
Eragotzita dago, legeak ezarritako salbuespenetan izan ezik, obra honen edozein eratako berregintza, komunikazio publikoa eta moldaketa, aurrez jabetza intelektualaren titularren baimena eskuratzen ez bada. Eskubide horien urraketa jabetza intelektualaren aurkako delitu bezala har daiteke (Kode Penaleko 270 eta hurrengo artikuluak). cedro erakundeak (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.ceedro.org) babesten ditu aipatu eskubide horiek.

ZIGARROTXOA AHOZ AHO
Antton Kazabon
Azala: Moska Taldea
Desclée De Brouwer
—Arratsalde on, ama!
—Zer, gaur agur eta guzti? Berdin, berdin! Igualmente, Mizel.
—Gaur ez noa entrenamendura, ama. Ez nago oso ongi, eta gainera biharko azterketa prestatu behar dut.
—Beno, beno, Mizel. Hori da aldaketa, hori! Barkatu, baina zuk futboleko entrenamenduak aspaldi utzi zenituen. Eta azterketa prestatzeko etxean gelditzeko kontu hori harrigarri samarra egiten zait. Beno, hori ez da harrigarria, hori sinestezina da; beraz, gezurra.
—Txorakeriak, ama. Ez badut ikasten, txarra; eta ikasten badut, gezurra. Esango didazu nola asmatu behar dudan zurekin!
—Ea, Mizel. Guk ederki ezagutzen dugu elkar, eta esadazu behingoz zer gertatu den gaurkoan. Utzi alde batera alferrikako ipuinak, eta emadazu behingoz ikastolan eman dizuten ohar hori.
—Zer ohar, ama? Zer ari zara esaten? Niri ez didate oharrik eman.
—Mizel, emadazu, mesedez, tutoreak edo irakasleak idatzitako oharra. Lehenengoa balitz!
—Beno, beno, lasai, ama! Oraintxe eman behar nizun. Ez du garrantzirik.
—Eta zer egin duzu oraingoan? Gutxi ikasi, batere ez, gelan traba egin, norbaiti astakeriaren bat esan... Horiek guztiak ezagunak ditut. Oraingoan zerbait berria egingo zenuen, bada?
—Esan dizut. Txorakeria bat. Eta beste askotan bezala, nik errurik ez, baina niretzat pastela. Tori eta irakurri zerorrek.
—Ekarri. Firmatuko dizut eta kito! Eta niri ez ekarri berriz horrelakorik! Aita ere nazka-nazka egina daukazu eta. Oraingoa isilik pasako dut, baina hurrengoa aitak sinatuko dizu.
—Ez duzu deus ere sinatu behar ama. Irakurri. Bilera egin behar duzue tutorearekin, edo zuzendariarekin, edo ez dakit norekin.
—Zer? Bilera? Baina zer arraio egin duzu oraingoan?
—Orain dela ordu erdi bat esan dizut irakurtzeko, ama.
—Zigarroa erretzen harrapatu zaituztela ikastolan, Mizel? Hori ere ba al dugu? Hara, zerbait berria nahi nuen, eta zuk bai bete ere usu arraio nire desioa. Oraingoan zerbait berria egin duzu.
—Baina, ez da egia, ama. Nik ez dut erretzen, eta gainera ez naute horretan harrapatu. Nire ondoan zigarro-punta bat aurkitu du zaintzako irakasleak, eta galdetu ere egin gabe, badakite nirea dela zigarropunta hura. Eta han jende asko geunden.
—Nola diozu? Gezurra dela? Eta nola deitu gaituzte bilerara gezurra bada? Oraingoan ere zuri sinestu beharko dizut, noski; irakasleak gezurretan ari dira eta zu egiatan.
—Egia da, ama. Ez naute erretzen harrapatu. Nik ez dut erretzen eta nire lagunek ere ez.
—Eta, orduan nola joan da zigarro-punta zikin hori zure ondora? Haizeak eramango zuen, beharbada? Baina tuntuna naizela uste al duzu? Mesedez, Mizel. Ez adarrik jo. Erretzea gutxi dela, gainetik gezurra. Erretzen baduzu, erretzen duzu, eta kito! Onar ezazu zure akatsa eta ez beste bat erantsi zure buruari. Zigarro-punta zure ondoan bazegoen, zuk edo zure lagunek egotzia izango zen.
—Ezetz, bada, ama. Guk ez dugula erretzen! Hirugarren eta laugarren mailako batzuk erretzen dute, baina bigarren mailakook ez.
—Eta zu zer ari zinen hirugarren eta laugarren mailakoekin? Zigarro-punta zure ondoan bazegoen, eta zure mailakoek ez baduzue erretzen, horrek esan nahi du zu ez zeundela zure mailakoekin, handiekin, baizik.
—Beno, batzuetan horiekin elkartzen naiz jolas garaian. Badakizu lagun zaharragoak ere baditudala.
—Bai, bai. Lagun zaharragoak badituzu, baina zigarroak erretzen ikasteko. Ez zara azterketak prestatzeko elkartuko, ez. Horretarako ez daukagu arriskurik.
—Beno, ama, nahi baduzu sinestu, eta ez baduzu nahi, ez sinestu. Nire ondoan zegoen zigarro-punta ez zen nik botatakoa. Baina ikastola horretan, badakizu, edozer gauza gertatzen dela, erruduna Mizel. Gaur etxean gelditu banintz ere, zigarroa nik errea izango zen.
—Bai, Mizel, bai. Arrazoi duzu. Irakasle denek paketea dizutela eta kontu hori guztia bota behar didazu beste behin ere? Ez, mesedez. Hori ez duzu zeuk ere sinesten; beraz, nik gutxiago. Orain ea aita nork ematzen duen. Gozoa jarriko da oharra irakurtzen duenean.
—Eta zergatik irakurri behar du aitak? Bilerara zu joan eta horrekin aski da. Gainera, aitari bost axola nire arazoak. Orain arte ez da kezkatu eta orain hasiko al da, bada, nirekin arduratzen?
—Aita zuk uste baino gehiago kezkatzen da. Bilerara biok joango gara oraingoan. Badakizu. Erretzen hasteko hainbeste gizondu bazara, aitarekin hitz egiteko ere gizonduko zinen.
—Nik zer esan behar diot aitari?
—Ba, hori. Ez duzula erretzen. Eta horregatik deitu gaituztela ikastolara bilerara, erretzen ez duzulako. Lehenbailehen erretzen has zaitezen aholkuak emateko edo.
—Aski da, ama. Horrenbeste txantxa gehiegi izango da zigarro nazkagarri batengatik. Nik ez dut erretzen, baina erreko banu ere ez litzateke hainbesterako izango. Ez dut uste zigarro bat erretzea hain larria denik. Horrekin ez dut inor hiltzen, behintzat.
—Inor ez duzula hiltzen? Zure burua ari zara hiltzen. Ez al zaizu nahiko larria iruditzen? Segi orduan aurrera. Baina gero ez etorri nigana laguntza eske, zigarroak eta antzekoak mendean hartzen zaituztenean.
—Noraino zoaz, ama? Zigarro batez ari gara. Zer sartu behar didazu orain, drogamenpekotasunari buruzko txapa?
—Ez, ez, lasai, Mizel. Ni nola hasiko naiz, bada, zuri irakasten, zuk dena jakinki eta. Ikastolako bileraren bueltan hitz egingo dugu eta kito.
Eta ikastolako pulamentuaren haizeak, zuzendariaren bulegoraino eraman zuen Mizelen zigarro-punta madarikatua.
Haiek zapata soinuak, amarenak, zuzendariaren bulegorako eskaileretan gora, Mizel, semea atzetik zuela.
—Egun, on, Luixa, eta Mizel! Aurrera.
—Berdin, Agustin. Etorri gara. Ea zer kontatzen diguzun oraingoan.
—Beno, oharrean irakurriko zenuten gaurko bilera honen arrazoia.
—Bai, hala da. Orain zigarroak erretzen hasi omen da gure estudiantea. Berak ezetz dio, ez omen du erretzen. Ez dakit zer pentsatu, egia esan. Behar bada oraingoan ere gezurretan ariko da, beste askotan bezala. Horregatik zure bertsioa jakin nahi nuke.
—Begira, Luixa, nik ez zaituztet deitu hemen bertsio ezberdinak konparatzeko. Guk hemen ikusitakoa kontatzeko eta horren aurrean konponbideez hitz egiteko baizik. Nik ez dut bertsio ezberdinen arteko borrokarik eta saltsarik nahi. Nik ez dut inor konbentzitu nahi. Nik Mizelen zenbait jarrerari buruz hitz egingo dizut, eta hortik aurrera, zuek ikusi nori sinestu eta gauza horiek guztiak.
—Ongi da. Has zaitezke nahi duzunean, Agustin.
—Zuen semeak asko samar erretzen du, eta nahiko kezkatuta gaude. Goizetik hasten da, eta atzo bertan ere, beste askotan bezala, erdi zorabiaturik sartu zen klasera.
—Baina, noiztik? Nola ez diguzue deus ere esan orain arte?
—Gauza hauek oso arriskutsuak eta delikatuak iza-ten dira, Luixa, eta nahiago izaten dugu gurasoak deika hasi aurretik gauzak ongi frogatzea. Horregatik izan da atzerapena. Guk susmoa bagenuen iazko kurtso amaieratik, baina, ezin genuen ziurtatu. Mizel ez genuen sekula aurkitu zigarroa eskuan. Eta atzo zaintzako irakasleak aurkitu zuen mutila zigarroa ezpainean.
—Baina, susmoa lehendik ere baldin bazenuten, lehenagotik egin genezakeen bilera hau.
—Zuk horrela uste al duzu, Luixa? Eta zuk onartuko al zenituen gure susmoak, ziurtasunik gabeko akusazioak? Zeri egingo zenion kasu, gure susmoei edo zure semeak esandakoari? Guk ezin ditugu etxekoak deitu, susmoak ziurtatu arte. Eta horrela ere kosta egiten zaigu gurasoek sines diezaguten.
—Eta, zer esan duzu? Goizetik hasten dela?
—Askotan, goizetan oso itxura txarrarekin azaltzen da klasera, eta guk erretzearen kontua izango zela pentsatzen genuen, Mizel laugarren mailakoekin elkartzen delako ikastetxearen atzean goizero klase aurretik. Baina ezin genuen baieztatu.
—Beraz, atzo goizean harrapatu zenuten erretzen?
—Beno, goizeko zortzietan ez, jolas garaian izan zen. Laugarren mailako beste erretzaileak azkarrago ibili ziren zigarroa harrika botatzeko garaian, baina Mizel hantxe harrapatu zuen jolas garaia zaintzen ari zen irakasleak, zigarroa erretzen. Eta orain badakigu zergatik egoten den hain itxura txartua klasean. Pentsatzen dut etxean ere zerbait antzemango zeniotela?
—Ez, Agustin, ez. Etxean ez gara deusetaz ere enteratzen. Guri, ez duela erretzen esaten digu, eta guk sinestu. Hemendik aurrera jarraipen estuagoa egin beharko diogu. Eta aita ere gainean izango du.
