
–Mundiala! –esan zion Hubbak–. Ni ere joango naiz. Biok egingo dugu Proba! Mundiala da, benetan…
—Mundiala? –esan zion Iggyk.
—Bai.
Harri laua probatzen ibili ziren, aldapa lohitsu eta maldatsuan behera txandaka irristatuz. Gehienetan erori egiten ziren, edo koskor batekin talka egin eta orduan erortzen ziren.
—Ibiltzea baino hobe da –esan zion Hubbak–. Honekin edonora joan gintezke.
—Beno, aldapa behera dagoen edonora –esan zion Iggyk.
—Zer izen jarriko diozu?
—Ez dakit. Harrilau, agian –esan zion Iggyk.
Hubbak harria hartu eta zikinkeria garbitu zion, eta unetxo batez pentsatu zuen.
—Patinetea –esan zion.
—Zergatik?
—Ez dakit. Hitz polita delako, besterik gabe.
Iggyk hitza zenbait aldiz errepikatu zuen. Egia zen, hitz polita zen.
—Ondo da. Patinetea orduan –esan zuen.
Hubbak irribarre egin zuen, bere buruaz harro, normalean ez baitzen oso trebea hitzen kontuan.
Elkarren ondoan eseri ziren, haran gris lanbrotsura begira.
—Beharbada zerbait falta zaio oraindik –esan zuen Iggyk–. Azpian zerbait jar niezaioke.
Hubbak baiezkoa egin zuen buruaz.
—Harriak, adibidez?
—Ez.
—Belarra, orduan?
—Ez! Azkarrago mugi dadila lortzeko zerbait.
—Untxiak –esan zion Hubbak.
Iggyk zorrotz begiratu zion. Patinetea albo batean utzi zuen, eta gerorako uztea erabaki zuen. Une hartan beste gauza batzuez kezkatu behar zuen, gau hartako festaz, esaterako. Hubba ere festara joango zen, eta berak ere Proba gainditu beharko zuen, eta horrek Iggy lasaitu egiten zuen nolabait.
—Ez zaude kezkatuta, ezta? –galdetu zion adiskideari.
—Ni? Ez! –erantzun zion Hubbak.
—Ezta ni ere –esan zion Iggyk aldarte ezkorrez.
—Pentsa –esan zion Hubbak–. Bihar ehizara joan ahalko gara, benetako zerak bezala…
—Ehiztariak bezala –esan zion Iggyk. Aurrerantz makurtu zen, eta kokotsa besoetan bermatu zuen–. Baina sugeen kontua… zergatik sugeak?
—Ez kezkatu. Dena dakit sugeei buruz –esan zion Hubbak.
—Benetan? –Iggyk harrituta begiratu zion.
Hubbak baietz erantzun zion buruaz, eta adiskidearengana hurbildu zen.
—Hasteko, ez dute hankarik.
—Egia. Uste duzu suge bat hiltzeko gauza zarela?

—Bai, erraz. Ez dute korrika alde egingo.
—Hubba –esan zion Iggyk–, sugerik ikusi al duzu inoiz?
—Mila aldiz. Behin harri baten azpian ikusi nuen bat. Arrosa kolorekoa zen, piztia txiki eta izurra.
—Ez zen har bat?
—A.
—Sugeak handiagoak izan ohi dira –esan zion Iggyk–. Askoz handiagoak. Eta letaginak dituzte.
—Mmm –esan zuen Hubbak, kopeta ilunduz–. Orduan ezin dituzu zapaldu eta kito?
—Haginkada bat jaso nahi ez baduzu, ez.
Hubbak ongi hausnartu zuen bere sabelari hazka eginez. Argi zegoen suge bat hiltzea uste baino gogorragoa izango zela.
Pauso batzuk hurbildu zitzaizkien, eta itzal batek estali egin zituen.
Iggyk marmar egin zuen. Snark zen, ikusi nahi zuen azken pertsona.
Snark handia zen bere adinerako. Aurpegi kamutsa zuen, eta bekozko zimurtua. Iggyri errinozero iletsu baten antza zuela
iruditzen zitzaion, baina jakina, Snark errinozeroak baino askoz txepelagoa zen. Harkaitz-baloiko eta buru-jotzeko txapeldun gaztea zen, baina bere kirolik gogokoena Iggy torturatzea zen, eta Iggyk ez zekien zergatik zuen begitan.
—Lanpetuta gaude –esan zion Iggyk.
—Benetan? –Snarkek ahoa garbitu zuen–. Uste nuen gaur gaueko festarako entrenatzen ariko zinetela. Aitak esan dit zu, ni eta Ba-Bo bakarrik egongo garela.
—Ez deitu horrela Hubbari –esan zion Iggyk.

—Zergatik? Nire gainean eseriko zara ala, Ba-Bo? Aiii, hau beldurra!
Hubbak lurra aztertu zuen. Iraganeko esperientzia latzek irakatsi zioten Snarkekin borrokatzeak lotsagarri geratzea besterik ez ziola ekarriko.
Onena ahoa ixtea eta joan zedila itxarotea zen.
