Edward Wicks errepide nagusiaren ertzeko etxe txiki goibel batean bizi zen, Zeruko Belardietan. Muxika sail bat eta baratze handi bat zeuden etxearen atzealdean. Edward Wicksek muxikak zaintzen zituen; emazteak eta alaba ederrak, berriz, baratzea landu eta ilarrak, indabak eta marrubi goiztiarrak biltzen zituzten Montereyn saltzeko.
Edward Wicksek aurpegi kamuts, beltzarana zuen eta ia betilerik gabeko begitxo hotzak. Ibarreko gizonik maltzurrena zen, denen ustetan. Gogorra zen tratuak egiterakoan, eta poz handiagorik ez zuen muxikekin auzokoek baino sos batzuk gehiago ateratzea baino. Ahal zuenean, legezko tranpak egiten zituen zaldien salerosketan, eta bere zorroztasuna zela-eta komunitatearen begirunea bereganatu zuen, baina, arraroa bada ere, ez zen aberastu. Hala eta guztiz, dirua tituluetan jartzen ari zela sinetsaraztea gustatzen zitzaion. Eskola-batzordearen bileretan aholkua eskatzen zien beste kideei titulu desberdinei buruz, eta hala, bere aurrezkiak aintzat hartzeko modukoak zirela pentsa zezaten lortzen zuen. Ibarreko jendeak “Marrazo” Wicks esaten zion.
–Marrazo? –esaten zuten–. Hara, apustu egingo nuke hogeiren bat mila dolar badituela, edo gehiago. Horri ziria sartuko dionik ez da.
Eta kontua zen Marrazok sekula ez zituela bostehun dolar baino gehiago batera eduki.
Marrazoren plazerik handiena gizon aberastzat hartua izatea zen. Izan ere, hainbeste gustatzen zitzaion hori, aberastasuna benetakoa bihurtzen zen berarentzat. Bere alegiazko fortuna berrogeita hamar mila dolarretan finkatuta, liburu nagusi batean jasotzen zituen interesen kalkuluak eta inbertsioak. Eragiketa horiek bere bizitzako pozik handiena ziren.
Petrolio konpainia bat eratu zen Salinasen, Montereyko eskualdearen hegoaldean putzu bat eraikitzeko asmoarekin. Jakin zuenean, Marrazok John Whitesideren granjara jo zuen akzioen balioaz eztabaidatzeko harekin.
–Zera dabilkit buruan, Hegoaldeko Petrolio Konpainia hori –esan zion.
–Geologoaren txostenak ez dauka itxura txarrik –esan zuen John Whitesidek–. Beti entzun dut alderdi horretan petrolioa bazela. Aspaldiko kontua da.
John Whitesideri maiz eskatzen zioten aholkua halako kontuetarako.
–Hori bai, nik ez nuke diru gehiegi jarriko.
Marrazok hatzekin beheko ezpaina zimurtu eta pentsakor geratu zen une batez.
–Bueltak ematen aritu naiz buruan –esan zuen–. Aukera polita iruditzen zait niri. Hamar bat mila dolar dauzkat hortik barrena, eman beharrekoa ematen ari ez direnak. Zuhur ibili beharreko kontua da, noski. Zer iritzi ote zenuen jakin nahi nuen.
Baina Marrazok hartuta zeukan erabakia. Etxera iritsi zenean, liburu nagusia hartu eta hamar mila dolar atera zituen bere alegiazko kontutik. Gero, Hegoaldeko Petrolio Konpainiako mila akzio gehitu zizkion bere tituluen zerrendari. Egun hartatik aurrera, larritasunez zaindu zituen burtsako kotizazioak. Pixka bat igotzen zirenean, txistuka ibiltzen zen monotonoki, eta jaisten zirenean, aprentsiozko korapilo bat sentitzen zuen eztarrian. Azkenean, konpainiaren akzioen igoera azkar bat gertatu zenean, halako poza hartu zuen Marrazok, Zeruko Belardietako Denetariko Dendara joan eta marmol beltzeko erloju bat erosi zuen tximinia gaineko koskarako, esferaren alde banatan onizezko zutabe bat zuena eta brontzezko zaldi bat gainean. Dendako gizonek, bizkor aurpegia jarrita, Marrazo mordoxka ederren bat irabaztear zegoela xuxurlatu zuten.
Handik astebetera kotizazioek behea jo eta konpainia desagertu egin zen. Albistea jakin orduko, Marrazok liburu nagusia atera eta kiebra egunaren bezperako datarekin erregistratu zuen bere akzioen salmenta… bi mila dolarreko irabaziarekin.
Pat Humbert Montereytik bueltan zetorren, eta errepide nagusian gelditu zuen autoa, Marrazoren etxe aurrean.
–Sosik gabe utzi omen zaituzte petrolio konpainiako horiek –esan zion.
Satisfaziozko irribarrea egin zuen Marrazok.
–Zer uste duzu naizela, Pat? Orain dela bi egun saldu nituen. Inork baino hobeto jakin behar zenuke ez naizela atzo jaioa. Banekien akzio horiek porrot egingo zutela, baina igoko zirela ere banekien, atzean zebiltzanak osorik ateratzeko. Haiek kargaz arindu zirenean, bai ni ere.
–Hori da arrazoia! –esan zuen Patek mirespenez.
Eta Denetariko Dendan sartu zenean jakinaren gainean jarri zuen mundu guztia. Gizonek buruari eragin eta hipotesi berriak bota zituzten Marrazoren diru kopuruari buruz. Onartu zuten ez zitzaiela gustatuko harekin aurrez aurre gertatzea negozio batean.
Garai hartan, Montereyko banketxe bati laurehun dolarreko mailegua eskatu eta bigarren eskuko Fordson traktore bat erosi zuen Marrazok.
Pixkanaka, halako ospea hartu zuen bere iritzi eta aurreikuspen zuzenengatik, non Zeruko Belardietako inori ez baitzitzaion burutik pasatzen bonu bat edo lursail bat edo ezta zaldi bat ere erostea aurrena Marrazo Wicksekin kontsultatu gabe. Bere miresle bakoitzarekin, Marrazok arazoa zuhurki aztertu eta aholku harrigarri onak emanez bukatzen zuen.