—Bai, hori bai. Gaur ere biak etorriko zinetela uste genuen. Horrelakoetan komeni izaten da guztion ahalegina. Oso garaiz gabiltza. Nik uste semearekin hitz egin behar duzuela, konfiantzarekin hitz egin eta elkar ulertzea litzateke onena. Beste gauza bat, Mizelek lau zigarro erre dituelako ez dago galduta. Gauzak probatzen ari da, eta guk hor egon behar dugu bidean laguntzeko, besterik ez.
—Lau zigarro erretzea ez da deus, baina hamalau urterekin ez al da azkarregi gauza horietan hasteko?
—Horretarako adinean daude bete-betean. Hala esango nuke. Batzuk oraintxe hasten dira, beste batzuk beranduxeago. Baina, probatu gehienek egin nahi izaten dute. Buruan gauzak garbi edukitzea da garrantzizkoena. Tabakoa bezala, alkohola edo beste edozein droga mota dela ere, hauen alderdi onak eta batez ere txarrak ezagutzea eta horien berri ahal den zehatzen izatea da garrantzizkoena adin hauetan. Gu, ikastetxean, alderdi hau zaintzen saiatzen gara, ikasleak formatzen eta informatzen ahalegintzen gara, baina ez da aski. Etxekoen esku hurbila ere beharbeharrezkoa da.
—Bai, horrela da. Baina guk zer dakigu, ordea, gauza horietaz? Nola lagundu?
—Hitz egin eta hitz egin. Gure ustez hori da irtenbide egokiena.
—Eta orain ez al da beranduegi izango? Goizetan erdi zorabiaturik sartzen bada klasera, beharbada tabakoaz gain, beste zerbaitetan ere hasia izango da honezkero?
—Horrenbeste ez dakigu. Horretaz lasai-lasai hitz egin etxean. Eta zigarroetan zerbait sartzen hasia bada ere, ez dut uste beranduegi denik. Hamalau urte, Luixa, hamalau urte. Nola izango da, bada, berandu!
—Ongi da, Agustin. Eskerrik asko. Saiatuko gara. Hemen isilik dago, baina etxean izango du zerbait esateko. Hala espero dut. E, Mizel! Ez al duzu deus ere esan behar?
—Lasai, Luixa. Orain utziozu eta gero ere izango duzue horretaz hitz egiteko denbora. Gauzak pazientziarekin hartu.
Eta zurrumurru, esames eta kontakatiluen ipar haize hotz eta gaiztoak, kale izkinaraino eraman zuen Mizelen zorigaitzeko zigarro-punta.
—Egun on, Luixa!
—Berdin, Maritxu.
—Zerbait entzun dut, Luixa. Zuen mutiko horrek orain ere zerbait egin omen du. Badakizu. Gu aspaldiko lagunak gara eta... Jakiteagatik.
—Zerbait, beno, badakizu... gazteen gauzak. Deus larririk ez oraingoz, Maritxu.
—Bai, pentsatzen nuen. Herri honetako jendearen mihia luzea da, bihurria, gaiztoa. Norbait larrutzeko gauza gutxi aski izaten dugu. Eta larrutu ondoren tripak ateratzen badizkiogu, hura eta hobe.
—Horrelakoak gara bai, Maritxu. Auzoko zorigaitzik ttikiena ere laster puztuko dugu. Egiari nahi adina gezur erantsi eta aurrera, lotsa gutxirekin.
—Bai, eta nik ere nahiago dut, gezurra gezurraren gainean globoa asko puztu baino lehen, egia jakin. Horregatik aitatu dizut. Nire belarrietara droga kontuetan nahastuta dabilenekoa heldu da. Ni ere harritu naiz. Izan ere, zenbat urte ditu, bada, Mizelek? Hamalau? Hamabost? Askoz gehiago ez, behintzat.
—Bai, horietxek, Maritxu, hamalau. Zigarro-punta bat izan da dena, emakumea. Ez dut uste horrenbesterako denik. Horrelakoetan badakizu zer gertatzen den. Ikastetxean egunero eta orduero erretzen ari direnak ez dituzte harrapatzen, eta gure gizajoa berriz, aurrenekotik zapla! Lehenengoa omen zen, baina, irakasleren batek huraxe ezpainean aurkitu gurea. Oraindik maliziarik ez. Horrela hobe. Bestela jarraitu egingo zuen erretzen eta hori okerrago izango zen.
—Mizelek ez al zuen erretzen? Nik uste nuen aspaldi ari zela horretan. Nik horrela nuen entzuna, Luixa, goiz-goizetik erretzen zuela, klasera sartu aurretik. Eta hori kontatu didanak egia esan didala uste dut. Nire alabak kontatu dit, Alaitzek. Eta pena handiz kontatu ere. Lehen oso lagunak ziren, eta, badakizu.
—Esamesak, Maritxu, esamesak. Jendearen hitz egin beharra eta kontakatiluen zurrumurru pozoitsuak. Seguru Alaitzi ere norbaitek kontatu diola.
—Aizu, Luixa, nirekin ez haserretu, gero. Esan dizut lehen ere, zure ahotik egia jakin nahi dudala, besterik ez. Nik badakit jendeak zenbat gauza asmatzen dituen lagun hurkoari min egiteagatik. Eta egia jakin nahi dudalako aitatu dizut zure semearena. Nik kaleko esamesei baino kasu gehiago egingo diot zuk esandakoari.
—Hala espero dut, Maritxu. Bestela ez dakit zer lagun klase zaitudan. Beraz, badakizu egia zein den. Mizelek zigarro bat erre duela ikastetxean. Horixe da dena. Hortik aurrera, bakoitzak nahi duena pentsa dezala.
—Eta horregatik bakarrik deitu al dizute ikastolara?
—Bai, horregatik. Horiek zentroko arauak dira. Eta niri ongi iruditzen zait. Gurasook informatuak egotea garrantzitsua da, nahiz eta arazoa ikaragarria izan ez. Bestela zer? Norbaitek norbait hiltzen duenean bakarrik deitu behar al digute, bada?
—Ez, ez. Ongi dago. Niri esan didatena.
—Eta zer gehiago esan dizute, bada?
—Ba, zera, hori... Lehen ere tabako asko erretzen zuela, baina oraingoan beste zerbaitekin harrapatu dutela. Zerbait serioa izan dela oraingoan.
—Zerbait serioa? Bai, Maritxu, bai. Oso serioa. Mizelek droga klase guztiak hartzen ditu. Gaur ere motxila pastilaz betea ikusi diot. Eta estutxea xiringaz lepo. Eta ez hori bakarrik. Bederatzi urtetatik dabil modu horretan. Baina, Maritxu, nola sines dezakezu entzuten duzun guztia? Mesedez!
—Ea, Luixa, ni galdezka ari naiz. Besterik ez. Nik ez dut esan entzuten dudan guztia sinesten dudanik. Ni, entzundakoa kontatzen ari natzaizu, besterik ez. Zuk, dena gezurra dela esatearekin aski duzu.
—Nik ez dakit zer esan, Maritxu. Ez dakit, jada, egia zer den, gezurra zer den... Hemen bakoitzaren egiak balio izaten du, soilik. Hortik aurrera, dena da kontua. Beraz ni ez naiz hemen inor konbentzitzen ariko.
—Beno, beno, ez dugu horrela aritu beharrik. Nik zure egia jakin nahi nuen, eta kontatu didazu. Horrekin aski dut. Hortik aurrerako guztia, jendearen mizto pozointsuaren lanak izango dira. Pozten naiz, ia deus ere izan ez bada. Horrela denontzat hobe.
—Ongi da, Maritxu. Presa pixka bat ere badut eta, egongo gara.
—Bai. Hori da. Benga. Agur, Luixa!
Txutxu-mutxuen eta hipokrisiaren txoro-haize arinak, herri guztian zehar barreiatu zituen Mizelen zigarro-punta miserablearen kondarrak.
—Hara, hori ez al da Luixaren semea, Maritxu?
—Bai, halaxe da bai. Hori Mizel da, bai, Anttoni.
—Nora ote doa orain ere. Eskola ordutan kalez kale. Zerbaitetan ibiliko da. Auskalo!
—Eta zertan ibili behar du, bada? Gainera, bostak dira, eta ez da eskola ordua, Anttoni.
—Beno, beno, berdin da. Eskola ordua edo fabrika ordua. Horrek badauka eskola ederra. Ez du eskolara joan beharrik. Gure Luixari ere horrelako semea tokatu behar.
—Baina, zer ari zara esaten? Zerbait ba al dakizu, bada?
—Zerbait badakidan? Ez dakienik bai al da, bada herrian? Zuk ere ederki aski dakizu, Maritxu, honezkero.
—Eskolako zigarroarena?
—Bai, bai. Zigarroarena. Zigarroarena eta zigarroa ez denarena. Oraingoan handia egina izan behar du.
—Ez da horrenbesterako ere, Anttoni. Atzo bertan egon nintzen Luixarekin, eta ez da hain larria, emakumea. Adin horretan badakizu, gaztea izaki, gaztea.
—Gazte gehiago ere badira hemen, eta denak ez daude drogatan ipurtzuloraino sartuak, e, Maritxu?
—Beno, batzuk etxean ongi eutsiak daude, Anttoni. Baina beste batzuk, ba... kalean bizi dira. Eta Luixa ere zer izan da, bada? Beti kalean, beti okupatua, eta semea kale gorrian, beti nahi duen guztia egiten. Zer nahi du orain? Hor dauka orain gaixoak libertatea.
—Eskolatik botatzekotan direla esan didate. Zuk ba al dakizu zerbait, Maritxu?
—Horrenbestera ez dut uste iritsiko direnik, baina oraingoan ez bada, hurrengoan ziur bidaliko dutela. Ez dut uste atzo Luixak egia osoa esan zidanik.
—Zigarroak, porroak... denetik erretzen omen du. Eta oraingo beste pastila moduko droga horiek ere hartzen omen ditu. Beno, hartu eta eskolan saldu ere bai. Horregatik uste dut bidaliko dutela etxera.
—Ea eskarmentatzen den. Baina ez dut uste. Oker jaiotako horiek, oker jarraitzen dute aurrera ere. Uste dut alferrik ari direla mutil horrekin, Anttoni. Dagoeneko kontu horietan baldin badabil, zer ez du egingo horrek hogei urtetan!
—Aurrena, iritsi egin behar hogei urtetara. Gizajoari kostako zaio. Zenbat urte izango ditu, bada, Luixaren semeak, hamalau?
—Haiexek. Hamalau urte besterik ez, eta drogen menpe. Zer ikusteko gaude, Anttoni?
—Eta ez hori bakarrik. Lehen esan dizudana. Eskolako lagunei drogak saltzea okerragoa duzu, gero, Maritxu.
—Hori, hori. Hori bai dela latza. Eskerrak gureak ez diren horrelakoak!
—Gureak? Ez dut uste. Nik behintzat etxean gauzak garbi esanak ditut. Gure mutilak debekatua dauka Mizel horren ondora hurbiltzea ere. Gaur bertan hitz egin dut berarekin. Ez, gure Anderrek ez du horren arriskurik. Gureak futbola besterik ez du buruan, Maritxu.
