustaden ondoren, eta ziur nago pasa zituen buruhausteek eta izuak azkartu egin zutela bere heriotza penagarri, goiztiarra.

Gurekin bizi izan zen denbora guztian kapitainak ez zuen bere janzkeran batere aldaketarik egin, behin kinkilari bati erosi zizkion galtzerdiak salbu. Kapelaren hegal bat askatu zitzaiolarik, halaxe zintzilik ibili zuen aurrerantzean, enbarazu handia egiten zion arren egun haizetsuetan. Gogoan daukat bere kasakaren itxura, berak goiko gelan adabatua, azkenerako adabaki mordoilo bat baizik ez zena. Ez zuen behin ere gutunik idazten edo jasotzen, eta hitz egin, berriz, auzokoekin besterik ez, eta haiekin ere, gehienetan, ronaren kontura bapo egin ondoren. Marinel-kutxa handi hura gure arteko inork ez zuen sekula zabalik ikusi.

Behin bakarrik egin zion norbaitek aurre, azken aldera, aita gizajoa heriotzara eraman zuen maldan oso behera zegoenean. Arratsalde batean, azken orduan, Livesey doktorea gaixoa ikustera etorri zen eta, amak eskainitako afari-legea hartu ondoren, salara sartu zen pipa erretzera zaldia herritik ekarri bitartean, guk ez baikenuen ukuilurik ostatuan. Atzetik joan nintzaion, eta gogoan daukat nabarmena egin zitzaidala zer-nolako kontrastea egiten zuen sendagile txukun, bizkor hark, bere ileorde elurra bezain zuriaz, bere portaera atsegin eta begi beltz, biziekin, beste nekazari arlote haien ondoan; haien ondoan eta, batez ere, hantxe eserita, besoak mahai gainean zituela, ronez bete-bete eginda zegoen gure pirata likits, mardul, makartsu, txorizugarri haren ondoan. Bat-batean hura –kapitaina, alegia– bere betiko kantarekin hasi zen:

Hamabost gizon hildakoaren kutxan

Tra-la-rai, botila bete ron!

Edariak eta deabruak beste guztiak etzan

Tra-la-rai, botila bete ron!

Hasieran uste izan nuen “hildakoaren kutxa” goian, aurreko gelan zeukan kofre handi hura zela, eta pentsamendu hura marinel hankamotzarenarekin nahastu izan zitzaidan amesgaiztoetan. Baina ordurako ez genion guk aspalditik batere arretarik eskaintzen kantari; gau hartan, Livesey doktoreari bakarrik zitzaion ezezaguna, eta konturatu nintzen ez zuela harengan eragin gozoa izan, haserre bezala altxatu baitzituen begiak, eta gero Taylor lorazain zaharrarekin hizketan jarraitu zuen erreumaren kontrako erremedio berri bati buruz. Bitartean, kapitaina alaitzen zihoan kantatu ahala, eta azkenean zartako bat eman zion aurrean zeukan mahaiari, gu denontzat esanahi bakarra zuen eran: ixo! Berehala atertu ziren ahots guztiak, Livesey doktorearena izan ezik; hark ordura arte bezalaxe jarraitu zuen, garbi eta gizabidez hizketan, hitzetik hitzera xurgada azkarrak emanez pipari. Kapitaina begira geratu zitzaion pixka batean, beste zartako bat eman zuen, are eta gogorrago begiratu zion, eta azkenean, madarikazio zantar, doilor bat botata, halaxe esan zuen:

–Ixo, hor beheko kubiertakoak!

–Nirekin ari al zara, jauna? –galdetu zion sendagileak; eta gizon zital hark, beste madarikazio batez, baietz esan zionean–: Gauza bat bakarrik esan nahi dizut, jauna –gehitu zuen sendagileak–: rona edaten jarraitzen baduzu, gizatxar zikin bat gutxiago izango dela laster munduan.

Zaharraren amorrazioa izugarria izan zen. Zutitu zen berehala, marinel labana atera, zabaldu eta, esku ahurrean kulunkatzen zuela, sendagileari mehatxu egin zion paretari josita utziko zuela.

Sendagilea ez zen mugitu ere egin. Hitz egiten jarraitu zuen, lehengo moduan, sorbalda gainetik, eta ahots doinu berberaz; indar handi samarrez, hartara gela guztian entzun zedin, baina soseguz eta tinko:

Image

–Ez baduzu labana hori oraintxe bertan poltsikoan gordetzen, hitza ematen dizut, nire ohorearen gainean, hurrengo audientzian urkatua izango zarela.

Bien arteko begirada lehia bat etorri zen ondoren; baina kapitainak laster etsi, arma gorde eta bere eserlekura erretiratu zen, jipoitutako zakurra bezala marmarka.

–Eta orain, jauna –jarraitu zuen sendagileak–, nire barrutian zu bezalako elementu bat badela dakidalarik, zaude ziur ez dizudala begirik kenduko. Sendagilea ez ezik magistratua ere banaiz, eta zure aurkako kexa izpi bat heltzen bazait, gaur gauekoa bezalako baldarkeria batengatik bakarrik bada ere, behar diren neurriak hartuko ditut atxilotu eta hemen hauetatik bota zaitzaten. Aski izan bedi honenbestez.

Handik gutxira zaldia ekarri zuten atarira, eta Livesey doktorea joan egin zen; baina kapitaina bake santuan egon zen gau hartan, eta baita ondorengo gau askotan ere.

 

* Nekazari arteko noblezia titulua, barruti batean lur sailik handienak zituenari zegokiona bereziki.

* Itsas lapurrei ezarri ohi zitzaien zigorra. Kondenatua karelean trabeska jarritako ohol baten gainean ibiltzera behartzen zuten, begiak zapi batez lotuta, harik eta bere pisuagatik itsasora erortzen zen arte.