Urte gutxiren buruan, bere liburuak zioen ehun eta hogeita bost mila dolar metatu zituela inbertsio burutsuen bitartez. Auzokoek gizon txiro bat bezala bizi zela ikusten zutenean, orduan eta gehiago errespetatzen zuten, aberastasunek ez ziotelako burua harrotu. Ziria sartuko zionik ez zen. Emazteak eta alaba ederrak barazkiak zaintzen eta Montereyn saltzeko prestatzen segitzen zuten, eta berak zeregin faltarik ez zuen fruta-arbolen sailean.
Marrazoren bizitzan ez zen nobeletako maitasunik izan. Hemeretzi urterekin, hiru dantzalditara eraman zuen Katherine Mullock, eskuragai zegoelako. Horrek martxan jarri zuen aurrekariaren mekanismoa, eta harekin ezkondu zen neskaren familiak eta auzoko guztiek hala espero zutelako. Katherine ez zen polita, baina belar txar sortu berriaren freskotasun lerdena zuen, eta behor gaztearen sasoi kontrolatua. Ezkondu ostean, polena jaso duen loreak bezala galdu zituen sasoia eta freskotasuna. Aurpegia zimeldu egin zitzaion, aldakak zabaldu, eta bere bigarren patuan sartu zen, lanarenean.
Harekiko tratuan, Marrazo ez zen ez samurra ez krudela. Zaldiekin erabiltzen zuen irmotasun leun berberaz gobernatzen zuen. Krudelkeria bezain zentzugabea iruditu izango zitzaion induljentzia. Inoiz ez zion hitz egiten pertsona bati bezala, inoiz ez zizkion aipatzen bere itxaropen edo gogoeta edo hutsegiteak, ezta bere paperezko aberastasuna edo muxika uzta ere. Katherine harritu eta kezkatu egingo zen bestela jokatu balu. Haren bizitzak bazuen aski konplikazio, beste baten pentsamendu eta arazoen zama gehitu gabe.
Wickstarren etxe marroi hura zen granjako gauza itsusi bakarra. Naturaren hondakinak eta zaborra lurrean desagertzen dira urtea igarotzearekin batera, baina gizonaren zaborrak iraupen luzeagoa du. Zaku zahar, paper, kristal puska eta enbalatzeko alanbre mordoiloak zeuden atarian sakabanatuta. Granjako toki bakarra belarrik eta lorerik jaiotzen ez zena etxe inguruko lur gogortua zen, elkor eta antzu bihurtua han hustutako xaboi-ur pazikadengatik. Marrazok bere fruta-arbolak ureztatzen zituen, baina ez zuen arrazoirik ikusten etxe inguruan ur ona alferrik galtzeko.
Alice jaio zenean, Zeruko Belardietako emakumeak tropelean etorri ziren Marrazoren etxera, haur polita zela aldarrikatzeko prest. Haur ederra zela ikusi zutenean, zer esan ez zekitela geratu ziren. Bozkariozko oihu femenino horiek, ama gazteari lasaitasuna transmititu nahi diotenek, alegia, besoetan daukaten narrasti moduko izaki ikaragarria gizakia dela eta hazitakoan ez dela munstro bat bilakatuko, beren zentzua galdu zuten. Gainera, emakume gehienek beren dezepzioa disimulatzeko erakutsi ohi duten sasi-entusiasmoaren arrastorik gabe begiratzen zion Katherinek bere haurrari. Haurra ederra zela ikusi zuenean, harriduraz eta beldurrez eta mesfidantzaz bete zen Katherine. Aliceren edertasuna miragarriegia zen ordainik gabea izateko. Haur politak, esaten zion Katherinek bere buruari, gizon eta emakume itsusiak bihurtzen ziren gehienetan. Hori esanda, mesfidantzaren parte bat uxatzen zuen, Patua tranpan harrapatu eta boterea ostu balio bezala bere aurrezagutzarekin.
Lehen bisita egun hartan, Marrazok emakume bat beste batekin hizketan sentitu zuen. Sinetsi ezinik bezala ari zitzaion:
–Baina haur polita da benetan. Nola izan liteke hain polita?
Marrazo logelara itzuli eta alabatxoari begira egon zen luzaro. Kanpoan, fruta-arbolen sailean, gaiaz hausnartu zuen. Haurra ederra zen benetan. Tontakeria zen berak edo Katherinek edo senitartekoren batek hartan esku-hartzerik izan zuenik pentsatzea, itsusiak baitziren denak, baita jende arruntarekin konparatuta ere. Zalantzarik gabe, gauza txit preziatua eman zitzaien, eta, gauza preziatuak unibertsalki gutiziatuak direnez, Alice babestu egin behar zen. Jakina, horretaz pentsatzean Marrazok Jainkoa zeukan buruan, berak ulertu ezin zuen guztia egiten zuen izaki lauso hura.
Hazten zihoan bezala gero eta ederragoa bihurtu zen Alice. Haren azala mitxoletak bezain bizia eta distiratsua zen; haren ile beltzak garo zurtoinen freskotasun leuna zuen; haren begiak promesazko zeru lanbrotsuak ziren. Umearen begi serio haietara begiratu, eta hasten zinen pentsatzen: “Bada hor zerbait badakidana, zerbait oso zorrotz gogoratzen dudana, edo zerbait bizi osoan bilatu dudana”. Orduan, Alicek burua jiratzen zuen. “Hara! Neskato zoragarri bat besterik ez da eta!”
Jende asko ikusi zuen Marrazok ohartze-bide hori egiten. Gizonak gorritzen ikusi zituen neskari begiratzean, mutikoak tigreen antzera borrokan, hura inguruan zenean.
Gizonezko guztien aurpegian guraria irakurtzen zuela iruditzen zitzaion. Sarri, fruta-arbolen sailean ari zela, bere burua torturatzen zuen ijitoek neskatoa lapurtzen zuten eszenak imajinatuz. Egunean dozena bat aldiz, arriskuez ohartarazten zuen: zaldien ostikoak, hesien altuera, zangetan ezkutatzen zen arriskua eta errepidea autorik bazetorren ondo begiratu gabe gurutzatzeak zekarren suizidio segurua. Auzoko bakoitzarengan, txerpolari bakoitzarengan eta, denetan okerrena, arrotz bakoitzarengan bahitzaile posible bat ikusten zuen. Eskaleak etorri zirela zabaltzen zenero Zeruko Belardietan, ez zion neskatoari begi bistatik urruntzen uzten. Piknik-zaleak ere harritu egiten ziren Marrazoren amorruaz haren terrenotik botatzen zituenean.