—Bai, hala da, bai. Eta horrela hobe. Gerora ere izango dute denbora horrelako gauzetarako. Zenbat eta beranduago, hobe, Anttoni. Nik ere esan diot Alaitzi kontuz ibiltzeko Mizelekin. Badakit lehen oso lagunak zirela, orain gutxi arte, baina...
—Luixaren mutikoarena izugarria izan da, gero. Hau ttiki-ttikitatik etorri da okerra, e! Lehen ere ez al zuten lapurrerian harrapatu eskolan, Maritxu?
—Bai, eta ikasi? Beti oso nota txarrak etxera, Anttoni. Eta hala ere gurasoak lasai. Nik honezkero jarri nuen bere lekuan, bai. Nirekin ikasi beharko luke. Bai horixe!
—Baina nola ikasiko du, bada, mutilak, erditan ere ez bada azaltzen eskolara. Gutxienez klasera joango balitz!
—Eta nola nahi duzu klasera joatea drogazalea bada? Nahiko lana izango du porroak egiten eta pastilak erosten eta saltzen. Lehen ere lapurrerian ibilia bada, laster da berriz ere horrelako ekintzetan. Eta hurrengoan ez da konformatuko gauza ttikiren batekin hau, e! Mutil hau laster dugu kutxaren bat asaltatzen, gero! Ez asko fidatu! Entzun ongi esaten dizudana, Anttoni.
—Hori da marka hori! Lehen horrelako gauzak kanpoan izaten ziren, baina orain auzoan ditugu delinkuenteak, alajaina! Zeinek esan!
—Horrelaxe da, Anttoni. Kontuz ibiltzen al gara geu ere. Hemen ez dago inor seguru, e! Ez pentsa. Mutil deabru horrek seguru pistolaren bat ere baduela.
—Noski. Zer uste duzu? Lehen ere esan dizut, Mizel hori aspalditik datorrela okerra eta arriskutsua. Eta zer itxura daukan! Batzuetan beldurra ere ematen du bere ondotik pasatzeak.
—Egia. Ikusi besterik ez dago zer begiratua duen eta zer nolako begi-zuloak dituen.
—Eta harritu egiten al zara? Edan ere bastante egiten omen du eta. Zer nahi duzu, Maritxu?
—Aitak ere ez al du edaten? Egunero ardoz lepo, eta asteburuetan morkor-mozkor eginda. Luixa gaixoak ez du zorterik izan.
—Beno, beno. Dena ere ez da suertea, Maritxu. Senarrak edan egiten badu, emazteak uzten diolako da.
—Eta Luixak berak ere ez dakit ez ote duen zerbait edaten. Atzo anis usain pixka bat hartu nion. Ez dakit zer esan, Anttoni.
—Noski edango duela. Horrelako familiatan denek edaten dute, denek erre, danak errudun.
—Semearen janzkera eta piura ikusi besterik ez dago, etxe horretako pulamentuaz jabetzeko. Eta ibiltzen dituen arropak!
—Garbitu ere egiten ote dira! Jakin nahi nuke.
—Garbitu? Nahiko lan. Usaina behintzat ez dute ederra botatzen zenbaitetan.
—Beno, beno. Gu behitzat ez gara horrelakoak, eta animo, Maritxu!
—Hori, hori! Arrazoi duzu. Eskerrak! Ea gerora ere horrela jarraitzen dugun. Agur, Anttoni!
—Adio, bai, adio!
Lagunarte eta sentimenduen haize gozo epelak, Mizelen lagunenganaino eraman zuen zigarro-punta gupidagarriaren kirats gaiztoa.
—Mizel ez dabil ederki aspaldi honetan. Ez dakit zer gertatzen zaion. Hitz egin beharko genuke berarekin, Ander.
—Hitz egin? Eta berak nahiko al du? Guk lehengoan jarraitzen dugu, Alaitz. Hura da alde egin zuena. Guk oraindik elkarrekin jarraitzen dugu. Gure kuadrila, gure asteburua, gure futbola...
—Bai, hori horrela da, baina Mizel ere gure taldekoa zen, Ander, eta niri pena ematen dit mutilaren egoerak.
—Niri ere bai. Baina zergatik joan zen bera baino bi urte zaharragokoekin? Zigarroak erretzen ikastera? Orain hor dauka nahi zuena. Orain zigarroak baditu, baina ez dakit besterik deus baduen gizajoak.
—Hori, ba, hori, Ander. Besterik ba al du? Nik uste oraindik garaiz gabiltzala Mizelekin hitz egiteko eta guregana ekartzeko. Futbolean oso ona zen. Ez al da egia?
—Oso ona zen, bai. Aurrelari bizkorra eta efikaza. Golak ipurdiarekin ere sartzen zituen horietakoa. Baina hark egin zuen bere aukera, Alaitz.
—A, bai? Eta aukerak betirako egiten al dira, Ander? Beraz ezin da inoiz biderik zuzendu? Barkatu, baina uste dut Mizel mutil ona dela. Momentu txar batean lagun txar bat ondoan, eta kito! Biak parean tokatu eta, adios! Zurekin izandako bronka izan zen guztiaren hasiera, Ander.
—Hara! Azkenean ni errudun. Nirekin istilua izan aurretik bazuen joera arrarorik Mizelek. Hura beti izan da espeziala. Gurekin aburritu egiten zen. Baina orain ni naiz horren errudun bakarra. Zu ere nire kontra al zaude, Alaitz?
—Ez, ez nago zure kontra. Mizelen alde nago, Ander. Niri ez zaizkit batere gustatzen orain dituen lagun berri horiek. Hori da dena. Eta berriro gureganatzen saiatu behar genuke. Tabakoa da lagun berri horiengandik lortu duen gauza bakarra. Porroak ere ez dira urruti ibiliko, eta alkohola ere zer esanik ez. Ez al zara konturatzen oso gaztea dela laugarren mailako horiekin horrelako kontuetan hasteko. Beti izan dela berezia? Konforme. Baina gaiztoa ez da sekula izan.
—Lehen ere esan dizut, ez zela nire aukera izan, berea izan zela. Guk lehengoan jarraitzen dugula. Eta itzuli nahi badu gu hemen gaude, Alaitz.
—Horixe, baina norbaitek gonbidatu beharko du. Ikasturte hasieran zurekin izandako istiluaren ondoren hura ez da ausartuko berriz zurekin hitz egitera. Zeuk eman beharko duzu aurreneko pausoa, Ander. Zer kostatzen zaizu?
—Beraz, Hura ez da ausartzen, baina nik bai, nik ausartu egin behar dut. Eta istilu hartan, gainera, nik ez nion deus txarrik esan. Orduan ere bera izan zen niri “empollón”, “pelota” eta antzeko loreak egotzi zizkidana.
—Bai, baina zu ere ez zinen atzean gelditu, “atzeratua” eta horrelakoak esan zenizkionean.
—Zer nahi zenuen, nik sekulakoak entzun eta isil-isilik gelditzea? Nik ez nion esan gu utzita beste horiengana joateko. Ni ere joan nintekeen, baina ez nuen horrelakorik egin, eta hementxe nago. Horiek ez naute tentatuko beren zigarro eta porroekin. Oraindik behintzat ez. Eta gero ere nik erabakiko dut zer probatu eta noiz probatu. Ez didate Mizelen lagun berri horiek esango.
—Oso ongi, Ander. Zuk agian baduzulako nahiko nortasun gauzak horrela ikusteko, aztertzeko eta erabakitzeko. Baina denak ez dira horrelakoak. Mizel oso ahula da, eta erraz joaten da izkina batetik bestera. Eta orain bertan ere oso ongi dakizu zertan dabilen. Lehengo astean erretzen harrapatu zuten jolas garaian, eta gurasoak ere deitu dituzte. Auskalo zer nola ari den pasatzen gizajoa! Eta dena zigarro zikin batengatik.
—Bai, baina bera erretzen ari zen zigarro zikin batengatik. Zergatik ez da gurekin ibiltzen jolasgaraietan? Ez, gurekin ez. Hark handia izan nahi du. Handia bai, baina tontoa, ordea.
—Horixe, ba, Ander, horixe, tontoa. Galanta gainera. Beste horiek ez dituzte harrapatzen eta hau berriz berehala. Eta seguru ez duela askorik erretzen. Hilabete apur hauetan ikasi du, eta ez dut uste dagoeneko erretzaile profesionala izango denik. Eta hala ere orain entzun beharko dituenak. Zer esan ote diote etxean? Eta jendea esaten ari dena? Ez dago eskubiderik!
—Horretan arrazoi duzu, Alaitz. Dozena bat zigarro besterik ez zuen erreko oraindik, eta jendeak esa-ten dituen gauzak.
—Erretzaile porrokatua dela, drogazalea dela, saltzailea... Ikaragarria da herri honetako izaera.
—Herri honetakoa eta bazter guztietakoa, Alaitz. Nik ere ez dut uste asko erreko duenik. Hori bai, nahiz gutxi erre, goizeko zortzietan erretzen badu, horrek kalte egiten dio, eta horregatik nabarmentzen zaio hainbeste tonto horri. Nahikoa du bi goizetan gelara erdi zorabiatua sartzea, bazter guztiak eskandalizatzeko. Horretan ere ez da batere azkarra.
—Eta Mizel zigortua eta harrapatua dagoen bitartean, beste guzti horiek libre, lasai. Haiek ederki, Mizelen kontura. Orain badute tonto bat zuzendaria eta irakasleak entretenitzeko. Horregatik esaten dizut Mizelekin hitz egin behar dugula. Gu gara haren lagunak. Oraingo horiek ez dute Mizel salbatuko. Ez zaie interesatzen, gainera.
—Bai, hori ere horrela da, Alaitz, baina niri ez esan harengana joateko. Zeuk eman nahi baduzu lehen urratsa. Edo beste norbaiti esan.
—Ni joango nintzaioke, baina niri entzungo al dit? —A, eta niri bai? Zuk duzu interes gehien, beraz,
badakizu. Gainera ez al zaude hartaz maitemindurik? —Baina, zer ari zara esaten? Mesedez, Ander! —Barkatu, Alaitz. Galdera izan da. Besterik ez. —Bai, bai… Galdera besterik ez. Nik badakit non
dik doazen zure galderak. Denak berdinak zarete. Beti gauza berean pentsatzen.
—Hara! Hori ere entzun behar genuen! Ez zara oso originala izan oraingo honetan, Alaitz. Uste dut esaldi hori gure birramonak ere esaten zuela.
—Eta zer? Egia baldin bada, berdin zait zure aitonak esaten bazuen ere. Zer uste duzu, guk ez dugula sentimendurik? Neskok mutil batenganako interesa azaltzen badugu, ez da beti eta soilik ona dagoelako eta harekin txortan egin nahi dugulako. Gure buruan eta bihotzean beste gauza asko ere badaude. Gu ez gara zuek bezalakoak. Neska batengana hurbiltzen bazarete, sexua bakarrik duzue buruan. Sexua, sexua eta sexua.