—Eta? Urduri zaudete? –galdetu zien Snarkek.
Iggyk bizkarrari eragin zion, lasai-plantak eginez.
—Sugeak baino ez dira. Ez da oso zaila izango…
—Beno, hori sugearen araberakoa da –esan zion Snarkek, bere hortz txiki eta horiak erakutsiz–. Adibidez, suge gorbatadunak ez dira batere arriskutsuak. Baina beste mota batzuetako sugeak daude. Inoiz ikusi duzu zingira-suge beltz bat?
Iggyk ezezkoa egin zuen.
—Erraldoiak dira, benetan. Bereziki sabelalde beltza dutenak, piztia ikaragarriak dira! Eta hiltzeko teknika ikusgarria dute.
—Ez zait hainbeste interesatzen –esan zion Iggyk, eskuak izerditzen hasita zituela.
—Ez dizute kosk egiten. Horrela azkarregi bukatuko litzateke, ezta? –jarraitu zuen Snarkek–. Ez, suge hori gorputzaren inguruan kiribiltzen zaizu, hanken eta sabelaren inguruan. Orduan, harrapatuta zauzkanean, estutzen hasten da. Gero eta gehiago estutzen zaitu, ia arnasarik gabe geratzen zaren arte, eta begiak atera egiten zaizkizu eta aurpegia urdin jartzen zaizu.
Iggy zurbil-zurbil zegoen.
—Ziur nago ez digutela zingira-sugerik emango –esan zion.
—Burua moztu behar zaio, horixe egingo nuke nik –esan zion Snarkek–. Baina, jakina, horretarako, aizkorarekin azkarra izan behar duzu.
Orduan, itxura aparta zuen aizkora bat atera zuen gerrikotik, trebetasun ikusgarriarekin mugitu zuen eta gorantz jaurti zuen. Aizkorak airean bira egin zuen, eta arkuaren punturik garaienera iritsi zenean, beren gainera jaisten hasi zen. Gora begiratu gabe, Snarkek eskua luzatu zuen eta aise harrapatu zuen heldulekutik. Jarraian, aizkora Iggyri pasatu zion, irribarretxo batekin.
—Saiatu zu orain.
—Ez, eskerrik asko.
—Tira! Ez izan kakati bat!
—Emaiozu lezioa, Iggy –esan zion Hubbak.
Iggyk txistua irentsi zuen eta zurezko heldulekuari oratu zion. Aizkorek betidanik urduritzen zuten, eta gainera, Aitak esaten zion ez dela aizkorekin jolastu behar. Lasaitzen saiatu zen, eta orduan, aizkora gorantz jaurti zuen, nahi zuena baino gorago, egia esan. Une batez bistatik galdu zuen, eguzkiaren distiragatik, eta bat-batean, belatz bat balitz bezala gainera zetorkiola ikusi zuen.
PUTZA!
Lurrera erori zen, baina Iggyk ez zuen ikusi, makurtuta eta begiak itxita zituela baitzegoen.
Snarkek barre egin zuen, aizkora jaso eta ahoari lokatza kendu zion.
—Zorte on gaur gauean –esan zion–. Badirudi beharko duzula. Kar, kar!
Muinoan gora harrokeriaz urruntzen ikusi zuten, bere artean barreka eta burua astintzen.
—Ikaratu egin nahi gaitu, besterik ez –esan zuen Iggyk.
Hubbak baiezkoa egin zuen buruaz.
—Zingira-suge sabel-beltza! Asmakeria hutsa da, ziur. Dena den, suge gorbatadunak bakarrik emango dizkigute.
—Zuk uste? –esan zion Hubbak.
—Bai, ziur –erantzun zion Iggyk, sentitzen zuena baino konfiantza handiagoa adieraziz. Nolanahi ere, ez zuen ezer utzi nahi zoriaren eskuetan. Tribu osoaren aurrean suge bat hil behar bazuen, harrizko aizkora bat baino tresna hoberen bat beharko zuen. Aizkora erabiltzeak sugeari eraso egiteko adina hurbildu beharko zitzaiola esan nahi zuen, eta huts eginez gero, sugeak letaginak besoan edo bere gorputzeko edozein toki bigunetan sartuko zizkion. Eta suge pozoitsua izanez gero, izerditzen eta zorabiatzen hasiko zen; baina egia esan, horrelaxe sentitzen zen jada. Eta hori gutxi balitz bezala, Snarkek ere Proba egingo zuen. Iggy hautsaren artetik hezur zati bat hartzera makurtu zen–. Beste moduren bat egon behar da.
—Zer? –galdetu zion Hubbak.
—Suge bat hiltzeko.
—A. Lantza bat erabil zenezake.
Iggyk ezezkoa egin zuen buruaz. Ez zen oso trebea lantzak jaurtitzen. Ez zuen uste zuhaitz bat jotzeko gai izango litzatekeenik, eta geldi geratzen ez den suge bat jotzea askoz zailagoa zen. Aurkitu zuen hezurra aztertu zuen. Animaliaren baten barailezur kurbatua zen. Iggyk eskuan birak eman zizkion, pentsatzen zuen bitartean.