Katherineren kasuan, berriz, Aliceren edertasun gero eta handiagoak haren mesfidantza areagotu zuen. Halabeharra kolpea emateko zain zegoen, eta horrek esanahi bakarra izan zezakeen, indarrak batzen ari zela kolpe bortitzagoa emateko. Alabaren esklabo bihurtu zen Katherine, haren gainean zegoen beti eta laster hilko den elbarri bati eskaintzen zaizkion zerbitzu txikiak egiten zizkion.
Beren umearenganako adorazioa gorabehera, haren segurtasunarekiko beldurra eta haren edertasunaren aurrean sentitzen zuten gozamen gosetia gorabehera, Wickstarrek bazekiten beren alaba zoragarria neskato izugarri ergela, makala eta atzeratua zela. Marrazoren kasuan, hori jakiteak bere beldurrak areagotzea baino ez zuen egiten, konbentzituta baitzegoen neskak ezingo zuela bere burua zaindu eta harrapakin erraza bihurtuko zela berarekin eraman nahi zuen edonorentzat. Baina Katherinerentzat, Aliceren ergeltasun hura gauza atsegina zen, mila aukera ematen baitzizkion alabari laguntzeko. Laguntza emanez, Katherinek nagusitasun bat frogatzen zuen, eta bien arteko alde izugarria murrizten zuen. Katherine poztu egiten zen alabaren ahuluneak zirela-eta, zeren haietako bakoitzak baliotsuago eta alabagandik gertuago sentiarazten baitzuen.
Alicek hamalau urte bete zituenean, beste ardura bat gehitu zitzaien aitak alabarekiko sentitzen zituen guztiei. Ordu arte, hura galtzea edo desitxuratzea izan zen Marrazoren beldur bakarra, baina handik aurrera kastitatea gal zezakeela pentsatze hutsak izu batean jartzen zuen. Pixkanaka, horretaz pentsatzearen poderioz, azken beldur horrek beste biak irentsi zituen. Alabaren balizko desloratzea haren galtze eta desitxuratze bezala hasi zen ikusten. Ordutik aurrera, deseroso eta susmati jarri ohi zen gizonen bat edo mutilen bat granjara inguratzen zenero.
Kontu hura amesgaizto bihurtu zen berarentzat. Alice bistatik ez galtzeko eskatzen zion behin eta berriz emazteari. “Ez jakin zer gerta litekeen”, errepikatzen zuen, begi zurbilak susmoz dizdizka. “Ez jakin zer gerta litekeen”. Alabaren adimen-urritasunak asko handitu zuen Marrazoren beldurra. Edozeinek honda zezakeen, pentsatzen zuen. Edozeinek abusa zezakeen alabaz, harekin bakarka utziz gero. Eta neskak ezingo zuen bere burua babestu, hain ergela zenez gero. Gizon batek ez du sekula txapelketako zakur emea hurbilagotik zaindu Marrazok bere alaba baino.
Aldi baten ondoren, Marrazo ez zen alabaren garbitasuna zela-eta lasai geratzen, non eta ziurtzat ematen ez zioten. Hilero, galderaz josten zuen emaztea. Hark baino hobeto zekizkien datak.
–Ondo dago? –galdetzen zuen otso batek bezala.
–Oraindik ez –erantzuten zion Katherinek mespretxuz.
Handik ordu batzuetara:
–Ondo dago?
Halaxe segitzen zuen, azkenean Katherinek erantzun arte:
–Horixe ondo dagoela. Zer uste zenuen ba?
Erantzun horrek gustura uzten zuen Marrazo hilabeterako, baina ez zuen haren bigilantzia gutxitzen. Kastitatea ukitu gabe zegoen, beraz zaintzen segitu behar zen.
Marrazok bazekien Alicek ezkondu egin nahiko zuela egunen batean, baina, pentsamendua etortzen zitzaionero, baztertu eta ahazten saiatzen zen, zeren Aliceren ezkontza haren sedukzioa bezain higuingarria baitzitzaion. Gauza preziatu bat zen alaba, zaindu eta bere hartan gorde behar zena. Berarentzat, auzia ez zen morala, estetikoa baizik. Behin ezkondu eta gero, ez zen izango berak hainbeste estimatzen zuen gauza preziatua. Ez zuen maite aitak umea maite duen bezala. Hori baino gehiago, zekenak bere altxorra bezala gordetzen zuen, eta gauza eder, bakan baten jabe izateaz loriatzen zen. Denborarekin, hilero bere galdera hura egiten zuela –“Ondo al dago?”–, kastitate hura alabaren osasuna, segurtasuna, integritatea sinbolizatzera pasatu zen.
Egun batean, Alicek hamasei urte zituela, Marrazok kezka aurpegiarekin jo zuen emazteagana:
–Badakizu ezin dugula esan benetan ondo dagoen, alegia, ezin garela benetan ziur egon, non eta sendagile batengana eramaten ez dugun.
Katherine begira geratu zitzaion une batez, hitz haien esanahiaz jabetu nahirik. Gero bere onetik atera zen aurreneko aldiz bere bizitzan:
–Bilau zikin, susmati bat zara –esan zion–. Alde hemendik! Eta berriz horrelakorik aipatzen baduzu, ni… ni joan egingo naiz.
Marrazo harritu egin zen pixka bat, baina ikaratu ez, emaztearen purrustadarekin. Baztertu egin zuen, hala ere, mediku azterketaren ideia, eta hileroko galderarekin konformatu zen.