—Beno, beno, aski izango dugu. Uste dut kilometro batzuk pasatu zarela, Alaitz. Ulertu dizut. Ez zaude Mizelekin maiteminduta. Konforme. Bakarrik lagun bezala berreskuratu nahi duzu. Ederki. Baina, lasai, neska. Guk ere buruan baditugu gauzak eta. Behar bada pitoak leku gehiegi okupatzen duela gure pentsamenduetan? Baliteke, baina zuk ere gauzak ez atera bere lekutik. Nik bakarrik esan nahi nizun, zuk hitz
egiteko Mizelekin. Emakumeok abilagoak zarete horrelakoetan.
—Nik bakarrik joan behar al dut? Zu ere etor zaitez nirekin.
—Nahi baduzu lagunduko dizut, baina nik ez dut txintik ere esango, ez dut ahorik irekiko.
—Bihar jolas garaian patioa garbitzen ari den bitartean, hurbilduko gatzaizkio.
—Bale.
Lagunen errukiaren eta bihozminaren zurrunbiloak Mizelen zakar poltsaraino hurbildu zuen bere zigarro-punta ibiltaria.
—Kaixo, Mizel! —Iepe! —Noiz arte aritu behar duzu zabor biltzen? —Hilabete hau. Oraingoz. Zer ba? —Ez, deus ez... Jakiteko. —Zer zatoz, laguntzera, Alaitz? —Bai, halaxe nator. Intentzio horretan, behintzat. —Bizkartzainarekin? —Ander ez da bizkartzaina. Hau ere laguntzera
dator, Mizel. —A bai? Laguntzera al zatoz, Ander? —Ez, ez. Ez nator laguntzera, ez, Mizel. Zuri lagun
tzera ez behintzat, Alaitzi laguntzera etorri naiz, baina banoa. Ikusten dudanez gauzak ez dira asko aldatu, eta ni banoa hemendik. Etorri orduko txorakeriak entzuten hasi naiz, eta, malo! Esan nizun, Alaitz, zu bakarrik etortzeko.
—Beno, beno, niri esadazue zertara etorri zareten eta kito! Nik lanean jarraitu behar dut. Honezkero hor daukat irakasle putreren bat zelatan eta.
—Esan dizugu, Mizel. Zuregana etorri gara, besterik gabe. Zurekin egotera, zurekin hitz egitera, eta nahi baduzu zerbaitetan laguntzera.
—Bale. Hasi lurreko zaborra biltzen laguntzen. Hemen duzue poltsa.
—Horretan ez, Mizel. Beste zerbaitetan lagundu nahi dizugu. Zergatik jarri behar duzu hain borde?
—Beste zerbaitetan? Zertan?
—Berriz ere gurekin itzultzea nahi genuke, Mizel.
—Zuekin itzultzea? Ez naiz inora joan eta. Nik hemen jarraitzen dut zuekin batera ikastola berberean.
—Bai, ikastola berberean bai, baina beste lagun batzurekin.
—Eta? Ez al zaizkizu gustatzen nire lagun berriak, Alaitz?
—Ez, asko ez, Mizel.
—Zer dira, itsusiak?
—Zer, Mizel. Ez duzu hitz egin nahi. Ihesi egiten duzu. Zuk ederki dakizu zergatik ez zaizkigun gustatzen laugarren mailako zure lagun berriak.
—Esadazu, bada! Zergatik ez?
—Nik esan behar al dizut zeuk ere ederki dakizuna? Ongi da. Esango dizut. Begira, Mizel, hasteko, hauxe bakarra esango dizut. Non dira une honetan, esate baterako, zure lagunak? Zergatik ez daude hemen zurekin?
—Eta nik zer dakit? Ni ez naiz besteen bizitzan sartzen.
—Haiek ederki dabiltza beren txokoan ji-ji eta jaja, eta zu hemen zigortuta. Haiek ez dituzte zigarroak erretzen harrapatzen, Mizel, eta zu berehala harrapatu zaituzte. Eta zure lagun berriei bost axola.
—Beno, ni erretzen harrapatu banaute, ez da haien errua, nirea baizik, Alaitz. Eta errua nirea bada, nik bete behar zigorra.
—Oso ongi, Mizel, primeran. Zuk segi horrela. Goazen, Alaitz, hemen alferrik ari gara eta.
—Zaude lasai, Ander, oraindik ez dugu amaitu eta.
—Tipo hau joan liteke, e, Alaitz. Nik ez dut deusetarako behar.
—Kontuz mingain horrekin, e, Mizel! Kontuz! Hemen zu zara eta tipo bakarra. Lehen ere entzun nituen zure iseka franko, eta ez dizut beste bat bakarrik ere pasatzen utziko. Zer uste duzu, laugarren mailakoekin zabiltzala eta kokildu egingo nauzula?
—Nik ez dut laugarren mailakoen beharrik zu kokiltzeko, Ander. Lehen ere ez, eta orain gutxiago.
—Beno, beno, aski duzue! Bi oilar harro bezala jarrita! Hitz egitera etorri gara, eta ez gauzak okerrago jartzera, Ander.
—Barkatu, baina, hitz egitera zeu etorri zara. Ni zuri laguntzera etorri naiz. Baina honek tipoa deitzen badit, ni defenditu egingo naiz, besterik ez. Eta ni banoa hemendik. Agur!
—Oso ongi, Ander. Eskerrik asko zure laguntzarengatik. Gero hitz egingo dugu. Mizel, azken aldian ez zabiltza ongi. Arazoak bata bestearen atzetik datozkizu. Notak gero eta txarragoak, erretzen ere hasi zara, noiznahi zigortua... Zer nahi duzu? Zertan zabiltza?
—Baina zer gertatzen zaizu, Alaitz? Noiztik hain kezkaturik? Nire ama baino okerrago hasi zara. Horixe bakarra behar nuen. Hori al da zure laguntza?
—Ez dakit zertan nahi duzun laguntzea. Horretara etorri gara zuregana. Baina ez badidazu kasurik egiten... Goazen azkeneko istilu honetatik hastera. Zigarroa erretzen harrapatu zintuzten, bai ala ez?
—Bai, noski. Bestela ez nintzen hemen ariko orain zabor biltzen.
—Eta zergatik erretzen duzu? Lagun berri horiek irabazteko? Gu baino azkarrago handitu nahi duzulako? Zergatik hasi zinen laugarren mailako horiekin?
—Baina zer duzu laugarren mailakoen aurka?
—Nik? Deus ere ez. Laugarren mailan aski jatorrak ere badira, baina zuk kasualitatez ez dituzu horiek aukeratu. Beti istilutan dabiltzan ale bakar horietxek gustatu zuri, nonbait. Ez al zara ohartzen horiekin hasiz geroztik arazoak arazoen gainean pilatzen ari zaizkizula?
—Beno, suerte txarra izango da. Eta zuk ez al duzu arazorik, bada?
—Bai, horixe. Baina ez zuk dituzunak. Zergatik erre behar duzu oraindik hamalau urte ere ez dituzu eta?
—Gustatzen zaidalako.
—Zure gelakoek esaten dute, goizetan erdi zorabiatuta sartzen zarela gelara. Egia al da hori?
—Ni ederki sartzen naiz goizetan ikastolara. Horiek esamesak dira, neska.
—Denak ez dira esamesak izango, Mizel. Neuk ere ikusi izan zaitut oso aurpegi txarrarekin goizetan eta. Tabakoaz gain, beste zerbait hartzen edo erretzen al duzu?
—Beno, laugarren mailako bat txokolatea ekartzen hasi da orain dela gutxi. Niri eskaini zidan eta proba-tu egin nuen.
—Beraz, porroak ere erretzen dituzu. Egia da orduan jendeak dioena. Baina, nora zoaz hamalau urterekin, Jode! Erotu egin al zara?
—Ez, oraindik ez naiz erotu, Alaitz. Lehen ere esan dizut, nire ama baino okerrago ari zarela. Eta niri bost axola jendeak dioena. Beraz, badakizu.
—Niri ere bai. Bost axola jendeak zer dioen. Ni zuk egiten duzunak kezkatzen nau. Ez jendeak dioenak.
—Zuk ere probatu behar zenuke, Alaitz. Ez dakizu zeinen ongi sentituko zaren.
—Ez, ez. Eskerrik asko. Ni ongi sentitzen naiz bestela ere. Ez dut erretzeko beharrik ongi sentitzeko. Ez dut bizitza osoa zabor biltzen eta zabor artean igaro nahi. Hori baino gehiago maite dut nire burua.
—Hara gure markesa! Barkatu, baina zabor biltzaileak ere maite dute beren burua, e!
—Zuk badakizu zer esan nahi nuen. Hortik aurrera nahi duzula uler dezakezu. Futbol entrenamenduetara ere ez zara joaten, ez?
—Entrenatzera? Zertarako? Larunbatean aulkian egoteko? Horretarako ezta azaldu ere.
—Hasi behar zenuke, Mizel. Zuk badakizu oso ona zarela, eta oso gutxirekin berriro ere jokatuko zenukeela.
—Zuk jarraitzen al duzu ekipoaren partiduak ikustera joaten, Alaitz?
—Nik lehengo lagunekin jarraitzen dut, Mizel. Horixe joaten naizela! Baina orain partiduak ez dira lehen bezalakoak. Ezinean dabiltza. Ez dute golik sartzen.
—Beno, beno, beno… Zertan ari zara, niri pilota egiten?
—Ez, ez naiz horretan ari, Mizel. Nahi duzunean hitz egingo dugu berriro. Eta ez bazara zu niregana etortzen, ni joango natzaizu. Beno, tirrinak jo du, eta klaserako ordua dugu. Agur, Mizel!
—Bai, agur, Alaitz! Ni ere banoa zaku zahar hau hustuta. Eskerrik asko!
—Zer? A! Ez horregatik.
Amaren maitasun bero eta eztiaren aire maitekorrak, Mizelen ohe txokoraino eraman zuen mutilaren zigarro-puntaren ke urdin sarkorra.
—Zer, Mizel, zer moduz zaude?
—Ongi. Zer nahi duzu, ama?
—Deus ere ez, gizona. Zer moduz zauden galdetu.
—Esan dizut. Oso ongi. Eta orain utz nazazu nire gauzak egiten.
—Lasai, beti uzten dizut zure gauzak egiten. Baina nirekin hitz egitea ere zure gauza dela uste dut. Zuzendariak hori esan zigun behintzat, hitz egiteko eta hitz egiteko.
—Zertaz hitz egin nahi duzu nirekin? Eta oraintxe izan behar du?
—Oraintxe? Noizbait hitz egin beharko dugu, bada. Eta zertaz badakizu nik baino hobeto. Beraz, utzi eroarena egiteari. Zer moduz ikastolan?
—Oso ongi, ama. Esan dizut hamar aldiz. Oso ongi.
—Eta zigorrik jarri al dizute?
—Bai, ama, bai. Jolas garaietan jolaslekuko zaborra bildu. Betikoa. Gure ikastolan horrekin konpontzen dute dena.
—Dena ez. Berriz erretzen harrapatzen bazaituzte, etxera bidaliko zaituzte. Orduan izango dira kontuak!
—Zer etxera eta zer letxe! Inoiz ez dira ausartu eta nirekin egingo dutela uste al duzu? Ikastolan arau asko daude, baina betetzea kostatu egiten zaie. Zu lasai, ama, ez naute etxera bidaliko eta.
—Beno, berdin da. Beste zigorren bat ezarriko dizute, eta nik ez dut horrelakorik nahi.
—Hori, zuzendariarekin hitz egin beharko duzu. Ikastolan zigorra da soluzioa. Han ez dizute galdetzen zer moduz zauden. Zuzenean zigorra jarri eta aurrera.
—Eta zertarako galdetu behar dizute zer moduz zauden, ez baduzu hitz egin nahi. Ni hemen naukazu horixe galdezka, eta ez didazu kasurik egiten, Mizel.
—Ezetz? Eta zer ari naiz oraintxe bertan?
—Bai, hizketan. Baina esan al didazu zenbat erretzen duzun? Zer erretzen duzun? Zergatik erretzen duzun?
—Hori aspaldi erantzun nizun, ama. Nik ez dudala erretzen. Egun hartan nire ondoan aurkitu zuten zigarro-punta ez zela nirea. Laugarren mailakoena zela. Nola esan behar dira gauzak?
—Hori al da erantzutea? Ez, Mizel, ez, gaizki zabiltza. Gezurra amari eta gezurra zeure buruari. Horrela ez zoaz inora. Nik badakit erretzen duzula. Badakit futbola ere utzia duzula. Badakit zu baino lagun zaharragoekin zabiltzala.
—Dena baldin badakizu, zertan ari zara niri galdezka?
—Zuk esatea nahi dudalako. Nik ez dut nire etxeko gauzez kalean enteratu beharrik. Zuk kontatzea nahi dut, Mizel.
—Ni baino zaharragoekin ibiltzen naizela eta zer? Hori txarra al da?
—Ez, berez ez da txarra. Baina zure kasuan txarrerako izan da. Hor dauzkazu ondorioak.
—Zer ondorio eta zer arraio!
—Bai, ondorioak, Mizel, ondorioak. Notak lehen baino txarragoak, erretzearena, futbola uztearena... Zer nahi duzu gehiago?
—Zuri nork esan dizu nik futbola utzi dudala, ez bazarete nire partiduetara azaldu ere egiten?
—Nola ezetz. Askotan joan izan gara zure partiduak ikustera.
—Bai, horixe. Zortzi eta bederatzi urte nituela. Baina azkenaldian? Azken bi urteetan ez zara azaldu. Eta aita gutxiago.
—Beno, Alaitzen amak esan dit, Maritxuk. Denboraldi honen hasieratik ez zarela futbolera joaten.
—Sorgin hori izan al da?
—Mizel, mesedez! Alaitzek ez du deus txarrik egin. Bere amarekin hitz egiteko eskubiderik ez al du?
—Amarekin hitz egiteko! Eta beste atso kotxina hori zuregana ipurdi handi hori galdu beharrean kotilleatzera. Kontakatilu nazkagarria!
—Baina isildu nahi al duzu? Zuretzat beste guztiak txarrak dira, gaiztoak. Eta zuk berriz dena ongi egiten duzu. Hori da marka hori, Mizel! Zuk ere zerbait egingo zenuen gaizki.
—Bai, ama, bai. Nik dena egiten dut gaizki.
—Orain ez jarri horrela, Mizel. Zergatik utzi zenituen lehengo lagunak?
—Lehengo lagunak utzi? Begira, gaur bertan Alaitzekin eta Anderrekin egon naiz jolas garaian.
—Bai, gaur bai. Baina zu udaz geroztik laugarren mailako batzuekin zabiltza. Eta hain zuzen ere okerrenekin. Laugarren mailan izango zenuen beste aukera hoberik, baina zuk horietxek aukeratu behar. Mutilak, mutilak!
—Eta zuk ba al dakizu zein diren onak eta zein gaiztoak?
—Ez da zaila Mizel. Itxurari begiratzea aski. Arropak arrastaka, aurpegia garbitu gabe, orraztu gabe, zigarroa eskuan... Horiek onak ezin izan, Mizel.
—Itxurak ez du deus ere esan nahi. Zu beti horrekin zaude. Barruko itxura da inportantea, ez kanpokoa.
—Itxurak ez duela garrantzirik? Beti ez, baina kasu honetan bai. Ez dakit nola engainatu zaituzten hain erraz.
—Ni ez nau inork ere engainatu, ama. Nik nahi dudalako, ibiltzen naiz horiekin.
—Eta zer ematen dizute? Zigarroena, badakit. Baina nik gehiago baden jakin nahi dut, Mizel.
—Zigarroena? Beno. Tarteka bat edo beste eman izan didate, baina besterik ez.
—Eman izan didate! Beraz, erretzen duzu. Eta ematen ez dizutenean, zeuk erosten dituzu, jakina.
—Beno, oso gutxi. Ematen didazuen pagarekin ezin dut miraririk egin.
—Nahi baduzu neuk erosiko dizkizut. Egunean pakete bat ongi iruditzen al zaizu?
—Hasi zara txorakeriak esaten, ama.
—Goazen aurrera, Mizel. Zer da zigarroez gain erretzen duzuna edo hartzen duzuna?
—Ezer ere ez.
—Gezur gehiagorik ez, Mizel, mesedez!
—Zer nahi duzu esatea? Behin porroa erretzen ari zirela eta kalada bat eskaini zidatela? Hori?
—Hori, bai, hori. Eta kalada ona izango zen, jakina. Geroztik goizero zorabiatuta klasera. Porro potentea zen hura, gero! Asko ari zaizu irauten. Kalada sakona izango zen oso hura. Bai horixe!
—Goizetan zorabiatuta ni? Hori ez dakit nondik atera duen zuzendariak. Zuk badakizu goizetan sekula ez dudala fundamentuz gosaltzen, esnerik sartzen ez zaidalako. Hori da guztia, ama. Behin hamaiketakoa egiten dudanean ongi jartzen naiz.
—Ea, Mizel. Zer arazo duzu zuk hamahiru urtetan istilu hauetan sartzeko? Zertan nahi duzu laguntzea? Zertan huts egin dugu? Jarrai ezazu lehengo koadrilarekin. Has zaitez futbolean, astebururo joango gara
zure partidua ikustera. Mesedez, Mizel, mesedez! Ez horrelakorik egin niri.
—Beno, beno, ama, ez hasi negarrez orain. Ikusiko dut. Hitz egingo dugu. Baina futbolean orain hasten banaiz, ez naute deialdian ere sartuko. Eta sartuta ere, aulkian egoteko izango da.
—Hori ez da egia, Mizel. Zu goleatzaile ona zara. Berehala zara hamaikakoan. Ikusiko duzu.
—Beno, beno, ez dakit. Hitz egingo dut entrenatzailearekin. Eta orain atera zaitez nire gelatik, ama. Nire gauzak egin behar ditut eta.
—Bale. Laster etorri afaltzera.
Lagun berrien maliziaren eta maltzurkeriaren haize hotzak beren lokaleraino eraman zuen Mizelen zigarro-puntaren aire kirastua.
—Arratsalde on, Mizel!
—Berdin!
—Zer, serio zabiltza azken aldian.
—Serio? ez dakit zergatik esaten didazun hori, Iñigo.
—Beno, serio edo arraro samar behintzat.
—Ez dakit zer esan nahi didazun.
—Irakasle putre jende horrek hainbeste akojonatu al zaituzte, Mizel?
—Irakasleek? ez dut aspaldian hitz egin horiekin.
—Beno, irakasleekin ez dakit, baina, zuzendari patetiko horrekin hitz egin zenuen, ez?
—Bai, hala da, baina ez zen deus berezirik gertatu. Gainera ez zuen nirekin hitz egin, amarekin hitz egin zuen.
—Noiz arte daukazu jolas garaietako zigorra?
—Hilabete hau amaitu arte.
—Beraz, amatxoren bronkarekin zaude akongojatua, isatsa hanka tartean sartuta.
—Orain zuk hasi behar al duzu, Itsaso? Baina, zer duzue nirekin? Zergatik ez nauzue bakean uzten? Egun hauetan ez dut kantari aritzeko gogorik, eta kito! Ez da besterik. Ez zait deus ere gertatzen.
—Irakasleak ez dira izan, zuzendaria ez da izan, amatxo ere ez... A, badakit nor ari den gure ttikia zintzotzen?
—Aski duzu, Itsaso! Ez zaitez adarra jotzen hasi, mesedez. Ez daukat horretarako gogorik eta.
—Ez naiz adarra jotzen ari, Mizel. Badakit nork jarri dizun burua bueltaka.
—A, bai? Eta nor da, bada?
—Nor izango da? Alaitz.
—Alaitz? Eta zergatik diozu hori?
—Zer, Mizel, despistatu papera egiten? Lehengoan ikusi zintugun jolas garaian zure laguntxo horrekin goxo-goxo hitz egiten.
—Alaitzekin? Bai. Askotan egoten naiz Alaitzekin. Lehen baino gutxiagotan, baina oraindik badut harekin harremanik. Ez zara, bada, jeloskor egongo, Itsaso?
—Zer? Ni jeloskor? Bai, Mizel, bai, oso. Ez dut lorik egiten zutaz pentsatzen. Baina zer ari zara esaten, mutiko? Oraindik mukiak kentzen ez dakizu eta. Zer uste duzu, zu bezalakoei begira nagoela? Beno, beno, mesedez!
—Hara, hara, gure markesaren fantasiak! Nori begira ote zaude, bada, eder galant hori? Ez dut uste amets handiegiak egiteko zaudenik zu ere, alajaina!
—Zuri begira ez behintzat, oraingoz. Handitzen zarenean izan beharko du.
—Zenbatekoa behar ote duzu, bada, Itsaso? Zure antzeko gizajoren bat ez baduzu engainatzen. Kostako zaizu gaixo horri.
—Nire antzekoa bada, ez dago gaizki.
—Baietz, baietz. Ederki ari zara. Zer uste duzu, tangaren tira gorri horiek leporaino igota denak atzetik izango dituzula? Beno, atzetik beharbada bai, baina
aurretik nahiko lan.
—Zu ere nire tangari begira al zaude, Mizel?
—Beno, aski duzue zuen txorakeriekin. Gu Mizeli buruz ari ginen hizketan. Zer, Mizel, gaur berandu etorri zara.
—Bai, berandutu egin zait, Iñigo.
—Lasai hitz egin gure artean, Mizel. Badakigu berriz futbolean hasi zarela.
—Bai, horrela da. Entrenamendutik nator.
—Eta nolatan hasi zara?
—Ba, lehengoan entrenatzailearekin topo egin, eta sekulako txapa sartu zidan, entrenatzera joateko eta joateko. Berriz proba egingo dut, eta tira.
—Zigarrotxo bat? Edo beste zerbait?
—Ez, eskerrik asko. Entrenatzaileak biharko konbokatu nau, eta igual jokatuko dut bigarren zatian bada ere.