Bitartean, Marrazoren liburu nagusiko fortunak hazi eta hazi segitzen zuen. Gauero, Katherine eta Alice ohera joan ondoren, liburukotea hartu eta sabaitik eskegitako lanpararen azpian irekitzen zuen. Orduan, begi zurbilak zirrikitu eta aurpegi kamutsak maltzur itxura hartzen zion, bere inbertsioak planeatzen eta interesak kalkulatzen zituen bitartean. Ezpainak mugitzen zituen arinki, orain akzio batzuk erosteko agindua ematen ari baitzen telefonoz. Espresio serio eta aldi berean atsekabetu batek zeharkatzen zion aurpegia hipotekatutako granja on bat bereganatzen zuenean. “Gorroto dut hau egitea –xuxurlatu zuen–. Ulertu behar duzue, adiskideak, negozioak negozioak direla”.
Marrazok luma tintontzian busti eta liburuan erregistratzen zuen hipotekaren datua. “Letxuga –esaten zuen berekiko–. Mundu guztia letxuga jartzen ari da. Merkatuak gainezka egingo du. Patatak jarri behar nituzke eta diru pixka bat egin. Hau lur ona da”. Hirurehun akreko patata saila erein zuela idazten zuen liburuan. Lerroan zehar mugitzen zitzaizkion begiak. Hogeita hamar mila dolar zeuzkan banketxean, interesa baino ematen ez zutela. Pena zen. Alferrik zeukan han dirua. Kontzentraziozko zimurdura bat pausatzen zitzaion begietan. San Jose Building and Loan zer moduzkoa ote zen galdetzen zion bere buruari. Ehuneko sei ematen zuen. Ez zen komeni presaka eta itsu-itsuan sartzea, konpainia ikertu gabe. Gau hartakoa amaitu eta liburua ixten ari zela, John Whitesiderekin gai hartaz hitz egitea erabaki zuen Marrazok. Batzuetan, konpainia haiek behea jotzen zuten, zuzendariek ihes egiten zuten, pentsatu zuen urduri.
Munroe familia ibarrera etorri baino lehen, gizon eta mutil guztiengan susmatzen zuen Marrazok Alicerenganako intentzio txarra, baina behin Jimmie gaztea begiz jo orduko, bere beldurrak eta susmoak murriztu egin ziren, denak Jimmie sofistikatuarengan batu arte. Mutil lirain bat zen, aurpegi politekoa, ahoa ondo formatua eta sentsuala, eta begiak institutuko mutilen harrokeria iraingarri horretaz dizdizka. Ginebra edaten zuela esaten zen; hiritarren tergalezko arropak janzten zituen, sekula ez petorik. Ilea gominaz dizdizka eraman ohi zuen, eta haren manera eta jarrera libertinoek miresmenez eta aztoramenez irrika eta bihurrika uzten zituzten Zeruko Belardietako neskak. Jimmiek begi lasai, zinikoekin begiratzen zien neskei, eta axolagabe itxura ematen saiatzen zen haiei gustua emateko. Bazekien neska gazte gehienek iragan bat zuten mutilenganako joera sentitzen zutela. Jimmiek iragan bat zuen. Behin baino gehiagotan mozkortu zen Riverside Dance Palace-n; gutxienez ehun neskari eman zien musu, eta, hiru alditan, bekatuzko abenturak izan zituen Salinas ibaiaren ertzeko sahats artean. Aurpegian bere bizitza biziotsua erakusten saiatzen zen Jimmie, baina, itxura aski izango ez zen beldurrez, zenbait zurrumurrutxo gaizto askatu zituen, abiadura lausengarriz barreiatu zirenak Zeruko Belardietan.
Marrazo Wicksek zurrumurruak entzun zituen. Eta haren barruan Jimmie Munroeganako gorrotoa hazi zen, Jimmiek emakumeekin zuen portaerak eragindako beldurretik jaioa. Zer aukera zuen Alice eder, ergelak, pentsatzen zuen Marrazok, munduko gauzez halako jakinduria zuen mutil baten aurrean?
Alicek inoiz mutila ikusi baino lehen, Marrazok debekatu egin zion hura ikustea. Hain kartsuki hitz egin zion, non neskaren burmuin motelean jakingura arin bat piztu baitzen.
–Ez zaitzadala behin ere harrapatu Jimmie Munroe horrekin hizketan –esan zion.
–Nor da Jimmie Munroe, aitatxo?
–Ez zaizu inporta nor den. Baina ez zaitzadala berarekin hizketan harrapatu. Aditzen? Hara! Bizirik larrutuko zaitut begiratu ere egiten badiozu.
Marrazok sekula ez zion Aliceri eskurik gainean jarri, Dresdengo portzelana bati zartaka hastea eragozten zion arrazoi beragatik. Laztantzeko ere zalantzan ibiltzen zen, markaren bat uzteko beldurrez. Zigorra ez zen inoiz beharrezkoa. Alice ume zintzo eta otzana izan zen beti. Gaiztotasunak ideia edo anbizio batetik sortua behar du izan. Alicek ez zuen inoiz ez bata ez bestea ezagutu.
Eta berriro ere:
–Ez zinen ba Jimmie Munroe horrekin hizketan ibiliko, ezta?
–Ez, aitatxo.
–Ea ba, ez zaitzadala nik horretan harrapatu.
Agindu hori hainbeste aldiz entzun ondoren, ideia bat lerratu zen Aliceren burmuineko zelula lodituetan barrena, alegia, benetan gustura ikusiko zuela Jimmie Munroe hura. Amets ere egin zuen harekin; horrek erakusten du zenbateraino zegoen aztoratuta. Alicek oso gutxitan egiten zuen amets ezerekin. Ametsean, bere gelako egutegiko indioaren antza zuen gizon bat, Jimmie izenekoa, auto distiratsu batean etorri eta muxika handi, urtsu bat ematen zion. Berak muxikari kosk egitean, zukua kokotsean behera erortzen zitzaion, eta lotsatu egiten zen. Orduan amak esnatu egin zuen, zurrungaka ari zen eta. Katherine poztu egiten zen bere alabak zurrunga egiteaz. Berdintzen zituen inperfekzioetako bat zen. Baina, aldi berean, ez zen dama bati zegokiona.
Marrazo Wicksek telegrama bat jaso zuen. “Izeba Nellie hil da bart. Hileta larunbatean”. Bere Fordera igo eta John Whitesideren granjara jo zuen eskola-batzordearen bilerara ezingo zela joan esatera. John Whiteside batzordeko idazkaria zen. Alde egin baino lehen, Marrazok kezka aurpegia jarri zuen une batez, eta esan zuen gero:
–Zera galdetu nahi nizun, San Jose Building and Loan konpainiaz zer iritzi duzun.
John Whitesidek irribarre egin zuen.
–Konpainia zehatz horretaz gauza handirik ez dakit –esan zuen.
–Hara, hogeita hamar mila dolar dauzkat bankuan ehuneko hiru ematen. Interes gehixeago atera nezakeela pentsatu dut, beste nonbait begiratuz gero.
John Whitesidek ezpainak zimurtu eta txistu egin zuen arinki, botatako aireari kolpetxoak emanez hatz erakusleaz.
–Horrela, bat-batean, Building and Loan bezalako apusturik ez duzula esango nuke.
–O, hori ez da nire estiloa. Nik ez dut apusturik nahi –moztu zion Marrazok–. Toki batean ez badut etekin ziurrik ikusten, ez naiz sartzen. Nahiko apustuzale badabil bazterretan.
–Esateko modua da, Mr. Wicks. Building and Loan konpainia gutxik jotzen dute kiebra. Eta interes ona ematen dute.
–Aztertu egingo dut, hala ere –erabaki zuen Marrazok–. Oaklandera joatekoa naiz izeba Nellieren hiletara, eta San Josen ordu batzuk gelditu eta aztertu egingo dut konpainia hori.
Zeruko Belardietako Denetariko Dendan hipotesi berriak egin ziren gau hartan Marrazoren aberastasunaren zenbatekoaz, Marrazok gizon bati baino gehiagori eskatu baitzion aholkua.
–Dena dela, gauza bat segurua da –bukatu zuen T. B. Allenek–. Marrazo Wicksi ziria sartuko dionik ez da. Honi eta hari aholkua eskatu bai, baina ez du inoren iritzia aintzat hartzen berak bere aldetik ondo aztertu arte.
–O, ziria sartuko dionik ez da –etorri ziren bat dendan bildutako guztiak.
Marrazo larunbat goizean joan zen Oaklandera, emaztea eta alaba bakarrik utzita bizitzan aurreneko aldiz. Larunbat iluntzean, Tom Breman Katherine eta Aliceren bila etorri zen eskolan egitekoa zen dantzaldira eramateko.
–O, ez zait iruditzen Mr. Wicksek nahiko lukeenik –esan zuen Katherinek, ahots ikaratu eta dardartiz.
–Ez joatekorik ez dizue esan, ezta?
–Ez, baina… sekula ez zen kanpora joan. Ez zait iruditzen nahiko lukeenik.
–Inoiz ez zuen horretan pentsatuko –lasaitu nahi izan zuen Tom Bremanek–. Ea! Presta zaitezte.
–Goazen, amatxo –esan zuen Alicek.
Katherinek bazekien bere alabak beldurra sentitzeko ere ergelegia zelako hartzen zuela hain aise erabakia. Alice ez zen ondorioak neurtzeko gauza. Ezin zuen imajinatu, Marrazo etxeratzen zenean, astea joan eta astea etorri luzatuko ziren elkarrizketen tortura. Katherinek bai, ordea. “Ez dut ulertzen zuen atera nahi hori, noiz eta ni hemen ez nintzenean. Etxea zainduko zenutelakoan joan nintzen, eta zer egingo zuek, eta dantzaldi batera alde egin korrika”. Eta gero galderak: “Norekin egin zuen dantza Alicek? Eta? Zer esan zion mutilak? Zergatik ez zenuen entzun? Entzun egin behar zenuen”. Ez zen Marrazoren aldetik haserrerik egongo, baina astea joan eta astea etorri ez zuen beste konturik izango, hartaz hitz egiten segituko zuen harik eta Katherinek dantzarekin zerikusia zuen guztia gorrotatu arte. Eta hilaren une jakin hura iristean, haren galderak burrunban hasiko ziren eltxoak bezala, harik eta Alice ez zegoela haur baten esperoan ziurtatu arte. Katherinek ez zuen uste dantzaldira joatea merezi zuenik, gero kalaka hura entzun behar bazuen.
–Goazen, amatxo –erregutu zion Alicek–. Bizi osoan ez gara inora bakarrik joan.
Gupidazko olatu bat harrotu zen Katherineren baitan. Neska gaixoak ez zuen bizi osoan berarentzako une bat izan. Sekula ez zen mutil batekin txorakeriak esaten egon, aitak ez baitzion bere belarriaren irismenetik ateratzen utzi.
–Ondo da –erabaki zuen arnasa estututa–. Mr. Bremanek prestatu arte itxoiten badigu, joan egingo gara.
Oso ausarta sentitu zen, Marrazoren ezinegona hauspotzen ari baitzen bere erabakiarekin.
Gehiegizko edertasuna itsustasuna bezainbateko desabantaila da landako neskentzat. Landako mutilek Aliceri begiratzen ziotenean, korapilatu egiten zitzaien eztarria, eskuak eta oinak urduritu eta handitu, eta lepoa gorritu. Ez zen harekin hitz egitera edo dantzatzera behartuko zituenik. Horren ordez, neska itsusiagoekin dantzatzen ziren lehertu beharrean, ume kikilduak bezain zalapartatsu bihurtu eta beren burua nola nabarmenduko ibiltzen ziren eroak bezala. Bestaldera begira zegoenean, kirik egiten zioten, baina Alicek begiratzen zienean, haren presentziaz ohartu ez balira bezala egiten zuten. Alice, beti horrela tratatua izan zenez gero, ez zen batere kontziente bere edertasunaz. Ia etsita zegoen itsusiaren estatusa izatera dantzaldietan.
Jimmie Munroe horma baten kontra bermaturik zegoen, indiferentzia dotore batekin, eta gogait eginda dagoenaren airearekin, Katherine eta Alice eskolako atetik sartu zirenean. Jimmieren galtza-barrenek hogeita zazpi hazbeteko zabalera zuten, haren txarolezko oinetakoak adreiluak bezain koadratuak ziren orpoetan. Lazodun gorbata beltz bat zeraman zetazko alkandora zuriaren lepoan, eta ileak diz-diz egiten zion buruan. Jimmie hiriko mutila zen. Zapelatz nagi bat bezala oldartu zen. Alicek berokia kendu baino lehen aldamenean zuen. Institutuan bereganatutako ahots nekatuaz egin zion galdera:
–Dantzarik egin nahi, neska?