—Beno, beno, beno. Hau da gure mutila, hau! Berriro bide onetik abiatu da gure ardi galdua. Eta etxera ere laster joan beharko duzu etxerako lanak egitera. Ez al da horrela, Mizel?
—Bai, horrelaxe da, Itsaso. Astelehenean errekuperazio bat daukat, eta horixe ateraz gero, bakea.
—Beno, Mizel, ez ahaztu bihar gauean sekulako festa dugula hemen. Azaldu. Beno, etxean baimena ematen badizute, jakina. Juerga latza bota behar dugu. Guk dena prest daukagu.
—Bale, bale. Ongi da, Iñigo. Ni banoa, agur!
—Agur, bai, Mizel! A, eta eskumuinak Alaitzi. Eta badakizu, hark ez bazaitu nahi, ni hemen naukazu zure zain, jeloskor-jeloskor, goxoki bat bezalaxe zu oso-osorik jateko prest. Agur, gizontxo!
—Kaka zuretzat, Itsaso! Tanga jaitsi dezakezu beheraxeago, ni banoa eta.
Ttikitako haize jostalariak eta orduko oroitzapenen mirak, futbol taldeko aldageletara eraman zuen Mizelen zigarro-punta erdi itzalia.
—Joño, Mizel! goiz zabiltza!
—Iepa, mister! Goiz? Partidua ez al da, bada, hamaiketan?
—Bai, hamaiketan. Eta zer ari zara bederatzietan hemen?
—Niri garaiz ibiltzea gustatzen zait. Dena ongi prestatu, ongi berotu, jantzi, botak ongi probatu...
—Beraz, serio hasi zara? Egia da berriro ekipora itzuli nahi duzula?
—Bai, noski serio hasi naizela. Erdizka izatekotan ez nintzen hasiko.
—Oso ongi, Mizel; pozten naiz. Horrela bada berehala zara zure postuaren jabe, elastikoan bederatzia daramazula.
—Gaur ez, orduan?
—Gaur ez, Mizel. Denboraldi osoan entrenatzen ari denari eman beharko diot aukera. Laster esan dizut. Zuk aste hau daramazu soilik.
—Bai, baina ez naiz gaizki ibili.
—Egia esan, ez zaizu golak sartzen ahaztu, baina oraindik motel samar mugitzen zara zelaian.
—Baina minutu batzuk izango ditut, bada?
—Ikusiko dugu. Partiduak esango digu. Baina ez ezazula hainbesteko presarik izan, Mizel. Orain batbatean horrelako grina sortu al zaizu? Non egon zara denboraldi osoan?
—Beno, franko liatua ibili naiz eta egia esan ez dut astirik izan.
—Ea, ea. Nahiko liatua? Baina, zertan? Ikasten? Esan didatenez ikasketak ere nahiko baztertuak omen dauzkazu. Ez zinen, bada, lanean hasiko?
—Lanean? Ez, ez, bestela, lagunekin eta...
—Nola lagunekin? Orain ez zara zure ekipoko lagunekin ibiltzen eta. Non ibili zara, Mizel? Ez al zara nahiko galduta ibili?
—Galduta? Ez. Beste gauza batzuetan.
—Begira Mizel, herri hau oso ttikia da. Eta hemen dena jakiten da. Nik gauza asko entzun ditut zutaz, eta nahiko kezkatua nago. Egia al da zuregatik esaten duten guztia?
—Eta nik ba al dakit, bada, niregatik esaten duten guztia zer den?
—Jakin jakin, beharbada ez duzu jakingo, baina nahiko azkarra zarenez, pentsatu, pentsatuko duzu zuregatik diotena, nahi baduzu neuk esango dizut.
—Bota bota, lasai!
—Bada, gauza txarrak entzun ditut zuregatik, Mizel. Horregatik poztu naiz hainbeste berriro ekipora itzuli zarenean. Eta gaur poz handiagoa hartu dut hain goiz hemen ikusita.
—Beno, esango didazu behingoz esan behar didazuna, edo ez?
—Zer nahi duzu esatea? Bada, hori, jendeak dioena. Erabat galduta zabiltzala. Ikastolatik bidaltzeko zorian, tabakoa erretzen, porroak erretzen, alkoholarekin ere hasia, etxetik kanpo lokalen batean bizitzen zu baino lagun zaharragoekin, ikasketak erabat utzita, lehengo lagunengandik urrun, ... Zer, jarraitu behar al dut? Zenbaitek delinkuentzian ere hasia zarela esan dit. Gutxi iruditzen al zaizu?
—Ez, ez. Neuk baino gehiago dakizu. Eta zuk dena sinistuko zenuen!
—Ez, dena ez, Mizel. Bestela ez zinateke orain hemen izango futboleko botak lotzen. Baina zerbait izango da egia?
—Zerbait? Beno, ni oraindik nire etxean bizi naiz. Egia da lokal batean elkartzen garela, baina ordu batzuetan besterik ez. Erretzearena, beno… Tarteka zigarroren bat, eta besterik ez. Eta, gainera, horrek zer axola du?
—Axola, axola… Niri esan didate goizero jota sartzen zarela ikastolara. Eta hori ez da tarteka zigarroren bat erreta. Hori egunero erreta izaten da, eta ez tabakoa bakarrik. Beraz, beste zerbait ere erretzen duzu.
—Tarteka eskaintzen didate kaladatxoren bat, baina ia ez dut porrorik erretzen. Gainera aste honetan ez dut probatu ere egin. Baina alkoholarena ez da egia. Lokalean litrona batzuk eta kalimotxo batzuk prestatzen ditugulako, ezin da esan alkohola edaten dudanik. Zergatik ez didazu bakean uzten?
—Nahi duzun bezala. Baina zer egiten duzue, bada, litrona prestatu ondoren, komunetik behera bota?
—Ez hori ere ez, baina hainbesteren artean trago batzuk ez da deus. Eta ikastolatik ez naute bota. Zigor batzuk jarri dizkidate, baina besterik ez.
—Oraingoz, Mizel. Baina badakizu hurrengoan kalera zoazela.
—Hurrengoan? Eta izango al da hurrengorik? Zuk zer arraio dakizu!
—Ez, ez, nik ez dakit, Mizel. Ez balego, hobe denontzat. Zuretzat, etxekoentzat, gure ekipoarentzat... Baina batez ere zuretzat. Badirudi aldatzen hasia zarela. Ea egia den. Oraindik haur bat besterik ez zara, eta oso garaiz zabiltza. Zerbait nahi baduzu, nirekin kontatu.
—Eskerrik asko, baina delinkuentziarena gehitxo iruditu zait. Zer esan dizute, drogak erosteko bankuak atrakatzen ditudala? Ni ez naiz gaizkilea, gero!
—Ez horrenbestekorik ez, baina trapitxeotan hasia zarela jakin dut, eta horretarako dirua maneiatzen ere bai. Eta hori oso arriskutsua izan liteke, Mizel. Gero kosta egingo zaizu giro horretatik, sare horretatik, zulo horretatik ateratzean.
—Ateratzen hasia naiz, bada. Atzo bertan izan nintzen lokalean, eta uste dut haiek ere ohartzen hasi direla nire intentzio berriez.
—Animo. Badakizu zer egin behar duzun. Orain presio handiak izango dituzu, baina merezi du pixka bat sufritzea. Lehenbailehen alde egin zulo horretatik eta itzuli guregana, lagunengana.
—Beno, Jon, botak jantzi behar ditudala, jode!
—Bai, ederki. Ni porteriak ikustera noa eta zelaia markatzera. Laster hemen dira beste guztiak, eta oraindik ekipoa erabaki gabe daukat. Orain arte!
—Bai. Aio!
Amaren sentimendu bizi eta hunkituen haize goxo eta epelak berriro ere semearen ondora eraman zuen zigarro-puntaren ke usain zaharkitua.
—Zer moduz dago gure golegilea? —Ongi, ama, ongi. Nekatuta oso, baina ongi. —Egia al da gaur partidua jokatu duzula? Futbol
eko arropa zikina ikusi dut komunean. Orain ez al dizkizute arropak garbitzen?
—Ez. Arau berriak, ama. Lehen bai ederki, baina orain bakoitzak bere arropak garbitu behar omen ditu. Minutu batzuk bakarrik jokatu ditut.
—Eta? —Irabazi. Nik sartu dut bat eta hutsekoa. —Bejondeizula, seme! Pozik egongo dira ekipoan? —Beno. Hala egongo dira. —Eta jarraitzeko asmorik ba al duzu? —Noski. Bestela ez nintzen itzuliko.
—Zergatik ez didazu esan partidua zenuela? Ikustera joango ginen… Beno ni behintzat joango nintzen.
—Ez nekien jokatuko nuen, ama. Astebete da entrenatzen hasirik, eta ez nuen uste aukerarik izango nuenik.
—Berdin da. Hurrengoan joango gara. A, Alaitzek deitu du.
—Alaitzek? Eta zer nahi zuen?
—Ez dakit, Mizel. Etxean al zinen, eta ezetz, aterea zinela esan diot. Neska jatorra ematen dut horrek. Lehen haren laguna zinen.
—Haren laguna? Ez dakit. Besteena bezala, pentsatzen dut.
—Bestek baino gehiagotan deitzen zuen Alaitzek, Mizel. Eta etxean ere askotan izan da zurekin. Orain ez zara horiekin ibiltzen, ez?
—Batzuetan. Eta zer esan dizu, deituko duela edo nik deitzeko?
—Ez dit deus ere esan, Mizel. Zuk deitu beharko diozu.
—A, datorren asterako galtza motz batzuk eta elastiko pare bat behar ditut entrenatzeko. Aste honetan besteenekin aritu naiz, baina datorren astetik serio hasi nahi dut.
—Nahi baduzu gaur arratsaldean bertan eros genitzake. Aitari esan al diozu berriro ere hasi zarela futbolean? Poz ederra hartuko du.
—Baina zer ari zara esaten, ama? Aitari bost axola nik zer egiten dudan.
—Zergatik diozu hori, Mizel? Ikusiko duzu nola joango den hemendik aurrera zure partiduak ikustera!
—A, bai? Eta zuk nola dakizu hori? Begira, ama, nik badakit aitak edan egiten duela. Niri ez didazu deus ere ezkutatu behar.
—Baina zer ari zara esaten?
—Entzun duzuna, ama. Nik badakit asko ari zarela sufritzen. Zergatik ez duzu behingoz serio hitz egiten aitarekin?
—Ez da horrenbesterako, Mizel. Tarteka kontent samar etortzen da, baina ez da eguneroko arazoa.
—Gero eta maizago, ama. Zer uste duzu, ez ditudala zuen gauetako zalapartak eta oihuak entzuten nire gelatik?
—Eztabaida horiek normalak dira bikote batean.
—Normalak? Lehengoan eskua jasota ikusi nuen zu mehatxatzen.
—Barkatu, Mizel, baina zure aitak ez nau inoiz ukitu ere egin, eta zu ere ez zaitu sekula jo. Kontuz zer esaten duzun!