–E? –esan zuen Alicek.
–Dantza egin nahi al duzun nirekin.
–Dantza, diozu?
Alicek mutilagana jiratu zituen begi lainotu, promesaz beteak, eta galdera tentel hura umoretsua eta xarmagarria bihurtu zen, beste hainbat gauza ere adierazten zituena zeharka, Jimmie ziniko hura ere hunkitzeko eta kilikatzeko modukoak.
“Dantza? –pentsatu zuen esan nahi zuela–. Dantza bakarrik?”. Eta, institutuko trebakuntzarekin ere, korapilatu egin zitzaion eztarria, oinak eta eskuak urduri mugitu, eta odola lepora igo.
Alice bere amagana jiratu zen. Mrs. Bremanekin ari zen Katherine, etxekoandreek sukalde kontuez hitz egiteko duten modu berezi horrekin.
–Amatxo –esan zuen Alicek–, dantza egin al dezaket?
Katherinek irribarre egin zuen:
–Segi ezazu –esan zion. Eta gehitu zuen–: Ondo pasa ezazu, behingoz.
Jimmie konturatu zen Alicek gaizki egiten zuela dantza. Musika isildu zenean:
–Bero dago hemen barruan. Goazen kanpora buelta bat ematera –proposatu zion.
Eta kanpora eraman zuen, eskolako patioko sahatsen azpira.
Bitartean, eskolako portxean zegoen emakume bat barrura sartu zen eta zerbait xuxurlatu zion Katherineri belarrira. Katherine zutitu eta kanpora joan zen korrika.
–Alice! –hots egin zuen bere onetik aterata–. Alice, etorri hona segituan!
Bi gaizkileak itzal artetik atera zirenean, Katherinek Jimmieri ekin zion:
–Alde egin ezazu. Aditzen didazu? Alde egin ezazu neska honen ondotik edo arazoak izango dituzu.
Jimmieren gizontasuna urtu egin zen. Zaplazteko bat jaso duen umea bezala sentitu zen. Gorroto zuen, baina ezin zuen sentimendua menderatu.
Katherinek eskola barrura eraman zuen alaba berriro.
–Aitak ez al zizun esan Jimmie Munroegana ez inguratzeko? E? –galdetu zion.
Katherine izututa zegoen.
–Bera al zen ba? –xuxurlatu zuen Alicek.
–Horixe bera zela. Zertan ari zineten hor kanpoan?
–Musu ematen –esan zuen Alicek ahotsa larrituta.
Katherineri ahoa zabaldu zitzaion.
–Ai, Jainkoa! –esan zuen–. Ai, Jainkoa, zer egin behar dut?
–Txarra al da, amatxo?
Katherinek kopeta zimurtu zuen.
–Ez… ez, horixe ez dela txarra! –hots egin zuen–. Izan… ona da. Baina aitak ez dezala jakin. Ez esan, galdetzen badizu ere! Aita… hara, erotu egingo litzateke. Egon hemen, nire ondoan eserita, dantza amaitu arte, eta ez gehiago Jimmie Munroerengana inguratu, aditzen? Beharbada aitak ez du jakingo. Ai, Jainkoa, baldinbaitere, ez ahal du jakingo!
Astelehenean, Marrazo Wicks Salinasen jaitsi, iluntzeko trenetik, eta autobusa hartu zuen Zeruko Belardietara zeraman bidegurutzeraino. Heldu maletari, eta etxeraino zeukan lau miliako bideari ekin zion.
Izarrez betetako gau argi eta eztia zen. Muinoetako soinu isil misteriotsuek ongietorri egin eta ametsak ernarazten zituzten haren buruan, beraz bere pausoez ahaztu zen.
Hileta gustukoa izan zuen. Loreak politak ziren, eta asko zeuden. Emakumezkoen negarrak eta gizonezkoen hanka-puntako ibilera solemneak atsekabe gozo bat eragin zioten Marrazori, inolaz ere ez desatsegina. Elizako erritual sakona ere, inork ulertzen edo entzuten ez duena, droga bat izan zen, haren gorputzera eta burmuinera zuku gozo misteriotsuak isuri zituena. Ordubetez, eliza zabaldu eta itxi egin zen bere gainean, eta kontaktu hartatik lore usaintsuen eta aireko intsentsuaren bake lo-eragilea atera zuen berak, eta eternitatearekiko hartu-emanaren emozioa. Ehorzketaren soiltasun handiak sendotu egin zizkion sentimendu horiek.
Marrazok ez zuen inoiz izeba Nellie oso ondo ezagutu, baina haren hileta asko gustatu zitzaion. Handik edo hemendik, familiarrek bazuten bere aberastasunaren berri, begirunez eta duintasunez tratatu baitzuten. Orain, etxerantz oinez zihoala, gauza horietan pentsatu zuen berriro, eta bere plazerak denbora bizkortu, bidea laburtu, eta segituan zen Zeruko Belardietako Denetariko Dendan. Marrazo barrura sartu zen, bai baitzekien norbait aurkituko zuela, bera kanpoan izan bitartean ibarrean gertatutako gorabeherak kontatuko zizkiona.
T. B. Allenek, jabeak, pasatzen zen guztia jakiten zuen, eta gainera bazekien berri txikienari interesa gehitzen, kontatu nahi ez balu bezala eginez. Zurrumurru txoroena ere interesgarri bihurtzen zen T. B. zaharraren ahotan.
Jabeaz gain beste inor ez zegoen dendan Marrazo sartu zenean. T. B.k hormatik kendu zuen han bermaturik zeukan aulkiaren bizkarra, begiak jakin-minez txinpartaka.
–Agidanez kanpoan ibili zara –esan zuen konfidentziara gonbidatzen zuen doinuaz.
–Oaklanden izan naiz –erantzun zuen Marrazok–. Hileta batera joan behar nuen. Bide batez negozioren bat egiteko aprobetxatzea pentsatu nuen.
Zain geratu zen T. B., ea Marrazok bere informazioa osatzen zuen. Nahikoa itxoin zuela iruditu zitzaionean:
–Eta? Zer berri, Marrazo?
–Ba, ez dakit berritzat har daitekeen. Konpainia bati buruz informatzen ibili naiz.
–Diru pixka bat sartuko zenuen? –galdetu zion T. B.k errespetuz.
–Zertxobait.
Bi gizonak lurrera begira zeuden.
–Eta hemen zer berri, kanpoan egon naizen bitartean?
Berehala, halako nahiez bat zabaldu zen zaharraren aurpegian. Ez zuen gertatutakoa kontatu nahi, berezko gorroto bat sentitzen zuen eskandaluarekiko.
–Dantzaldia, eskolan –aitortu zuen azkenean.
–Bai, banekien.
T. B. bihurritu egin zen. Itxura guztien arabera, bataila bat ari zen gertatzen haren buruan. Zekiena kontatu behar zuen, Marrazoren beraren onerako, ala bere kolkoan gorde behar zuen? Marrazok interesaturik segitzen zuen bataila hura. Halakoak ikusitakoa zen lehenago ere.
–Eta? Zer da, ba? –akuilatu zuen.
–Laster ezkontzaren bat izango ote dugun.
–Bai? Nor?
–Zera, zuenetik nahiko gertu, esango nuke.
–Nor? –galdetu zuen Marrazok berriro.
Beste ekinaldi bat, eta galdu egin zuen T. B.k.
–Zu –aitortu zuen.
Marrazok barre txiki bat egin zuen.
–Ni?
–Alice.
Marrazo zurrundu eta zaharrarengan iltzatu zituen begiak. Gero pauso bat eman eta aurrean jarri zitzaion mehatxari.
–Zer esan nahi duzu? Hitz egin garbi… adiskidea!
T. B. konturatu zen urrutiegi joan zela. Aldendu egin zen Marrazoren ondotik.
–Ez, gero, Wicks jauna! Ez, gero, ezer egin!
–Hitz egin garbi! Kontaidazu dena!
Marrazok sorbaldatik heldu T. B.ri eta gogor astindu zuen.
–Zera, dantzaldiarena bakarrik… dantzaldiarena besterik ez.
–Alice dantzaldian izan al zen?
–Hala moduan…
–Zertara joan zen hara?
–Ez dakit, esan nahi dut, ezertara ez.
Marrazok aulkitik altxarazi eta, zakar, hanka zalantzatien gainean jarri zuen T. B.
–Esan! –agindu zion.
Zaharrak intziri egin zuen.
–Patiora atera zen Jimmie Munroerekin, hori besterik ez.
Marrazok bi sorbaldetatik heltzen zion orain. Zaku bat bezalaxe astindu zuen dendari izutua.
–Esan! Zer egin zuten?
–Ez dakit, Mr. Wicks.
–Esan.
–Ba zera, Miss Burkek… Miss Burkek esan zuen… musuka aritu zirela.
Marrazok zakua erortzen utzi eta eseri egin zen, galera sentsazio batek jota. T. B. Alleni sutan begiratu bitartean, haren burmuina alabaren lohitasunaren arazoarekin ari zen borrokan. Ez zitzaion burutik pasatu gertakaria beharbada muxu batekin hasi eta bukatu zela. Marrazok burua mugitu zuen, eta haren begiek etsipenez zeharkatu zuten denda. Begi haiek fusilen bitrinatik pasatzen ikusi zituen T. B.k.
–Ez, gero, Marrazo! –hots egin zuen–. Arma horiek ez dira zureak.
Marrazok ez zituen une hartara arte armak ikusi ere egin, baina, bere arreta haietara zuzendua izan zelarik, jauzi egin, kristalezko ate gidariduna zabaldu eta errifle astun bat hartu zuen. Prezioaren etiketa kendu, eta kartutxo kaxa bat poltsikoratu zuen. Gero, dendariari begiratu ere egin gabe, ilunpetara atera zen. Eta T. B. zaharra telefonoan zen Marrazoren pauso bizkorrak gauean galdu baino lehen.
Munroetarren etxerantz zihoala bizi-bizi, Marrazoren pentsamenduak lehia etsian ari ziren. Gauza batez ziur egon zen, hala ere, pixka bat ibili orduko: ez zuen Jimmie Munroe hil nahi. Hari tirorik botatzea ez zitzaion burutik pasatu dendariak ideia iradoki arte. Ondoren, pentsatu gabe jokatu zuen. Zer egin zezakeen orain? Munroetarren etxera iristean zer egingo zuen imajinatzen saiatu zen. Agian tiroa bota beharko zion Jimmie Munroeri. Beharbada, halako gisan gertatuko ziren gauzak, non hilketa burutzea beste erremediorik ez zuen izango, Zeruko Belardietan nor izaten jarraitu nahi bazuen.
Auto bat hurbiltzen sentitu eta sastraka artean gorde zen ibilgailua orroka pasa bitartean, azeleragailua irekita. Laster iritsiko zen Munroetarren etxera, eta berak ez zuen Jimmie gorroto. Ezer ez zuen gorroto, soilik bere buruaz jabetu zen hustasun hura, Alicek bere bertutea galdu zuela jakitean. Aurrerantzean, hildako norbaitez bezala pentsatu beharko zuen bere alabaz.
Bere aurrean, Munroetarren etxeko argiak ikusten zituen orain. Eta Marrazok konprenitu zuen ezingo ziola Jimmieri tirorik bota. Barre egiten bazioten ere, ezingo zion mutilari tirorik bota. Ez zegoen bere baitan inor hiltzea. Burdin hesitik begiratu bat eman eta bere etxera joango zela erabaki zuen. Beharbada jendeak barre egingo zion, baina berak ezin zion inori tirorik bota.
Bat-batean, gizon bat zuhaixka baten gerizpetik atera eta oihu egin zion:
–Bota fusil hori, Wicks, eta altxa eskuak!
Marrazok halako obedientzia nekatu batez utzi zuen lurrean erriflea. Sheriffaren ordezkariaren ahotsa ezagutu zuen.
–Kaixo, lagun –esan zion.