—Bada, ez baduzu zuk hitz egiten, nik hitz egingo dut.
—Zuk baduzu nahiko lana zure arazoekin, Mizel. Aitarekin hitz egin beharrekoa neuk hitz egingo dut.
—Lehengoan ere biak joan behar omen zenuten ikastolara. Hala esan zenidan behintzat. Eta zu bakarrik joan zinen, beste behin ere. Non zen aita?
—Lanean, Mizel. Non izango zen, bada?
—Aski zuen ateratzea. Beste gauzetarako ez al da ateratzen?
—Beno, hurrengoan biok joango gara. Zu ez kezkatu horrengatik. Eta futbolera ere biok joango gara.
—Baina, zergatik esaten didazu hori, ez bada sekula santan azaldu nire partiduetara?
—Oraingoan bai, Mizel. Ikusiko duzu. Eta zurea zer moduz doa? Bete al duzu ikastolako zigorra?
—Hilabete osoan ari behar dut jolas lekua garbitzen. Zenbat aldiz galdetu behar didazu?
—Eta laugarren mailako beste lagun horiekin jarraitzen al duzu lokal zikin horretan?
—Orain gutxiago. Aste honetan ea ez naiz ia sartu ere egin. Eta lokal hori ez da zikina!
—Hori oso ongi dago, Mizel. Zuk badituzu horiek baino lagun eta dibertsio hobeak.
—Zu ez gehiago kezkatu niregatik, ama. Nik bada-kit zer egin behar dudan.
—Ea egia den. Herrian zuregatik esaten ari diren guztiak min handia egiten dit, Mizel. Badut historia hau amaitzeko gogoa.
—Lasai, ama. Berehala bukatuko dira nire kontrako esamesak. Nik aitarenak entzuten ditut, eta entzun izan ditut ttiki-ttikitandik, eta ni horiek izorratzen naute.
—Esan dizut aitarena ez dela grabea. Lehengo hilabetean sikologo batekin egon nintzen, eta biok joateko esan zidan. Orain aita konbentzitzen ari naiz. Sikologoak esan zidan, hirurok joatea zela egokiena.
—Niri utzi bakean sikologo eta horrelako historiekin! Gainera, zergatik ez didazu deus ere esan orain arte?
—Nola nahi zenuen zerbait esatea zeu zeunden bezala? Ikasketak utziak, erretzen, lokal horretan ez dakit zertan, ikastolatik botatzeko zorian... Aita ere oso ongi ez... Barkatu, Mizel...
—Lasai, ama. Mesedez, ez negarrik egin orain. Gauzak ari dira aldatzen eta. Lasai, ama. Benga, benga, aski da. Zer dugu bazkaltzeko? Nik prestatuko dut entsalada eder bat.
—Ez, ez. Ez da beharrezkoa. Bazkaria aspaldi egina dago. Baina aitari itxarongo diogu.
—Ama, gaur larunbata da. Eta aita badakizu noiz eta nola etorriko den. Bazkal dezagun biok. Aitak egin dezala nahi duena. Baina egun hauetako batean hitz egingo dugu aitarekin ere.
—Ez, ez. Gaur garaiz etorriko dela esan dit. Kezkatua dago sikologoaren bisitarekin eta itxaroteko esan dit. Gaurko txikiteoa laburra izango zela.
Goazen sukaldera. Aperitibo bat prestatuko dugu. A, Mizel, Iñigo izeneko batek ere deitu du zu partidutik etorri baino lehentxeago. Ez dakit zer nahi zuen. Erdi barrez, erdi burlaka bezala hitz egiten zuen.
—Iñigok? Eta zer esan dizu, bada?
—Ea ikasten ari zinen, ea txintxo portatzen zinen... eta horrelako gauzak. Zein da Iñigo hori?
—Lasai, ama. Zakil baba-lore bat. Ez kezkatu, ez du berriz deituko. Nik hitz egingo dut zerripito horrekin.
—Kontuz ibili gero zu baino zaharrago diren horiekin. Horiek nahi badute, min egingo dizute, e! A, ez ahaztu Alaitzi deitzea.
—Zer? A, Alaitz, egia! Oraintxe deituko diot.
—Beno, beno, Mizel. Horrela gustatzen zait. Ez nizun aspaldian horrelako aurpegirik ikusi.
—Zer aurpegi, ama?
—Ez, iruditu egin zait. Alaitzi deitzeko esan dizudanean aurpegia aldatu ote zaizun.
—Mesedez, ama! Baina zer ari zara esaten? Bost axola niri, andregaiak eta horrelakoak!
—Lasai, motel, lasai! Begiak argitu, piztu ote zaizkizun edo iruditu zait, besterik ez. Beno goazen sukaldera.
—Bai, oraintxe noa.
Kontakatiluen txoro haize ergelak herriko plazaraino eraman zuen Mizelen zigarro-punta saltarina.
—Hara, Maritxu, zu ere hemen?
—Bai, neska. Zenbat eta presa handiagoa, orduan eta enkargu gehiago, Anttoni. Zuri ez al zaizu horrelakorik inoiz gertatzen?
—Niri askotan. Ez duzue, bada, inor gaixorik izango, Maritxu?
—Gaixorik ez. Nexka dabilkigu motel antzean. Buruko mina duela, lorik ez duela egiten... Deus ere ez. Kontua izango du. Badakizu, adin horietan zernahi gauzarekin airean jartzen dira, eta beraiekin batera, etxekoak. Aspirinak erosteko esan dit, eta haietxen bila, Anttoni. Eta zu?
—Senarraren errezetak, emakumea. Betikoa. Alaitz daukazue gaixorik, orduan?
—Gaixorik? Ez dut uste. Larunbaterako sendatuko da, bai! Ikusiko duzu!
—Ea egia den. Nolanahi ere gauzatxo bat komentatu nahi nizun, Maritxu? Zera...
—Bai. Zer?
—E, beno, esan didate, seguru aski gezurra izango da, baina, zera... Zuen Alaitz asko samar ikusten omen dute azken aldian beste Mizel gaizkile horrekin.
—A, hori al zen guztia?
—Eta gutxi iruditzen al zaizu? Nire alaba balitz, bi hitz egingo nizkioke. Mutil horrekin...
—Baina zuk badakizu gure Alaitz eta zuen Ander beti Mizelen lagunak izan direla. Ez dakit zergatik harritzen zaren hainbeste, Anttoni.
—Barkatu, Maritxu, baina denborak dira gurea ez dabilela beste elementu horrekin, e? Aspaldi esan nion nik Mizelen ondotik alde egiteko, ez bazuen berak hark bezala bukatu nahi.
—Baina hain gaizki al dabil, bada, oraindik? Niri Alaitzek esan didanez, ja ez omen dabil beste laugarren mailako horiekin.
—Eta zer uste duzu, gauzak horrela egun batetik bestera aldatzen direla hain erraz, edo? Mizel badakizu nola dabilen, Maritxu.
—Bai, bai, baina, uste dut aldatzen ari dela. Berriro futbolean ere hasi omen da eta. Eta ikastolako gai batzuk errekuperatzen ere hasia omen da. Nik zer nahi duzu esatea? Alabak kontatu didana, Anttoni.
—Horixe! Eta zuk Alaitzi dena sinestu. Noski, orain berriz Alaitzen inguruan baldin badabil, norma-la. Zer nahi duzu alabak esatea?
—Alabak zer esan behar dit? Gezurra?
—Gezurra ez, baina egia osoa ere ez. Komeni zaiona. Elkarrekin baldin badabiltza, normala elkar defendatzea.
—Zer esan nahi duzu elkarrekin dabiltzala esaten duzunean? Bikote bezala hasi direla edo zer? Ez duzu, bada, pentsatuko hamalau urterekin bikote direnik, ez, Anttoni.
—Zuk jakingo duzu nik baino hobeto, Maritxu. Niri ez galdetu. Nik jakinaren gainean jarri zaitut. Hortik aurrera, zerorrek atera kontuak. Ez baduzu alabarik gabe gelditu nahi, hitz egiten al duzu azkar berarekin!
—Alabarik gabe gelditu? Baina noraino zoaz, emakumea? Alaitz primeran ari da ikastolan eta ez du inolako arazorik. Eta Mizelena ere esan dizut. Denboraldi txar samarra pasatu omen du, baina orain hobeto dagoela. Lehengoan gure etxera deitu zuen Alaitzekin hitz egiteko, eta neuk hartu nuen telefonoa. Bi hitz egin genituen, eta oso jator aritu zen. Oso inpresio ona egin zidan.
—Bai, bai, zu fidatu asko kanpoko inpresioekin. Ikusiko duzu gero.
—Beno, konfiantza pixka bat ere eman beharko zaio pertsonari, ez?
—Konfiantza? Joope! Ez zenuen horrela hitz egiten orain hilabete. Orduan bizi-bizirik larrutuko zenuen, eta orain berriz semea bezala defenditzen duzu.
—Bada, begira. Herenegun Luixarekin hitz egin nuen, Mizelen amarekin, eta hura ere pozez txoratzen zegoen. Mizelekin gauzak aldatzen ari zirela eta sekulako animoekin sumatu nuen emakumea. Oraindik ez dela lehengoa, baina oso kontent zegoela. Ikastolara ere bisita egina izan behar du, semeak jakin gabe, eta tutoreak berri onak eman omen zizkion.
—Beno, beno, Maritxu. Nik ez dizut esango zer egin behar duzun. Nik badut nahiko lana etxekoekin. Anderri ez al zaio okurrituko Mizelengana arrimatzea ere!
—Bada, beharbada, horixe da Mizelek behar duena. Lehengo lagunak hurbiltzea eta pixka bat laguntzea.
—Barkatu, Maritxu, baina lehen ere berak alde egin zuen e, ez zioten gureek alde egin.
—Beno, beno. Jarraitu behar dut mandatuekin, bestela ez dut sekula bukatuko eta.
—Bale, ederki, Maritxu. Segi ongi. Izango dugu elkarren berri.
—Bai, hori da, Anttoni. Hurren arte!
Nerabeen maitemin-haize bortitz eta eroak, herriko bidegorri bazterreko aulki ezkutuko batera eraman zuen Mizelen zigarro-puntaren ke ameslaria.
—Kaixo, Mizel! Aspalditik zain?
—Ez. Zain ez. Aspaldi etorria naiz, baina, besterik gabe, hemen egoteko gogoa nuelako, bakarrik, lasailasai.
—Aizu, bakarrik egon nahi baduzu, joango naiz, e!
—Ez, neska, ez. Bakarrik egon, egon naiz. Seietan gelditu arren, bostak eta erdietarako hemen nintzela esan nahi nizun. Zu zer, puntual-puntual?
—Beno, beti bezala. Badakizu ni nolakoa naizen. Ni ez naiz aldatu.
—Zer, hasi behar al duzu zure zeharkako tiro horiekin? Ni ere ez naiz hainbeste aldatu, Alaitz.
—Ez dakit, bada. Uste dut ikasturte hasieran nahiko aldatuta zeundela. Orain beharbada, ez hainbeste.