Orduan, jendez inguratuta aurkitu zen. Marrazok Jimmieren aurpegi ikaratua ikusi zuen atzealdean. Bert Munroe ere ikaratuta zegoen. Esan zuen:
–Zergatik hil nahi zenuen Jimmie? Ez dizu kalterik egin. T. B. zaharrak hots egin dit telefonoz. Okerrik egingo ez duzun tokira eraman behar zaitut.
–Ezin duzu kartzelara eraman –esan zuen sheriffaren ordezkariak–. Ez du ezer egin. Egin dezakezun gauza bakarra fidantza eskatzea da, bakea ziurtatzeko.
–Egiatan? Hori egin beharko dut, hortaz. –Dar-dar egiten zion ahotsak Berti.
–Fidantza handia eskatzea duzu onena –jarraitu zuen ordezkariak–. Marrazo oso gizon aberatsa da. Ea ba! Salinasera eramango dugu orain, eta zuk salaketa egin ahal izango duzu.
Hurrengo goizean, Marrazo Wicks etxean makal-makal sartu eta bere ohe gainean etzan zen. Begiak motelduta eta nekatuta zeuzkan, baina irekita mantendu zituen. Besoak, gorpu batenak bezain indarge pausaturik bi saihetsetan. Orduak joan eta orduak etorri, hantxe jarraitu zuen.
Katherinek, baratzetik, etxera sartzen ikusi zuen. Poz mingots bat sentitu zuen haren sorbalda erori eta buruaren tentetasun gutxiagatik, baina bazkaria prestatzera sartu zenean behatz puntetan mugitu zen eta isilik ibiltzeko esan zion Aliceri.
Hiruretan, Katherinek logelako atetik begiratu zuen.
–Alice ondo zegoen –esan zuen–. Galdetu besterik ez zenuen, ezer egin baino lehen.
Marrazok ez zuen erantzun eta postura berean geratu zen.
–Ez al didazu sinesten?
Senarraren bizitasun faltak ikara ematen zion.
–Ez badidazu sinesten, medikuari deituko diogu. Oraintxe bertan etorraraziko dut sinesten ez badidazu.
Marrazok ez zuen bururik jiratu.
–Sinesten dizut –esan zuen ahots mortu batez.
Atean zutik zegoela, sekula izan gabeko sentimendu bat jabetu zen Katherinez. Bere bizitzan sekula imajinatu gabeko gauza bat egin zuen. Jeinu bero bat mugitu zitzaion barruan. Katherine ohearen ertzean eseri zen eta, eskua irmo, magalean hartu zuen Marrazoren burua. Sena izan zen hori, eta sen indartsu, irmo berak bultzatu zuen haren eskua Marrazoren kopeta laztantzera. Porrotak hezurgabetua zirudien haren gorputzak.
Marrazoren begiak ez ziren sabaitik mugitzen, baina, laztan haien eraginez, hizketan hasi zen modu etenean.
–Batere dirurik ez daukat –zioen haren ahots monotonoak–. Eraman ninduten, eta hamar mila dolarreko fidantza eskatu zidaten. Esan egin behar izan nion epaileari. Denek entzun zuten. Denek dakite zera… batere dirurik ez daukadala. Sekula ez dudala eduki. Ulertzen al duzu? Nire liburu hori gezur hutsa zen. Dena gezurra, goitik behera. Asmatu egin nuen dena. Orain denek dakite. Esan egin behar izan nion epaileari.
Katherinek burua laztantzen zion eztiro, eta jeinu handi hark hazten segitzen zuen haren barruan. Mundua baino handiagoa sentitzen zen. Magalean zeukan mundu osoa eta berak kontsolatu egiten zuen. Gupidak sekulako garaiera ematen ziola zirudien. Bere bular bake-emaileek negar egiten zuten munduaren zorigaitzagatik.
–Ez nion inori kalterik egin nahi –jarraitu zuen Marrazok–. Ez nion Jimmieri tirorik botako. Atzera jotzerik izan baino lehen harrapatu ninduten. Hil egin nahi nuela pentsatu zuten. Eta orain denek dakite. Batere dirurik ez daukat.
Indarge etzanda segitzen zuen, gorantz begira.
Bat-batean, Katherineren jeinua botere bihurtu zen, eta boterea parrastadan barreiatu zitzaion gorputz osoan barrena. Momentu bat aski izan zuen zer zen eta zer egin zezakeen jakiteko. Pozez gainezka eta oso eder zegoen.
–Ez duzu aukerarik izan –esan zuen goxo–. Bizi osoan granja zahar honetan aritu zara eta ez da zuretzat aukerarik egon. Nola dakizu ezin duzula dirurik egin? Baietz uste dut nik. Badakit baietz.
Era hartan jokatzeko gai sentitu zen. Hantxe eserita zegoela, bere boterearen kontzientzia esnatu zitzaion barruan, eta bere bizi osoa une hartaraxe zuzenduta egon zela konprenitu nuen. Une hartan, jainkosa zen, patuaren kantaria. Ez zen harritu senarraren gorputza pixkanaka zurruntzen hasi zenean. Haren kopeta laztantzen segitu zuen.
–Joan egingo gara hemendik –esan zion salmodia doinuz–. Arrantxo hau saldu eta alde egingo dugu hemendik. Inoiz eduki ez duzun aukera izango duzu hartara. Ikusiko duzu. Nik badakit zer zaren. Zugan sinesten dut.
Marrazoren begiek beren bizigabetasun ikaragarria galdu zuten. Haren gorputzak jiratzeko indarra aurkitu zuen. Katherineri begiratu, eta une hartan zein ederra zegoen ikusi zuen, eta, begiratzen zion bitartean, haren jeinua bere barrura pasatu zen. Marrazok haren belaunen kontra estutu zuen burua gogor.
Katherinek burua beheratu eta begiratu egin zion. Boterea alde egiten ari zitzaion, eta ikara sentitu zuen. Bat-batean, Marrazo tentetu egin zen ohean. Ahaztua zuen Katherine, baina hark emandako kemenarekin distiratzen zioten begiek.
–Joan egingo naiz laster –hots egin zuen–. Joan egingo naiz arrantxoa saldu orduko. Orduan, dolar batzuk eskuratuko ditut. Aukera izango dut orduan. Zer naizen erakutsiko diot jendeari.