—Bai, egia da, orain hobeto nago. Oso urte txarra pasatu dut, eta badirudi hobeto sentitzen hasia naizela. A, Bakarrik etorri al zara, edo atzetik dator zure bizkartzaina?
—Ez zait gustatzen horrela hitz egitea Anderri buruz. Ander gure laguna da, eta zuri ez dizu deus txarrik egin. Eta noizbait nirekin etorri izan bada zuregana, nik eskatu diodalako izan da.
—Badakit, neska, txantxetan ari nintzen. Anderrekin ere hasi naiz harremanak normalizatzen. Atzo hitz egin genuen entrenamenduan, eta ez dago arazorik.
—A, bai? Ez nekien. Ez dit deus ere kontatu. Eta zer moduz futbolarekin?
—Badakizu. Larunbatean ez al ninduzun ikusi nola nagoen? Bi gol sartu nituen, behintzat, eta. Ez dago batere gaizki zortzi hilabetez entrenatu gabe egoteko. Forma hartzen ari naiz, eta ez da gutxi.
—Ikusten? Esaten nizun nik berriro hasteko. Baina forma hartzeko entrenatzea ez da nahikoa, Mizel. Beste gauza batzuk utzi beharko dituzu.
—Hara, zu ere zertara zatoz niregana, sermoia botatzera? Horretarako aski dut amarekin, Alaitz. Lehengoan ere esan nizun.
—Ni ez naiz sermoia botatzera etorri. Ni zurekin egotera etorri naiz, Mizel. Zurekin hitz egitera. Eta uste dut nahi dudana esateko eskubidea izango duda-la, ez?
—Bai, bai, noski. Baina zu ere ez hasi ama bezala raiatzen, Alaitz.
—Ez naiz zure ama, Mizel, baina ikusten dudana gustatzen ez zaidanean, garbi adieraztea da nire estiloa.
—Ea, bada, ea bada, bota behingoz. Zer da hain gutxi gustatzen zaizun hori?
—Ederki dakizu, Mizel. Lehen ere esan nizun. Zertan zabiltza beste lokal horretan laugarren mailako horiekin. Zigarroak probatu dituzu, porroak ere bai. Zer falta zaizu orain?
—Eta nork esan dizu lokal horretan nabilela?
—Atzo bertan ikusi zintudan ateratzen beste Iñigo delako hori atzetik zenuela.
—Hori da. Ateratzen ikusi ninduzun. Beraz, badakizu. Ateratzen.
—Zer esan nahi duzu horrekin? Ez zarela itzuliko?
—Ez dakit. Baina, ahal badut, ez naiz itzuliko. Horiek nazkatu naute. Egia esan, lagundu ere lagundu didate, baina azken aldian ez ditut aguantatzen.
—Baina jakin al daiteke zergatik hasi zinen jende horrekin? Hain gaizki al zenbiltzan gurekin?
—Ez da hori, Alaitz. Baina zuk ez dakizu deus ere nire arazoez. Eta haiei aurre egiteko zerbait egin behar nuen.
—Ez, ez dakit zein diren zure arazoak, baina haiei aurre egiteko modua tabakoarekin eta porroarekin burua galtzea bada, ez zait biderik onena iruditzen, Mizel. Horrelakoetan lagunengana jo behar da, eta ez beste jendilaje horrengana.
—Bale. Horregatik nago zurekin, ezta? Zu ez al zara nire laguna, Alaitz?
—Lehen bai. Orain ez dakit. Kuadrilaz aldatu zinen, eta nik ez dakit orain nondik nora zabiltzan.
—Esan dizut. Azken aldiko lagun kuadrila horretatik ateratzen ari naiz. Esan dizut. Horregatik deitu nizun. Ateratzen laguntzeko.
—Eta horiengandik alde egiteko laguntza behar al duzu? Ez al dakizu agur! esaten? Oso erraza da. Guregandik alde egiteko ez zenuen laguntza handirik behar izan.
—Eta buelta berriro leku berera. Esan dizut, beti ez dela jakiten arazoetatik nola ihes egin, edo arazoei nola aurre egin.
—Behingoz esan beharko didazu, bada, zein diren zure arazo izugarri horiek. Ikasketetan laguntzea nahi baduzu, ni prest nago laguntzeko. Oraindik ez da ikasturtea amaitu, eta zerbait egin dezakegu.
—Bai, hori ere bada arazoa. Eta laguntzen badidazu, eskertuko dizut bihotzez. Hurrengo gola zuri eskainiko dizut denen aurrean.
—Eskerrik asko. Lotsatuko naiz, baina ez du axolarik. Gustatzen zait. Gero egingo dugu plana. Ea zein egunetan elkartuko gara zure ikasketak eguneratzeko?
—Eguneratu, eguneratu, ez dakit. Baina ekainean bi baino gutxiago uztearekin konformatzen naiz, kurtsorik ez errepikatzeko.
—Hori lortuko dugu. Beraz, hara, hasi gara zure arazoak konpontzen.
—Bai, bai... Baina hori bakarra balitz!
—Baina, gehiago ere ba al dituzu? Esan beharko didazu. Bestela nola jakingo dut?
—Beno, zera... aitarena.
—Mizel, baina zer ari zara? Nire aurrean ez piztu zigarrorik!
—Bai, Alaitz, bai. Behar dut.
—Baina, zer ari zara. Porroa prestatzen? Tabakoarekin aski ez, nonbait?
Ez dakit zertarako deitu didazun, Mizel. Porroa zeinen ongi egiten duzun erakusteko baldin bada, ni banoa.
—Egon zaitez lasai, Alaitz. Hilabete honetan egunean bakarra erretzen dut eta.
—Gutxi irudituko zaizu hamalau urte bete gabe izateko! Ez dakit nondik ateratzen laguntzeko deitu eta aurreneko gauza porroa piztu. Ez dut deus ere ulertzen, Mizel. Ni alferrik nago hemen. Barregarri sentitzen naiz. Patetikoa, benetan.
—Ez dela horrenbesterako, Alaitz. Orain hobeto nago. Laster ez dut horrelako deusen beharrik izango. Ikusiko duzu. Zuk ez dakizkizu nik etxean pasatu ditudanak. Baxualdi bat izan dut. Besterik ez. Pasatuko zait.
—Baxualdiak ez dira beren gisara joaten. Zuk ere zerbait egin beharko duzu.
—Eta ez al naiz ari? Ez al naiz futbolean hasi? Ez al dugu ikasketetako plana egin behar? Ez al naiz zurekin hizketan ari?
—Bai, bai, bada zerbait, baina ez da nahikoa.
—Badakit. Zer nahi duzu, dena batera aldatzea, gauetik goizera? Denbora ere beharko dut. Ni orain ezin naiz hau gabe bizi.
—Zer duzu bada horren gogorra zure bizitzan? Aitak jo egiten al zaitu?
—Ez. Aitak ez dit sekula eskurik jaso. Amari ere ez dut uste. Baina zenbaitetan nahiago nuke masailekoren bat edo beste jaso izan banu. Okerrena aitarik ez izatea da. Eta nik ez dut nire aitarik sumatu ondoan, sentitu, eduki. Alkoholak ia egunero ziplo uzten duen gizona ez dago deusetarako. Ez niretzat eta ez amarentzat. Eta nik badakit zer nolako zalapartak izaten diren eta izan diren gauero nire gurasoen logelan.
—Beraz, zure amak laguntza da behar duena, eta ez aita bezalako beste inutil bat etxean.
—Badakit hori. Ez naiz hain tontoa. Eta horretan ari naiz orain. Psikologoarengana joatekoak gara hirurak.
—A, bai! Ea, bada, zerbait egiten duzuen!
—Inportanteena, horretaz ohartu naizela, eta indarra ere badudala aurrera egiteko. Amak ni errekuperatu behar nau, eta nik aita. Hori da nire ametsa.
—Beste putre horiengandik alde egin beharko duzu, orduan?
—Esan dizut baietz. Horretan ari naizela. Eta ez dira putreak. Haiengana joan nintzaienean, ez ninduten kaka egitera bidali gaztetxoa nintzelako. Beren kuadrilan onartu ninduten eta, neurri batean, lagundu egin didate.
—Erretzen eta edaten erakustea, hori al da laguntzea?
—Haiek dakitena erakutsi didate. Ez didate intentzio txarrarekin egin. Laguntzen saiatu dira, Alaitz, besterik ez.
—Laguntzen? Orduan eskerrak ematera joan beharko duzu oraindik?
—Eskerrak ematera ez dakit, baina haserrerik gabe atera nahi nuke talde horretatik. Zer nahi duzu esatea?
—Ez dakit, Mizel. Zuk jakingo duzu nik baino hobeto. Gauzak garbi dituzu behintzat, eta ez da gutxi. Eta nor da, bada talde horretan hainbeste lagundu dizuna?
—Zein? Denak. Inor ere ez, horrela bereziki esateko.
—Ez da, bada, Itsaso marimatraka hori izango?
—Itsaso? Bai zera! Nondik atera duzu hori?
—Beno, askotan ikusi izan zaituztet biok bakarrik ere. Eta, ez dakit, uste nuen bion artean bazenutela zerbait.
—Bion artean zerbait? Keba, neska! Lagun arteko harremana, besterik ez. Ez dut uste behintzat. Eta zerbait izandu bada ere, ni ez naiz enteratu ere egin. Gainera neska hori ni baino zaharragoa da, eta uste dut Iñigorekin ateratzen dela. Ni behintzat ez nengoen gauza horietarako.
—Orduan ez zara neska horrekin atera ikasturte honetan? Bada, niri hala esan zidaten.
—Ezetz, neska, ezetz. Zera, Itsasorekin ateratzen ni? Beno, beno… Ez zait batere gustatzen eta!
—A, ez? Fama badu, bada, mutilen artean. Polita eta ederra dela esaten dute.
—Bai, bai. Nahi duzun guztia, baina nik nahiago ditut zu bezalakoak.
—Zer? Ni bezalakoak? Zer esan nahi duzu, Mizel?
—Zer esan nahi dudan? Horixe da esan nahi dudana. Zu bezalakoak. Hori, bada... atseginak, sinpatikak...
—Ea, Mizel, bota ezazu, ja, porro zikin hori, ez dizut ongi ulertzen eta.
—Bale. Eta orain zer?
—Eta orain zer? Benga hona zure zigarroak eta txokolatinatxo horiek.
—Zer? Beno, konforme, baina bueltatzekotan.
—Hori ikusiko dugu, Mizel.
—Beno, nik ere badut gauza bat zuri galdetzeko, Alaitz
—Bota.
—Zu Anderrekin al zabiltza?
—Zer ari zara esaten, Mizel? Haur bat besterik ez da eta. Oso jatorra da, baina ume bat.
—Eta zuri nolako mutilak gustatzen zaizkizu, Alaitz?
—Niri? ez dakit, bada...
—Aizu, nik esan dizut, e! Beraz, zuk ere esan beharko didazu.
—Ba, niri…
—Baina, nora zoaz, Alaitz? Nik ez dakit muxu ematen.
—Nik ere ez, Mizel. Lasai, ikasiko dugu.